• larrabetzutik,  teknologia berriak

    #basquecamp hizpide ARGIAn

    ARGIA aldizkariko Eli Pombok elkarrizketa bat egin dit asteon, bertsio digitalerako. Hari@ buletinarekin be, banatu dute gainera. #basquecamp ekimena azaldu eta datorren ekainaren 7an Larrabetzun egin asmo dugunari buruzko xehetasun batzuk eman, eta Interneteko panoramaz iritzia eman dut. Titularra deigarria egin du gero!

    Sareko ARGIA

    Patxi Gaztelumendi: “Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta”

    Elisabeth Pombo, 2008-05-28

    barcamp bateko partaideak

    Larrabetzu.org ekimeneko partaideak lehen Barcamp euskalduna ari dira antolatzen, Interneten eta euskaraz lan egiten dutenen artean esperientziak elkartrukatzeko. Ekainaren 7an (eta agian 8an ere bai) izango da, printzipioz Larrabetzuko Gaztetxean. Barcamp bat hainbat jenderen arteko elkargunea da. Ekitaldi irekiak dira eta kolektiboki antolatzen dira. Horrek esan nahi du edukiak parte hartzaileek beraiek prestatzen dituztela.

    Patxi Gaztelumendi antolatzaileetako bat da eta berak eman dizkigu lehen Barcamp euskaldunari buruzko xehetasun gehiago. Gaur egun Internet euskaldunak bizi duen egoerari buruz ere galdetu diogu:

    Lehenengo euskarazko Barcamp elkargunea ari zarete antolatzen. Nondik sortu da ideia? Zergatik orain?

    Ideia Interneten trukatzen ditugun mezuetatik sortu zen. Nazioartean gero eta garrantzia gehiago hartzen ari dira horrelako hitzaldi sorta parte hartzaileak. Gai konkretuei zein orokorrei buruz berba egiteko ekitaldi irekiak dira.

    Euskal Herrian ere, gauza asko ditugu komentatzeko. Tresna askoren berri daukagu sarean, baina batzuetan komeni da aurrez aurre ikustea, elkartzea, gauzak gertuagotik ezagutzea, eztabaidatzea, eta elkarrekin lanean jarraitzeko indarrak biltzea.

    Eta orain, Interneten beti da orain. Gaur bizi dugu sarea. On line eta orain, sinonimoak dira. Atzo memoria da, eta biharkoa gaur asmatzen ari gara.

    Izan al zarete inoiz Barcamp batean? Nolakoak izaten dira eta zertarako egiten dira? Interneti soilik lotuak daude?

    Hemendik gertu ez da oraindik horrelakorik antolatu. Baina barcamp.org gunean, noiz eta nola antolatzen ari diren ikusten ari gara. Zuzenean. Eta gaiak, oro har teknologia berrien gainekoak dira. Baina Parisen aurki bookcamp antolatuko dute, liburugintzaren erronkak aztertzeko. Mota askotako Barcamp-ak daude une honetan antolaketa fasean.

    Egitarau zehatzik finkatuko da edo inprobisaziorako gunea izango da?

    Basquecamp hau antolatzen hasi, sarean iragarri, eta jendeak gaiak eta hitzaldiak proposatu ditu, wiki batean. Orain guztiari orden bat ematen saiatuko gara, jendearen iritzia kontuan edukiz. Eta egunean bertan, hitzalditxo sorta hau guztia denon artean erabakiko dugu. Bukatzeko presarik gabe ibiliko garenez, laburrak izan arren, sakontzeko aukera egongo da. Jendeak ere, zaletasunaren arabera, gauza batzuetan gehiago sakondu gura izango du, beharbada .

    Euskaraz eta Interneten lanean gero eta gehiago garela diozue, zer iritzi duzu euskarazko Interneteko panoramaz? Zer azpimarratuko zenuke?

    Baikorrak gara bizi dugunarekin.

    • Komunitate aktiboa du euskarazko sareak. Sare bat da. Sare anitza, deszentralizatua. Gauzak egin egiten dira, sortu, garatu. Baina oraindik komunitate hori sendotu beharra dago. Euskaldunak bagarela konturatu, eta euskaldun moduan Internet sarean jarduteko.
    • Tresnak ere behar ditugu, eta software librearekin asko aurreratu dugun arren, horren sozializazioan ahalegin handiago egin beharko dugu.
    • Edukiei dagokionez, sarean biderkatu egin dira azken bolada honetan sortutakoak. Wikipedia, blogak, udal webgune ofizialak, ohiko komunikabideen bertsio digitalak…. asko sortzen ari dira. Eta bide horretan jarraitu beharko dugu. Sortzen eta hedatzen.

    Zer botatzen duzue faltan? Zer egin beharko genuke oraindik egin ez dugunik?

    .eus domeinua eskuratzeak adibidez, ikusgarritasuna emango lioke gurea bezalako komunitate digitalari. Hizkuntza bizia da gurea, eta Katalunian bezala, horrek egoera guztia indartuko luke. Bultzada handia litzateke honetan ari garenontzat.

    Software askearen sozializazioa lortu behar dugu, eta euskararentzat tresnarik eraginkorrena dela ulertarazi behar diegu aginte apurra duten guztiei. Irakasleei, ikastetxeetako arduradunei, elkarteetako liberatuei, formazioarekin kezka dutenei, agintariei, enpresa buruei…. guztiei. Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta. Alfabetatzea 2.0

    #basquecamp

  • literatura

    zulo bat uretan

    Iñigo Aranbarri

    Hiru pertsonaia nagusi dituen nobela osatu du Inigo Aranbarri idazleak. Imanol, Oskar eta Maite. Imanol kazetaria da (narratzaile nagusia), Oskar Argentinatik etorri den laguna, eta Maite gorpuak lurpetik ateratzen ari da Itoiz inguruko herrietan. Kazetaritza, Argentinako istorioak eta Itoiz urtegiak urpean utzi behar dituen historia kontatzen ditu Iñigo Aranbarriren nobelak. Zulo bat uretan, Susa argitaletxeak plazaratua.
    Gaur herrian izango dugu hizlari, eta Deustuko Prest! aldizkarirako egindako elkarrizketa ekarri dut hona.

    IÑIGO ARANBARRI, ZULO BAT URETAN NOBELAREN EGILEA

    Irakurleak osatzen duen literatura interesatzen zait

    14 urte igaro dira Emon biar yako nobela argitaratu zendunetik, bitartean beste hainbat liburu plazaratu dituzun arren, nobela hau buruan izango zendun ezta?

    Buruan, zeuk esan duzu. Urte asko dira hildakoen hezurrek bizidunekin lotura izango zuten istorio bat obsesio bihurtu zitzaidala. Gero, batagatik ez bada besteagatik, asko luzatu da dena. Obsesioa bera ere eraldatu egin da. Gauzak hainbeste luzatzen utziz gero gertatzen den zerbait da.


    Liburu hasieran Lasa eta Zabalaren gorpuen kontua aitatzen da, hori zer, gai handiegia zan nobela honetarako ala?

    Gai handia barik, gertuegikoa. Tamaina barik, distantzia ezak urrundu nituen hasierako proiektutik. Hasierako asmoa hori nuen, Lasa eta Zabalaren hezurren aurkitzetik abiatuta, gure belaunaldiaren argazki bat egitea. Dokumentazio asko batu nuen, Busoteraino joan ginen, zuloa aurkitu… fikziorik ez nion ikusten baina. Istorio ederra da, baina seguru asko kazetari baten lana da, ez fikzio asmatzaile batena..

    Hiru protagonista nagusi daude nobelan, Imanol (kazetaria), Oscar (argentinarra) eta Maite. Zer bilatu duzu pertsonaia hauekaz?

    Elkarrengandik nahiko gertu dauden hiru puntu, adiskidetasuna, erakarpena eta egin beharra nahastuko dituen triangelua osatuko dutena. Antzekoak dira, baina baita elkarren kontrapuntu ere.

    Pertsonaiei buruzko deskripziorik idatzi ez arren, irakurleak badaki zelakoa den bakoitza. Apropos egingo zendun hori.

    Ederra da hori entzutea. Dena esan didazu. Idazleak nolakoak diren esan gabe irakurleak baldin badaki nolakoak diren, zergatik da? Jokatzen duten moduagatik, esaten dutenagatik… Hori da interesatzen zaidan literatura, dena mamurtuta eman beharrean irakurleak berak osatzen duena.


    Iruñean kokatuta dago nobela, handik Agoitzera eta Irati bailarako asmatutako herri batean gertatzen dira kontuok. Zergaitik Iruñea eta Larrangain?

    Bata, toki erreala da. Hiri bat behar nuen, egunkarien erredakzioa egoteko moduko hiri bat, atzerritik lanera etorritako jendea hartzen duena. Larraingain, berriz, asmatua da. Nobelan dagoen herri asmatu bakarra. Itoitz inguruko herriak hain txikiak izanik, ez nuen irakurleak esaterik nahi: Itoitzen, Artozkin edo Nagoren ez da inoiz Juana Ardanaz izeneko emakume bat bizi izan. Sinesgarri izanik, behar nuen askatasun hori.

    Artozki Itoiz
    Itoizko urtegiak dagoeneko estali ditu herriok, zer galdu dugula uste duzu? ezer geratu da ur azpian?

    Egun hauetan ikusi dugu Sartagudan. Parkearekin eta monumentuekin, fusilatuak atera dituzte egurastera senitartekoek. Begiak betetzeko moduko istorioak irakurri ditugu prentsan, ondorengoen memorian baino gorde ez direnak gehienak. Sinbolo moduan, garai batean orain urpean diren parajeetan amets egin zuen jendearen ilusioak ere azpian harrapatzen dituen munstroa da urtegia

    Era berean, Argentinako kontu batzuekin abiatzen da liburua, eta presentzia dauka liburu osoan zehar. Pertsonaietako bat argentinarra da, eta bere familiaz diharduzu. Zerk erakarri zaitu handik? Desagertuen loturak? Gerraren zantzoak?

    Dudarik gabe, bada nahita lortu nahi den lotura bat hiru zuloen artean. Juana Ardanazen zuloa Itoizko urtegian, eta La Plata ibaiko biak, alegia, Graf Spee korazatuarena eta Videla eta Galtieri jeneralen garaiko 30.000 desagertuena, memoriak lotzen ditu, zerk bestela. Hiru zulo, elkarrengandik aparte, elkarren antzik ez dutenak itxura batera, nola lotzen diren gaur egungo Iruñean lanean ari diren hiru lagunen baitan. Hori da idazlearen egin beharretako bat, ez?

    Pertsonaia nagusia, Imanol Arellano, kazetaria da. Hizlandia idatzi ostean, ze gogo ukan duzu ba, barriro kazetaritza kontuetan abiatzeko?

    Hasieran ez nintzen horretaz konturatu. Kanpotik ikusita, berriz, garbi dago idazlearen fobiak eta filiak halakoetan agertzen direla azalera. Eta egia da, kazetaritzak ez nau epel uzten. Idaztea duelarik lana, uste dut ardura handiko lana dela, transmisioan ez ezik egungoa ondo kontatzen ere asmatzen erraza ez duena. Beharbada dagoeneko ez dagoen kazetaria dut gogoan, literaturaren baliabideei zukua ateratzen diena, zer esango dizut, Joseph Roth-ek 1920ko hamarkadan Berlinen eta Berlinez idatzitako kronikak irakurtzen ari naiz egunotan: hunkitzerainoko koadro sozialak dira.

    Euskarazko kazetaritzan, uztartuko ziran orain arte be kazetaritza eta literatura, eta literaturan?

    Nik uste literaturak ia beti duela kazetaritza ondoan, bai egunero prentsan kontatzen diren istorioetan fikzioaren abiapuntua topatzeko bai kontatzeko moduak. Alderantziz baino gehiago, seguru asko.

    Liburua aurkeztu, elkarrizketak, kritikak… ze bide du gaur egun euskarazko liburu batek? Nahikoak al dira? Literatura, ez al da ba zulo bat uretan?

    Munduko liburuek dutena, gero eta zailagoa. Arrazoiak eta arazoak ez dira gureak bakarrik. Gehitu horri oso hizkuntza komunitate txikia garela… Nahiago nuke bestela izatea, idaztea eta kitto, hor amaitzea, baina “nork defenditurik” izan ezean, zail du liburu batek aurrera ateratzea. Eta gurean, horiek guztiak beteta, mila irakurle izatea, lorpen itzela da. Horra garenaren neurria.


  • teknologia berriak

    eeepc eguna euskal erdian

    Baionan aspaldi erosi daiteke eeepc ordenadore txikia. Euskal erdikoek ordea, gaur duzue dendetara hurbildu eta ikusteko aukera, erosteko gogoa piztuko dizue horrek. Prezioa ere txikia du. Ganorazko ordenadorea da, duda barik, eta merezi du.

    Taiwanetik heldu zitzaidanak txundituta nauka. Egunero erabiltzen dut. Sukaldean, autobusean, ohean, lanean, autoan… edonon. Praketako poltsikoetan sartzeko modukoa da. Motxilan ere arina da. Arroz pakete batek baino gutxiago pisatzen du.

    eeepc ttikia

    Ubuntu linux sistema eragile propioa dauka. Erabilterreza, ikasteko aproposa. Joko, lantresna ugari dakartza (nabigatzailea, openoffice pakete osoa, jokoak, ikasteko materiala, net_irratiak entzuko player berezi bat, webcam txiki bat, skype, bideoak ikusteko programak, musikarako.. zer dakit nik).

    Egia esan, postariak pakete bat nuela esan zidanetik, poz pozik gabiltza etxeko guztiak tramankulu txiki berriarekin. Guztientzako da eta aproposa. Gurean wifia ere badagoenez, han hemenka izaten gara.

    Público egunkarian ere irakurri dut gaurko albistea.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Gasteizen txakurrak zelatan

    Goizean egunkaria erosi arren, zabaldu.com dugu albisteen iragazkailurik onena. Gasteizen txakurrak zelatan harrapatu dituzte.
    Kontakizunak ere, kazetaritza interesgarria, badu misteriotik. Narrazioak albistea zehatz irakurtzera gonbidatzen gaitu. Datu guztiak gogoan gordetzera.  Gertaerak, gertatutakoak ileak ere tente jarriko dizkizu. Eta azkenean irrifar maltzur bat, ezta?
    Gasteizen txakurrak zelatanBaina a ze pillada egin dieten tresnarik onenekin, Kutxi kaleko gazteak, biztanleak, herritarrak eta auzokideak zelatatzen ari ziren txakurrei.
    Pentsatzekoa da, dagoeneko mota guztietak txakurrak erne ibiliko direla, baina badakite jakin kantea eman ezkero, jendea ez dagoela geldi egoteko.
    Herri erantzuna, hori ere bada. Azkar, isilik eta zintzo jokatzea. Ardura handiarekin, eta sekulako marroia izan arren….. lan bikaina egin dute gasteiztar auzokide hauek. Biba zuek!
    Bertsio ofizialen zain geratu beharko dugu.
    Albistea GARA egunkariak eman du.

  • musika

    Iron & Maider

    Xiberuako tradizioa metal ukituekin. Zinez gustagarria. Iaz EHZ festibalean ezagutu genituen, eta Kanaldude Baxe Nafarroakoa herri telebistan topatu dugu bideo hau. Xiberuako dantzak, hango jantziak, heavy metal musikarekin, rockarekilan uztartzen dute. Maisu dira langintza horretan.

    Ezagutu gura badituzue: hemen Iron eta Maider.

  • ikusi eta ikasi,  literatura

    Lagun bat Everesten

    Juanrra Madariaga laguna dut, aspaldian. Poeta bezala ezagutuko duzue askok, Nontzeberri web_albistegiko kazetari moduan beste batzuk. Mendizalea da, zortzimilakoak ere egiten dituen tipoa. Aspaldi honetan.

    juanrra madariagaEta egunotan mendiak, albiste ilunak ematen badizkigu ere, gaur jakin dut, duela gutxi heldu direla Jordi eta biak Everestera, lurrean dagoen gailurrik gorenera. Poesia. Han izanik, hemen hobeto naiz, pentsatzen dugu halakoetan.

    8848m. Mitikoa. Bueltan galdetu beharko diogu ia zelan. Ia zer sentitzen dan han goian, ia itsasoa ikusten den handik goitik. Ia Bilbo, botxoa faltan bota duen, ea prentsaurreko barik zer egiten ahal den han, mendi gailurretan.

    Edo beharbada bere azken poesia liburua irakurriko dugu horrelakoetan: Izozmendiak.

    izozmendiak juanrra madariaga

    Everest mendiko espedizioarenak blog batean kontatu dituzte gainera. Ia zuzenean, txo!

  • agit/prop,  teknologia berriak

    Herri mugimendua 2.0

    Zer eskaintzen dio Internetek herri-mugimenduei? Nolako garrantzia eta potentziala du? Zein etekin ateratzen zaio? Nahikoa ezagupen eta erabilpen al dago?

    Joxemi Zumalabe Fundazioa galdera horiei erantzuten ibili ondoren, herri-mugimenduentzat honen inguruko tailerrak antolatzea erabaki zuen. Interneten ireki den aro berriak (Web 2.0 deiturikoa) mugimenduei eskaintzen diona edo eskaini dezakeenaz kontziente, eremu horretan trebatzeko lehen urratsa emateko tailerra eskainiko dugu.

    herri mugimendua 2.0

    Txoko honetan, tailerraren berri duzu; egitaraua, edukia, izen ematea… Zure zalantzak zuzenean guri bidaltzeko aukerarekin batera.

    Tailerra doako da. Parte hartzeko baldintza bakarra, talde bateko partaide izatea eta Interneten aukeren inguruan zertxobait ikasten hasteko gogoa izatea da.

  • teknologia berriak

    lost in bilbao

    ARGIADagoeneko euskal munduan, behin baino gehiago aipatu dugu lostinbilbao.tv proiektua. Ruben, Libe, Garazi, Cristina eta Aiora horretan ari dira buru belarri, astero. Hiri bat eta kultura bideoblog batean bilduak. Bilbon ez galtzeko. Bilbok eskaintzen dituen aukerak baliatzeko, ikusteko, entzuteko.
    ARGIAk ere erreportaia egin du, hiru orri oso koloretan. Bideoa ere egin dute. Eta eskaini. Eta nik ere bideoa hemen jartzea pentsatu. Erreportaia polita egin dute; nahiz eta zenbait unetan, kamarak gorputz batzuk mozten dituen. Hala ere, ARGIAk aurrerapausu itzela eman du bideogintzaren alorrean.

  • literatura,  musika

    Itoiz zenbat urte

    Egunotan Itoiz dabil inguruan. Atzo artikulu polita idatzi zuen Anartzek GARA egunkarian Itoizen lehenengo diskoaren inguruan, 30 urte joan dira Donibane Lohitzuneko estudioan grabatzera sartu zirenetik.
    itoiz
    Asteon bukatu dut Zulo bat uretan nobela be, Itoizko urtegiak urez estali behar dituen herrietan kokatzen den liburu irakurgarria. Zenbait egunez, erabat harrapatuta izan nauen Inigo Aranbarriren lana.
    Itoizen doinuak, Artozkin emandako egunak… danak datozkit burura, tupustean…

    artozki
    Entzun eta irakurri, kultura. Garena eta izan garena, gogoratzen duguna eta gogoan duguna. Historiaren zabortegia. Oroimena.

  • agit/prop

    yo tambien mcv

    yo tambien me cago en la virgen, zer ba?
    Xabier Silveira epaitegira bidean, iritzi artikulu bat GARAn plazaratzeagatik.

    Alegia, frogatuta ez dagoen zerbaitetan oinarritzeagatik, alegia birgina aipatzeagatik, iraingarri egin zaio baten bati. Salaketak aurrera egin du.

    tira, ba nik ere hor kaka eginen dut. egiterik badago.

    yo tambien mcv