• info 7,  musika,  teknologia berriak

    kerobia

    info7 irratia
    Info7 irratiko Talaiatik tartean Kerobiaren doinuak entzun ditugu. Libre banatzeko kantuak dira, beraien Materia organikoa eta gainerakoak azken diskokoak. Egia esan, aspaldi honetan oso Kerobiazalea bilakatu naiz. Lehen ere gustuko nituen, baina gutxiago entzungo nituen ziurrenik. Jarrera argia erakutsi dute, harremana euki dugu azken asteotan, eta asko gustatzen ari zaizkit.

    I like it. laket ditut. Gustuko ditut, laket zaizkit. Eta horrela nabarmendu dut Info7ko irrati kolaborazioan.

    Entzun gura baduzue:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/05/20080513_939.mp3]
    kerobia.com

    Azken laneko bideoklipa ere ederra egin du Lohitzune errealizadoreak. Ez da ohikoa horrelako lanik ikustea gure musikarien artean. Zinematik badu, argiztapena itzela, gidoia oso ona eta musikariak instrumentu barik agertzen dira. Biba zuek! Youtube garaian, bideo txar asko ikustera behartuak gaude, txispa dutelako, mezua garrantzitsua delako, edo auskalo zergatik, oraingo hau, ikusteko modukoa dela iruditzen zait.

    Hilabete bakarrean 3.500 bisita baino gehiago izan ditu lanak, ez da broma! Eta lana zelan grabatu zuten ikusteko, making off berezia paratu dute beraien kanalean, minutu bateko lana.

    A ze jendetza behar den, horrelako lan baten egiteko.

    120 ordu libre


    irratia.com Tira, kontua da irratia.com emankizunean ere, elkarrizketa egin genuela beraiekin, musikaz, diskoaz, bideoaz.. gauza askotaz mintzatu ginen. Aurretik Ruper Ordorika elkarrizketatu genuen -Zugarramurdin zen mugalaria- eta Kerobiarrak, Iruñeatik irratia.com entzun zuenez, Ruperrek errandakoak aipatu zituen, interakzioa.
    Horrenbeste gustatuta, orain kontzertua ere antolatu dugu Kerobiarekin. Datorren ekainaren 12an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta eskenatokia partekatuko dute Donostiako Lauroba talderarekin. Guk entzuleak batu gura ditugu ostegun horretan, ikasturteaz mintzatu, gaiak proposatzeko aukera eskaini, kritikak jaso, eta proiektu berrien barri eman, ahal bada. Aste horretan bertan, gauzak ondo doazela, 120. saioa eginda izango dugu Bilbo Hiria irratian. 120 ordu musika eta eduki libreak sortzen eta entzuten.
    Beraz, badakizue; gonbidatuta zaudete. #e12

  • i+g,  teknologia berriak

    podcastingaz bi hitz eta zenbait irudi

    Ulertzeko moduan, ingelesezko berbak eta euskaraz azpititulatuta. Podcasting-a zer den, ondo ulertzeko moduan.
    Interesgarri egin zitzaidan Benitoren rss laburra jaso nuenean, eta uste dut podcastingzale naizen heinean, irakurleei eskaintzea. Entzule bilakatuko badira.
    Podcasting euskara errazean

    Euskaraz podcast gutxi daukagu oraindik, lehenago blog gutti genuen bezala. Espero dezagun, denboraren orratzak ugertu aurretik, gure mp3 entzungailuak euskal berba doinu eta ahotsez mukuru betetzea.

  • agit/prop

    Astebete Ino barik, egunero Inogaz

    Astea egin du dagoeneko Arrasateko alkateak espetxean. Egunero ari gara gogoratzen, egunero daukagu zerbait. Baina Ino eroan zutenetik, oraindik sinestu barik gaude guztiok gertatutakoaz.

    Arrasaten nabil egunero, Ino bera ezagutzeko parada izan dut. Andre atsegina, langile porrokatua, eta egun hauetan guztietan frogatu dudanez, oso maitatua gainera.

    Aste bete Ino barik, baina herrian kezka egunetik egunera areagotzen joan da. Aspaldian Espainiako politikaren zentru bilakatu da Gipuzkoako herri hau, euskal politikariek ere ez dute atsedenik hartu Arrasatek sortutako buruhausteekin. Udalbatzarrak, mozio etikoak, alderdi ezberdinetako ordezkarien aipamenak, komunikabide espainiarren manipulazioa, agobioa eta presentzia polizial handia. Mota guztietako txakurrez betea dago aspaldion Mondragoe.

    • GREBA OROKORRA

    Arrasatera etorri naiz gaur ere, inoiz baino goizago. Langileek greba egiten duten arren, Info7 irratirako zenbait kronika egin asmo ditut, kaletik, telefono mugikorrarekin. Euskal Herrian, hemengo audio_argazkia eskaintzeko helburuagaz.
    Eta egia esan, goizean dagoeneko harrituta geratu naiz. Normalean autoa aparkatzea ez da broma izaten hau bezalako herri batean. Lekuak soberan gaurkoan. Lehen irudia.
    Autoa gura izan dudan lekuan itxi ostean, egunero ikusten dudan liburutegia zarratuta ikusi dut, eta kartel asko inguruetan, atzo baino propaganda gehiago. Eta dendak itxita. Eta kafetegiak. Eta tabernak. Eta herri batean egoten den oro, bidai agentziak, estankoa, kirol dendak, banketxeak, biztanleen arreta zerbitzua, udalaren egoitza guztiak, bulegoak…. buelta bat baino gehiago eman diot herriari. Ez nuen inor ikusten gainera.

    Portaloira joan eta jendea ikusi dut. Gazteak gehienak. Informazioa banatzen aritu dira goizeko lehen orduetatik. Eta parean ertzainen furgona bat baino gehiago. Oldarkor. Bideo kamara bat eta pelotak botatzeko hamaika jaurtigailu.

    Kazetariak ere ikusi ditut, kolegak, baina aspaldion sarritan datozen arren, ez dira batere maitatuak. Sekulakoak esan dituzte Arrasateri buruz, eta gaur kamara eskutan, irudi bila ari ziren. Ikusten zutena filmatzen ez ditut ikusi baina. Bilbotik bistaz ezagutzen dudan bat, -telebista espainol batekoa- albotik pasatzean esan diot: -Kostako zaizue ezer zabalik topatzea! Baietz esan didate beraiek, kolegazoa banintz ere.

    Ino, guk ere maite zaitugu

    Txokotxo batean, ordenadorea piztu, 11etako informatiboa egin, eta aspaldian lagata dudan blogari ekin diot. Hamaiketako albistegia entzun gura baduzue:
    info7 irratia: [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/albistegiak/boletinak/080508_1100ae.wav.mp3]

    Astebete Ino barik, egunero Inogaz.

    Zer kontatua asko eman du hileotan Arrasatek. Asko ikasi dugu guztiok. Politikaz, etikaz, konpromezuaz, justiziaz, kudeaketaz, elkartasunaz, salaketaz… baina batez ere pertsonen balioak nabarmentzeko aukera izan dut. Eta orain badakit, egunero Ino gogoan izango dudala, egunero ondoan, egunero egingo dugula zerbait bere alde. Itzuli dadin, etorri daiten, berean jarraitu dezan. Herritarrek erabaki bezala, alkate. Herriak hautatu bezala, Arrasaten.

    www.aurrerabolie.org

  • info 7,  larrabetzutik

    Akordatzen, memoria historiko digitala

    info7 irratia
    Info7 irratiko tartean gogoeta bat egin gura izan dut. Egunotan etxean Martxoak 31 taldearen DVDa ikusten ibili gara, Durangoko talde eder hori oroituz. Zapatuan apirilak 26, Gernikako bonbardaketa izango genuen gogoan euskaldun askok, eta bertan Kandido Saseta omendu zuten, faxistek bera hil eta urte askotara non lurperatuta zeukaten ere jakin ez dugulako. Asteburu honetan berriz, Bizkargi eguna ospatuko dugu. Toki esanguratsua da Bizkargi inguruko herrietako abertzaleontzat, gerra zibilean gogor borrokatu ziren euskal gudariak bertan, berreskuratu eta galdu egin zuten gailurra. Eta urtero maiatzarekin gogoratzen dugu tontorrean egun hori.

    Info 7 irratiko saioa:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/04/20080429_863.mp3]
    Akordatzen, Joseba Sarrionandia, TxalapartaAkordatzen liburua hartu dut eskuetan aspaldiko partez. Di da batean irakurri nuen, aspaldi, baina gogoan nuen Joseba Sarrionandiak Durango eta gerra zibila aitatzen zituela. Eskuan hartuta egin dut irrati kronikatxo hori.
    Soinua telefonikoa izanik, Urruña-Larrabetzu konexioa ez da munduko onena, ezta hurrik ere!

  • agit/prop,  musika

    Gelditu AHT!

    AHT gelditu ez dago geldi egoteko. GeldiTour abiatzekotan den honetan, Fermin Muguruzaren kantu bat ere aurkeztu berri dute.


    Orain Facebook eta twitter sare sozialetatik kantuaren maketa banatzeari ekin diogu. Uste dut modu guztiak direla zilegi, kantua, mezua hedatu beharra dagoelako. Musikazaletasunagatik ez bada, abiadura handiko trenaren kontra egoteko bestelako arrazoiak ere badirelako.
    Egunero egunero egiten dut balizko tren horrek egin behar duen ibilbidea, eta hori guztiori suntsitu behar dutela pentsatzeak, hotzikara eragiten dit gorputzean, zinez.
    Gurago kantatu, dantzatu eta trena gelditu.

  • teknologia berriak

    neke digitala

    Astelehen goiza. Goizetik esnatu arren, logure ia egun osoan. Telefonoan mezuak entzungai, e-posta kontsultatu eta barikutik hainbat mezu irakurtzeko moduan, twitter edo facebook kontsultatzeko nagia, eta han ere mezu barri mordoa. RSS irakurgailuari erreparatu orduko, negritaz beltzune handi bat pantailan. Blogak, albistegiak… zer ez dagoen holango goiz batean.
    Eta gainera, asteburuko argazkiak kamara digitaletik deskargatu barik. Hau da hau!

    Kalera joan, kafea hartu eta egunkaria kioskoan erosita autobus geltokira. Autobusean neska baten ondoan jezarri eta umekerietaz berbetan hasi. Egunkaria motxilara.

    Bilbon, kutxazainera, eta hau ere hutsik. Diru digitalik ez, antza.

    Wifi bidezko kafe bat eskatu eta konexioa barriro pantaila txikian. Gauzak irakurtzen saiatu, eta hau parrastada…. paso! gaur neke digitala daukat, geroko kontuok.

    Astelehenak hori dauka, gauza asko batera… jende asko berbaz, eta guztiari kasu egiteko astirik eta gogorik ez.

    Twitter-en arratsaldean galdetu dut neke digitalaren gainean, eta erantzunen bat izan da. Neke fisikoa daukat orain, orduak pasatu ahala, baina idazteko tartetxo bat hartua dut. Neke digitala joan zaidala ematen du.

  • agit/prop

    dia da liberdade

    gaurko egunez, han, Lisboan, Portugalen, irratitik Grandola vila morena kantua entzun, eta Krabelinen iraultza gauzatu zen.
    Doinua entzun, orduko argazkiak ikusi, osteko afitxak gogoratu eta une batez, Portugaleko ametsetara joan zaigu gogoa.

    wikipedian portugesez bilatu dugu grandola vila morena.

    Krabelinen iraultzari buruz, informazio historiko asko eta txukun antolatuta. Euskarazko wikipedian be, azalpen ona.

  • musika

    josetxo anitua joan zaigu

    josetxo anituaBilbo ilunago esnatu da gaur. musikazale, rockero, antzokiko lagunak, loreak mendian dendako erosleak, disko jartzailearen doinuetara dantzan egindako horrenbeste belaunaldi… triste gaude.

    josetxo anituak agur esan digu.

    musikari handi bat galdu dugu. musikazale petoa joan da. ez adiorik josetxo.

    Bitartean, cancer moon taldearen kantuak entzun, athom rumbarekin grabatutako disko hori berriro jarri eta kafe antzokian dantzan egin beharko dugu, gora begira… diskoen kabinara. hutsunea binilozko diskoen zulo handi bat izango da.

    ARGIA aldizkarian elkarrizketa polita egin zion behinola fermin etxegoien kazetari eta lagunak.

  • literatura

    zertarako irakurri? liburu bat adibidez…

    Gaur ere, ospakizunetan gara. Nazioarteko liburuaren eguna. Eta, liburuz beteko dira albistegiak, larrosak, Cervantes eta Shakespeare gogoratuko dizkigute.
    Eta gaur ere, mesanotxa gainean duzunari begirada botako diozu beharbada, letra artean itxiko dituzu begiak. Eta gosaritan kafesnearekin busti berririk txarrenak, eta metroan zoazela irakurriko dituzu pasarterik atseginenak, hiria geldi balegolez.

    Gaur ere, zenbat irakurtzen dugun esango dugu guztiok. Eta zenbat saldu gura diguten zabalduko da irrati eta telebistetako parte ofizialetatik.

    Gaur ere besapeak liburuz mukuru joango dira, nor bere lantokira, ikastetxera, atseden lekura.
    irakurtzearen plazerra

    Baina gaur ere, inork ez du gogoeta seriorik egingo liburugintzaz, literaturaz, banidadeaz, irakurzaletasunaz… dena delako itxura, dena da agertu gurea, dena da zeruan eztanda egiten duen bolandera edo itxafero magikoa. Eta magia egotekotan letra artean dago, errealitatea gainditzen duen fikzioan, sinesgarri egiten diren asmakizun idatzietan.

    Zertarako irakurri? bezalako berbok idazten ditugu, inoiz baino gehiago irakurtzen denaren ustea dugun honetan. Zertarako irakurri? liburugintza eta kazetaritzatik landa, inoiz baino gehiago idazten ei den unean.

    Plazerrak dena justifikatzen du. Beraz gaur, atzo, bihar, gura duzunean plazerraren eguna izan dadila. Zer daukazu irakurtzeko? Zer gomendatuko zenioke alboan duzun lagunari?

    Niri Iñigo Aranbarriren nobela irakurtzeko irrika sartu zait. Zulo bat uretan.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Gero eta tresna berri gehiago

    Egunetik egunera, gauza berriak ezagutzen ditugu. Batek lotura bat erakusten digu, besteak frogatu du, nik hau asmatu dut, horrek bestea kritikatu.

    Egia da, software garapena, aplikazioen lokalizazioa, APIak baliatuta egiten direnak, ikasi ahala sortutakoak, esperimentuak. Gero eta + daukagu erakusteko, gehiago ikasteko. Hori ona edo txarra al da?

    Ona delakoan nago, eta horrelako barcamp bat egin beharko genukela iruditzen zait. Euskaraz lanean ari garenok ere, gero eta gehiago gara. Iruditzen zait gauza asko ditugula ikusteko eta ikasteko, eta gutxitan elkartzen garela.

    Barcamp
    (argazkia: flickr joshb cc lizentziapean)

    Apal artean Eibarren antolatutako software librearen inguruko mintegietako karpeta aurkitu dut, IEB ere bi urterik behin antolatzen du UEUk, blogak 2.0 bi edizio izan dira Bilbon, EH 2.0 antolatu zen Artelekun, Hackmeeting batzuk egin dira honezkero Euskal Herrian (Leioa, Iruñea, Gernika), blogek eta garagardoek ere elkartu gaituzten, ikastaroak egiten ditu enpresadigitalak…. denetarik dago. Iaz Tailerrak 2.0 burutu ziren.

    Baina elkartu, erakutsi, ikasi eta gehiago egiteko aukera dagoela iruditzen zait. Zabaldu, sustatu, bildu, blogosfera komunitate bat badagoela iruditzen zait. Gogoetak eragin, tresnak erakutsi, landu, ikasi… zer diozue?

    Eztabaida luzatu daiteke, baina udaberriarekin lekuak eta hitzorduak jartzea litzateke onena. Gero eta errazago antolatzen ditugu kontuok Internetetik. Eta jendea gogotsu somatzen dut inguruan.

    barcamp wikipedian

    EH 2.0
    tailerrak 2.0

    IEB 07

    blogak 2.0

    Hackmeeting ezberdinak