-
blogasmoak
Badakizue: aurrikuspen, plangintza eta promesen aroa da aste hau.
Udaurretik hasi nintzen blogari buruz pentsatzen. Erritmoari zelan eutsi, gogoa zelan ase, pentsamenduak zelan idatzi. Orduan lerro batzuk prestatu nituen sarean, dokumentu batean. Errepasatzen hasi eta barriro be zelan ekin pentsatu izan dut lantzean behin.
Irakurtzen dutenek zer eskertzen duten, zer gustatzen zaien jakitea ez da erraza. Erantzunak lortzeko, zelan eragin asmatzea be ez da fazila. Baina estadistikak diño hor zaudetela, irakurketan. Eta tresna aproposa da hau, denborapasarako, gogoetarako, irakurtzeko, apur bat idazteko, argazkiak argitaratu eta ideiak sailkatzeko, kezkak plazaratu eta salaketak egiteko, erakusteko eta ikasteko, ikusteko eta erakusteko…. edozertarako.
Urteak dire blogintzan hasi ginenetik, zuek eta gu. idazten irakurtzen erantzuten pentsatzen eta sortzen. eta orain be, asmo barriak blogerako. blogasmoak.
Larrabetzutik saila indartzea da asmoetako bat. Herriko berri zabaltzeaz gain, herrikoak kanpokoei kontatuz. Ez daukat argi ordea, herrira begira zelan egin. Badakit jakin herri kontuak jarraitzaile asko dituztela herrian bertan, eta horren lekuko da larrabetzutik blogak daukan arrakasta itzela. Otzara bloga be oso oso irakurria da, eta tabernetako komentarioetan asko aipatzen da, duda barik. Larrabetzu.org be komunitate bat da, eta hor ikusten da herrian zer sortzen dan, izan kultura, politika, gazte kontu, herri albiste edo ostantzekoak.
Nik neuk, larrabetzutik saila, batez be kanpora begira lantzeko asmoa dekot. Zer deritzozue?Agit/prop berriz, beti gogoko izan dudan kontua da. Egoerari so egin, eta sortzen diren kezka eta burutazioak idaztea da kontua. Spraiegaz idazten direnak baino esaldi luzeagoak ahal dala, tabernetan edo kalean izaten ditugun kezkak baino ordenatuago beharbada… baina azken batean, Euskal Herria, askatasuna, gatazkak, mundua, globalizazioa, burruka eta holango etiketak izango dira erabilienak. Barikuetan horretaz idazten saiatuko gara. Astean baten gitxienez…. eta abusatu barik. Gai errekurrentea dan arren, aportatzea da kontua, post erakargarriak egitea. Panfleto digitala baino, net-gogoetak, sareak kezka eta aldarrikapenak uztartzea helburu.
Musika eta literatura zaletasunak dira. Gertutik bizi ditut biak. Aisialdia deituta ageri dira askotan, baina kultura bizitzeko moduak dira. Zuzenean, aurrez aurre, jezarrita, bakarka, lagun artean, bakarrik, etzunda, saltoka. Papera eta biniloa. Kitarrak eta metaforak.- Musikari buruz idazten murgildu nintzen kazetaritza munduan: garai bateko El Tubon, ARGIAn, Entzun, barkatu ama….. Disko kritikak egin ditut urteotan, zuzeneko kontzertuetara joaten jarraitzen dut… eta zaletasunik gogokoena da oraindik be. Musikari buruz idazten jarraitu gura nuke. Musika bizitzeko modua.
- Literatura asteroko, eguneroko, gaueroko jarduna da gurean. Sortu baino, murgilduz. Dastatu, inork prestatutakoa. Gozatu besteek emandakotik. Berbak dira, alkarren atzean jarriak. Letrek egiten dute literatura. Baina idazten den dana ez da literatura. Literatura ez da idaztea bakarrik eta. Baina literaturaz arean idaztea be, ariketa polita da. Holan be gozatzen da eta. Astean behin? Askotxo agian, baina hori da asmoetako bat.
Teknologia berriak hartu izan ditut hizpide hasieratik. Eta ez blogean bakarrik. Jakin aldizkarian luzaroan aritu naiz gogoeta luzeagoak egiten, Info7 irratian egiten ditut horren gaineko kolaborazioak, Euskadi Irratian egin nituen antzera, irratia.com egiten dugu jabi eta biok… baina bloga da teknologia berrien inguruan berba egiteko lekurik aproposena. Erabiltzaile izaeratik, garatzaileen lanari arretaz jarraitzen diot. Software librearen munduak liluratuta jarraitzen dut, erabiltzaile arrunt eta hasi berriaren lekutik. Internet eta sarea orohar erakartzeko lekua da, azken hamarkada honek erakutsi duen moduan. Eta horri buruz lantzean behin idaztea, ikasteko modua baino ez da. Eta inguruan ditugunei, laguntzeko modua. Firefox, google, software librea, ubuntu, copyleft, blogak, wordpress, sare sozialak… ohiko berbak dira blog honetan… eta horretan jarraitu beharko. Hiztegia zabaltzen.
Irratigintza maite duen lagun bat daukazue parean. Hemen eta han, modu batera eta bestera irratiaren mundua lagundu, bultzatu eta frogatzen duen entzulea nauzue. Autoan, etxean, mendian eta lanean irratia luzaroan entzuten duena. RDS teknologiari esker… euskal irratiak arretaz jarraitzen dituena. Interneten irratigintza frogatu eta abian jartzen ahalegina egin duena… eta horregatik Info7 irratiko zein Bilbo Hiria irratiko kolaborazioak… blogera ekartzeko asmoa berresten dut. Astero egiten ditudan kolaborazio labur hoiek, podcast moduan jarriz berton. Loturak sikiera.
Asmoak beti asmo. Astoak beti asto. Egunerokoak esan beharko, gaztelumendi.org zertan dan aurrerantzean. Elkarrizketak, mezu laburrak, argazkiak, bideoak… danak dauka lekua hemen. Orain arte moduan, zuek hor ondoan egotea, zaudeten lekuan zaudetela be, eskertuz eta aupatuz. blogasmoak betetze aldera… aurrera bolie!
-
Ufa!
astelehena.
iraila.
bat.
eta bat irailean astelehenez ufaka. lo gitxi, logurea, eta kilometro batzuk egin ostean pantaila aurrean. atzera begira baino, burutik pasatzen dira irudiak. gogoetak. ufa!
irailean abuztua gogoan. abuztuan ezebez. abuztua laua da. epela. freskoa. gaugiroa, ibilerak, kilometroak, asfaltoa eta landak.
abuztua jai da euskal herrian, herrian, etxean. lagunartean. parrandan. kalejiran.
abuztua opor da gurean, hemendik hara… oinez, kotxez edozelan… batetik bestera.
abuztuan ez dago sarerik, Internetik, konexiorik… asti askorik bez, munduko denbora guztie eukinda be.
abuztua joan da, joan da gazte eguna, andarmariek, emeteriek, aste nagusie, ahaztuta akermari, marijaia eta ez-piritu txar guztiek….
abuztuari agun, eta irailean bat. egutegiek orri barrie eta bizitza aurrera doa.
oin promesak, argazkiak eta aspaldiko elkarrizketak.
dietak, ikastaroak eta asmoak.
iraila, ufa!
-
izarrik ametsetan
Sasoi hau, uztailak 31 eta inguruko zapatua flipatzekoa izaten da gure herrian. Hori Bai gaztetxeak urtero antolatzen du Gazte Eguna.

Aurten be, eta hogeitaka urteak dira jadanik, musika, herri giroa, kontzertua, bazkaria, olinpiadak… bizirik dagoen herria eta ondo antolatuta dagoen gazteriaren egunak dira.
izarrik ametsetan diote gaztetxekoek, eta ikusten da bai, ametsak betetzen ari direla, gauzatzen… gaztetxeen proiektua egonkortu egin direla Euskal Herrri osoan.
Errepresio antzuak, gurean bezala kanpoan be, ez ditu bere emaitzak lortu.
izarrik ametsetan, eta horrenbeste urte lotu barik, zutunik. Aurrera hori bai, larrabetzuko gaztetxea. ametsa gauzatzearren, danon artean, mutil eta neska, nagusi, gazte, heldu, ume… herriko sorkuntzaren aterpe. -
deabruak Inkernu_an
Astegun buruzuri bat, oporren atarian, deabruak tabernan, zintzoak garagardoa eskuetan. deabruak eskenatokian, deabruak teilatuetan, Inkertu tabernan. Eskoriatzan. Eskohitzan.
Garai bateko lau gazte, gaurko musikariak. 1973 diote, ordukoak direla, ardoa bezala. Rocka dute hizpide. Kantuak.Tabernan jende dexente batu da, musika aitzaki. Garagardoak eskuetan eta dantza gutxi. Inkernu_an ez da dantzarik. Zeru_an beharbada.
Kontzertu ona, zuzena, gertukoa, indartsua, gogoz aritu dira tolosarrak. Indarra darie kantuei, tentuz ikasi dute, jo eta jo. Eskenatoki handietan baino atseginago txikietan, zuzenago taberna zuloan.Rockanrolla maite baduzu, hardcore ikutuak eta zuzeneko emankizunak… hurbildu zaitez. Ari dira deabruak jotzen, hemen eta han… eta tarte bat duten bakoitzean, furgonetan kilometro batzuk egin eta jotzeko irrikaz izaten dira.
Lagun zaharrak ikusi, berriak egin, hizketan hasi… eta gauak harrapatu gaitu, rockanrollak bezala. horrelakoa da bizitza, infernuetan.
-
Ino libre
Bulegoan sartu, eta irratia piztu dena bat. Ordenadorea abiatzen. Arratsaldeko lauretako albistegia Euskadi Irratia. Informatiboak esaten zuena ezin sinetsi nuen.
Bulegorako bidean, margoketa erraldoia ikusten dut egunero. Eta, benetan diotsuet, Ino ateratzen denean margoketa horrekin zer egin beharko litzatekeen pentsatzen egon naiz.
-Ez da posible! halakorik.Albiste ona dudarik gabe. Laurak, bostak, seirak, zazpirak, zortzirak…. Bederatziak igaro direnean kaleratu omen da. Sms bat jaso dut Soto del Realetik, kanpotik. Ordurako etxera bidean ziren zinegotzi, lagun eta Ino Galparsoro.
Orduak erraz joan dira gero. Minutu etengabeak. Kazetariek kontatu dute herri mailan, albistegiak ireki ditu Euskal Herriko eta Espainiako komunikabideetan. Jendearen bihotz taupadak azkartu dira. Besarkada estuak. Hitz gozoak.

Albiste ona. Albiste on bat. Ez da gutxi.
Arrasatek aspaldi honetan zer bizi izan duen, hangoek bakarrik dakite. Aurrera bolie! Merezi duzuen alkatea daukazue, benetan. Inok herri zoragarria duela aitortu du plazan bertan, jendeaurrean.
Goizaldeko laurak. Autoa hartu eta irratia piztu. Dena bat. Albistegia hasi dute. Kontatu behar duten guzti hori badakigu. Gainera leherketa txiki bat izan omen da Andaluziako kostaldean, krisiaz berba egin du ekonomia ministroren batek, Errealak marokoar bat fitxatu du. Etxera bidean noa. Pozik. Jornada laborala ez dakit, baina egun itzela izan da gaurkoa. Ez daukat astelehenik.
Eta gaur, berriz, irakurri eta idazteari ekin diot.
Albistea Goiena.net eta Mondraberri Arrasateko herri komunikabideetan.
Kontakizuna aurrerabolie.org gunean
Wikipedia entziklopedia librean dagoeneko eguneratu dute Inori buruzko sarrera, txapo!
Iban Arantzabal adiskidearen post-a. -
XXI. mendeko despidoak
Bulego batera deituko zaituzte, ez dago gaiordenik, eta hitzak ohikoak dira. Neurtuak, sofistikatuak, korrektoak. Urteko plangintza aipatuko dizu parean dagoenak. Ez da gehiago. Gaitasunak ere mugatuak ditu, baina erabaki gunea kudeatzen du.
Parean dagoena ez da konturatzen patroiarekin ari denik. Gizarte erakunde bat izango da, edo lukru animorik gabeko elkarte bat, edo euskalgintzako erakunde bat, edo subentzioak jasotzen dituen enpresa bat… kontua da hilero, eta urtero zenbakiak nagusitzen direla. Eta egokitu egin behar dira aurrekontuak. Eta kalitate zigiluak eskuratu beharra dagoela, eta marketing apur bat, eta itxura gehiago.
Batzarra aurrera doan arren, ez diozu usain txarrik hartuko. Bilera bat. Plangintza aurkezpen bat.
Ohi baino motelago datoz ordea berbak. Neurtuago agian. Pozoirik gabeko geziak?

XXI. mendean gaude. Zerbitzuen aroan. Informazioa eta jakintzaren gizartean. Ez dago despidorik. Kontraturik gabeko garaia bizi dugu, kolaborazioa da oro. Asko aurrezten da kontratu barik. Harremanak arindu egiten dira mundu globalizatu honetan. Behar zaituztenean hor zaude, sarearen beste aldean.
Ez dago zure zerbitzuen beharrik. Makina batek egin dezake zuk egiten duzuna. Software egokia topatu dutelakoan daude. rage against the machine. Konturatu zara egoeraren ondorioetaz, jabetu zara erabakiaren oihartzunaz. Baina ez dago despidorik. Ez dago plastikorik margotu beharrik pankarta eskegitzeko. Ez dago patroirik. Ez da langile despediturik. XXI. mendea. Informazioaren gizartea. Dena txukun. Dena ondo. Dena Q. Kalitatea, aizu. Ez dago mobilizaziorik, eta soka eskegirik, are gutxiago barrikadarik… sutan zu bakarrik zaude. Agian zure errua izan da. Agian ez duzu zerbait ondo egin, edo ez zaie zure lan egiteko modua gustatzen, edo beste bat dute begiko. Edo gazteagoak behar dituzte. Edo bekadun bat jarriko dute zure lekuan.
XXI. mendea. Gure mundua. Globalizazioa eta neoliberalismo izkutua. Basatia. Hemen. Urteroko laguntza pegata, kamiseta eta euskararen aldeko jaietan eskatzen duten erakunde eta mugimenduetan. Horrelakoa da bizitza. Neoliberalismoaren olatuak harrapatu zaitu, eta surf taula etxean ahantzi duzu.
Agur esan diezu lankide ohiei. Agur eta ez dakizu noiz arte, agian atea jo eta gurutzatu beharko duzu berriz ere, burumakur, zure zerbitzuen berri behar dutela ebazten dutenean. Beste plan estrategiko bat. Beste urrats bat. Makina izorratu da, edo software hori eguneratzeko bi esku eta buru bat behar dutenean.
-
Ikusten gaituzte?
Euskararen ikusgarritasuna sarean. Euskarazko blogariak batuko ei gara bariku honetan BBEC-en -basque bloggers exhibition centre- Barakaldon.
Gaiak arreta piztu dezake gure artean, baina gertatu daiteke, BECen bertan ere gureak oihartzun handiegirik ez izatea, programan egotea adibidez euskalduna ez den baten bati zor zaio, baina kontua da euskaraz ari garenok gogoeta egin behar dugula.Blogosfera sortu zela badira urte batzuk, eta orain blogosferak eurak dira ezbaian daudenak. Euskaraz ari garenok ere, sortu ditugu tresna berri batzuk, eta erabilgarriagoa zaigu guzti hau, ulergarriagoa, zabalagoa, irekiagoa…. baina gehiago edo gutxiago garen albo batera utzita, ikusten al gaituzte gure auzokideek? gure mezuek on egiten dute oihartzuna?
Euskarazko Internet zelan dagoen aztertzen pasa baino, aurrera begira nondik jo asmatu dezakegu. Joera nagusiak zelan islatuko diren gure inguruan, zelan harrapatuko ditugun olatu berriak, urak aurretik eraman baino lehen.
Proiektu sano interesgarriak daude inguruan. Sortuko dira barriak, baina oroz gainetik galdera bat. Ikusten gaituzte? Entzuten al da gure ahotsa?
-
Isil isilik…
Ez dakit Ibarretxe minitreguaz jakitun dagoen, baina maiz deskantsatzea baino, atseden hartzea baino gauza hoberik ez dago. Baina ni ez naiz nekatu, ez horixe.
Beste batzutan, indarra hartzeko beta komeni izaten da.
Lantzean behin, gogoetak be egin behar izaten dira.
Askotan ez dago aitzakiarik, gogoa falta, denbora eskas, zeregin garrantzitsuagoak
Kontua da, isilik eduki dudala ahoa, mutu bihotza, geldi eskuak, lotuta adierazteko gogoa… eta denetarik idazteko, kontatzeko, azaltzeko gaiak izan dira bazterrotan.
Ez da uda kontuengatik izan, baina eguraldiak ere izango zuen zerikusirik… besteen blogak irakurri eta konturatu naiz gauza interesgarri gutxi sortzen dugula euskaraz… eta horrek be eman dit zer pentsatua.
Asteburuan baina, irakurleak omen diren askorekin egin dut topo… eta zelan Firefox hiruarekin geratu naizen ohartarazi didate… eta animatu. Eta nik, zer esan, irakurleak galdu? Holangoak?
Animatu naiz, apurka apurka… eta gai zaparrada daukat alboan. Zer idatzi ugari gordeta. Zertaz jardun badago…. eta pitike pitike eguneratzen joango naz. Egunean jartzen. Uda be, ez da sasoi txarra blogari ekiteko.
Apurka apurka, bai? eskerrik asko.

-
Gaur Firefox 3, bihar ere bai
Albiste hau, arratsaldeko 19:00ak arte egon da zain.
Orain, orain jarri da mundu osoan eskuragai Firefox 3. Euskaraz daukagun nabigatzailerik onena. Software libre garatzaileek, mundu osoko auzolan telematiko batean sortutako azken emaitza. Aspalditxo jeitsi genuen 3 (Beta bertsioa) eta hobetuz atara dute gaurkoa. Eta euskarazko webgune ofizialean egingo dugu klik, dowload bat egin asmoz. Eta dauzkagun ordenadore guztietan jarriko dugu. Lantokian, etxean, eeepc-an, lagunei gomendatu, irratitik proposatu, mezuetan gogorarazi.
Euskara da euskaldun egiten gaituena, baita sarean be. Makina bat euskaltzale dabil oraindik ESplorer eta antzekoekin. Zenbat enpresa BAI euskarari zigiludunak erderaz nabigatzen.
Harro esan dezaket, lan egiten dudan lekuan mozilla firefox euskaraduna erabiltzen dutela ordenadore guztiek, baita publikoari jartzen zaizkionak ere. Arrasateko udalak, hor ere eredua markatzen du. Eta pozik konta dezaket hori. Euskalduntze bidean, tresna libreak erabiltzea laostia delako. Eta pentsatzen nago, lantokietan, bulegoetan hori baliatuko balitz… zer lortu genezakeen.
Modu berean, hedabideek eta -euskaltzaleek batipat- bere ohiko lanean baliatuko balute. ETBko telebista pantailazoetan, lotsa eta guzti ematen didate gaztelaniazko ESplorer irudiek. Euskarazko prentsan be, oraindik MAC ordenadoreetako pantailazoak -diseinu grafiko saileko ordenadoreak, badakizue- ikusi behar izaten ditugu.
GARAk gaur lotura jarri du Firefox 3 deskargatzeko, baina GARA.net iragartzen duten iragarkietako nabigatzailea begiratzea besterik ez dago. Hori ere irudia da. Jarrera. Apurka apurka.
Hala ere, bagoaz… erabiltzaileen %20a baino gehiago gara Europan. Gorantzko joera du honek.. eta bihar gehiago izango garelakoan.Nik Firefox, eta zuk?
-
aGUr ta gutarrak!
Ez daukat berbarik. Amaitu da, jo dute despedidea! Joan ezinaren pena; ezagutu izanaren zoriona; disfrutatuaren sentsazioa; ikasitakoaren akordua… gozada bat; bi berbetan esanda:
Argazkiok dana esaten daurielakoan.

klik egin ezkero, Asier Arroita artistak egindako argazki sorta izango duzu.Bitartean, astero moduan, gutagutarrak.eu blogean zer ipiniko zain. Hori be, irakaspen ederra izan da gainontzeko musikari, musikazale, blogari eta sarean dabilen arrain askorentzat.
Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren atzen kronika be, horixe… itzela.

























