• agit/prop,  larrabetzutik

    Biba zu Eric! edo zelan izan Patakon XXI. mendean

    Entzungo zenuten. Gu twitterzaleok, txio txioka albisteak elkarri trukatzen aritu gara. Eric Duran gure Patakon berezia. Bartzelonako ekintzailea da Enric, eta sekulakoa liatu du.
    Bankuz banku, kredituak eskatzen eta ez ditu ba ia 500.000 euro eskuratu… orain kapitalismoaren kontrako mugimendu eta elkarteetan banatzeko! Biba zu!
    Webgune bat sortu dute guztia azaltzeko.
    Bartzelonatik azkar abiatu da albistea mundu osora, eta asaldatuta daude sistema hau justifikatu, bultzatu eta loratzen duten kazetari, bankari, bulegari, ekonomia aditu eta enparauak. Biba zu Patakon!

    Finanzas.com: Un activista antisistema logra “expropiar” 492.000 euros a 39 bancos
    El Mundo: Un antisistema logra 492.000 € en créditos y dice cómo hacerlo antes de huir del país

    17-s.info Irailaren 17rako prestatutako ekintza berezia izan da, argi itzalketa planteamendu bategaz batera.

    Bartzelonako indymedia ere informazio mordoa eskaintzen ari da. Bertatik jaso daiteke argitaratu duten aldizkari bereziaren pdf-a adibidez.

    Berriak asko poztu nau. Arretaz irakurri eta ekintzaren sofistifikazioa, pazientzia, estiloa eta oihartzunaz jabetzen ari naiz. Enpresa bat sortu, enpresaren izenean gestioak egin, dena ondo ondo kudeatu. Erosketak, salerosketak, soldatak, nominak, hazienda… dena kapitalari ostiko handi handia emateko. Handiagoa izan zitekeena, gainera.

    Ekintza polita eta ausarta dudarik gabe. Irakaspen ona Enric Duran eta atzean daukan kolektibo osoak egin duena.

    Niri egia esan, Larrabetzuko Patakon ekarri dit gogora. Globalizazio garaian baina, Internet bidez jakingo dugu horrelakoen berri. Banketxeetan pistola eskuan lapurtu barik, aberatsen etxera sartzen ibili barik, kudeaketa elektroniko hutsa aski da, finantza munduen iruzurra agerian uzteko. Gu enpufatu gura gaituztenak, agerian geratu dira oraingoan. Eta ea zer dioten bertsio ofizialek.

    albistea zabaltzen hasi da
    euskal blogosferan

    Patakon-eri buruz gehiago jakin gura baduzue, hona hemen Joseba Agirrezkuenagak gure herriko jende nagusia elkarrizketatuta, testigantzak hartu eta egindako ikerketa lantxoa. Pdf artxiboa da. Oso oso interesgarria.

  • larrabetzutik

    Eztabaida sarean eta kalean

    :::::::::::::::::::::::::::::::: :::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::: ::::::::::::::
    ASANBLADA OROKORRA: martitzen iluntzean egindako asanbladan (oso jendetsua 100 inguru batzartuta) ahobatez onartu dira hainbat kontu, eta besteak beste orain arteko Jantoki ereduagaz jarraitzea.
    ::::::::::::::::::::::::::::: ;:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::: ::::::::::::::::::::::::::::::::::::

    astelehenez idaztea zailagoa dalakoan.
    Herrian giroa gori gori dago. Eskolako jantokiko erabaki batek, pil pilean jarri du aktualitatea. Informazioa eta eztabaida.
    Eztabaidatu daiteke asanbladan, eskolako pasiloetan, kalean, tabernan eta sukaldean. Interneten ere eztabaidatzen da.
    Kalean eta tabernan ozen eztabaidatzea euskal ohitura da.
    Interneten lotsa galduta egitea ere, ohiko bilakatzen ari da.

    Kontua da, gure herriko eskolan 25 urtez gurasoek kudeatu dutela jantokia. Hezkuntza sailak zaildu egiten du hori egun. Oso zail jarri du. Eztabaida dago gurasoen artean. Eztabaida herrira eta sarera hedatu da ondorioz.

    Eztabaida ona eta osasuntsua izan dadin, ahalegina egin beharko genuke denok. Ezkerretik eskumara, zahar eta gazte. Eskola hezkuntzarekin lotu beharko genuke. Kalitateagaz. Errespetu eta begirunea. Edukaziño apur bat, mesedez, umeak aurrean dauz eta!

    Baina eztabaidatzea, berez, ona da.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Hi, eingo juk ala?

    Ointxe leidu baino etzoat ein, antza hikaz eiteko ohituria galdu eingo dokela. Euskeriak hiru bereizgarri jekozak: nornorinork hirutasune, deklinabidia eta hitanoa.
    Guk eiten juk arian, batzun artian sikiera be; eta alkar ulertuteko geuze bagozak. Gu baino zaharragoak dozakenak, horrek bai, horrek beti eiten jeurek, danakaz ganera.
    Izen geuze polite dok, ikisteko sano gatxa be eztok, eta ahalegindu ezkero… fazil fazil manejeko haz heu be. Ikisi gurok ala?
    Sarriten pentseu izen joau, berbalagunek eta eiten dozaken antzera, hikaz eiteko taldeak sortutea be ezoala geuze eskasa izingo. Lantzean baten batu, trago batzuk jo, edo hortizik txiri txiri buelta bat emon ta berbaz ibiltia.
    Ondino be denboraz gauzek, hau berbamoduau desagertu orduko.

    Hori bai, batuaz eiten ahaleginduten bagozak, Goenkaleko aktoreak emango diagu!

    postdatak:
    *ARGIAn Gontzal Fontanedaren testua irakurri ostean, bapatean burura etorritakoa. Halandabe, proposamena blogean. Gurok ala?

    **Gurean, hiketan eitea batez be mutil/gizonon kontua da. Horren ganean azterketa egina dauka Xabier Artzibar filologoak.

  • hurrengo geltokia

    zenBAT galdera ditu gaur euskal erdiak?

    …nahiago nuke bihar, balitu berriak.

    Vuelta jarraitzen ari zarete? Nafar bat, Etxarriko Egoi Martinez lider da. Pozik egongo dira Euskaltel telefoniako buru eta langile guztiak. Pozik dira komunikabideetako euskal esatari eta kazetariak oro. Pozik gaude zaletuak, kirolzaleak….

    eta pozik egongo al dira, euskal kirola lehia gorenean jarri gura dutenak? BAT basque team irakurri, entzun, jan eta dastatu dugu uda honetan. Pekin dela, eitbeko komunikabideak direla, arnasten dugun Naturgas eta piko… baina Euskal erdiko kirolariak baizik ez ditu babesten BAT horrek.

    • Miren Azkaraterentzat euskalduna al da Egoi Martinez?

    Euskaldun bat lider Espainiako Vueltan. Aspaldiko partez. Euskaltel Euskadi ekipoak behar zuen txapelduna du orain taldean. Pelotoi buru. Ezustekoa izango zen agian asko eta askorentzat, baina Sakanak eman dituen txirrindulariak ez dira ahaztekoak. Egoi, Florestarrak, Verdugo eta beste asko…

    Sakanak eman dizkigun txirrindulariak loreak behar dituzte. Erreportaiak telebista eta egunkarietan. El Pais semanal eta Reportajes.tv bezalako “euskal gatazka” hedabide adituetan.

    Zorionak Egoi. Aupa zuek!

  • musika,  teknologia berriak

    trikitixa aro digitalean

    E-posta zabaldu eta mezua Euskal Herriko trikitixa elkartetik. Inpernuko Poza jardunaldiak Donostian. Eta teknologia berriak hartu behar dituzte hizpide. 

    Kaki Arkarazo, Xabi Erkizia hizlari besteak beste. 

    Trikia eta soinu tresna berriak uztartuko omen dituzte gero, P3Z ere bertan izango bide da. 

    Interesgarri egin zait proposamena. Musika eta tresna berriak elkartuta daude, gaur egun mundu osoko fenomenoa da aro digitalarena. Eta noski, trikitilariek ere ez lukete atzean geratu behar. Jardunaldiak horretarako balioko die. 

    Baikorra naiz Trikitixa elkarte honekin, webgune txukuna ere badute… baina aspaldi ez dala oso proiektu polita plazaratu zuten sarean: trikimailua.com

    Ikusi duzue? Merezi du minutu batzuk horri erreparatzen ematea. Hiztegia hitzen esanahi hutsa baino gehiago dela ikasiko dugu horrela.

    INPERNUKO POZA, TRIKITIXAREN VI. JARDUNALDIAK
    – TEKNOLOGIA BERRIA –

    Irailak 8, astelehena:
    Victoria Eugeniako prentsa aretoan: 11.00

    Prentsaurrekoa: Inpernuko Poza Trikitixaren VI. Jardunaldiak etaJardunaldiak 2003-2005 liburua aurkeztuko dira

    Irailak 9, asteartea:
    Donostiako Udal Liburutegiaren Sotoan: 19:30

    Hitzaldia: TEKNOLOGIA BERRIEN EZARPENAK MUSIKAREN MUNDUAN
    KAKI ARKARAZO. Garate Estudioak. Negu Gorriak.

    Irailak 10, asteazkena:
    Donostiako Udal Liburutegiaren Sotoan: 19:30

    Hitzaldia: TRIKITIXA, KOPIA EDO ORIJINALA?
    XABIER ERKIZIA. ERTZ Bertze musikak ; AUDIOLAB Arteleku

    Irailak 11, osteguna:
    Victoria Eugeniako Club Aretoan: 20:00

    Kontzertua: Carles Belda, Javi P3z eta Jon Lomberas
    Asier Ercilla eta David Nanclares

  • hurrengo geltokia

    Hurrengo geltokia, ezin surrealistagoa

    Ezagutuko duzue Niko Vazquez, MCD taldeko sortzailea, diseinugile aparta (Eitbko txoria be egin zuen), sortzailea,infografista, artista multimedia…. eta bistan denez, bideogile itzela. Bere lanak oro imbecil.com eta grafismo.com guneetan batuta daude. 

    Guggemheim museoak YouTuberekin batera antolatutako lehiaketa irabazi du Hurrengo geltokia izeneko lanagaz. Txalogarria lana, ezin surrealistagoa.

    Ikusi gura baduzue:

    Aurki, Nikorekin egindako elkarrizketa argitaratuko dugu blog honetan bertan, aspaldiko laguna dugulako. Musikari, Internetzale, copyleft defendatzaile sutsu eta gainera, jatorra be bada, oso.
    Aupa Niko!

  • hurrengo geltokia

    Ibarretxerenak egin du > lehen da ari

    Horrenbeste entzun arren, badirudi euskal erditarrok ez dugula kontsultarik izango datorren hilean. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako biztanleek ez dute ezelango zitarik edukiko lehen-dakariaren galderak erantzuteko.
    Kexu da gure lagun bat ere, PNVk ez duelako gogoz hartzen Kontsultaren gaia baina, ez dago politologo jantzia izan beharrik, Europara, justizia arrotzetara begira jarri direnean, urriaren 25ekoak porrot egin duelako berealakoan.
    Legebiltzarrean ozta ozta egin zuen aurrera proposamenak, Imaztarren borondatearen kontra baina Otegiren behinolako formularekin. Botoak alde, botoak kontra. Eta aurrera. Madrilen bide laburra dute oraindik Euskal Herritik, euskal erditik, doazen proposamenek. Madrilen ere, euskaldunok indar gutxi, bidean batu ezik. Maltzagaraino barik, Burgos baino haratago egin beharko lukete euskaldunek bide bera… baina tira. Beste baterako hori.
    Hitza
    Herriari, erdiari, hitza ematea izango da gatazka konpontzeko giltza. Orain ez bada, hurrengoan. Erdian ez bada, osoan beharbada. hiru eta lau dira zazpi. Hamaika kontu. Baina ez zaizkigu emaitzak ateratzen oraindik.
    Lehen da ari

    Eta Laudiokoarenak egin du. Gasteiztik Laudiorako bidea egin beharko du Altuben behera, berriz ere. Lehendakaritzakoak ahantzi, ta bestelako zereginei ekin beharko die. Ohi duen apaltasunetik. Eta ez da ezer gertatzen.

    Sabin Etxeatik Muskizera egin zuen JosuJonek, Estatu Batuetatik bueltan. Eta San Mames ikusten dugu orain hamabostean behin, haciendo pais.
    Ibarretxe dagoeneko, iragana da. Lehen da ari.

  • info 7,  teknologia berriak

    Google chrome frogatzen

    Deia jaso dut Info7 irratitik, eguerdiko albistegiaren ostean egiten duten Postdatan Google Chrome nabigatzaile berriari buruzko iritzia emateko.

    Egia esan, twitter bitartez jakin nuen nabigatzailea kaleratu behar zutela. Eta heldu berri da. Joan naiz webgunera, ikusi ditut aukerak eta katalanezko bertsioa jeitsi dut froga egiteko. Orain hemen eta han gauzak irakurtzen hasiko naiz, zer duen ona, zer duen hobea, zelango kritikak egiten dizkioten eta abar.
    google chrome frogatzen

    Aldez aurretik esango dut, Firefox nabigatzailearen kamiseta jantzita daukadala idazten ditudala berbok, eta ez daukadala oraingoz nabigatzailez aldatzeko ezelango asmorik. Halandabe, Google paketearen ohiko erabiltzailea naizela badaki Interneteko enpresarik handienak… eta hau ere frogatuko dut.

    Info7ko saioa baina, enuke egin gura zuen laguntasun barik.

    • Zer deritzozue nabigatzaileari?
    • Itxura ona al dauka?
    • Azkarra da?
    • Safari, Firefox eta halakoak ditu oinarrian, baina zertan izan daiteke hobea?
    • Zergatik ez dago euskarazko bertsiorik?
    • Erabiliko duzue?

    Info7 irratiko albistegietako postdata kolaborazioa entzun gura baduzu:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/09/20080904_1388.mp3]

    Hemendik aurrera Googlen menpeago

  • musika

    Jada ez nau ezerk harritzen

    Neguri Gorriak
    Neguri Gorriak

    Negu Gorriak taldea gustuko zenuen? Urteak dira eskenatoki gaineko kontuak albo batera utzi zituztela. Negugorriak.net gunean guztia batuta badago ere, oraindik harritzeko gaitasuna ez zaigu amaitu. Neguri gorritu dute Bizkaiko musikari ero batzuk. Ez dute ba Neguri Gorriak sortu?

    Bloga sortu dute eta lehen emanaldiaren ostean ez ninduke harrituko, bolo gehiago eskaintzen ibiltzea. Gazte egunean aipatu zigun zerbait Gorkak… eta begira, Bilboko jaietako albiste onenetakoa izan dela dirudi…

    Bilboko jaietan, Zazpikatu gaztetxea lepo bete zuten. Garai bateko irudia datozkit orain. Nostalgia esaten zaio, ezta? Oraindik gogoan dut, zelan orain dela urte pila bat… 15 baino gehiago, Pipe jazz-en omenez Bilboko gaztetxean izandako kontzertua.
    Negu Gorriak Bilboko gaztetxean
    Iragarri gabeko hoietako bat izan zen, Herrerako aurkezpenaren ostean izango zen ziurrenik, Piperen urtebetetzearen karietara. Josemi lagunak eroan ninduen alde zaharreko gaztetxera, eta flipatu egin nuen gertutasun hartan. Negu Gorriak makina bat bider ikusi genuen gerora, baita Larrabetzuko gaztetxean ere 95eko sanjuan bezperan. Sua nagusitu zen orduan herrian, Lasa eta Zabalaren gorpuak agertu berritan.

    Tira, Euskal Herriko musika historian hutsune handia utzi du Fermin Muguruzak gidatzen zuen taldeak, baina oroitzeko sortu dira berriak. Esandakoa, jada ez nau ezerk harritzen. GALindo ere erne ibili dadila….