-
basquecamp bigarren edizioa zapatuan

Info7 irratian teknologia berrien inguruko gaiak hizpide hartuta, ezin aipatu barik utzi basquecamp-2 edizio berria.Urrunan du egoitza nagusia Info7 irratiak, eta handik kilometro gutxira ospatuko da zapatu honetan basquecamp2. Ekainean Larrabetzun egin bagenuen, udazkenean Lapurdin burutuko da euskaldunok batzen gaituen barcamp berezi hau.
Irrati kolaborazioan, horretaz mintzatu gara. Barcamp bat zer den, nortzuk antolatu dute oraingoa… hau eta beste.
Bidarteko zita interesgarria suertatu da. Joatekoak gara gutako batzuk… zuek ze asmo daukazue asteburu honetarako?
-
Gabriel Aresti gurean
Ez da besterik entzuten gaur. Irakurri ditut paperezko egunkariak, irakurri ditut blogak, entzun irratia… ta badirudi Arestiren eguna dela Gorka Arresek efemeridei begira proposatutako egun hau. Badu gaitasuna Susako editoreak. Bejondeiola.75 urte Gabriel Aresti Segurola jaio zela.
Gurean ere, jaio nintzen urteko urteberri egunez egin zuen bezala, Gabriel Hori Bai gaztetxean izango da. Orduan hitzaldia eman zuen. Eta kantatu egingo zuen beharbada. Anjel Zelaietak kontatuta dakigu Foteri tabernan mortzilak afaldu zituztela Melik, Gabrielek, Anjelek eta Maribelek.
Gaur Gabriel Aresti izango da gurean. Koldo Izagirre mintzatuko da poesia mailu bat dela idatzi zuenari buruz. Joseba Tapiak soinua jarriko die poetaren koplei. Orain ere egiten dituen bezala. Poeten koplak, poemak, idatziak kantu bihurtzen iaioa da Joseba. Eta gaur ere, gozatua hartuko dugu beragaz, herrian, gaztetxean.
Arestik herrian irakurri erakutsi aurkeztu zuen poema sarean jarri dugu gaurko egunez. Liburu batetik ekarri dugu. Liburu hura baina, poesia argitaragabea zen ordurarte. Bizirik dago orain Aresti guretzat… horrenbeste urte geroago.
Eskerrik asko Gorka, Karmelo, Josu, Joserra, Koldo, Joseba…. bagara herri. Bagara zeozer.

-
software librea gura dugula, jode!
Sinadurak gora doaz software librea nahi dugu gunean. Milatik gora dagoeneko, eta gorantz. Kezka sortu da, eta keza hori hedatzean hasiko dira arduradunak arduratzen. Batzutan ez dakigu axolagabekeriaz, edo benetan jakitun direlako hartzen dituzten erabaki hoiek agintariek.
Software pribatiboa bultzatzeak, beraien eredu neoliberalarekin bat egiten du, dudarik gabe. Baina hala ere, guk, herritarrok, badugu kritikatzeko, aldarrikatzeko, purrust egiteko eskubidea eta beharra ere. Eta oraingoan argi eta ozen esan gura diegu gure agintariei, administrazio lokal eta handiagoei software librea gura dugula.
Hedatzen doa mezua. Medio guztiak baliatu beharko ditugu. Nik neure aldetik, Info7 irratiko asteroko neure tartera eroan dut kontua. Entzuleak gonbidatuz sinatzera. Software librea zer den apur batean ez bada be, azaltzen saiatuz.software librea euskaraz ikastaroa
Lantokian ere, ikastaroa antolatu dugu software librea euskaraz izenburupean. 8 sesio bi ordutakoak, Ander Elortondo irakasle librezalearekin. Sarrera bat software librera, Firefox nabigatzaile arrakastatsua, Open Office 3 progra berria, eta azken bi egunetan Ubuntun barneratzeko aukera izango da.
Ikastaroa Arrasateko KulturAten izango da, ostegun arratsaldetan.
Software librea sozializatzeko holangoak egin beharko dira maiz. Erabiltzaileari erraztu egin beharko zaio erabilera librea. Euskarazko programak dira denak, txukun eta ondo euskaratuak. Anderren laguntzarekin ondo ikasiko dugulakoan nago ni ere. -
Enric Duran berbetan
Kontatu nizuen ba, zelan Bartzelonako ekintzaile batek, desobedientzia finantziero ekintza izugarri bat egin zuen. Inguruko komunikabideek, irakurtzen ditudan egunkariek ez zioten jaramonik egin gertatutakoari. Blog hau irakurtzen dutenek, arretaz irakurri eta komentatu izan dute/didate gaia. Eta gaiak askotarako ematen du.
Euskal Herrian dugun irrati interesgarrienetako batek -Gasteizko Hala Bedi irratiak- elkarrizketatu egin du Enric. Eta sarean jarri.
Bestalde bideo hau ere sarean dagoenez, eta cc lizentziari esker, hona ekarri dut. Interesgarria -oso- delakoan. Halan iruditu zait. Eta pentsatzen jarraitu beharko dugu.
-
Hasi gara eta ez da gitxi
Urriarekin, martxan dago martxan egon beharreko guztiak. Normaltasuna, ordutegi berriak, promesak gauzatzen edo ez… eta batez be erritmoa. Musikaren erritmora mugitzen hasi gara… eta holan hobeto ezta?
Lagun batek esan dit, blogak twitter itxura hartu duela, what are you doing? galderari erantzuten nabilela etengabe… eta agian egia izango da. Agian bai. Blog hau, zuekaz harremanetan jarraitzeko, kontatzeko, iritzia emateko baliatzen dut. Kazetaritza eta informazio gitxiago ei dago, iritzi eta hapenning gehiago, momentukoagoa beharbada. Arrazoi izango du, baina bloga norberak gura duena denez…Â gorputzak hau eskatzen dit. Eskuek hori idazten dute. Hala beharko du.
Eta musikaren erritmora, abiatu dugu ikasturte behar duena. Ikasi gitxi beharbada, baina zer ikusi asko egon badago. Gaur irratia.com 121. saioa egin dugu Bilbo Hiria irratiko estudioetan. Dena bere lekuan. Hango esatariak. Hango lagunak. Gure teknikaria, beti lez, jenial. Txuma Murugarrenen berri, Jabi Zabalaren adiskidantza… eta zer gehiago.irratia.com hasi dugu, eta ez da gitxi. Ekainean laga gendun 120. saioagaz. Eta etenaren ostean, 121. saioagaz berriro hasi. Gogotsu hasi ere. Software librea aipagai hartuta.
Eta irrati emankizunekin hasteak, asetu egin nau. Musikari sentitu, esatariarena egin, dj-ak bagina lez. Ordu betez, lainotan egotea dakar irratigintzak. Itzela da, eta asterokoa laburrago eta intentsoago egingo digu.
Podcast bat da irratia.com eta oso gustura egiten dugu. Entzun gura baduzu, sarean dago online.
-
info7 irratian teknologia berriak hizpide hartuta

Info7 irratian ere abian da ikasturte barria. Urriarekin, kolaboratzaileen txanda be heldu da dagoeneko, eta nik neuk adibidez, astero teknologia berriak hartuko ditut hizpide, Talaiatik mikroespazioan. Albistegien ostean bota ohi dute atal hori. Interneten berriz, egun berean zintzilikatu ohi dute.Hasteko, ez dut gai konkreturik izan lehen aste honetan. Entzuleak agurtu, gaiarekin jarraituko dugula ohartarazi, eta dagoeneko agendan apuntatuak ditugun zita batzuen berri pasa dut.
Asteroko tartea izango denez, lantzean behin blogera ere ekarri asmo ditut Info7 irratiko podcast ttiki hauek.
Talaiatik mikroespazioa entzuteko:
Podcast: Play in new window | Download
-
software librea nahi duzu?
Gero eta gehiago gara, egunerokoan software librea darabilgunak. Hasieran maila gutxieneko bat esijitzen zuen software libreak. Baina denborarekin, eta jende askoren lanarekin, erraztu egin da erabilpena ere.
GNU/Linux mundua erakargarriagoa egitea izan da kontua. Gero eta programa gehiago, gero eta erabilterrezagoak, gero eta hobeak, bisualagoak… eta orduan eta erabiltzaile gehiago, onespen zabalagoa, pozago jendea.
Hala ere, jendartean ohiko bilakatzen ari denari, kasu gitxi, gitxiegi egiten diote administraziotik -erran nahi baita, euskal administraziotik-, udal, foru eta komunitate mailako administrazioetatik.
Thinkgaur irakurri eta ikusiko duzu zelan ospatzen duten jeltzaleek Microsoft hona ekarriko dutelako. Ondo ordainduko dugu hori euskaldunok.
- zenbat diru xahutzen dugu soilik lizentzietan?
- zenbat proiektu innobadore egin zitekeen diru horregaz?
- euskarazko softwarea garatzeko zer egin da administraziotik?
- zergatik dute gustuko Bill Gates parefernalia hori?
- beneta badakite zertan ari diren?
- zer egin dezakegu guk, erabiltzaile garenok?
softwarelibreanahidugu.org ikusi baduzue, bistan da, badela jende multzo bat hori aldatzeko prest dagoena. Administrazioari bestelako tresnak erabiltzea eta bultzatzea eskatzen diona hain zuzen.
-
Alderdi eguna bai ta EZ!
Goizean oinez, erdi lo. Kartelari begira, futbol kamiseta bat afitxean. Selekzioa? Liga? Orain? Aibala, Alderdi eguneko kartela. Ez da txarra. Eta irakurtzen hasi eta baietz…. baina badirudi ez esaten duela. Tipografiari erreparatu, eta handiago ikusten dut EZ hori, bai baino.

Kontsulta?
Bai edo ez, zeri?
Ez dut erantzunik topatu. Bila aritu naiz, eta herrikoak autobusez joango direla baino ez dut aurkitu sarean.
eaj-pnv.eu gunean kartel gehiago, antzerakoak topatu ditut.
-
Euskara sarean, mugak eta kezkak
Oso artikulu interesgarria idatzi berri du Mikel Iturbek bere blogean. Zirriborroan zeukan uda aurretik, baina udazkena etortzearekin argitaratu du. Eta eztabaidarako ohiko galderetatik haratago doala iruditzen zait.
Interneten euskararen kezka dugunok, kalean euskaltzale garenok, euskaldun moduan munduan agertu gura dugunok; Mikelek idatzitakotik haratago jo beharko genuke. Irakurri, minutu pare batez pentsatu, berriro irakurri eta ostean zirriborro batean ideia nagusiak bildu. Eta erantzun. Eta pentsatzen jarraitu.Udazken honetan ikusi dugu bai, zertan ari garen euskaldunok sarean. Pelikulak jeisten, hiztegiak sortzen, eta programa berriak euskaratzen. Euskaldun gehiago ari da modu pasiboan, noski. Aktiboan ari direnak dira gure kezka ordea. Asko gara? Zenbat gara? lau bat hiru bost zazpi? Hamaika garela sinetsita gaude eta … ez dakit ba.
Internet modu aktiboan begiratuta, badago euskal komunitate bat, sortzen diharduena. Softwarea euskaratu, webguneak sortu eta elikatu. Eztabaidetan parte hartu eta bere erabiltzaile lanetan euskaldun moduan ageri dena. Blogosferaren garapenak, ikustezinak zirenak ageriago jarri ditu, eta sortutako tresnek oihartzun zabalagoa dute egun. Ez dute uste inoiz horrenbeste jendek idatzi duenik euskaraz. XXI. mendeko datu esanguratsua da hori. Euskara Interneteko hizkuntza ere badelako.

euskara hizkuntza globala
Halan zioztan Vicent Partalek Euskal Herria 2.0 jardunaldietara etorri zenean. Horretaz konbentzitu beharra genuela. Beraiek-katalanek- hizkuntza global bezala hartua zutela beraiena, eta horrek onurak besterik ez ziela ekarri. Eta egia esan gure hizkuntzak, hedadura zabala du. Munduko hainbat bazterretan bizirik dirau, eta Interneten inoiz baino argiago ikusten ahal da hori. Euskal Herrikoak ez ezik, munduko hamaika txokotako guneetan kausituko duzu hizkuntza zahar hau. Euskalduna non, euskara han beharbada. Eta zorionez edo zorigaitzez, munduan sakabanatuak ere badira/bagara euskaldunak.
Facebook bezalako sare sozialak ikustea besterik ez dago, munduan zenbat euskaldun den ikusteko. Itzela da dagoen masa. Facebook bera euskaratuta (%100) egotea da seinaleetako bat, besteak beste.Euskarazko bideoak edo irratsaioak nonahitik ikusi daitezke, gure herriari buruzko albisteak gure mugetatik kanpo ere arreta eta interesa pizten dute. Euskal Herria bada, hemendik at ere. Ez da gutxi. Eta gure hizkuntzari izaera hori emateak, onura ekarriko digu guri ere. Horren kontzientzia hartzea izan daiteke xedeetako bat. Horretan ahalegindu beharko dugu, blogari euskaltzaleok.
aupatu.com | zabaldu.com
Euskarazko edukietaz dihardu besteak beste Mikelek bere post horretan. Edukien bikoiztasunaz galdera pausatzen du. Wikipedia ez den beste entziklopedia libre baterako lekurik badago? Zenbat gune behar dira informazio lokalerako? Eta adibide ezin egokiagoa pantailaratzen digu. Zabaldu.com-eko erabiltzaileok, beldurrez hartu genuen Eitb-k aupatu.com sortu behar zuenaren albistea. Beldurrak ordea, indarrak batzera eroan gintuen. Aldez aurretik euskaraz zegoen tresna bat ordezkatzera/baldintzatzera zetorrelakoan. Eitb talde sendoa izanik, nahiz eta Interneterako oso estrategia eskasa izan azken urtetoan, pentsatzen genuen zabaldu.com ezerezean utzi zezakeela aupatu-ren sorrerak.

zabaldu.com orduan baino sendoago eta partehartzaileago ikusten dugu egun. Aupatu.com -euskarazkoa behinik behin- hutsaren hurrengoa da euskarazko Internet erabailtzaileentzat. Eta argi dago, euskarazko erabiltzaileontzat ustezko aniztasun horrek ez dakarrela aparteko onurarik.
Ezberdina da blog plataformen afera. Hiruzpalau beharrean gehiago bagenitu, hainbat hobeto. Blogari.net sortu zen lehenbizi, blogak.com gero, mundua.com, nireblog…. eta hoiek guztiek euskarazko komunitatea (aktiboa zein pasiboa) hedatzea ekarri dute. Plataformen sortzaileek gerora ez diote kasu askorik egin sortutako produktuei, baina eduki mordoa sortzen da oraindik blog hoietatik.
wikipedia eredu
Euskararen mugak aztertzerakoan, wikipedia izan daiteke ereduetako bat. Dena egiteko daukan hizkuntza bat izan da gurea. Hiztunei dena eginda emanda baino, egiteko eskaini zaizkio. Eta dena ez dakit, baina hiztun ekintzaileak ditu gure hizkuntzak. Entziklopedia librea eta Interneteko izarra den Wikipedia izan daiteke auzolan telematikoaren paradigma. Komunitate txiki batek edukiak sortzen ditu, entziklopedia eguneratzen du, programak eta scriptak prestatu, argazkiak igo, herri izendegiak arakatu… eta normalizatu barik dagoen herri zahar hau, modurik ordenatu txukun eta entziklopedikoenean aurkezten du munduaren aurrean. Zein da euskararen muga Wikipedian? Noiz amaitzen da euskal jakintza? Normalizazioak ez du etenik. Artikuluak sortu eta sortzetik, eguneratze soilerako urratsa ez dugu oraindik ezagutuko. Baina belaunaldi gazte eta prestatu hau, sekulako lana egiten ari da. Musutruk baina sekulako onespenarekin.Ondorioztatzen
Gutxi batzuen lana, erabiltzaile aktiboen jarduna, gure menua -euskarazko edukiak- dastatzen dutenen bazka, euskarazko softwarea deskargatzen dutenen kezka, ikusgarritasuna bermatzen duten webgune interesgarrien ardura… euskara ondo pasatzeko, ikasteko, ahalegintzeko, sortzeko, erakusteko, garatzeko, edozertarako darabiltenen komunitate anitz horrek bermatuko du hizkuntza. Euskarak ez du mugarik, jartzen ez bazaizkio, bederen. -
Autorik gabeko egunean
Auto baten leherketak esnatu nau ni ere. Albistegia zen Euskadi irratian, eta ohetik altxatzeko ordua. Etxekoak egin, eskolarako bidea hartu, eta bezperako autoei buruz mintzo dira egunkari gehienak. El Correok duela ordu gutxikoa ere portadan dakar.
Egunkaria irakurtzeko gogo askorik ez, kafea eta etxeko lanak. Eta berriro eskolara.
Ostean autobusa hartu dugu. Ordu erdiko ibilbidea bai. Errepidean astiro joaten da geltokiz geltoki gure Bizkaibusa. Hiribururako bidea, ordu erdian edo egin ohi du. Tinbrea jo eta hurrengoan jeitsi.Eta bazkalostean Bilboko metroa lehenengo eta Renfeko trena gero. Beste hiru geltoki. Oinez apur bat, eta azkenean heldu naiz autoa zegoen tailerrera.
Berandutu egin dira matxurarekin. Eta apur batean zain egon beharko dudala. Anak irrifartsu gogoratu dit gaur autorik gabeko eguna dela. Bai zera! nik haserre. Nik lanera joateko autoa behar dut.
Azkenean, beranduago, lasaitzeko kafe bat hartu ostean eskuratu dut autoa. A8an sartu naiz eta banoa bidean. Autorik gabeko egunean autoan doazen entzuleak saritu gura izan dituzte Arratsaldekoa irratsaioan. Ezin izan dut deitu, ezin bide bazterrean gelditu eta telefonoari ekin. Lanera joateko presak… badakizue.
Autorik gabeko eguna? bai zera…..


























