-
Twitter eta bloga uztartzen
WordPress blogak kudeatzeko software askeak, aukera asko eskaintzen ditu. Gero eta gehiago gaur egun. Pluginak, themeak, aukerak, denetarik..
Orain arte plugin batzuk instalatuta eta martxan izan ditut. Oraindik asko daukagu ikasteko, garatzeko… eta gaurkoan twitter plugina frogatzen hasiko gara.
Ea zelan doakigun. -
Astea zelan badoan
Asteon idatzitako apunteak garbira pasatzen
Blog guztiak irakurrita daudenerako ari naiz berbok idazten. Bazkal aurretik, eta etxeko une lasai bat profitatuz. Ez dira asko izaten gurean, eta horregatik azkar azkar idatzi beharko ditugu bota beharrekoak.
Asteak joan asteak etorri, blogak badirau. Laster dira zenbait urte blogari ekin niola, eta perspektiba horrekin idazten ditut orain honek kontuok. Batzutan bape lotsa barik, beste batzutan ardura gehiagogaz… baina beti badago zer kontatua. Zertaz jardun. Zeri egurra emon. Eta zergaitik iritzia emon. Hori du blogintzak. Eremu librea da, eta askatasuna maite dugunok… ezin lehertu barik iraun.
Musikari erreparatzen
Egia esan, eta atzera begira, egun hauek musikero itxura hartu dute. Bideoak, kantuak, aipamenak, elkarrizketa musikala… ezin afizioari hutsik egin. Durangoko azoka etorri dator, eta aprobetxatu egin behar da musikaren olatua ere. Irrati komertzialetan bezala, gurean ere gora egin du musikak egunotan. Baina ez da dana musika gurean, badira beste kontu batzuk be.irratia.com gogotsu
Bistan denez, esku artean ditugun proiektuen artean, ezagunena eta potenteena irratia.com da, duda barik. Ikasturtea gogoz abiatu dugu, eta elkarrizketa onak egin ditugulakoan gaude. Aurreko astean Fermin Muguruza gonbidatu genuen gurera eta asteon gu joan gara gonbidatu Tagzaniara. Ferminek bere grabatzeko estudio mugikorraren berri eman bazigun, gu gitxiago ez, eta gure estudioa mundura atara dugu.
Maletak hartu eta hor goaz, mundua ezagutzera. Zuzeneko emanaldi bat eskaintzera, Internet bidez. FM bidez. Tagzaniako hiriburua Eibar da. Eta bertaratu ginenean zain genituen tagzaniarrak. Luistxo Fernandez, Gari Araolaza eta Mikel Lizarralde. Guk gure trasteak motxiletatik atara eta mahai gainean jarri genuen gure tresneria guztia -gutxi egia esan, mahai txiki bat, cd erreproduktore bat, bi mikro eta ordenadoreak- eta wifi bidez skype erabilita konexioa egin genuen Bilbo Hiria irratiko estudioarekin. Bat, bi eta hiru. Sintonia jarri eta zuzenean….

Argazkiak.org | Irratia.com Tagzanian © cc-by-sa: garaolaza
Tagzania berria sarean jarri zuten bezpera gauean, eta eibartarren lehenengo elkarrizketa zen. Mamia bazegoen. Gaiak ordea askorako ematen du, Tagzaniatik hasi -mundutik- eta gure ingurura hurbildu ginen apurka apurka, mapak, gps-ak, blogak… denetarik. Berbatarako hiru aditu. Hiru lagun atsegin moldatu zirenak. Entzuleena da hitza orain.
Entzun gura izan ezkero, hemen duzue saioa:Albistea Indian dago ordea
Eibartik lanera, lanean lanekoak eta etxera buelta. Egun normala. Euskal Herrian bederen. Goizero eskolako atean agurtzen dudanarentzat ordea, bestela dira gauzak. Jarri zuen burua une batez Indiako hotel bateko jatetxean. Jaione eta Karmelo afaltzen ari dira. Euskal Herritik Indiara joanak, lehen eguna bertan. Afaltzen ari direla tiroka hasi dira batzuk, lehenengo hildakoak, odola, eskuko granadak, leherketa gehiago. Kontatzen dutenez, handik, hoteletik ihes egin eta azpikoaldera joatea lortzen dute. Hotel baten azpiak, bestearekin lotzen du. Eta handik parking batera. Beraien lagunak hotelean geratu dira, harrapatuta. Ezin ihes egin. Parkingean bueltaka eman dute gaua, eta gero ezagun batzuen etxera edo. Goizez berba egin dute Euskal Herriko irratiekin. Osteguna da Euskal Herrian.Zerbait aditu dut goizean dendan, ez dut elkarrizketa osoa harrapatu ordea. Ez dakit zertaz ari diren. Mumbai albiste da nonbait. Sarean dena dator kontatuta. Irudiak, bideoak, kontaketak. Indiako demasa izan da. Bi larrabetzuar bertan. Bi lagun. Bi auzokide. Larrabetzuko blogetan be aipatzen da kontua.
Horrelakoetan barruak buelta ematen dizu. Pelikula. Atzo goizean agurtu duzuna, munduaren beste aldetik ari zaizu hizketan irratian. Herriko hizkeran. Bere berbek oihartzun egiten dizute etengabe, Interneteko play horri sakatu…eta ezin sinestu gertatutakoa. Ezin lotu. Argazkiak, kronikak, irudiak… sinestezina.
Larragetxo sound
Musika jarri lasaitzeko, musika entzun burua beste zerbaitetan jarduteko. Egunkariak irakurri. Sarean ibili. Twitter mezu laburrak kateatu. Baina ezin. Hegazkina noiz iritsiko. Noiz dena baretuko. Herrian beste berbagai bat hartu beharko. Kasurako, gaur kontzertua dago gaztetxean. Erromoko talde gazte batek, 15 urte betetzen ditu. Gazte? Oraindik bai. Izenik ez. Gurean ospatuko dute. Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Ondoan izango dituzte Alproja taldekoak. Aspaldi desagertuak. Errautsetatik baina, garai bateko kantuak aurkeztuko dituzte, barriro be. The Clash taldearen bertsio orijinalenetako bat, 90. hamarkada hasierako rock algortarra. Larragetxon gaude baina. XXI mendean.Astea zelan badoan, gogoetarako tarte gitxi. Iritziak biharamuneko kafearekin urtzen dira. Solasaldiak astun. Berbak ez ditu baina haizeak eroango. Keinu bat nahikoa izango da guztia ulertzeko. klik. play. off.
-
Fermin Muguruzarekin solasean
irratia.com emankizunean fermin muguruza elkarrizketatu genuen. Mixtape edo maketa digital hau atondu dugu, lagun artean zabaltzeko
irratia.com podcast:
[audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom081119.mp3]Podcast: Play in new window | Download
-
Mugimendua adierazten duen musika
Pantaila musika ikusteko erabiltzen dut. Talde berriak deskubritu, webguneetatik surf eginez gustuko ditudan taldeen loturak eginez. Kalitateari baino jarrerari egiten diot so, eta sarea musikagune itzela iruditzen zait. Berdin dit facebook edo blogak, google bilatzailearen emaitzak edo nazioarteko wikipedietako azalpenak.
Mugimendua adierazten duten doinuak atsegin ditut. Gero eta gehiago. Rocka ez da sekula amaituko. Nahastuko da, birsortuko da. Bere horretan iraungo du. Kitarra baxua bateria eta ahotsa aski dira gu mugitzeko. Mugiarazteko.
Musika elektronikoa, baxua, konputagailuek sortutako doinuak.. hoiek ere asko atsegin ditut. Loopak mugiarazten dituzte mundu osoko gorputzak orain. Perkusioaren erritmoak dantzarazten du mundu erdia. Eta beste erdiak begira jarraitzen du, ertzetik, mugitu guran, baina mugitu ezinik.
Euskal Herrian ere, talde asko eta onak dauzkagu. Zorteko gara, horrenbeste jaialdi, horrenbeste areto eta horrenbeste emanaldi antolatzea lortu dugulako. Bilbon kontzertu apurrak izatetik, azken hamarkada honetan egunero eskaintza oparoa izatera igaro gara. Anoetako belodromoa ez ezik, areto garrantzitsu nazioartekoak ditu orain Euskal Herriak. Eta hori ona da musikazalearentzat.
Aste berean ikusi dezakegu Asian Dub Foundation Miarritzen, Ruper Ordorika Bilbon edo Alproja herriko gaztetxean. Eta hori demasa da, musika maite duenarentzat. Horrek gogoeta merezi du, eta begirunea, eta eszena lokalaren alde lanean ari denari aupada.
Movement kantua hautatu dut gaur, LCD sound system taldearena. Gustuko dudan taldea da, Internetetik ezagutzen ditut… eta gurera etorriaz, lotura egingo nuke DLRN –delorean– edo Standard –we are standard– taldeekin. Euskal Herrian une honetan ditugun talde interesgarrienetakoak, bidenabar esanda.
-
Karramarruen dantza arrakastatsua
Bermeo rock portua
Bermeo rock portu bat da. Ez dago itsasotik Getxotik hain urrun, baina ez du bertako Getxo Sound ezagunaren aparrik. Hondarribi ere gertu dago itsasoz, eta han Underribi famatu zen, Basati disketxearen garaietan. Argi dago itsasertzean sekulako taldeak sortu ez ezik, musika mugimendua ere badela gurean. Bermeo da portu garrantzitsu hoietako bat. Bermeorako txangoa proposatuko dizuet gaur.
Kapillaren inguruan sekulako rock mugimendua egon da azken hamarkadetan, Aritzatxu rock festibala ere bada uda partean, eta beste hainbeste kontu. Musikaren inguruan, taldeak, lokalak, kontzertuak, mugimendua azken finean. Entzun, konpartitu, antolatu eta sortu.
Ene lagun Rioja
18 urte egin barik nituela ezagutu nuen bermeotar jator bat, Rioja. Klasekide egin ginen, lagun ere bai, asko berba egiten genuen musikaz, politikaz…. The Clash zale amorratua zen orduan bera, musikeroa beti… . Beti musikaren inguruan ibili izan da, nik kontzertuetan besterik ez dut ikusi harrezkero. Eta berak gerora izan dituen taldeak ezagutzeko parada izan dut. Talde asko izan ditu, guztiak oso oso interesgarriak. Bere ibilbidea jarraitzen dut 18 urte geroago. Azkena Paniks da. Oso onak dira, aspalditxo ikusi nituen Leioako gaztetxean, binilozko disko txikia ere eskuratu nuen. Baina ezer gutxi nekien beraietaz. Nire sorpesa beraien lanaren inguruko azkena jakin dudanean. Bideo arrakastatsua sortu dute. Eta sarean jarri dute.Sarean paratu eta Youtuben be 70.000 bisitari baino gehiago izan ditu karramarruen dantzak. Ikusi gura baduzue.
Animazioa ona dala ez dago ukatzerik, atzetik den musika oso ona….
Boing boing gune entzutetsuan aipatua izan zen bide hauxe bera. Mundu osoko ikusgarritasuna eskuratu zuten ondorioz bermeotarrek.
-
Des-Kontrol taldearekin
Bideoa da, grabazio bat aurreratzen duena. Silveirak irekitzen du kantua, kitarra doinuak gero. Faxismoaren kontra, nor da nazia? galdetzen du kantuak.
Musikazalea bazara jakingo duzu, skin txungo batzuek faxistatzat jo dutela Arrasateko Des-kontrol taldea.
Sekulakoak eta bi montatu dituzte mondrautarren kontra. Kontzertuak boikoteatu, istiluak sortu, jendea mehatxatu… eta Deskontrolekoek, zer egingo eta musikari lagunak batu eta diskoa egin dute. Silveira aipatu dugu, futbolariak ere batu dituzte, RIP edo MCDko lagunak, Fermin Muguruza, Drogas… denetarik.
Elkartasun disko bat izango da, ororen gainetik. Eta beharbada, baita disko interesgarria ere. Erosi ostean kontatuko dizuet nik.
Des-kontrol taldearen alde agertzeko modu duin bat. -
Kezkaz
Maiz ematen du, blogean ez duzulako idatzi ez dela ezer gertatu.
Lagunek mezua bidali ohi dute halangoetan… ea zer pasatzen dan. Eta lanpetuta zaudela ez dute sinesten, beste zeregin batzuetan be bazabiltzala. Beste blog edo webgune batzuk be elikatzen dituzula. Sarean zaudela, adi adi… eta ahal dela zerbaitetan. Ahalean.
Hala ere, norberaren rss-ak martxan. Mezuak badatozela, baina ostantzeko jantziekin egindakoek ez dute norberaren oihartzunik hartzen, antza. Sareak hori dauka… eta horretan ari gara.
Azken asteak topera doaz. Badago zeregin franko, non ibili, zertan aritu. Eta adi adi jarraitzen ditut jokaldiak.
- Webgune berria daukagu lantokian. Kanpaina horrek buruhauste zenbait eman dizkit, ondo atera zaigu, eta halako oihartzun bat lortu du inguruan. Ez dugu amaitu oraindik. Horretan jarraitzen dugu.
- Herrian skate eskola bat sortu dute gaztetxoek. Irudian eta blogean lagundu diet, baina gu baino blogeroago eta youtubeago ikusten ditut 12 urtekoak. Skate gainean duten trebeziarekin ari dira jauzika eta saltoka sarean be. Azalpen gutxi eta begirune handia herriko mutikoei. Laster hasiko dira eskola kontuekaz…. eta gustura ikusten ditut. Herria kartelez josi dute, eta sarea edukiz hornituko dute. Flip batzuk egiteko moduan gu be laster.
- Dinamika polita piztu dute Euskal Herriko futbol jokalariek ere. Sarean ari gara hori mugitzen, laguntzen. Euskal Herria eta selekzio ofizialak aldarrikatzen. Hainbat lagun gabiltza, eta dinamika polita pizten ari da.
- irratia.com be ondo egokitu da sare sozialen eremura. Gurea osatzen ari gara, laister ditugu ehun kide facebook sarean. Entzuleekin harreman aktiboagoa sortze bidean, nazioartean ditugun entzule -eta lagun berriak- geolokalizatzen ari gara. Elkarrizketak prestatzen. Saioak emititzen. Eta aste honetan Fermin Muguruza izango da gurekin. Aurrerapena.
- Bizkaiko bertsolari txapelketak be kanporaketak bukatu ditu, semifinalak datoz orain. Iparraldeko saioak bertara joan barik jarraitu ditut. Ametsek ametsa bete du. Eta gurean entrenatzen den laukoteak eutsiko al dio erronkari? Polito ikusi nituen aurrekoan, afalosteko saioan. Xabi, Etxahun, Fredi eta Arkaitzegaz barriro afaldu eta gai batzuk prestatuko dizkiet. Bertso trainer txorrada bat iruditu eta afari giroko gaiak hobeak direlako. Baita entzuteko be!
- Asteburuan herri mugimendua 2.0 ikastaro tailerra izan da Gasteizko Saregunen. 20 lagun batu gara, hausnarketa batzuk egin ditugu. Blogintzan sakondu eta herri mugimenduen sarea sarean zelan isladatu asmatzeko daukagu oraindik.
- Eta bizitza aurrera doa, sarean, kalean, etxean, lanean, juergan eta ohean….
-
Internet aldaketarako tresna
Info 7 irratirako tarte bat prestatzen egon naiz egunotan. Estatu Batuetako hauteskundeetan Internetek eta hedabideek izan duten garrantzia aztertzea eskatu didate.Gehiago ala gutxiago, guztioi eragin digute hauteskundeek. Mezuak, twitter, facebook… presente izan ditugu hauteskundeei buruzko tresnak, aipamenak edo mezuak. Paso egitea ere erraza izan da. Telebistan ordea, aspalditik ari zitzaizkigun txapa ematen. Primariak lehenbizi, eta kanpaina oso osorik gero. Azken egunotakoa be, ez da broma izan.
Interneti begira baina, flipatzekoa iruditu zait Obamak -batipat- sare sozialetan egin duen inbertsioa, lana, apustua. Eta sare sozial hoietatik etorri zaizkio militanteak, laguntzaileak, diru sustengua eta eztabaida soziala.
Adibiderako, zenbait zenbakia sareotakoak:
- facebook Barack Obama lagunak: 879.196 kide
- myspace.com/barackobama 841.020 lagun
- youtube.com lagunak 25.225 channel views 18.579.445 (bai, 18 milioi)
- flickr.com 296.346 argazki obama etiketarekin (hori atzo, gaur irabazi ostean 331.019
Hauek adibide xume batzuk baino ez dira, irrati aipamenerako baliatu ditudanak. Jendetza bat, jarraitzaile asko… eztabaida sozialean, politikoan zer esan badutenak. Tresna sozial hauek baliatuta, dirua batu du Obamak -inoiz egin den kanpaina garestiena sustatu du laguntzaileen diruarekin-, jarraitzaileak baliatu ditu. E-posta mezuak, gutunak, deialdiak… guztia Internetetik.

Aldaketa/change izan da mezu nagusia Yes, we can ahalguztidun horrekin batera. Eta lortu du.
Saioa entzun gura baduzu: Kalegorria magazinea
audioa: kalegorrian
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/11/20081105_1772.mp3]Eta gaur, jolasean… propaganda kanpainari so, kalean egiten dituzten streetart lanei begira geratu naiz. Kaletik ere asko izan duelako kanpaina honek. Eta zer ikasi asko dago, oraindik:
baduzu minutu bat? pintadak, grafitiak, kartelak…. topatuko dituzu argazki bilduma honetan.
Podcast: Play in new window | Download
-
20001101 irratia.com sortu genuela 8 urte
Erraz esaten da. 2000ko udazkenean hasi ginen irratia.com egiten. Horretan jarraitzen dugu, eta hiruzpalau irudi ordukoaz akordatzeko.
- Tas Tas irrati libreko faxaren linea baliatu genuen iMac bat eta modema sartzeko
- irc kanal bat sortu eta entzuleak alboan izan genituen, txateatzen
- asteazkena zen, eta fermin muguruza elkarrizketatu genuen
- euskarazko irratigintza digitalari ekin genion, gure 2000efektua izango zen, agian.
Eta oraindik, Bilbon jarraitzen dugu, estudiora astero joan, sintONia entzun eta gure emankizun digitala egiten. Gogotsu dihardugu Bilbo Hiria irratiko lankideekin batera…. entzule aktiboak ditugu… eta aste honetatik aurrera aktiboago gura ditugu. Edukiak sortzen, loturak elkarbanatzen, mezua zabaltzen, gaiak proposatzen…Irrati publikoak atzetik ditugu, abantaila gure alde. Wifi patxadazkorik ez dagoen egoitza modernoak dituzten arren, gure eredua irrati libre eta euskaldunak dira. Eta hori sortu gura dugu sarean ere, irrati libre euskaldun digital bat. Partehartzailea, irekia, alaia eta zirikatzaile.
Bide horretan, asteroko podcast saioarekin saiatzen gara… irratigintza ezberdin bat egiten saiatzen, sortzen, asmatzen… laguntzen.
Facebook sare sozialean ekimentxo bat ere abiatu dugu, urteurrenaren karietara jendearen artean egiteko. Sartu zaitez gure sarean, eta esaiguzu…
html hutsarekin egindako irratia.com zaharra
-
hackintza ikastola
I’m PC. Ubunturen alde, inoiz ikusi dudan iragarkirik onena, duda barik. Ingelesez eta euskaraz sortua, gaztelaniaz azpititulaturik…. ikastolako ikasleek, beraien ordenadore ttikia eskuartean dutela, egin eta sortu duten bideoa itzela da.
Jakintza ikastola, jakintza eta informazioaren gizartean aitzindaria dugu. Blogak, partehartzea, hizkuntzak, software librea… uztartzen ari dira urteotan, ta gainontzekook ere gure zoriona eta begirunea zor diegu irakasle eta ikasle taldeari.
Ikerketa eta garapena (negozioa eta txantxulloak) hizpide dira egunotan, jeltzale eta sozialisten negozi(o)azioen harira… badugu bada, non so egin. Goierriko ikastola honek, informazioaren gizartean, hezkuntzan, jakintzaren sozializazioan…. zer esateko asko dauka. Biba zuek!
ikteroak > euskaljakintza > jakintzazu > jakinstein >


























