-
Terrorismoaz


Bi argazki. Bi heriotza gehiago. Baina hau ez da terrorismoa. Hildako guztiak ez dira berdinak. Lanak 106 lagun hil ditu dagoeneko Euskal Herrian. Elorrioko Txaber 105. hildakoa izan da 2007 urtean. Beste hildako bat biharamunean Donostian.
Carlos berriz faxista batek, militar batek, ultraeskuindar batek hil zuen domekan Legazpiko metroan, Madrilen. 16 urteko mutikoa. Arrazakeriaren kontra, faxismoaren kontra oihu egin asmo zuen kalean. Faxistak aurrez aurre metroan. Eta gazteena hil zuen pareko militar ankerrak. Ez da biolentzia politikoa. Reyerta bat dela diote sasikomunikabideek. Ez dute lotsarik.
Heriotzak heriotzaren gainetik. Hipokresiak astintzen du gure lurraldea. Gizartea gaisorik dago, eta ez kondenatzea da kondenarik handiena. Ez dute lotsarik. Eta gu, bakea nahi dugunok ilegalak baino ez gara.
Anoetako proposamenak 3 urte bete ditu, eta inork ez du bakerik gura hemen eta orain. Eta? Zer egingo dugu askatasunaren alde? Gure eskubideen alde.
Terrorista hitzarekin ahoa betetzen zaien demokrata guzti hauek non daude? Ez ditut ikusten Elorrixoko argazkiotan, ez ditut ikusten Madrileko plazan. Non dira esku zuri garbi hoiek denak?
Amorrua ezin gordeta, faxismoari eta kapitalismoari aurre egiteko garaia da. XXI. mendean, heriotza oso merke dago munduan. Nor izango da hurrengoa? eta errua ETArena dela esango dute, lotsabakook.
Mintza gaitezen etikaz, biolentziaz, humanitateaz… gura duzuenaz. Baina gelditu dezagun dinamika hau, hilerriak toki barik itxi baino lehen.
-
irratia.com: 100. saioa prestatzen ari gara
2.0 bertsioarekin hasi ginen duela urte batzuk Bilbo Hiria irratiko estudioetan. Podcasting garaiari heldu genion orduan. Euskarazko lehen podcastak egiten hasi ginen, lehenagotik antzeko kontuak egiten genituen arren.
2000. urteko azaroan abiatu genuen irratia.com egitasmoa, Tas Tas irrati libreko estudiotik. Fax linean, modemaren kablea sartu genuen -etzegoen Internetik irrati librean- eta telefonoz Fermin Muguruza geneukan Irunen FM 99/00 dub manifest diskoari buruz berba egiteko. IRC kanal batean, zenbait entzule, galderak egiteko prest. Partehartzean sinesten genuen ordurako, eta entzuleek zenbait galdera bota zituzten, sineskaitz… eta Ferminek erantzun, zuzenean, on_line mundu guztirako.
Luze joan zen abentura hura, asteazkenero Jalgi hadi dantzarat! saioa egiten nuen estudiotik, eta Jabik etxetik emititzen zuen irratitik jasotakoa. Ni alde zaharrean gora, eta bera Indautxun. Entzuleak nahinon, eta baita FMko 97.0an, Bilbon batez ere.Isildu egin ginen gero. Ez genuen saiorik egiten astero, baina irratia mantentzen genuen, gure esperimentuak egiteko. Ikasten jarraitzeko. Baina berehala ekin genion Bilbo Hiria irratian. Euskarazko irratia, gugandik gertukoa, aurkezpenak egin, proiektua gustatu eta aurrera. 97. saioa egin dugu asteon. Eta hasierako ilusio bera edo handiago daukagu.
Eta abenduaren 5ean (asteazkena) 100. saioa egingo dugu Bilboko Kafe Antzokitik. Bai, ondo ulertu duzue, 7. solairuko estudiotik behera goaz. Antzokian egingo dugu, jendaurrean, jendearekin, gonbidatuekin, musikariekin, giro onean. Eta zu ere gonbidatu gura zaitugu, zelan ez.
Jendea gonbidatzen ari gara, ideia ugari dauzkagu, eta falta diren asteetan zarata apur bat egin asmo dugu. irratia.com gure proiektu xumea da. Internet, kultura eta irratigintza uztartzen ditugu azken 7 urteotan, eta pozik ari gara, ondo ustez, eta gogotsu ziur.
-
A ze astea!
Info7 irratian wikipediari buruz mintzatu nintzen aurreko asteko martitzenean. Asteleheneko Jimmy Walesen hitzaldia aitzaki hartuta. Wikipedia sozializatu asmoz entzuleen artean. Horrarte ondo. Berba onak Estatu Batuetatik zetorren Jimboren eskutik. Entzuleen artean Juanjose Ibarretxe eta Paulino Luesma. Ez da gutxi. Eduki libreak.. hau eta beste.Eta asteak aurrea egiten du. Eta hortik aurrerakoa… desastre. Wall Street Journaleko mobida lehenbizi, eta albistetzar hori, Microsoft Arrasatera (Microsoft Corporacion Cooperativa… ;-))
Gogoeta azidoa egin dut gaioi buruz. Euskarak munduan duen lekuaz, leku ezaz… ardikeriaz edota software pribatiboaz. Nahaste bat, aste osoan gaiok blogean ez baitut aipatu ere egin. ¿Tu por que no te callas? galdetuko du agian bateronbatek… ez dakit. Baina irratia berba egiteko da, eta gustura egiten ditut agerpen hauek.
Internet bidez zain FM bidez entzuten ahal duzue info7 irratia.
Bizkaian 102.3
Gipuzkoa eta Lapurdin 99.2
Araban …
Nafarroan …
Info7 irratiko Talaiatik kronika entzuteko: [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20071113_eus_1957.mp3]
Podcast: Play in new window | Download
-
Gaitz urdinari aurre egin gura diote Sakanan
Sakana la ostia da oraindik. Gutxitan erreparatzen diot Guaixe aldizkariko komikigileari, baina lantzean behin, barre apur bat egin edo Euskal Herriaren erdigunetik gainontzekoa zelan ikusten duten jakiteko aproposa da.
Euskal Herriko ertz guztiekin zirkunferentzia bat egin ezkero, duela 15 urte baino gehiago Etxarriko Mikelek esan zidan, konpasaren orratzak Sakanan behar duela. Eta pozten naiz, eskualde euskaldun, abertzale eta jatorra delako oraindik Urbasa, Beriain eta Aralar artean dagoen hau.
Morkots artista bat da, Guaixe paperezko prentsa astero, Beleixe irratia, eta Sakanak euskaldun izaten jarraitzen du. Nafarroako eskualde euskaldunena? Baietz esango nuke. -
Egia bat esateagatik
Egia bat esateagatik,
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea
bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik,
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan
mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kenduko badute
euskal literaturaren
urrezko
orrietatik,
inoiz,
inola,
inun
eznaiz
isilduko.
Gabriel Arestik idatzitako poema irakurri berri dut, beti, sarri, askotan daukat gogoan. Ematen du, iruditzen zait, inperialismoaren kontra, faxismoaren kontra, inposaketa ororen kontra be, irakurri daitekela.
-
irratia.com eta musika albisteak
Irrati emankizun berezia egin behar dugu gaur. Bilbo Hiria irratian egiten dugun 95. saioa izango da eta gaurkoan gonbidatu bereziak izango ditugu.
Batetik gurekin izango dira deabruak teilatuetan 1973 diskoa aurkezten. Elkarrizketa egingo diegu beraien disko berria, eta aspaldiko etenari buruz berba egiteko.
Baina gurean -estudioan esan nahi dut- egongo direnak Gernikako Audience izango dira, kitarra akustikoekin emanaldi bat eskaintzeko irratia.com entzuten duten guztiei.
Beraz lagunok, prestatu zuen mp3 entzungailuak, sintonizatu zuen irrati zaharra FMko 96.0an edota Internet bidez entzun ezazue emankizun berri hau.
Hurrengo asteak ere, gogo bereziarekin prestatzen ari gara… eta benetako ezustekoak aurkezteko dena prest daukagu.
-
Luistxo Fernandez: Gauzak asmatzeko ausardia behar da
>baga) Blogaria zergatik?
Euskarazko blog plataforma bat nola eratu zitekeen pentsatzen, norberak probatu behar makinariarekin lehenbizi, eta modu eleanitzean saiatu nintzen, alderdi teknikotik test interesgarria zelakoan. Eta halaxe hasi nintzen, asmo editorialik gabe.
>biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?
Internetera dedikatzen den enpresa batean, blogetan idazten eta blogak jarraitzen denbora asko ematen dut. Nire lana oso uztartuta dago blogintzarekin.
>higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?
Euskaldun batzuk konektatuta daude elkarren artean Internet bidez. Blogen bidez ere bai. Baina blogen aurretik ere bai. Nahikoa da posta elektronikoa komunitate zentzu bat eratzeko; Eibartarrak zerrendaren kasuan ikusi dut nik ia hamar urtetan zehar.
>laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?
Pasio dibertigarri bat
>boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?
Eduki libre gehiago behar du. Konexio mugikorraren merketzea behar du. Gauzak asmatzeko ausardia behar da, baina baita inteligentzia, zortea eta indarra. Ez nago hain seguru ezer handia asmatuko dugunik. Zeozer asmatu dugu, baina, balio du edo balioko du? Ez dakit. Besteen asmakizunak gure fabore ondo erabiltzea ere ez litzateke txarra.
>sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?Bat baino gehiago
>zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…
Familiarekin oso gustura igarotzen ditut egun horiek.
>zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.
Egunero ez dut irakurtzen, ez duelako egunero mezurik idazten, baina jario batzailean abisua ikusten dudanean, taka! klik egiten dut azkar azkar Wheylona kaliforniarraren blog donostiarrean.
>bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.
asoziala
>arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.
Zein izango da etorkizuneko euskarazko telebista?
Ez da erraza asmatzen, baina Internet bidezko kanalak nagusituko dira, atoan gainera. Disko gogorra eta telebista pantaila elkarrekin daude etxe baten baino gehiago. iTunes, Apple TV eta abar hortik doaz. Eta iTunes-en basque jarrita… aspaldi emaitza bakarra dago: irratia.com
Egia esan ez daukat telebistari ekiteko gogorik, baina Hamaika telebista proiektukoek, hobe lukete bai, Interneti gehiago so egingo baliote. Jende ona dago proiektu horretan, Internetekin harreman estua eta ona duena, eta pentsatu nahi dut, ez dutela iparra galduko. Lizentzia digital lokalak eskuratu dituzte, baina Interneteko telebista euskaldunen sarea ere osatu beharko lukete, halabeharrez.
ETB1 desagertze bidean da. Lehen haur programazioa+pilota+futbola+informatiboak zen. Futbola erori da, pilotarekin kasu (Asegarce+Bainet+Hamaika….), informatiboak ez omen ditu inork ikusten, eta haur programazio enlatatuarekin soilik ezin mantendu daiteke telebista bat. Goenkale eta Mihiluze ikusteko, hobe Interneten jartzen badituzte…. zinez.>tiro pUm! Nori egingo zenioke galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu..
Leire Narbaizari, Hasier Etxeberriari edo Goio Aranari.
-
Literatura Eskola hasi da
Aurten be, urriarekin hasiera eman zaio Literatura eskolari gure herrian. Laugarren ikasturtea du, unibertsitate herrikoi traza duen hezkuntza arautu, kredito, curriculum eta holangoetatik erabat out dagoen kontu honek.

Lehenengo urteetan bezala, Iñigo Aranbarri izan zen zapatuan gure herrian, musika eta letregintza hizpide hartuta. Hitzaldi ona, interesgarria.
Hamaikaterdietakoaren ostean, Anariren txanda izan zen, kantugintza dabilen azkoitiarrak egungo letragintzaren erronkak izan zituen hizpide, eta kitarra ere Larrabetzura ekarri zuen.Jende ugari ikasturte hasieran, nik uste urte hasiera indartsuena izan dela laugarren hau, eta aurrerantzean zer emango duen ikusteke badago ere, ikasturte oparoa izango dela aurreratu daiteke.
Informazio gehiago, Literatura Eskolaren gune berrian.
-
kaixo.mp3 kaixo.com 10 urte ospatzen
Orain jeitsi dut, entzuten hasi… Maixa Lizarribar (maixa eta itziar) eta Ines Osinaga (Gose)… a ze parea! Trikia gustuko baduzu, elektronika apur bat, erritmo dantzagarriak, kaixo.com atariari jarritako koplak… eta gazteenak dantzan jartzeko moduko doinua.
gustatu egin zait, txatean sartzera gonbidatu nau… eta Kaixoren 10 urteko ibilbidea laburbiltzeko kantu ederra. Zorionak Aitor, Zorionak Kaixo! eta biba zuek neska musikariok!
kaixo.mp3 [audio:http://larrabetzu.org/musika/kaixo.mp3]
Podcast: Play in new window | Download
-
kashbad
beste gau zoragarri bat.
Zenbat denbora ikusi barik? 90. hamarkadako indarra, gogoa, gaztetasuna.
Herritik 20 lagun edo joango ginen Bilbora. Hori Bai gaztetxean jo zutenean, gazteegiak ziren batzuk ere gurekin joan ziren, Kashbad beti gustatu zaigulako.Kafe Antzokia bete beteta. Eta bat batean, eskenatokian kitarra doinuak… bat bi eta hiru, Gabon Bilbo! dio Sorkunek eta festa hasi da.
Koldo Otamendik, kontzertu bezperan Oreretan egindako argazkia. Xirika (mila esker Koldo)Hiru disko -Esan Ozenki aroa- eta abesti bat izan da dena, etenik gabe, gelditu barik, jo ta ke eskenatoki gainean.
Jendea pozik, musikariak pozago.
90. hamarkada berriz bizi dugu. Bizi poza, taldeek berriz ere taulatu gainera gura dute. Krisi askoren sorburu zen 80tik gentozen. Dena bukatua zirudien, Historia, ideologiak, izarrak, mitoak… eta talde belaunaldi berri bat zen eskenatoki gainean. Dut, deabruak, Ama say, Kashbad… Esan Ozenki osoa berba baterako. Negu Gorriak aitzindari, eta bide berriak irekitzen talde berriagoei.
Joan ziren, utzi behar izan zuten, amaitu zen. Baina egunotan 90. hamarkadaren zurrunbiloan murgildu gara, eta rockak hori du, eroan egiten zaitu, lehen akordetik azken bateria kolpera. Doinuek, melodiek, giroak, kanutoek, eskuan darabiltzagun garagardoek…. dena da beltza, dena da argia, dena da kea… rockaren ilusioa.
80. hamarkada gehiegi mitifikatu da, eta gutxi goraipatu 90koan izan ditugun talde apalagoak. Rocka maite izan duen belaunaldi oso bat, errepresioa, kaleko borrokak, suspertze bat, gaztetxe berriak, errepresio gehiago, disketxeak, Internet… hori dena da 90. hamarkada niretzat. Eta pozik aitortzen dut. Bart bat batean, guzti hoiek burutik igaro zaizkidalako, buruarekin baietz baietz esaten nuen bitartean… zoragarria izan dela, gustatzen zaidala guzti hau, musika, giroa, gaua, rocka, borroka… eta askatasuna!
Kashbad itzuli dira, agur esateko. Gorka Lazkanok zelan pasatuko zituen ziegako gauak rock kontzertuak gogoratuta, zelan bizi du musikari gazte batek espetxea? pentsatzen nuen kantuen bitartean, bere irrifarreari so eginez.
Aupa zuek! ederra izan da. Mila esker.
postdata: gaur gauean Gasteizko gaztetxean jo behar dute. Eta Hala Bedik zuzenean eskainiko du, uhinetatik eta Internetik, adi beraz.






























