• 18/98+

    19/98 elkartasuna eta gehiago

    Ez dago geldi egoterik. Unetik unera, egoera gogortzen ari delako. Aznar garaian baino hobeto ez gaude. Aznarren politikak jarraipena izan du martxoaren 11koaren ostean ere. Talanteak ez du gauza onik euskaldunontzat.

    Bake prozesua hari mehe batetik zintzilik daukate Europan. Noiz berriz bilduko zain. Bitartean, ehun atxilotu izan dira oso epe laburrean. Ilegalizazioa. Kartzelak euskaldunez mukuru betetzen.

    Intelektual batzuek, institutuan ez dela ezer gertatzen esaten duten bitartean, hautsak harrotu gura dituzte, baina betikoan ari dira. Ez digute diskurtso berririk eskainiko.

    Gu, lehen bezala orain, kalera aterako gara. Gure elkartasuna adieraziko diegu injustizia honen zurrunbiloan harrapatutako guztiei, izan militante abertzale, kazetari, unibertsitateko irakasle, apaiz, egunkari euskaldun bateko zuzendari, idazle, saltzaile, ama, seme edota euskaltzale.

    Gaur ere, Bilbora goaz, hango kaleak lepo betetzera. Batzuk, bitartean jauregian jarraituko dute, Euskaldunan, datozen urteeotako pastela zelan banatu erabakitzen. Abiadura handiko politikagintza zelan kudeatu erabakitzen. Berdin du, beraiek gabe ere heldu gaitezke burujabetzara. Ziur naiz. Hori da, izan ere beraien beldurra. Txolloa amaitzea.

    Irlandako bidetik asko ikasi dugu euskaldunok, Kataluniatik ere. Europa dugu begien aurrean, eta nazio gisa helduko gara Europara. XXI. mendea herri, kultura, nazio, identitate txikiagoen garaia izango da. Daudela ziur.

    Neoliberalismoari aurre egin, eta politikagintza berri bat jarri beharko da abian. Sareak, mugimendu libreak, askapena. Kode irekiko politika.

    Gaur kalera noa. Oraintxe bertan. Elkartasuna eta gehiago, beharrezko delako.

    Eguneraketa:
    18/98 Bilbon

    Bilbotik etxera, manifestazioko irudiak ikusi ditut GARA.net gunean. Gaur grabatutakoa, gaur bertan eskaini dute. Zorionak GARA!

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    Ardiak, artzainak, musika, Bilbon

    Spot bat egiten pasa genuen zapatu goiza. Bideo kamara, tripodeak, atrezzo apur bat. Ardi, ahuntz eta astoak landa batetik bestera eroan, lokalizazio egokia aurkitu eta han ibili ginen, grabatzen. Jolasten. Saiakera egiten.
    Ekaitzek (split 77, Bilbo Hiria) kamara ia profesional bat eskuratu du. Eta guk irratia.com emankizunerako zeozer berezia egin gura genuen. Ideia aspalditik geneukan bueltaka. Egia esan Keith Johnsonen artikuluak zer pentsatua eman digu. Baina umorez erantzun gura izan diogu. Zirikatu.
    Landa lana eginak, berriro baserrira joan ginen. Sutondoko epelean, pernila eta txorizoa jan, intxaur batzuk, ardao apur bat, eta berriz hirira.
    Astelehenean ordenadore bat prestatu zuen Jabik (sarean.com, irratia.com) horretarako beren beregi, Premiere instalatu, eta Ekaitz lanean hasi zen.
    Jimmy Arrabiten doinua ezagun egiten ari gara, apurka apurka. Gure sintonia da, Basque Electronic Diasporako diskotik dakargu, eta oso maite dugu.
    Spot ttiki bat egin dugu, sarean zabaltzen ari dena. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu Haritzi (euskalTube, GARA), Gorkari (teketen, elurnet), eta sarean gurekin batera auzolanean ari diren guztioi (txioka sarea, irrati libreak, Info7, Bilboko kafe antzokikoak).
    Bilbo Hiria irratian, giro izugarri ona daukagu. Mieltxoren gidaritzapean, teknikari eta esatari gustura ari gara. Orain 100. saioa ospatzea baina ez dugu falta. Eta hori asteazkenean, ez ahaztu.

    Bideoa ikusi gura baduzu.  euskalTube>irratia.com kanala

  • 18/98+

    noiz arte?

    Hasi dira atxiloketak. Agindua Madriletik, poliziak Euskal Herrian, presoak Espainiako kartzeletan.

    Irakasle, kazetari, militante, kontable, langile, etxekoandre, aita, alaba… denak preso daramatzate.

    Bi urteko txikia utzi du Natalek etxean. Mariok ikasleak Leioan. Zalakainek pankarta. Txemak Gasteizko giroa. Salutregik egin gogoan, Juan Marik euskalgintza, Anak gazte mugimenduko lagunak, .. zerrenda amaigabea.

    Epaiketa bat. Errepresioa. Kartzela. Justizia.

    Gaur gauean, ohe huts gehiago Euskal Herrian. Eta gu,  hemen zain.

    noiz arte?

  • ikusi eta ikasi

    Euskal DV

    Beti miretsi izan dut Rosa Diez. Beti izango dut gogoan, haren agintaldiko ven y cuentalo! Horretan ari da orain ere, Euskal Herria zelakoa den hortik zabaltzen.

    Baina gure herria azaltzen, ez da erraza. Gure herria hori da, kontraesan bat. Esana eta izana ez omen dira bat, gehienetan.

    Bart, Diario Vascok sariak banatu ditu. Hau, hori eta bestea. Gure lagun zenbait ere hautatuen artean. Ez diete ba saria eman Ikastola bati eta GARAko kazetari baten proiektuari?! Ondo, larriki sarituak izango dira Maite eta Haritz. Pozik egongo dira beharbada.

    Baina nik ez dut ezer entelegatzen. Ez dut imajinatzen, etarrak hezteko eskola bati nola eman diezaioketen saria ABCvocentokoek (Goierri gipuzkoanoan, Artapalo guztien herrian), zelan ETAren egunkarietako baten kazetari bati… Segiko bideoak baino ez badira zabaltzen Youtuberen klon horretan. Correokoek euskal jiro bat eman dute ala?

    Interneten euskaldunak aktibo gabiltzala esateko modua izango da agian. Ondo ari garela, txukun ari garela… euskarazko edukiak, hiztegiak, esamoldeak, bideoak igo, zabaldu, hedatzea dela bidea esan gura digute, bidenabar? Zer pentsatzen duzue?

    Ven y cuentalo! Rosa. Euskal Herriak aldaketa behar du. Eta Joseba Arregi tertuliano EITB guztietan. Euskaraz, erdaraz, telebistan, agendan…. aupatu! Arregi.

    Ven y cuentalo, euskal diario vasco. Pozten naiz sariengatik, sarituengatik baina batzutan pentsatzen dut, amets egiten dut, esan ohi dut: ni ez naiz hemengoa.

    postdata: hurrengoa Euskal Hiria sutan, Euskadi saria.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Paris berriro sutan

    banlieues, karrikak sutan Sutan esnatzen ari da goizero maitasunaren hiria. Paris sutan. Eta berba berri bat ikasi dugu, banlieues, auzoak omen. Gatazka omen. Biolentzia omen. Paris riots etiketa nabarmendu zen, aurreko liskarraldietan. Orain ere, bi gazte hil dira. Motoaren kontra egin zuen poliziaren autoak. Bi gazte hilik. Eta erantzuna karriketan da orain. Sua eta amorrua. Zer espero zuten ba?

    Ari naiz, hango blogetara begira. Suaren kolorea damaite hango argazkiek, eta frantsesez irakurtzen dugu Pariseko ertzetako berri. Sarkozyk boterea berreskuratu duenetik, Barne ministrotik izatetik, presidenterakoa eskuratu duenetik… sutan dira langileak, ikasleak, gazteak… eta kea dariola dago maitasunaren hiria.

    Ez dakit, baina oraindik asko maite dut Paris.

    info +: Pariseko istiluei buruz, informazio interesgarriena vilaweb.cat gunean irakurri dut. Mezularian ez dute sekula vilaweb aipatuko, baina oso informazio ona eskaintzen du. Etengabe. Sarean. Katalanez. Interesgarri.

    Paris sutan

    BIDEOA

  • ikusi eta ikasi,  info 7

    ahtgelditu.org herri mugimenduak eta sarea

    info7 irratiaAstearteroko mikrosaiora ahtgelditu.org ekarri dut asteon, eta abiadura handiko trenaren kontrako webgune azkarra deitu diot. Abiadura handiko trenaren inguruko eztabaida azkartzen ari den honetan, Elorrixoko herritar eta lagunak izan ditut gogoan. Aitortu dezadan, aurretik.

    Herri mugimenduak astiro

    Astiro, oraindik astiro, geldo, trakets ikusten ditut inguruan Interneten inguruan. Kezka sortu da, baina kezkatik haratago, eredu ere izan daiteke Abiadura Handiko Trenaren kontrako mugimenduak, elkarlanean sortu duen metagune hau. Webgune azkarra deitu diot nik ahtgelditu.org honi. Bideoak, bloga, google earth… eskura dituzten tresnak oro baliatu dituzte, zer eta informazioa zabaltzeko, sentsibilizazioari euskarri berriak eskainiz.

    Polita iruditu zait, egungo garaietara egokitua beraien auzolan egitasmoa ere. AHTren ibilbideko argazkiak, bideoak, iritzia, informazioa eskatuz. Partehartze modu berriak eta ingurugiroaren aldeko burruka eskutik. Itzel ondo.

    aht gelditu elkarlana

    Asteroko kronikak
    Entzuleen artean, lantzean behin gune konkretuak eskaintzea, ondo dagoela adierazi dit Antton teknikariak Urruñatik. Berak ere, kronika grabatu ostean, maiz klikatzen omen ditu guneok. Eta eskertzen ditut Anttonen erranak, ez delako audio teknikari hotz eta arrunta, solasean aritzen gara, kronika grabatu aurretik, edo kronika egin ostean. Eta berotasun horrek, hurrengo asteko kronikatxoa prestatzeko laguntzen nau. Asko gainera.

    Kronika entzun gura bazenu:
    [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20071127_eus_2039.mp3]

  • larrabetzutik

    Morgako eskaintza kulturala

    Herritik gertu daukagu Morga. Baina beste mundu bat da. Mendian gora, Bizkargipean dago, Larrabetzutik hurbil. Baina berbaz be, sano ezberdinak dira morgarrak, esnie, mezie… esaten dutelako besteak beste.

    Orain Urdaibaikoak ei dira, Busturialdera begira daudelako. Gernikarantz jotzen dute gehiago, gurera baino. Tira.

    Busturialdeko Hitzan irakurritakoak arreta piztu du nigan. Titularrak erakarri eta sartu naiz albistean.

    Datozen hilabeteetarako eskaintza
    kultural zabala antolatu du Udalak

    Morga

    Kontserben, turroien eta fruitarbolak inausteko ikastaroez gain, Txus Jaio pilotuaren hitzaldia ere izango da.

    Kontserbak prestatzeko ikastaroa, turroia egin edo fruituarbolak inausi. Eta bukatzeko rally pilotu baten hitzaldia. Kultura txo!

    Izan be, Atlhetic taldeari kalea ematen dion herriaz, edozer pentsa daiteke.

    Kultura jeltzalea, ulertu da ezta?

    Kultura, eta ez dago filmerik, ez dago erakusketarik, ez dago libururik edo kantaldirik. Ez dago arterik edo argazkirik. Turroia, kontserbak eta Txus Jaio. Hamaika ikusteko jaioak ez omen gara ba?

  • bide gorritik | Bilbo Hiria irratia

    irratia.com hizpide hartuta

    Astelehenero aritzen naiz Bilbo Hirian. Batzutan barikuetan pentsatzen dugu gaia Mieltxok eta biok. Bestetan ez da erraza asteburuari aldez aurretik somatzea zer gertatuko den, gero astelehenean hizpide hartzeko.

    Ez da tertulia bat, ez da bakarrizketa. Badu iritzitik, badu ezagupenetik, baina ez da gai zehatz edo konkretu bat.

    • Hilean behin, saiatzen naiz Larrabetzuko berri ematen Bilbo Hiriako entzuleei. Azoka dela, txarribodak, gaztetxeko ekitaldiak, mobilizazioren bat, arau subsidiarioak…
    • Beste batzutan, Euskal Herriko gaiak hartu ohi ditugu: gai sozialak, hizkuntzaren ingurukoak, kontestu politikoa, jauzi errepresiboak. Gai serioak dira, baina astelehenetarako ez dira txarrak.
    • Bitxikeriak irratira ekartzen be saiatzen gara. Azoka berezi bat Baionan, ez dakit zer ikusi dugula beste horretan… berbetan hasi eta gure tartetxoa osatzen dugu.
    • Saiatzen naiz ere, lantzean behin gai teknologikoak ekartzen. Dela wikipedia, dela Interneteko berriak, inguruko gaiak beti ere.

    Eta horregatik, asteon irratia.com hartu dugu hizpide. Bilbo Hiria irratian egiten dugu astero emankizuna, baina publiko ezberdina izango du ziurrenik Ibaizabal magazineak.

    Astelehen honetakoa entzun gura bazenu:

    [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/patxigaztelumendi071119.mp3]
  • teknologia berriak

    zabaldu.com 1011 erabiltzaile

    zabaldu.com mila eta hamaikaOso denbora gutxian sekulako gorakada bizi du zabaldu.com guneak. Sortu zenetik interesa piztu du euskal Internautengan. Blogosferaren eguneroko ispilu, azken albisteak komentatu eta zabaltzeko plataforma, egunero eta 24 orduz martxan dagoen informazio eta hedapen gunea da. Ez du editorerik behar, guztiok editatzen dugulako. Ez dauka bulego ordutegirik, 24 ordutan egoten garelako bozkatzen, zabaltzen, hedatzen… irakurtzen.

    Zabaldu.com 1011 erabiltzaile. Eta gora doa. Euskaraz aspaldian izan dugun tresna eraginkorrenetakoa iruditzen zait. Eta erne egotera behartzen zaitu.

    Zuek erabiltzen duzue? Zer iruditzen zaizue? mila eta hamaika arrazoi baditugu esateko.