• ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    #hitzokei hiztegia

    Berbak asmatzen trebea den jende asko dabil bazterrotan. Eta berbak asmatze horretan, jolas horretan, irakurle izan edo sortzaile izan, tresna berriak baliagarri dira.
    Twitter bidez jakin dut, twitter bidez sortzen ari den hiztegi honen gainean.
    Zenbait adibide ulertzeko:

    smuakr: KOMUNIKAZIOA: toilet grafitti #hitzokei
    axiomaxio: GERRIKOA: Garzonek ogaindik itxi ez duen tabegna. #hitzokei
    smuakr: TXIMINIA: primate erretzailea #hitzokei
    smuakr: ASMA: gaixotasun imajinarioa #hitzokei
    joxe: APARKATU: felino errabiaduna #hitzokei
    smuakr: ANDRÉ GUISON: frantziar jatorrizko transexuala #hitzokei
    smuakr: EMEA: Maria Antonia #hitzokei
    smuakr: EKAINA: sarean zerbeza hartzeko sasoia #hitzokei

    Berba bat idatzi, definizioa aldamenean eta #hitzokei etiketarekin aski duzu. Hitzokei horren bilaketa eginez, hiztegi osoa irakurriko duzu gero.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Asisko Urmeneta mundu osoan doan! free

    asisko urmenetaAsisko Urmeneta asko gustatzen zait. Egiten duena egiten duela. Badaki egiten. Sortzailea da. Napartheid sasoian ezagutu nuen, Pernanen bitartez.
    Artista da, marrazkilaria da, euskaltxain ona, sortzailea, euskaldun osoa, irrigarria, hizkuntzalaria (hizkuntzetan ibiltzen badaki, gurean bereziki, gureetan), hiztun oso ona, berba jario arras interesgarria dauka, berbak asmatzen dituela iruditzen zait askotan… baina iturri askotatik edaten duenez, entzuteko parada izatea holakoa da.
    Atzo ondoan izan nuen elkarrizketan. Mikrofonoa konpartitu genuen. Fisikoki. Eta belarria berarentzako nuen. Galderak egin gura nizkion, baina gaiari buruz baino ezin gintezkeen mintzatu.
    Asisko ezaguna da, gero eta gehiago, Euskal Herri osoan. Eta halan behar du.
    Munduaren bira doan! filmeko zuzendaria izan da. Pertsonaiak -antza 150 pertsonaia ezberdin dago pelikulan- sortu eta karakterizatu ditu. Eta filmea ikusteko irrikan nago.
    Munduaren bira doan!
    mundu osoa doan!
    OPIak (vip euskaraz, mikel elortzak sortua) baino ez doazen ekitaldiak izan dira egunotan, eta OPIak dira batez ere mundu osoko ekitaldiak doan gura dituztenak.
    Aurkezpenetatik landa, egunotan filmea ikustera doazenak izango dira euskarazko filmeak egitea ahalbideratuko dutenak. Zuzendari, gidoilari, marrazkigile, musiko eta hoiek guztiak beste garrantzitsu dira ikusleak. Zaindu eta hedatu ditzagun. Goazen filmeak ikustera. Gero bajatuko ditugu saretik ere, baina ez baditugu ikusten, ez da filmerik egingo.
    Nik neuk, doan ikusi barik, ordainduta gusturago geratuko naz.
    irratia.com mundu osoan doan! free!
    Doan duzue, gura izatekotan Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordigaz irratian egindako elkarrizketa. Mundu osoan entzungo delakoan, hau ere.
    Eta kantuak be, hemen jarriko ditut doan. Oso kantu entzungarriak, benetan.

  • gaztelumendi.eus,  larrabetzutik,  teknologia berriak

    Gure herrian

    zer ez den antolatzen. Bertso eskola, gaztetxea, literatur irakurleen kluba, hirugarren adineko gimnasia, txirrindulari frogak, mendi karrera herrikoi bat, afari eta bazkari ugari, jaiak franko… eta aspaldion gazteenak skate gainean dabiltza. Ikasten ari dira, eta lau txirrinka eta egur baten gainean zer egiteko gai diren erakusten digute, kalean bertan. Libre.
    Ikasi bakarrik ez, herritarrontzat bestelako ekitaldiak antolatzen be hasia da Sk8la.
    Asteon bideo proiekzioa dago gaztetxean, bariku arrastian.

    Argazkiak.org | sk8la Bideo proiekzioa © cc-by-sa: gaztelumendi

    Sk8lan lagunak ditut, guraso eta gazteak. Dinamika polita iruditzen zait sortu daitekela honen inguruan. Kirola da, kalekoa, librea. Modernoa eta merkea. Herritarra edo popularra zelan esan. Markek garrantzia handiegia duten arren, badago eszena underground bat ere. Musikarekin, kaleko artearekin ere harreman polita dago skate munduan. Eta horrek gehiago erakartzen nau. Egur gainean ez naiz etxeko abilena, baina laket dut nik ere lau txirrinkaren gainean ibiltzea. Eta sk8lakoei normalean dieinuak eta bloga egiten laguntzen diet. Eginez. Irudia, komunikazioa.

    Bart, blogeko goiburua grafitteatu nien. Sprai batekin banengolez, photoshopen margotu nien gainetik, eta beste irudi batzuk gehitu…

    Argazkiak.org | header bat grafitteatzen © cc-by-sa: gaztelumendi
    Sareak aukera asko ematen ditu. Ikusten dituzuen skater hoiek, letrak dira, sarean topatutako tipografia batekoak. Rodrigo Germanek sortutako skate tipografia bat da.

  • hurrengo geltokia

    dispertsioak 20 urte

    • Egunotan, herriz herri ibili dira preso politikoen senitartekoak, guri, herritarroi gogorarazteko.
    • Egunotan gogoan hartu dugu dispertsioak 20 urte bete dituela. Gogorarazi digute, senitarteko izate hutsagatik, pairatzen ari direnek.
    • Egunotan, gogoratu ditugu zelan milaka kilometro egiten diren astero, hona eta hara. Bisitetan. Ikusteko. Berba egiteko.
    • Egunotan, pentsatzen aritu naiz, zigor gogorra dela urruntasuna, bakardadea, isolamendua, distantzia, kristala, bisita, asteburua, autobusa, trena, urruntasuna.
    • Egunotan, aintzat hartu dugu 20 urteotan, astebururo astebururo, edo astean zehar sarritan, presoa nor bisitatu beti izan dela. Lagunak, auzokoak, ondoko baserrikoak, gutun bidez ezagututakoak…. bisitatu du, kilometro luzeen ostean, polizia askoren begiradapean, kamara, grabazio tramankulu guztien artean, bisitatu du, bisitatzen du euskal presoa.
    • Urteak pasa dira, baina astero egiten den zeozer da. Astero joan etorrian, urrutira. Astero. Egunotan

    Barikuan izan ziren Etxerat elkartekoak herrian. Domekan egon ginen gu Durangoko ekitaldi jendetsuan. Jendetsua dio, domeka goiz batez mila pertsona Euskal Herri osotik hurbildu zirelako Durangora. Asteburu honetan ez da bisitarik izan.

    Komunikazio greba
    Presoek erabaki dutelako, ez inor hartzea bisitan. Ez agertzea bisitara. Eta senide eta lagunei deia Durangora joateko. Eta Durangoratu ziren milaka hoiek. 700 baino preso gehiago. Zenbat etxe, zenbat lagun, zenbat egoera ezberdin. Preso politikoen senitarteko eta lagunen sarea horregatik da anitza, handia, zabala, eraginkorra.

    Durangoko ekitaldia
    Eta bi orduz Etxerat elkartearen esanetara jarri ginen. Adi adi. Mezu sakona, luzea, pausatua, gogoetatsua. Euskaraz eta gaztelaniaz. Bi orduz edo, bideoak, gogoetak, kantuak, zalantzak eta bizi izandakoaren agerpena. Eragile sozialen agiria -LAB, ELA, herri mugimenduak, elkarteak, kristauak, Esait, EHNE…-

    Eta gogoratu zizkiguten tarte guzti honetan kartzeletan hil diren euskal presoak. Kartzelara bidean hil diren lagun eta senideak. Bi orduz zaude han, eta 20 urteotan zer bizi izan dugun/duten pentsatzen duzu une labur batez. Ikaratzeko modukoa.

    Ekitaldia hunkigarria izan zen, luzea, sakona, emozioz betea, jendetsua, ondo antolatua, ikusentzunezko tresnarik erangikorrenez hornitua, euskalduna eta atsegina, dinamikoa eta partehartzailea.

    Etxerat elkarte eraginkorra iruditzen zait. Sufritu arren, gainditzeko borondatearekin. Urrutira joan behar izan arren, presoen alde direnak eta bi egiteko jendez hornitua. Etxerat ez da guraso elkarte bat, Etxerat erakunde dinamiko eta bizi bat da. Adin guztietako jendearekin, pentsaera ezberdinetako senideek osatua. XXI. mendeko Euskal Herrian, gatazka gainditzeko, eta giza eskubideen alde jokatzeko eratu den tresna eraginkorra. Etxerat etorkizuneko barik, garrantzi handiko egungo erakundea iruditzen zait, eraginkorra, saiatua eta prestatua. Begirune osoa merezi duena. Ez sufritzen dutenagatik bakarrik, egiteko gai direnagatik baizik.

  • larrabetzutik,  literatura,  teknologia berriak

    blogak eta letrak Literaturian

    Ekaineko lehen asteburuan Larrabetzu literaturia bilakatuko da. Literatura, liburuak, letren inguruko uria izango da gurea.
    Interneten inguruko kontuak be egongo dira, baina hoiek Internet bidez antolatzea pentsatu dugu: blogak & letrak

    Argazkiak.org | blogak & letrak © cc-by-sa: gaztelumendi

    Horregatik, egitaraua, hizlariak, mahainguruak, musika proposamen asko egiteke dago oraindik. Guztion artean egin asmo ditugulako. Idazle blogariak gonbidatu, blogetako irakurleak erakarri, kazetariak deitu, literaturzale blogileak ekarri, musika pintxatu, liburu elektronikoaz galderak pausatu, bideoak editatu…

    Orain arteko sareko ekimenak
    Partehartzailea eta irekia behar du blogak & letrak ekitaldiak. Orain arte, blog&beers egin dugu herrian, basquecamp bat antolatu dugu eta orain blogak eta letrak ditugu helburu.

    Literaturia
    Literaturia Literatura Eskolaren ekimen bat da, herriko elkarte, gaztetxe eta enparauekin batera antolatua. Ekainaren 5, 6 eta 7an Larrabetzun gauzatuko dena.
    Literatura Eskola

  • ikusi eta ikasi,  musika

    we are standard – on the floor

    Aspaldian asko entzuten eta jarraitzen dudan taldea da WAS. Erakargarriak egin zaizkit hasieratik, eta zuzenean ikusteko aukera izan dudanean, ikusi eta damurik ez.
    Geroztik gehiago jarraitzen ditut, facebook bidez dakit beraien berri. Beraien kontzertuak, jendearen iritzia, hurrengo boloak… nondik nora dabiltzan. Egia esan, egun ezenan dagoen talde interesgarrienetakoa da gurean.
    Getxokoak dira, Deu Txakartegi baxujole eta abeslariak nortasun handia erakusten du taula gainean, eta tipo oso atsegina ematen du. Holako egunen batean elkarrizketa bat egingo diot, blog honetarako.

    Parquedeatraccionesen grabatutako bideo hauxe horren lekuko. Lekua ezagutu duzuenok, izango duzue punttu nostalgiko bat agian. Ze ondo pasatzen genuen txikitan, bertara egun osorako joaten ginenean. Orain San Mames, Gugemheim, Euskalduna eta holangoak dira prioritatea.. baina lehen adin guztietakoak erakartzeko leku eder hori zegoen SantaMarinan. Bilbotik, Galdakaotik eta edonondik gertu.

    We are Standard talde oso interesgarria. Azken diskoak gomendagarriak. Erremixekin kaleratu dutena gainera, oso oso dantzagarria. Autoan jartzeak bildurra eta guzti ematen dit, jakin dezazuen.
    Laister Tolosan izango dira, Bonberenean. Etzazuela aukera galdu.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    zu zeu

    Gaur aurkeztu dute, gaur sareratu da. Eta dagoeneko albiste asko bertan.
    Euskarazko beste albistegi bat. Partehartzaileagoa. Interesgarria.

    Zuzeu.com GuGeu delako ekimen batek sortua. Hasier Etxeberria kazetari eta idazlea ere tartean dabil, esperientzia du Interneten. Aspaldi honetan blog eraginkorra, sukaldean.com gune aberatsa eta soitu.es hipergunean izandako esperientzia profesionala. Oso denbora gutxian, gu guztiok baino net esperientzia aberatsagoa du Hasierrek.
    Lehenedik ere, urteetako eskarmentua Telebista eta prentsa idatzian.
    Uste dut, arrakastatsua izango dela gurean, gure artean, euskaraz, munduan.
    Nik neuk, zorterik onena opa diot. Eta laguntzeko prest, noski. Irakurtzen, aportatzen, idazten, kritikatzen, bultzatzen, zabaltzen.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Itsasoaren alaba

    itsasoarenalaba.org
    Bilboko Capitol aretoa bete zuen filmeak estrenoan. Josu Martinez zuzendari. Txaber Larreategi edizioan. Ibai Castro filmatzen. Haize Goikoetxea protagonista, Txapela bere aita GALek hil eta urteetara. Oroitzapen ariketa bat. Ezagutzerik izan ez zuen aitaren lagunek, burkideek, adiskideek, militantzia urteetako kideek kontatua.

    Filmea hemen eta han ari dira ematen. Eta solasaldiak egiten dituzte gero. Eta webgune bat egitea proposatu nion Josuri.
    Eta egin egin behar izan dut. Eta oso pozik emaitzarekin.

    Sarean dago jadanik itsasoarenalaba.org gunea. Trailer bat jarri dugu hor, eta fotograma batzuk, eta sinopsi bat, eta hau eta bestea… eta osatzen joan beharko dugu oraindik.

    Besteak beste, filme emanaldietako solasgaiak, eztabaidak edo proposamenak jaso gura genituzke gero blogean.
    Eta blogean bertan sortu daitezkeen beste horrenbeste gai, jendeak, entzuleek, lagunek proposatutakoak. Ikusiko dugu.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Azken berriak (ikusentzunezkoak)

    Mezu bat igorri dit Unai Iturriagak, idatzi zuen azken gidoiarekin egin den azken filmearen harira. Animazio film luze bat da. Asisko Urmenetak eta egin dituzte marrazkiak (kasu! bi dimentsiotako marrazki bizidunak, interesgarria bide urratse hori), Juanjo Elordik zuzendutako filma. Mikel lagun honddarbitarra ere tartean ibili da… produkzioan ere Michelle aritu da. Beraz, filmearen ingurumarian ezagun gehiegi.

    Trailerra bera interesgarria egin zaidanez, hona ekartzeko modukoa iruditzen zait. Datorren apirilaren 22an -eguenez- aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian. Eta egun berean, elkarrizketa egin asmo diegu irratia.com saioan.

    irratia.com miniPod batean

    Gero gure podcast saioekin frogak ere egin ditut. MiniPod batean eskaintzeko moduan, playlist ezberdinak blog, sare sozial eta halangoetan kopiatu eta jartzeko moduan.

    Hemen frogatxo bat:


    MusicPlaylist
    iPod bat erabiltzen badakizue ezta? ba sakatu play, eta gero gerokoak. irratia.com aro digitalera ondo egokitzen dan saioa da eta.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Greba orokorra martxan

    maiatzak 21 greba orokorra

    greba deialdia egin dute gurean sindikatu nagusiek. erantzuteko beharra somatzen zen bazterrotan.

    eusko jaurlaritzako jabe berriek beraien kontra delakoan, abertzaleak astintzen hasi direlakoan.

    kapitalismoaren kontrako greba euskalduna gura nuke nik. mobilizaziotik alternatibak eskaintzera pasatzeko. eta ez geldirik egoteko.

    pausu bat da greba. mobilizazio orokor eta handi bat. xxi garren mende honetako lehen greba handia izango da euskal erdian. bidasoaz haratago badaramatzate batzuk. bai horixe.

    tira, apuntatu agendan. m21. greba orokorra. #grebaorokorra etiketa sortu da jadanik sarean. ari gara zerbaitetan.
    grebaorokorra.info gunea ere guztion artean eraikiko dogu, modu partehartzailean. sindikatuek egin dute bere deialdia. langileok, langabetuok, ekintzaileok, prekariook… sarean arituko gara, jo ta gehiago…