• agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    gaztetxeen marketing estrategiak

    fotokopietatik sare sozialetara

    Sare sozialen garaia bizi dugu, Internet esatea gitxi da. Irudi animatuak, logotipoak, bideoak, musika uztartzen dira gure eguneroko konexioetan. Mezuak bidali, jaso eta errepikatzen ditugu. Agenda bete deialdi ditugu, eta sarritan zeinera joan ez dakigula aritzen gara.

    nok diño ezin danik?
    Gaztetxeetan, zuri beltzeko fotokopiekin jokatu izan da sarritan. Baina ari da aldatzen hori ere. Ikasi ahala, pratikatu ahala. Batzutan ez dakigulako ez dira jartzen metodo berriak abian. Ignorantziak ausart egiten gaitu, buff… hori ez da ona. Hori sistemaren tresna da. Bestetan, uste dugu tresna batek edo makina batek dena egingo duela…. eta jendea, ideiak, partehartzea ahazten zaigu.

    Autogestioaren inguruan, kanpaina polita egin dute Gernikako ieup! gazte asanbladakoek. Astra gaztetxea.

    Bideo/spot hau ikusteak zer pentsatua emango digulakoan:

    Nok dino ezin danik?! from astragernika on Vimeo.

    Baina sarean badaude aukera anitz. Sareak aukera ezberdinak erakusten dizkigu. Ikasteko, frogatzeko, saiatzeko…. eta ondo egin ezkero, baita lortzeko be.
    Gerrila marketing, marketing soziala, e-marketinga edo beste hamaika.
    Kontua ez da saltzea. Jendearengana heltzea baizik. Gure mezua zabaltzea. Partehartzea bultzatzea. Eta kanpainaren ostean, guztion burmuinetan zeozer geratzea.

    Ez dira iragarkiak, baina ez da propaganda hutsa ere. Beste zerbait da, eta asmatu egin behar dugu.

    Fotokopietatik sare sozialetara azpititularra, Unai Maleskik proposatu du facebook sarean. Mila esker, Unai!

  • literatura,  teknologia berriak

    USB sarrerarik ez duten ordenadoreen arriskua

    Kartzelatik landa artikulu hunkigarria idatzi digu Iñigo Aranbarri idazleak, Karmelo Landa kartzelan bisitatu ostean. Ezagutuko duzue Karmelo. EHUko literatura irakaslea, Gabriel Arestiren lan eta obra askoren biltzaile, Eako kultur sustatzaile, negoziazio prozesuetan aditu, aritu eta epaitua. Epaitu gabe kartzelan duten mahai nazionaleko kidea. Prentsan aritua, artikulugile fina, eta Kazetaritza eta literaturaren arteko harremanean ikerle.

    Artikuluak zer pentsatua eman dit. Eta kartzelan lan egiteko erabili asmo zuen ordenadorearen gainean pentsatzen jardun naiz berbok idazten hasi aurretik.

    Baina onena, Iñigoren artikulua bere horretan hona ekartzea.

    Kartzelatik landa

    Iñigo Aranbarri
    BERRIA 09-05-12

    Artea zelai erdian bezain eder dago Caceres udaberrian.

    Primaderarik gabeko Caceresen dagoelako Karmelo Landa ez dugu, baina, haren artikulurik egunkari honetan irakurtzen ahal. Idaztea bera langintza ikaragarri zaila bihurtu zaio dagoen tokian dagoenetik. Eta badira hamabost hilabete eraman zutela.

    Zigorrik ezarri gabeko presoa den neurrian, ez zukeen bestelako arazorik izan beharko orain arte ezagutu dugun bezala hitzarekin lanean jarraitzeko. Baina Espainiako kartzeletan izugarri konplikatzen da dena. Literaturaren eta kazetaritzaren arteko harremanak aztertzen ari zen preso hartu zutenean. Hori du bere tesi proiektua. Euskal prentsan agertutako milaka artikulu utzi zituen Bilboko etxean. Ikertzen segi nahi eta preso prebentibo gisa eskubidea duelako, materiala ziegan sartzeko eskatu du. Madrilera bidali behar dutela erantzun diote, gaztelerara itzuli behar dutela. «Baimen guztiekin argitaratu izan den prentsa itzuli?». «Bai jauna, arauak, badakizu…»

    Errepide berriarekin, zuloan geratu da Bejar. Aurrerago, zezen koskortuak ageri dira larrean, arbel harriz eginiko hormak, Tajo artean gazte bat Atlantikoaren bila. Landa herriok utzita gurera etorritakoak datozkit gogora. Ez nau harritzen opor guztietan etxera itzuli nahi izana. Eskolako zein kaleko lagun extremeño guztiak. Diego Garcia tartean, gaztaroaren artadian barrena korrika. Ez dut uste haien adore laurdenik ere biltzeko gauza izango nintzatekeenik.

    Caceresko kartzelak ez du, ordea, Extremaduraren ederretik batere. Zikina da, kaserna militar zahar bat dirudi, Unescok ez ikusteko moduan hirigune historikotik urruti erauzia. Ari eta ari, Landa zerbait baldin bada ikaragarri ekina delako, Caceresen lortu du Alcalan izan ez zuen ordenagailua. Hamabosgarren hilabetera. Lehengo astean eman zioten. Atera du kaxatik, muntatu du, lotu ditu kableak, piztu du Windows Vista… eta hori, vista, begira egoteko pantaila. Ezin sagurik ere ezarri. Kendua zuen USB sarrera. Ostera ere bueltan dendara. Eta abokatuari dendariak: «Baina badira hiru bat aste-eta osorik bidali genuela!»

    Gurera heldutako langileen garaiaren aldean, erraz egiten da orain harakoa. Ezagunak zaizkidan herri izenak bata bestearen atzetik, abiadura ikaragarrian irakurtzen dira panel urdinetan. Ezustean, auto bat sartu zaigu aurrean. Senideengana doakit gogoa galgaren izerdia epeldu ostean, heriotzaren loterian jokatzen astero. Azkoitira heldu ziren gehienak Badajozekoak dira, Serenakoak. Jose Maria Piris haurra San Vicente de Alcantaran jaioa zen. Etxetik entzun nuen poltsa ostikoz jo zuenean lehergailuak atera zuen danbatekoa. Ia nire adina zuen.

    Beste hainbat absurdu bezala, absurdua da kartzelako logika, absurdua prozesua, absurdua arrazoibidea. Zer leporatu, atxilotu ostean pentsatzen da. 2002an erabaki zuen epaileak Landa ETAkoa zela, baina ez zuen 2008ra arte preso hartzeko agindu. Nola liteke hainbeste denboraz libre uztea gaizkile arriskutsua izanda? Gau erdian, kaputxadun polizien eta telebista kamera artean, eskuak lotuta atera zuten etxetik. Profesor Neiraren Espainiak ez du Landa irakasle nahi. Irudikatze lan gaitza dago ez denak nahi denaren tankera har dezan. Hiru egunez izan zuten terrorista inkomunikatuta… baina ez zioten galdera bakar bat egin.

    Hilaren 18an, Nazio Batuen Giza Eskubideen Bulegoko ordezkariaren bisita izango du… mintzalekuan. Berari ere ez diote Karmelo Landarekin era duinago batean biltzeko aukerarik eman. Kristal lohien bestaldean, zulotxoen gainera makurtuta entzun beharko dio Carlos Villan Duranek. Absurdoaren muinean, barrea ere eragingo dio gizonari, pasadizo humanoak benetan maite baititu Landak: «Badakizu kanariar preso sozial bat ezagutu nuela Alcalan justiziak ‘ahaztu’ egin zuena?». «Nola ahaztu?». «Kanarietatik Madrilera bidali zutenean gizonaren txostena, Seur-ek galdu egin zuen paketea. Ez zen inor ohartu. Prebentzioko lau urteak oso-osorik jan zituen don Inorrez hark».

    Genevara itzultzen denean, beharbada Kafkaren amesgaiztoez hitz egingo die Villan Duranek bulegokoei. Mendeku politikoaren kulturak baldintzatzen duela justizia. Osterantzean, ikusgarria dagoela Espainia udaberrian.

  • ikusi eta ikasi,  info 7,  musika

    euskal pop gizarteaz

    Pop kulturaz
    Josu Larrinaga musikazale moduan ezagutu nuen, soziologoa da, irakasle unibertsitatean, erdi familiakoa dudala ohartu nintzen gero eta batez be kontzertuetan egiten dut berarekin topo.
    Proposatu zidan udako ikastaro batean zebilela burubelarri eta ea zeozertan laguntzerik neukanez.
    Baietz, gaia jakin ostean. Euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla? galderari erantzun asmo diogu, soziologiatik. Ikasiko dugu musika entzunez. Apunteak disko zaharren gainean hartuko ditugulakoan.

    Iruñeako eremu unibertsitariotik, Lekeitioko hondartzara hurbilduko gara. Euskal unibertsitateari eremu berri bat eskainiz.
    Pop hitza pijotzat du ezjakin askok. Pop popularretik dator ordea, herrikoi, alegia. Horretaz jardungo gara, ia konturatu barik. Eguraldia eta musika lagun. Zozologian.

    euskalpop.mundua.com bloga sortu eta hor emango dugu ikastaroaren berri, orain eta gero. Ikastaroan zehar, pop musika hitzaldiak, emanaldiak, entzunaldiak eta podcast batzuk izango dira.
    Inork bere musika ikastaroan zehar jarri eta komentatu nahi balu, arazorik ez, kontrakoa. Gustura asko. Pop atseginez.

  • larrabetzutik,  literatura

    Literaturia aurkeztu ostean

    Bilbo. Kafe antzokia.

    Eguerdiko 12etan hitzordua lagun, kulturgile eta prentsaekin.

    11.30etan bi, gero hamabi. Hainbat ezagun, herrikide eta kazea

    prentsaurrekoa hasi, hiru hizlari.
    Literatura Eskolako Gotzon, antolatzaile moduan.
    Guraso Elkarteko Ines, ume eta gazteentzat egindako lana.
    larrabetzu.org saretik ni neu, blogak/letrak aurkeztu eta sareari buruz apur bat ekiteko.
    Gugaz batera herriko liburuzaina, beste guraso bat eta batez ere kulturgile eta euskalgintzako lagunak.

    Prentsa  idatzia kubritzeko Berria eta Gara. Oso ondo. Korniketan ondo islatu da guk esandakoa.
    Hamaika telebistakoek aurkezpena grabatu eta zerbait bota behar dute gure herrian ikusten ez den telebistan.
    Nontzeberrirako kronika egin du Juanra Madariagak.

    Beste medioren bat ere egon da.

    Non dago eitb? euskara hutsez egingo den Euskal Herriko lehen azokak ez du garrantziarik mediko publiko euskaldunarentzat?

    Irrati publikoak, telebistak, eitb.com atariak ez du deus esango herri txiki batek auzolanean antolatu duen euskarazko literaturaren inguruko asteburuari buruz?


    Argazkiak.org | blogak & letrak © cc-by-sa: gaztelumendi
    Badakigu, egunotan dana da Athletic, dana da PatxiLopez… baaina gero ez gaitezen euskaraz, kulturaz, hontaz eta hartaz kezkatu…. aupa athleti, gora eitb!

  • gaztelumendi.eus,  info 7,  teknologia berriak

    gaur eta bihar

    Teknologia berriak gaur eta bihar. Bihar Donostian. Gaur munduan. Informatikari euskaldunen bilkura.
    IEB09 zita bat da, bi urtean behin. Ez du oihartzun berezirik izan blogosferan, harritu nau. Baina badirudi jendetsua izango dela. Ziurrenik informatika fakultateko ikasleek beteko dute aretoa.
    Ni neu be, joan ez joan batean nago. Joan gura dut, baina lanorduetan da. Eta beti dago zeozer. Animatzen ari naiz ordea.UEUk antolatzen du IEB.

    info 7 irratiaAtzo, teknologia berriek komunikabideetan duten eraginaz zertzelada bat bota nuen Info7 irratian. Ez asko, ez sakon… arreta pizteko zeozer. Kalean oinez zoazenean duzun elkarrizketa labur hoietako bat da.
    Kalean grabatua dago, herrian. Eta irratian ematen dute gero, sarean, uhinetan.
    Komunikabideen gaineko kezka horrek, ez du oso eztabaida gartsurik sortu gurean momentuz. IEB09 horretan, izango da halako mahainguru bat. Interesgarria behar du.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi

    webtv

    ez da besterik entzuten aspaldion.
    telebistaren aurrean ordu gitxi pasatakoa naiz. txikitan bezala geroagokoetan.
    ez naiz inoiz oso ikusentzunezkoa izan. aitor dut hori aurretik.
    prentsa ta irratia maite izan ditut beti gehiago, sortzeko zein jasortzeko. kontsumitu esaten da?

    kontua da baina, aspaldion sarean bideo irudiak ari direla etengabe nagusitzen. Internet kontsumo azkarra. eta irudiak lilura dakar; irudien kudeaketak ere bai.

    ni neu be, horrelako proiektu, egitasmo eta zereginetara jarria nago aspaldion.
    albisteak 2.0 eraberritzen ari gara Ibaizabal Telebistakoekin batera, greba orokorraren inguruko telebista sortzen laguntzen ari naiz, herriko bideoei beste ateraldi bat zelan emon pentsatzen dugu tabernetako poteoetan, irudiak zuzenean ematea erraztu den honetan, irratigintza eta letrak horrenbeste maite dituen honek, aukera berriak ditu buruan. begien aurrean.

    webtv hitz arrunta da. telebista egitea beti izan da garesti, boteretsuenen kontua. eskurago dago orain, baliatzeko ordua da beraz.
    webtv, telebista interaktiboa, partehartzailea, zabala bultzatu gura duenetakoa bazara, maizago elkartuko gara, izango dugu elkarren berri.
    kontua da, egitasmoak egitasmo, sarean zer egin franko dagoela oraindik. baina, egin egingo ditugu.
    web telebista, kaletik pantailara
    aste honetako irratia.com emankizunean kontua hauek guztiak izango ditugu aipagai. kezkak badirauelako. egunean jarri beharra dagoelako. ikuspegi kritikoarekin landu behar delako hau guztiau.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    maiatzaren lehenean tailerrera

    Maiatzaren lehena, langileen nazioarteko eguna. Manifestazioak hiriburuetan. Ekitaldiak mundu osoan.
    Eta gu, tailerrera goaz. Zarautzen elkartuko gara, Putzuzulo gaztetxean, greba orokorra sarean prestatzeko.
    greba orokorra

    Grebaorokorra.info, sindikatuek greba iragarri eta aste berean sortu zen sarean. Blogariek, twitter bidez kordinatutako ekimena izan da. Hego Euskal Herrian egingo den grebari buruz, mundu guztiari esateko.
    Wiki bat eta posta zerrenda bat ditu momentuz kordinatzeko. Irudiak, ideiak eta asmoak sarean elkarbanatzen ari dira eta besteak beste #grebaorokorra etiketa hedatzen hasi da.

    GOerreportariak eta telebista
    Kazetaritza digitaletik asko du egitasmoak, norberak kontatzetik, norberak iritzia/informazioa sortu eta plazaratzetik. Digitalki argitaratu eta hedatzea da kontua. Kronikak, bideoak, informazioa zuzenean, informazio dezentralizatua. Digitala eta multimedia. Irrati libreetakoa, herriko albistegietako, blog pertsonal eta kolektiboetakoa, twitter bidez, youtube bidez… edozelan, baina informazioa. Guzti hori bildu eta zabaltzeko ekimen bezala ikusten da GOerreportarien lana. Euskal Herriko mapa batean ikusiko dituzu erreportariak, hemen eta han. Eta kopurua igoko da, nabarmen, datozen asteetan.

    Horrez gain, telebista propioa ere sortu du grebaorokorra.info ekimen honek. Telebista partehartzailea, teletestu propioarekin (twitter bidez, aizu!) eta albistegi propioekin. Telebista ekimen bezala arrakastatsua izan daiteke, baina horretarako jendearen partehartzea ere beharko du. Informazioa eskainiz, bideoak sortu eta editatuz, lagunduz, kamarak utziz, ekitaldietara joanez….

    greba orokorra Telebista

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    checkpoint rock irratia zuzenean Donostiatik

    Ikusten duzun hau, irratia.com emankizunean egin asmo dugun froga berri bat da. Urrats bat ikusentzunezkoen alorrean. Irratia eta webtv-a uztartuko duen esperimentu digitala. Fermin Muguruzak Checkpoint rock film dokumentala aurkeztuko du. Bertan izango dira palestinarrak, filmeko errealizadore ezagun Javier Corcuera eta beste.
    Guk emankizuna bertatik egingo dugu zuzenean, baina gainera bideo formatuan eskainiko dugu. Zuzenean hori ere.

    albisteak 2.0 multimedia plataforma bilakatuko dugu apurka apurka, eta astez aste berrikuntza gehiago izango ditugu. Joango gara aplikatzen, apurka apurka.
    Euskara ahotsa da, soinua, euskaldunak irudia gara. Ahotsa, soinua, irudia, musika… uztartu gura genituzke aurrerantzean ere. Eta bidelagun izango zaituztelakoan, saiakera hauek bultzatzen egongo zaretelakoan. Mila esker aldez aurretik.
    Urduri gaude, 2000ko azaroaren 1ean egon ginen beste, edo gehiago beharbada.
    Gaur, apirilak 29 (asteazkena) Euskal Herrian eguerdiko 13:00ak direnean.

  • musika

    EHZ festibala laister

    Gero eta gutxiago Euskal Herria Zuzenean jaialdirako. Azken urteotan Idauze Mendin (Zuberoa) ospatu ostean, Heletan izango da aurtengoa, hamairugarrena jada. Arrosako oihal etxe erraldoian ospatzen hasi zenetik, urteak igaro diren arren, beti eskaini digu zerbait berezia eta emankorra festibalak. Zenbat une. Zenbat gau ahaztezin. Zenbat talde on. Zenbat oroitzapen.
    Aurtengoan, talde oso interesgarriak egongo dira. Ezagunak asko, eta beti sorpresaz ezagutzen ditugun talde berriak guretzat. Beti ikasten. Beti ikusten eta entzuten.

    Kanaldudekoek egin dute bideo honetan, jadanik ikus daitezke festibalaren artxibo irudiak. Atzera begira baino, aurrera begira dagoen Euskal Herriko jaialdia. Ikuspegi sozialarekin, euskara hizkuntza nagusi duen jaialdia, beste kulturei irekia eta etekinak -izatekotan- herrietako elkarte eta egitasmoetara bideratzen dituena. Ez da jaialdi komertzial bat, eta hori zinez eskertzen da, bizi ditugun garaiotan.
    Rock&rolla, musika, gaua ez delako ondo pasatzea soilik.

  • musika,  pasahitza

    Bermeoko portuan, kittanuak kantari

    Lagun batek mezua bidali, klik egin eta ezin sinestu. Ona! Kitarra lehenengo, mutikoa gero. Kantua. Artea. Ze handiak, gure txikiak.

    Eskerrik asko juanjo. Etxahunen ikasleak etorri zaizkit niri gogora. Bertsotan erakutsi gura, eta kantuan hasten zaizkionean. Arterik onena erakusten, gure euskaldun gatzbakoak baino zatie hobeto.