Montenegron bizitakoa
1992tik egun honen zain zeudela esan zigun atzo, edo herenegun, Andrej Nikolaidis idazleak. 1992an erreferenduma izan zuten montenegroarrek, eta %20ak bozkatu zuen independentziaren alde. Geroztik, burrukan jarraitu dute, bere erara, atzoko eguna etorri eta heldu arte. Eskuratu arte.
Ikusgarria zen, zelan ospatu zuten gaueko 10:00etatik aurrera independentziaren aldeko erreferendumaren garaipena. Itzela izan zen benetan. Inoiz ez nuen nire burua horrelako egoera batean ikusi. Milaka lagun kalean, bandera gorriak eskutan, autoetan zein oinez, furgoneta kamioi eta kale bazterretan. Denak pozik, denak kontent… eta gu ere hunkitu eta poztu egin ginen. Zelan ez.
Egun batzuk daramatzagu herri zoragarri hau ezagutzen. Iparraldetik, hegoaldeko hondartzadun herrietaraino zeharkatu dugu. Mendiak daude hegal guztietan, mendi itzel politak, eta hiriburua Podgorica atsegina egin zaigu. Egunotan bizitakoa intentsitate handiarekin joan da… eta zaila izango da hau ahaztea.
Ez dugu Internet konexioa erraz eskuratzen, telefono mobiletik igortzen ditugu gure kronikak. Baina benetan diotsuet… aspaldian ez nituen artikuluak eta albisteak horrelako intentsitatearekin idazten. Hunkituta, oso hunkituta idazten ditut berbok. Oraindik, jende guztia ospakizunetan ari da… eta euskaldunak garela entzuten duten bakoitzean, hurrengoak gu garela gogoratzen digute.
Gogor egin beharko dugu horren alde, zinez, gogoz. Mereziko du. Europan dagoeneko autodeterminazio prozesu interesgarriak jarri izan dira abian, eta XXI. mendeko hau bertatik bertara bizitzeak, gure herrian Euskal Herrian independentziaren alde jarraitzeko adorea, gogoa eta indarra eskaini digu.
Zuek lekuko.