gogoeta.org

Ni ez naiz Graham Greene

Iñaki Soto adiskideak, aspaldian irakurri dudan zutabe onena idatzi zuen aurreko astean Berria egunkarian. Beragaz komentatzen egon ostean, blogerako aproposa zela aitatu genuen. Hemen eskaintzen dugu berriz ere, eztabaida pizteko asmo zintzoagaz.

Graham Greene (1904-1991) idazle britainiarra zen. Garaiko politikaren behatzaile zorrotza izan zen eta, batzuetan, auzi politiko horietan engaiatu zen. Adibidez, II. Mundu Gerraren testuinguruan, MI6ko espioi gisa aritu zen. Esperientzia horrek isla izan zuen bere liburuetan. Ironia handiz, egoera latzei buruzko kontakizun barregarriak idazteko dohain berezia zuen. Film bihurtu diren idazlan ugarien autore da. Azkenekoa, The Quiet American. Aipagarrienak, niretzat, The Third Man eta Our Man in Havana dira.

Tregoatik hona Euskal Herriko politikaren errepide mapa Greenek idatzitakoa dirudi: Norvegiako goi-bilerak, baserri bateko azpi-bilerak, disidentziaren aurkako epaiketak metropolian… Azken hilabeteetako gertakizun hauen guztien artean badago bat bereziki greenedarra iruditzen zaidana: Pablo Muñoz, Gorka Agirre eta Julen Madariaga ETAko kidetzat jo dituzte.

ETAko militanteen irudi errealista bat mantendu nahi dugunontzat atxiloketa horiek harrigarriak izan ziren. Alegia, etakideei buruzko iritzia antropologia-idealizazio edo hedabideen demonizazioetan oinarritzen ez dugunontzat, urteetan gure ezagun eta lagunak kartzelara edo erbestera joaten ikusi ditugunontzat, sarekada hura harrigarria izan zen. Esan bezala, idealizazioetatik aldendu nahi dugu, baina tira, horrenbeste…

Konspirazioaren teoria ez da sekula antigualtzen eta batzuk horretara lotu ziren. XXI. mendeko espioien aurrean al gaude? Zein izango da hurrengoa, Egiguren, Madrazo, Jimenez? Irabazi dugu?

Konspirazioa baztertua, zuzenena zentzu komuna erabiltzea iruditzen zait. Ni Graham Greene ez naizen bezala, ez Muñoz, ez Aguirre eta ezta Madariaga ere ez dira Iñaki De Juana, ezta mila aldiz jaiota ere. Errespetu osoz esaten dut. Tamalez, ni neu ere Graham Greene izatetik De Juana izatetik baino gertuago bainago.

Hau argitaratzen denerako De Juanak 46. eguna beteko du gose greban. Ospitaleko ohean etzanda imajinatzen dut, Aguirre, Muñoz eta Madariaga ‘bere Habanako gizonak’ direla pentsatzen eta barre egiten. Aho lehor horretan irribarre txiki bat marraztea lortzen badut, Espainian eta Frantzian sakabanatuta eta txikituta dituzten seiehun eta piko horien ziegetan algaratxoren bat entzuten bada, ez naiz bat-batean Graham Greene bihurtuko, baina artikulu hauek esanahiren bat izango dute niretzat.

Baten batek esango du gehiegizko fribolitatez hitz egiten dudala. Halaxe da. Hala ere, literatura onean bezala, arinkeriaren atzean mezu zorrotzak ezkutatu daitezke. Adibidez, ni adar-jotzailea izango naiz, baina agure-jotzaile izatea baino nahiago dut hori (ikusi 2006-IX-10eko BERRIA). Eskuz lotuta lurrean botata dagoen agure bat kolpatzea baino gauza koldarragorik ez da existitzen mundu honetan. Beno, giza eskubideei buruz prentsaurrekoa eman ondoren polizia giza eskubideen alde lurrean eserita dauden agureak kolpatzera bidaltzea koldarragoa da, zalantzarik gabe.

Bake unibertsala predikatu eta gero, diskurtsoz eta praktikaz horren partzial jokatu dutenek ‘guztia da ETA’ legitimatu dute. Ez daitezela orain negarrez etorri beraiek irabiatutako kakak bustitzen baditu. Eta ez daitezela horrenbeste kexatu gure egunerokotasunaren gordinaz abstraditzeko fribolitate pixka bat erabiltzen badugu, beraien zinismoaren, koldarkeriaren eta krudelkeriaren aldean gure fribolitatea huskeria delako.

Iñaki Soto Nolasko

Gaurko egunez, 1904an jaio zen Graham Greene Inglaterran.