teknologia berriak

software librea | blogak | Internet | copyleft

  • teknologia berriak

    Aurrera Ubuntu tribe

    ubuntu
    Ubunturen kutxa bat jaso nuen posta bulegoan. Autoan daukat.
    Aurrera eta atzera. Noiz instalazio mordo bat egingo. Noiz jendearen artean ezagutaraziko.
    Badugu horrelako zerbait egiteko asmoa, ekainean, gure herriko gaztetxean; Larrabetzu.org guneak urtea egingo duelako bidean, sarean. Ubuntu distribuzio librea, Live Cda, umeentzako software librea, hezkuntzarako egokitua… Ubuntu da aspaldion ezagutu dudan ekimen aipagarrienetako bat.

    izan zaitez ubuntutribe_kide!
    Sarearen bitartez ezagutu nuen Ubuntu tribe. Itzela iruditu zitzaidan ideia -egingarria oraindik-, itzela asmoa, eta isuri zuten gogoak nabarmentzen zituen. Marketing birala egiten trebe aritu dira. Han eta hemen jo dute atea. Zabaldu zaizkie batzuk. Munduratu egin dira.
    Zabaldu.com-eko Arkaitzekin hizketan, marketing biral ekintza bat izan zitekela ohartarazpena egin nuen. Pozik ni. Euskarari bisibilitatea emango zion ekintza baitzen. Munduan bagarela erakusteko saioa. Munduko ere bagarela. Gu eta mundua. Munduan gu.

    Euskaldunak munduan

    Ona aukeratu duten zioa. Ubuntu. Oso ona aukeratu duten modua. Eta lanari ekin diote, eskura zituzten tresna guztiak baliatuz. Euskal Herritik mundura abiatu dira, eta Euskal Herrian sortutako tresnekin batera –zabaldu, bildu, irratia.com, tagzania, sustatu…- munduari begira ere egon dira. Twitter, del.icio.us, flickr, technorati… Internet borborka dabilen uneotan, nazioarteko ekimen txalogarria burutu dute. Burutzen ari dira.

    Zarata ataratzen ari dira. Poztekoa da. Poztu egiten gara.

    Gaur, mezu bat igorri didate. Nik nire lagunei berriz igortzeko. Eta nik normalean ez dut horrelako kateetan parte hartzen, gutxiago helbide guztiak agerian dituztenetan. Izan salaketa, izan zipaioen azken sarraskia kalean, edo Afrikako irudi exotikoen powerpointa… ez ditut gustuko horrelako kateak.

    Zintzoa iruditu zait Ubuntutribetarrena. Asmo neurtua da. Asmoa luzea. Ibilbidea ez da zertan hazruido.com lehiaketa horretan amaitu behar. Etorri daiteke filmea egitea ere. Izan daiteke aukera bat, euskarazko software librea eta gure kultura nazioartean zabaltzen jarraitzeko. Eta blogean zabaltzea erabaki dut, eta blogeko mezua igorriko diet nire lagunei. Ubuntutribe ezagutu dezaten, eta Ubuntutribe ekimenaren berri edukita, nik neuk CDak autoan ditudala esango diet. Esan dizuet. Eta Larrabetzun install party bat egin gura dugula, ekainean, uda sartu aurreko asteburuan. Eta hori guztiori… badakizue.

  • info 7,  teknologia berriak

    Teknologia berriak Infozazpi irratian

    info 7 irratianAsteartero kronika labur bat egiten dut Info 7 irratirako. Teknologia berriak hizpidera ekartzen saiatzen naiz. Ez da erraza, Interneti buruz aritzea Internetetik kanpo. Ez da erreza teknologia hizpide hartzea hiruzpalau minututan. Adibideak, loturak, webguneak erakutsi barik, zaila egiten zait asmatzen asmatzea. Zailagoa oraindik feedback barik. Ez dut ezer entzuten, aditzen, irakurtzen kronika hauen kontura.

    Infozazpi Interneteko irrati bezala hasi zen, orain FMtik ere entzuten da Bizkaian eta Gipuzkoa eta Lapurdi aldean. Laister Araban eta Nafarroan ere entzungo da. Irrati nazionala izatea da helburu, Euskal Herri guztian eta Internet bidez munduko edozein txokotatik. Apustua egin du teknologia berrienekin, eta horregatik logikoa iruditzen zait gai hauek normaltasunez jorratzea.

    Hala ere, kritikoa naiz neure jardunarekin. Iritzi ezberdinak nahi nituzke. Gaiak, aipatu beharreko ikuspegiak, nabarmentzekoak diren aferak, interesgarria den software eskaintza… nahi duzuena.

    Hemen duzue azken kronika, web 2.0 eta web 2.1 gaiari buruzko gogoeta ulertezin bat, azaltzeko ez bide da erraza momentuz, nahiz eta adibideak jartzen saiatu.

    [audio:http://www.info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070417_eus_1291.mp3&sekzioa=talaiatik&id=1298]

    irratia.com astero info7 irratian

    Aste honetan jakin dugu gainera, azkenik astero eskainiko dutela irratia.com emankizuna ere. Asteazkenero, arratsaldeko 16:05etan eskainiko dute. Internetetik eta FMtik. Bizkaian 102.3an eta Gipuzkoa eta Lapurdin 99.2an. Teknologia berriei buruzko euskarazko emankizun bakarra da euskal dialean. Gero eta irrati gehiagotan entzuten ari dena. Hala Bedi, Eguzki, Uhinak, Zintzilik, Bilbo Hiria…. eta oraindik gehiagotan eskaintzeko arazorik ez.

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Orain gehiago gara mikroblogari (web 2.1 euskaraz)

    Goiz eta arrats twitter honi begira.
    Hor idatzi, hor irakurri, nabigatzailearen barran idatzi eta gehitu, aurkitutako webgune interesgarrienak automatikoki gehitu, zabaldu.com-eko azken albisteak zuzenean jaso… goiz eta arrats twitter honi begira.

    Twitter zer izan daitekeen asmatzen ari gara mikroblogariok. Katuaren itxuraz aritzeko baino, saguari astindu gehiago emateko baliatzen dugu twitter mikroblogariok. Blogarekin uztartuz, blogintza berri bat sortzen ari da, web 2.0tik 2.1ra igaroko dela dio Dadid Deugarte adituak bere contextos wiki interesgarrian.

    Teketen nanoformatuekin nazioarte mailako aplikazioak, garapenak, ikerketak egiten ari da. Lehen ere, informatikari aparta da gure Gorka. Topera dihardu orain ere. Jakintza dibulgatzaile iaioa, software librea eta sozialaren hedatzaile, irakasle 2.0 eta e-kintzaile xumea.

    I+G Euskadi saria herri honetako mikroblogarientzat, otoi. Teketen, Arkaitz, Aitor, Luistxo, Txerren, Bontxi, Boligorria, Ibai.. aktibo ikusten ditut twitter honetan, honetatik. Animatu egiten naiz ni ere.

    post_iraultzaileak
    Eta mikroblogari euskaldunak ari gara zerbaitetan. Zerbait sortu behar duenaren sentsazioa daukat. Iraultzaileek iraultza gauzatu aurretik duen sentsazioa… baina post_iraultzaileak gara gu. Gure iraultza guztia post batean kabitzen da gainera. Pravda txikiak irakurtzen ditugu, Gramma_tika gorri bat baliatzen dugu, igitaia eta mailuaren irudia ukabilaren hatzamarrek eta saguak behar lukete osatu. Izarrak dizdira dute gure gaueko aterpe honetatik begiratuta.

    Idatzi eta irakurtzen
    Idaztea eta irakurtzea maite ditugu. Batera. Literatura berri bat asmatu daiteke, hitzekin jolastuz, zuzenean solastuz. Makina hauetatik berba ederrak trukatzen dira. Mikroblogariok, gauza ttipiak maite ditugu, ttipia da twitter ere, hasiberria… baina aldaketa dakar Interneten mundura. Azkar, arin, merke. Jaso ahala erantzun. Pentsatu ahal idatzi, pentsatu. Ez da pentsamendu azkarra edo fast think. Gogoeta etengabekoa da, baina azkar jokatzen da. Eta auzolanean, elkarrekin, horizontalean. Elkar_ekintzan.

    APLIKAZIO BERRIAK

    Jumpcut.com bideoak igo ez ezik, sarean editatzen
    Eta aldaketa gehiago somatu daitezke, Jumpcut.com adibidez. Bideoak igo ez ezik, trukatu, erabili, montatu, idatzi, itzuli, musika gehitu eta abar egiteko aplikazioak. Bideoak esan dut, baina musika esan nezakeen, edo irudiak… flickr osoa. Yahoo dago honen atzean ere, baina aplikazioa gehiago da 2.1, orain arteko 2.0 guztiak elkartuta.

    Alegia mikroblogari gara, ikasle gara, gauza txikia gara… baina asko daukagu ikasteko, frogatzeko, erakusteko, saiatzeko… baina hagitz gustura ari gara. Ikasi, frogatu, erakutsi, ahalegindu egiten dugulako/garelako. Goiz eta arrats, pantaila hauei begira. Eta bloga ia ia utzita nuen. Badakizue, www.twitter.com/iPtx horretan nago burubelarri.

  • musika,  teknologia berriak

    Txiripa irrati_hitzaldia eskainiko du Xabi Erkiziak

    xabi erkizia

    t x i r i p aXabi Erkizia musikariari buruz jardun izan gara hemen. Munduan gehien dabilen euskal musikaria da. Beran ERTZ jaialdia antolatzen, Artelekun Audiolab kudeatzen, Uncommonsounds nazioarteko ekimenarekin…

    Leioan izango da asteon, Txiripa irrati_hitzaldia eskainiz. Transistoreak eramatea eskatu die entzuleei, entzuteko ziurrenik, hitzaldiari beste zentsu bat emateko agian. Nork daki?

    Esperimentazioa, soinua, txiripa, hitzak… esperimentatzeko eta entzuteko unea izango da barikukoa Leioako Arte Ederretako fakultatean. 12:00etan gradu aretoan.

    irratia.com emankizunerako ekimen interesgarria ematen du Xabirenak. Irratiari berari; tresna bezala, teknologia bezala bide berriak topatzeko une aproposa ziurrenik. Irratigintza teknologia zahar bezala, garai berrietara egokitzeko modukoa. Ikusi, entzun eta dastatuko dugu.

  • info 7,  teknologia berriak

    GAUR8ri buruz Info7 irratian

    Gaur8, Info7, Hamaika telebista… zenbakiak hitzaren munduan. Kanalak adieraztetik.. gehiagora.
    Eskerrak euskaraz gauzak sortu daitezkeen. Eta orijinalak. Eta aspaldian dexente sortzen ari diren. Zapatuen ikusi zuen argia, beste proiektu komunikatibo batek ere. Papera eta sarea uztartu asmo duena. Uztartzen ari dena, hasiera hasieratik. Eredu izango da zentsu horretan, euskal esparru komunikatiboan.

    info7 irratiaInfo7 irratian, komunikazioa eta teknologia berrien inguruan astero egin ohi dudan tartean, GAUR8 proiektuaz aritu naiz asteon.
    Proiektuari bertute asko ikusten dizkiot. Hobetu daitezkeen batzuk ere gehitu ditut. Baina orohar, aspaldian euskaraz sortutako tresna erakargarriena egin zait GAUR8 proiektua. Ezin dezaket ene poza izkutatu.
    [audio:http://info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070313_eus_1178.mp3&sekzioa=talaiatik&id=1179]

    Josu Juaristirekin irratian

    irratia.comEta irratia.com emankizunean Josu Juaristi elkarrizketatu dugu 76. saioan. Josu Juaristi GARA egunkariko zuzendaria da, blogeatzen hasi da, eta GAUR8 proiektua ere hizpide izan dugu.

    [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom070313.mp3]

  • teknologia berriak

    Euskarazko edukiak etiketatzen >> bildu.net

    Aukera berri bat gehitu diote asteon bildu.net lastermarkak gordetzeko tresnari. Euskarazko edukiak etiketatzeko aukera dago orain. Aski izan dute asteburuko elkarrizketa bat, tabernetan izaten ditugu hoietako bat, tresna txukun bat sortzeko.
    Maiz, ia egunero erabiltzen dugu bildu.net eta egia esan, euskarazko edukien eremuan lan ederra egiteko tresna dela iruditzen zait. Edukiak sailkatu, etiketatzen ikasi, gune interesgarriak partekatu…. eta bestelako esperientzia berriak sortzeko aukera emango digu. Irudimena lekuko.

    Baina euskarazko edukiak etiketatzen joateko hau, bikaina iruditu zait.

    bildu.net euskarazko edukiak etiketatzen

    Lastermarka bat gordetzen dugunean, aurrerantzean hizkuntza aukeraketa egingo digu bildu.netek, eta euskarazkoei automatikoki eu etiketa gehituko die tresnak. Aurrerantzean, euskaraz bildutako edukiak kontsultatu ahal izango dira bildu bitartez. Etiketatuak. RSS bidezko jarraipena egitea ere posible izango da.
    Urrats txikia ematen du, baina berebiziko garrantzia izango duelakoan nago. Denboraren podasuz ikusteko parada izango dugulakoan.

  • teknologia berriak

    irratia.com aurreratu egingo da

    Gure 2.2 bertsioarekin jarraitzen dugu, teknologia berriak, Internet, musika eta irratigintza uztartzen. Albisteak, elkarrizketak, musika ona, nazioarteko erreferentziak, berrikeriak…denetarik Interneterako egokitutako irrati emankizun honetan.

    Aldaketak egiteko ordea, edozein une da ona. Eta guk zuzenekoa egokitu gura izan dugu. Eguerdi aldera igaro dugu, orain arte astearte arratsaldetan egiten genuena. Gaurtik aurrera, asteartero 13:00etatik 14:00etara zuzenean arituko gara. Bilbo Hiria irratitik FM 96.0an eta Interneteko bilbohiria.com gunean.

    Gure irratsaioa beste hainbat irrati libre eta euskaldunetan ere eskaintzen da.

    Hala Bedi irratia. Gasteiz. Araba.

    Arrakala irratia. Lekeitio. Bizkaia.

    Uhinak irratia. Laudio. Araba.

    Info 7 irratia. (Aurki hasiko dira eskaintzen) Urruña. Lapurdi.

    Zintzilik irratia. Orereta. Gipuzkoa.

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    larrabetzu.org irudimena+garapena

    feevy.comApurka apurka ari gara gure herri komunitatea osatzen. Herri txikia da, bai, baina ez gara geldi, lotuta, egotekoak. Teknologia berrien arloan be gauzak egiteko gogoa badago gurean. Blogakaz hasi gintzezan, eta horretan jarraituten dogu.

    larrabetzu.org komunitate txiki bat da. Herri mailako informazioa lantzea du helburu. Euskaraz eta grassroot journalism bat egin gurean, auzokideen komunikazioa zeozelan esateko.

    irudimena+garapena

    Eta gurean, irc bidez edo gtalk bidez i+g batzordea martxan jarri dugu. Ditugun lagun hacker eta informatikariak lanean, auzolanean jarri ohi ditugu.

    larrabetzu.org herri mailako komunitatea dala esan dugu arestian, eta orain atari nagusian, herriko blogetako informazioa batu dugu. Horretarako feevy 2.0 tresna erabili dugu. RSSak baliatu eta eskumako zutabe horretan ageri zaizkigu orain albisteak. Klikagarri.

    globala eta lokala

    Egia esan, zabaldu.com-eko albisteak batetik (globala) eta herriko blogetakoak (lokala) bestetik 53R61, kukubel 2.0, Hori Bai gaztetxea eta gaztelumendi.org batu ditugu froga moduan. Internet (globala) eta herri kontuak (lokala) uztartzen saiatzen gara. Gainera denak batean biltzea ere bada helburua.

    feevy

    Eskerrik asko teketen-i ere, aholkuak, azalpenak eta laguntzagatik.