musika

entzun!

  • literatura,  musika

    Eskaera eta eskaintza euskal kulturan

    nor da kantuan den hori?Kontzertu ttikiak ematen ari da Ruper Ordorika. Aurrekoan gurean izan zen, txukun, benetan, berbatsu, gogo izugarriagaz. Hiztun egon zen kontzertuaren ostean ere… eta mila eta bat kontu aipatu genituen garagardoak edanez. Kontzertuaren gainean idatzi zigun Julen Gabiriak, eta irakurgai duzu larrabetzu org gunean.
    Berak esanda genekien Lou Reed Azkaraten egotekoa zela; eta musikagintza, kulturgintza, txirrindularitza, garai bateko kontuak… denetarik izan genuen hizpide. Garagardo batzuk edan genituen herriko Foteri tabernan.
    Iruñean jo behar du gaur. Eta elkarrizketak egin dizkiote medio ezberdinetan. Batean, industria diskografikoaren harira gogoeta batzuk egiten ditu… baina txiki izatearen ideiaren gainean egin dituen gogoetak gustatu zaizkit, batez ere.

    Krisialdi baten erdian gaude, eta ganoraz jokatu behar dugu, ongi pentsatuz. Batzutan, minoriak garenok, gure tranpetan erortzen gara. Gutxiengoa izaki, are minoritarioago nahi dugu izan, oso selektoak gure alorrean. Eta gero edozein kolpe hartuta, hondoratu egiten gara. Oso erabaki sendoak hartu behar ditugula uste dut.

    Euskal alorrean eskaintza eskaeratik oso gora dago. Idazten da irakurtzen dena baino askoz gehiago, grabatzen dira sekula entzungo ez diren diskoak, eta abar luze bat. Oso zaila da merkatu hori oinarri horietan mantentzea. Baina aldi berean badago egarri bat, interes handikoa eta oso kualifikatua den minimo bat. Gure gauzak arretaz hartzen dituena, eta hori egilearentzat oso gauza handia da. Industria minimo bat eusteko indarra izatea da gure erronka.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  musika

    Fermin Muguruzarekin berbetan

    Fermin Muguruza * irratia.com

    Fermin Muguruzak duela hilabete aurkeztu zuen Euskal Herria Jamaika clash diskoa. Donostian aurkeztu zuen jendaurrean, prentsa ere bertan zela. Gero Bartzelonan egin zuen astebeteko beste aurkezpen bat, elkarrizketak, harremanak… denetarik. Madrilen aurkezten, elkarrizketak egiten -tartean El Pais, TVE 2 Miradas, El Mundo…- ari zenean jaso zuen bere aitaren osasun egoera txarraren berri. Irunera itzuli, eta aitaren aldamenean eman zituen Fermin Muguruzak haren azken uneak.

    Parisera eta Berlinera joan behar zuen, baina lehenbizi gurekin egon da, irratia.com emankizunean lagun izan dugu. Eta elkarrizketa luze eta sakona, ordubetez, egiteko aukera baliatu dugu. Musika, Euskal Herria, Jamaika, Nazioarteko egoera, politika, kultura… zer ez dugu aipatu elkarrizketa horretan! Beti bezain zorrotz, gogoetak behin eta berriro eginez, balorazioak, azken hamarkada hauen errepasoa… diskoa atera eta hilabetera eman dizkigu bere iritzi hoiek Muguruzak. Elkarrizketa sakona da, eta une batzuetan sentimendu guztiak jarri zituen Ferminek mikrofonoaren aitzinean.

    Hamaika lotura, erreferentziak -musikalak zein artistikoak, munduko tokiak zein borrokak- aipatu dizkigu… Hitzjario izugarria dauka Irungoak, eta tartean gauza oso interesgarriak bota dizkigu, abesti tarteetan. Adi entzuteko moduko elkarrizketa, zinez.
    Fermin Muguruza * irratia.com

    Elkarrizketa gustura entzun dut beste hamaika aldiz ere. Sakontasunetik musika bezala beste hamaika bizipen eta kontakizun dauzka kontatzeko gure musikari nazioartekoenak… Entzuteko jartzen dut blogean ere. Hartu denbora, eta egin komentarioak. Blogetako jarraitzaile sutsua dela aitortu digulako Ferminek berak ere.

    Entzun gura baduzue:

    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom060606.mp3]

    muguruza | irratia.com

    Blog berri honetara audio artxiboak ekartzeko asmoa daukat, balizko podcast saio baten aurrekari gisa. WordPress-ek audio plugin mordo bat dauzka, eta zenbait frogatzen ari naiz gainera.

  • musika

    Bob Marley eta reggae musika

    Atzo, 25 urte betetzen ziren Bob Marley hil zela. Irratia piztu, edozein, eta ez zen beste konturik inon. Denek jarri zituzten bere kantuak, Jamaikan 24 orduz aritu ziren irratiak Marleyren kantuekin… baina gaur?

    Bob Marley musikari handia izan zen, ez daukat dudarik horretaz. Gustura irakurri nuen Aritz Usandizaga Hernaniko disko jartzailearen liburua Bob Marley, begirunea, maitasuna eta askatasuna (Txalaparta, 2002ko abendua). Eta atzo, antzera idatzi zigun Aritzek Berria egunkarian.

    Reggae musika gaur
    Baina gaur ere bada reggae musika entzuteko eguna. Eta bihar, etzi. Reggae musikak, besteak beste kultura hau maitatzen laguntzen digulako. Posible da, erraz lortzen du mugitzen jartzea. Izan Bob Marleyrena edo beste askorena. Esaten dute, esan ohi da, kantsagarria dela, beti berdina dela… baina entzuten hasten zarenean, konturatzen zara ezetz, gauza ederra dela, konturatu barik oso gauza modernoak egiten zituztela duela 20, 25, 30 urte, Jamaikan bezala, Londonen.
    Eta gaurkotasun hori ez du sekula galdu musika honek. Urteurrenak urteurren, milaka jarraitzaile ditu gure artean ere. Euskal Herriko irrati libre eta euskaldunetan gero eta reggae saio gehiago entzuten dira, gure musikarien artean berba gozoak entzuten ditugu Jamaikako musikaren alde…. eta iPod txikietan zein mp3 entzungailuetara kantu piloa igotzen ditugu…

  • literatura,  musika

    “Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen, kulturaren kaltetan”

    Larunbatak eman du harritzeko moduko konturik, prentsa irakurtzen hasi ezkero. Larunbatean argitaratu zen, GARAren Mugalari kultur gehigarrian, elkarrizketa Jose Mari Sors Elkar enpresaren kudeatzailearekin.

    Hainbat larunbatetan agertu dira elkarrizketak liburugintzaren inguruan dauden eragile ezberdinekin: editoreak, enpresarioak, kritikoak… Denetarik.

    Baina titular deigarria izaten da kazetariaren asmoa. Eta honek behintzat begian ondo jotzeko modukoak bota zituen. Esatea be. Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen dio, esaten du; Elkar megadendetako erakusleihoak ikusi eta gero botako zuen, beharbada. Diot nik. Erakusleihoak metafora polita zatekeen.

  • musika

    Jamaika ikusteko jaio gara

    Disko berria aurkeztu du Fermin Muguruzak. Donostian egin du, KM kulturunean, lagun eta ezagunez betetako areto batean. Kazetariak, musikariak, adiskideak, senitartekoak.. denetarik batu gara txiki geratu den gunean. Bad soun systemeko disko jartzaileak reggaea jarri du, aurkezpena hasi aurretik. Atzekaldean pantaila erraldoia prest, albo batean Jamaika eta Euskal Herria lotzen dituen hormairudi handi handi bat. Haritza eta palmondoa, toki bateko zein besteko dantzariak, eta diskoaren izenburuak, letra handietan. Single argitaratu berrian ikusia genuen irudi-muntaia.

    Euskal Herria Jamaika Clash

  • literatura,  musika

    Durangoko azoka hasi da, biba festa!

    Goizeko 10etarako Durangon geunden hiru lagunak. Herrian kafea hartu eta txiri txiri abiatu gara autopistatik. Atoan heldu gara, egia esan. Parking-ean furgoneta laga eta stand guztia txukundu dugu, saltzeko prest jarri edo.

    Buruan nekarren, Azokari buruz egunero idaztea. Durangoko Azokak ibilbide berria hasi du, tokia berria da (bigarren azoka du aurtengoa), tokia aproposa, tokia handia da, tokia gozoa da, atsegina. Bost egun eman behar ditugu berton, eta eroso egotea da kontua. Liburuak saltzeaz gain, jendeagaz berba egin, nobedadeak ikusi eta erosi, lagunak agurtu eta asmo ezberdinak buruan. Tartean, bertatik blog honetan idaztea. Horregatik, Azoka zabaldutakoan Euskaltel gunera abiatu naiz. Eta pantailak bazeuden, bai, baina denak telebista pantailak, bideojokoetarako.
    -Eta ez dago ordenadorerik? itaundu diot iñoso laranjaz jantzitakoari.
    -Ez, baina wifi dago. Erantzuna berak. To, XXI. mendea nik neure buruari. Wifi dago. Ah! bale, portatilagaz etorriko gara denok. Eta bideojoko erdaldunak instalatzen jarraitu du laranjadunak.

    Bueno, ba gauean ekin beharko etxetik idazteari. Eta une batez ahantzi egin dut bloga. Eta literaturari jarri diot arreta. Liburuei. Saltzeari.

    Goizean ez da jende askorik ibili. Baina gustura. Berbaz, jendea lehenengoz agurtzen. Apurka apurka hasi dira salmentak. Jendeak lehen kalendarioak erosi ditu, lehen idazle eta kantari ezagunak hurbiltzen hasi dira, eta boltsak betetzen ordurako.

    Zara parta
    Eta holan, bapatean, boltsa batzuk ikusi ditut, Bilboko denda haundietan ikusten diren bezalakoak, kartoizkoak eta soka lodidunak. Zarakoak izaten dira horrelakoak. Eta kalitateari erreparatzen niola, argazki ezagun bat boltsaren gainean inprimatua. Ni hemengoa naiz eta argazki hauxe:
    Joseba Sarrionandia
    Sarri
    Ez nuen sinestutakoa ikusten. Ezin begira jarraitu. -Zer? galdetu diot nire buruari. Megadenda baterako izena asmatu dute hauek ala?! Xalbador, Urretxindorra, Bilintx eta orain Sarri hil digute. Estanpatu digute. Ni hangoa naiz letra txikiagoan. -Hori ere bai? Nongoa? Hangoa? Beraz, kondenatu dugu, hemengotu eta hangotu. Ez dut konprenitzen ahal. Berdin du.

    Liburuak irakurri, burua arindu, jendeagaz berbetan jarraitu, aktibitatea behar nuen, zeozer egin. Eta holan heldu dira arratsaldeko 20:00ak. -Azoka itxiko dugu entzun dudan arte.

    Palentinora joan, lankideak agurtu, jende ezagunari aupa esan, eta etxera etorri gara. Txiri txiri. Ezin sinistuta. Bihar beste egun bat.
    Gabon.