Kazetaritzaren etorkizuna: teknologia eta erabiltzaileak

Urtero kazetaritza digitalaren inguruko jardunaldia egin bide dute Huesca aldean. Hangoa hemendik jarraitzerik ere badugunez, Juan Varela adituaren blog eta idatziak irakurtzen ditugu. Laburtuz, hango berri eta kazetaritzaren inguruko datu asko eman ohi du normalean.

Ondorio horretara heldu berri dira aurten, eta horretaz mintzatu gura nuke. Kazetaritzaren erronkak direnak, zelan aztertu guretik. Euskal Herritik.
Medio edo komunikabide aldetik aberatsa den, aberastu den herria da gurea. Azken 25 urteotan komunikabide, hedabide asko sortu da hemen. Garatu dira. Baina erronka berrien aurrean daude.

Teknologia eta erabiltzaileak dira orain kezka. Zelan egokitu teknologia berrietara, zelan asmatu informazioa emateko euskarri berri hoiek errentagarri egiteko. Orain arte bezero hutsa zena, orain erabiltzaile aktibo bilakatzea zaila da. Baina aukerak sortu daitezke.

Argi dago, informazio munduaren arreta, gero eta gehiago Internetek bereganatzen duela. Eta zaila dela Internetetik, informazio hutsarekin errentagarritasuna bilatzea. Arreta galtzea ordea, errazagoa da. Eta hori gertatzen ari zaie hemen komunikabide gehienei. Arreta galtzen ari dira, entzuleak, irakurleak, ikusleak.

Teknologia berrien apustua argia da. Denek izan nahi dute moderno eta eraginkor aldi berean. Baina Internet ez da erakusleiho bat soilik. Internet ekoizteko gune ere bada. Ingurura begiratu, eta inguru horretaz informatu beharra dago. Eta gurean oraindik, komunikabide gehienek, teletipo eta prentsaurrekoen diktadurapean jarraitzen dute. Askatasunerako gogo gutxi adierazten dute hedabideetako profesionalek. Agintzen dutenak bezala, obeditzen dutenek.

Teknologia eta erabiltzaileak. Erronka polita. Behetik goranzko informazio jario horretan, blogak, sare sozialak, agregatzaileak, informazioa hedatzeko tresna berriak, podcastinga… sekulako erronka dira. Audientziei eta salmenteei begiratzen egon beharrik ez daukagunez, kazetaritzaren etorkizuna, horrelako eragileetan dagoela somatzen da. Gero eta gehiago. Guk geuk ere, erronka hoiei eutsi behar diegu, eta informazioa sortu, antolatu, ekoiztu eta hedatzeko tresna berriak ezagutu eta erabiltzeaz gain, erabiltzaileak parte hartzaile bihurtzeko ardura hartu behar dugu. Eztabaida interesgarria da, baina pratikara eroatea izango da politena.

3 thoughts on “Kazetaritzaren etorkizuna: teknologia eta erabiltzaileak

  1. Interesgarria.

    Irudikatzen dut erreminta asko (batez ere sarean erabilgarriak) direnak kontrolatzen dituen pertsona izango dela informatzaile-komunikatzaile.
    Beraz, ez derrigor kazetaria.

    Non geratzen da kazetaria moblog bidez gertatutakoa da! batean kontatzen badu “edozeinek?” Horrek ere eman behar luke beldur piska bat… Eta hortik termino berri honetan petnsatzea: kazetari multimedia edukietan espezializatua.

    Hortxe ikusten dut nik gakoa. Aztertu beharrekoa deritzot.

  2. Adibide bat, beldurra kentzeko.
    Aurreko batean, Mirant al cel filmea aurkeztu zuten Bilbon. Ohiko kazetariez gain, bi blogari gonbidatu zituen Fermin Muguruzak.
    Kazetariek beraien kronikak paperean inprimatu orduko Negugorriak.net zein gaztelumendi.org guneetan informazio hori sarean zegoen.
    Informazioa ez da lasterketa bat. Baina eskuragarritasunaren aukera garrantzitsua da.
    Internetekoak gainera, aukera du bilatzaileetan agertzeko, iritzia emateko, kontsultatzeko, kritikariaren lana egin dezake kronikaren irakurketa egin duenak.
    Subjetibitatez idatzitako testuak izango ziren beharbada… baina aukera bat da.
    Argazkitxoa atera, filmea ikusi, prentsaurrekoa entzun, eta testua idatzi. Goiz berean.
    Eta? ez da ezer gertatzen, informazioaren ekosistema aberasten du, ez gehiago ez gutxiago.
    Ohiko komunikabideek pozik behar lukete, ikuspuntu gehiago dituztelako konparatzeko, ikusteko, ikasteko, ohartarazteko. Lana txukunago egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude