• Euskal Herria,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  letrak,  literatura,  musika

    Liburu azoka

    Jaialdi bat da. Martxa asko dago. Euskal kulturgintzak daukan astebururik dizdiratsuena. Durangoko taberna jatetxe pub eta garitoentzako, jaien osteko asteburu luze eta emankorrena ziurrenik. Euskaldunontzat arnasgunea. Arnasa, haizea, aire berriak inguruan. Kultur industria apal baten erakusleiho paregabea. Kontzertuak, hitzaldiak, aurkezpenak, manifestazioak… mundu bat da Durango.
    Baina niretzat, batez ere liburu azoka da.

    Liburua

    Durangon murgildu nintzen oso gazte nintzela liburuaren munduan. Durangon egin nituen lehen harremanak sektore honekin. Geroztik txandak, harremanak, salmentak, ezagutzak eta orduak egin ditut Durangon. Liburuaren mundua batzen da berton. Irakurleak -asko- eta idazleak -gero eta gehiago-. Editorialak. Banatzaileak. Ekoizleak. Ia kate osoa.
    Liburua desagertu behar zela zioten ez oso aspaldi. Baina gurean sendo dirau. Gero eta gehiago argitaratzen da. Eta batzuk, gero eta gehiago saltzen dute. Gehiago irakurtzen dela suposatu nahi dut.
    Liburuak erronka handiak ditu, ez dago dudarik; baina erronka guztietatik ateratzen ari da. Bere bidea aurkitzen du.
    Euskarazko liburugintzak ere izango ditu aje eta buruhausteak. Baina egunotan ikusiko dugunez, liburugintza, fikzioa, literatura… bizi bizi dago gurean. Idazleak, irakurleak, editoreak, argitaletxeak… berritzen ari dira, orain artekoek egin duten bidea ukatu barik. Bide bat. Eta aurrera doana gainera.

    Ez da desagertuko

    Gero eta argiago daukat. Aspaldi irakurri nuen -irakurtzeak horrelakoak dauzka- liburua, eskailerak bezalakoa dela. Igogailuak asmatu zituzten, eta azkarrago, gorago, eta nekatu barik igo eta jaitsi gaitezke batetik bestera. Goitik behera. Behetik gora. Baina eskailera ez da desagertu. Hor dirau. Badaude ederragoak, politagoak, traketsagoak, malda handia dute batzuk, egurrezkoak direnak zapaltzea atsegina da, eta gorputzari ondo egiten dio gora eta behera ibiltzeak.
    Liburua ere, ez bide da desagertuko. Pantailek, liburu elektronikoak, mugikor gama osoak, telebistak, kirolak, bizitza azeleratuak… ez dute albo batera utzi.
    Orriak, tintak, azalek, edukiek, mundu desiatuek, kontaketak… irauten du. Eta asmatzen ari da. Asmatzen ari gara. Bizirik dagoelako.

    Liburu azoka

    Horregatik, eta hiru hamarkada baino gehiago Durangora etortzen, liburuak ekartzen, liburuak saltzen, gauzak antolatzen, kontatzen… aritu izan naizelako, eta urteotan guztiotan bilakaera eta joerak aztertu izan ditudalako ere bai, da niretzat liburu azoka Durangokoa. Eta hori aldarrikatuko dut, ahal dudan moduan.
    Musikazalea naiz, zinema maite dut, eta dantza, eta hizkuntza, eta antzerkia edo arte eszenikoak. Eta parranda. Eta ekonomia lokala. Eta bertoko produktuak. Eta guzti hori ere bere baitan biltzen du liburua indartzeko duela 60 urte sortutako azokak. Liburua eta diskoa. Durangoko azoka. Kultura. Euskal Herria. Hizkuntza. Ekonomia. Bizitza.

    Leopoldo Zugaza

    Duela 60 urte atzera egitea ez da ariketa erraza. Gutxik kontatu dezakete bizipenetik. Baina duela gutxi hil zen Leopoldo Zugaza izan zen bisionario hoietako bat. Durangon, liburua bultzatzeko zerbait egin behar zela zeritzon. Eta ingurukoak batu eta antolatu zuten azoka. Eta elkartea. Eta dinamika soziokultural sano garrantzitsua Anboto azpiko inguru honetarako.
    Berak, Gerediaga elkarteak egindako bideo honetan, hemen azalduko dudana baino hobeto kontatzen du. Eta komeni da, lantzean behin atzera begiratu, eta lan eder hauek hartu zituztenei entzutea.

    Leopoldo Zugazari buruz Amaia EreƱaga kazetariak 7K astekarian idatzitako pieza ederra.

    Hitz liburudendan

    Sarritan joaten naiz Durangoko Artekalen -izen aproposagorik- sortu zen eta gaur egun irauten duen Hitz liburudendara. Liburuak erosten ditut. Asko. Eta diskoak erosteari ekin diot berriki. Biniloak liluratuta nauka -orain beste baterako utziko dugu-; eta berba egiten dut Gaizka eta Nekanerekin. Kulturaz ia beti, literatura eta ekitaldietaz sarri, bizitzaz azken baten. Eta denda zelan sortu zen jakin nuenean, zur eta lur geratu nintzen. Baldosak saltzen zituzten, obrak egiten zituzten, eta liburuentzako apalak montatzen hasi ziren. Nekanek orduan Leopoldorentzat egiten zuen lan. Kontuak eramaten zizkion. Eta baldosak ditu berak gogoan.

    Eta liburugintzan murgildu ziren, aspaldi. Eta hemen jarraitzen du, negozioa hartu zuen Gaizkari laguntzen. Euskal kulturaren gudari bat. Batailak dauzka ia egunero. Baina bizirik dirau. Eta pozik. Eta irakurle aparta da, eta soziologoa. Psikologoarena egitea ere tokatuko zaio. Bezeroak, irakurleak. Erosle hutsak. Lagunak. Kultura.
    Liburu azoka garrantzitsua da liburuaren sektore guztiarentzat. Idazle, argitaletxe, hedabide eta enparauntzat. Baina liburudenda barik ez dago literaturarik urte osoan.

    Liburu azoka aldarrikatzen eta babesten dudan bezala, liburudendak goretsi beharrean nago. Hitz. Eta beste guztiak. Gero eta gutxiago direnak bidenabar esanda. Baina eutsiko diogu. Irakurketari. Liburugintzari. Sorkuntzari. Diseinu eder eta kontakizun atseginez nahi dugulako gure ingurua. Gure herria. Gure sorkuntza.