agit/prop

agitazioa eta propaganda

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  maitatasunetik,  teknologia berriak

    Pirritx eta Mari Mototsek agurtu gaituzte sare sozialetan

    kutxi kutxi


    Polita izan da play teklari eman eta Pirritxek facebook-erako beren beregi egindako bideoa ikustea. Pailazoek sare sozialetan ere, arrakastarako bidea urratzen dihardute…. umorea ez da faltako. Torkemadaren zentsoreak ere, laister izango dituzte atzetik.
    Euskal irria berriz, barre egiteko prest. Nagusi eta txiki, zahar eta gazte… katxiporreta.

  • agit/prop

    gaur greba orokorra

    grebaorokorra_info1

    Gaur lanera ez, baina kalera joango gara GOerreportari lana egitera. Kamara eskuan, jendearen iritziak bilduz, telebistarako irudiak grabatuz, langileei ahotsa eskainiz Greba Orokorreko erreportari bilakatuko gara.

    Greba Orokorrari buruz informatuz, twitter baliatu eta #grebaorokorra etiketa lau haizetara hedatuz.
    Telebista herrikoi eta partehartzailean edukiak zabalduz.

  • agit/prop,  i+g

    greba orokorrari gogoz heltzeko

    Grebari buruz gogotsu ari gara egunotan, grebaren alde dagoenak badu lana franko.

    Greba bera zelan izkutatzen duten batzuek ere sinestezina da. Guai asko ibiltzen dira ia gehienetan, snobismoak kutsatzen ditu, baina horrelako kontu solidario eta konprometituetan isiltasun iheskor bat. Tira, nabarmena da. Demokratak dira, hori bai. Sasi enpresariak, aberats berriak edo pijo totalak! Eta harritzekoa ere, euskal instituzioetako funtzionari modelo D guztiak. Ondo daudenez, daudela besteak…
    Uste nuen greba honek bazuela LAB/ELA, baina keba… sindikatu abertzaleetan ere transfugo gehiegi ez ote dagoen. Athletic ikusteko jai hartu eta greba egiteko gogorik ez! hori da hori.

    Ni neu, gogotsu nago grebaren kontuarekin. Pentsatzen nuena baino motelago dago gizarte mailan, uste bainuen egoera politikoak, abertzaleen bide berriek, egoera sozioekonomikoak eta baldintza objetibo onak zirela grebaren aldarrikapenetarako. Baina ostia! uste baino hobeto bizi da jendea oraindik, antza.

    Hala ere, belaunaldi berrietan gogoa ikusi dut, ilusioa, kemena. Gauzak aldatzeko irmotasuna. Gudari zaharrek ere bere horretan jarraitzen dute, sekulakoak eta bi pasa dituzte, eta gogoz eusten diote oraindik aldarrikapen sozioekonomikoei. Eragile sozialak berriz, bulegoetako politika ikusten ditut, zoritxarrez.

    Kalean bada giroa. Eta sarean, zer esanik ez.

    Sareko grebak motibatzen nau gehien. Jende konprometitua, teknikoki prestatua, berrikuntza eta garapenean sinesten duen jendea topatu dut bidean aspaldi honetan. Asko ikasten ari gara elkarrekin, elkar komunikatuz, wiki bidezko antolaketan, posta zerrendetako erabakietan, twitter bidezko kordinazioan. Sarea mundu bat da, eta mundua aldatzeko dago.

    Bereziki gustatu zait Nafarroan.com gunekoak egiten ari diren lana. Greba egunerako grebaorokorra.info bultzatzeaz gain, gune propioa ere sortu dute. Eta dagoeneko telefono mugikorretarako bideoak eta sarean zabaltzeko bideo labur eta luzeagoak ekoiztu dituzte.

    nafarroan.com bideo interesgarri bat:

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    gaztetxeen marketing estrategiak

    fotokopietatik sare sozialetara

    Sare sozialen garaia bizi dugu, Internet esatea gitxi da. Irudi animatuak, logotipoak, bideoak, musika uztartzen dira gure eguneroko konexioetan. Mezuak bidali, jaso eta errepikatzen ditugu. Agenda bete deialdi ditugu, eta sarritan zeinera joan ez dakigula aritzen gara.

    nok diño ezin danik?
    Gaztetxeetan, zuri beltzeko fotokopiekin jokatu izan da sarritan. Baina ari da aldatzen hori ere. Ikasi ahala, pratikatu ahala. Batzutan ez dakigulako ez dira jartzen metodo berriak abian. Ignorantziak ausart egiten gaitu, buff… hori ez da ona. Hori sistemaren tresna da. Bestetan, uste dugu tresna batek edo makina batek dena egingo duela…. eta jendea, ideiak, partehartzea ahazten zaigu.

    Autogestioaren inguruan, kanpaina polita egin dute Gernikako ieup! gazte asanbladakoek. Astra gaztetxea.

    Bideo/spot hau ikusteak zer pentsatua emango digulakoan:

    Nok dino ezin danik?! from astragernika on Vimeo.

    Baina sarean badaude aukera anitz. Sareak aukera ezberdinak erakusten dizkigu. Ikasteko, frogatzeko, saiatzeko…. eta ondo egin ezkero, baita lortzeko be.
    Gerrila marketing, marketing soziala, e-marketinga edo beste hamaika.
    Kontua ez da saltzea. Jendearengana heltzea baizik. Gure mezua zabaltzea. Partehartzea bultzatzea. Eta kanpainaren ostean, guztion burmuinetan zeozer geratzea.

    Ez dira iragarkiak, baina ez da propaganda hutsa ere. Beste zerbait da, eta asmatu egin behar dugu.

    Fotokopietatik sare sozialetara azpititularra, Unai Maleskik proposatu du facebook sarean. Mila esker, Unai!

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    maiatzaren lehenean tailerrera

    Maiatzaren lehena, langileen nazioarteko eguna. Manifestazioak hiriburuetan. Ekitaldiak mundu osoan.
    Eta gu, tailerrera goaz. Zarautzen elkartuko gara, Putzuzulo gaztetxean, greba orokorra sarean prestatzeko.
    greba orokorra

    Grebaorokorra.info, sindikatuek greba iragarri eta aste berean sortu zen sarean. Blogariek, twitter bidez kordinatutako ekimena izan da. Hego Euskal Herrian egingo den grebari buruz, mundu guztiari esateko.
    Wiki bat eta posta zerrenda bat ditu momentuz kordinatzeko. Irudiak, ideiak eta asmoak sarean elkarbanatzen ari dira eta besteak beste #grebaorokorra etiketa hedatzen hasi da.

    GOerreportariak eta telebista
    Kazetaritza digitaletik asko du egitasmoak, norberak kontatzetik, norberak iritzia/informazioa sortu eta plazaratzetik. Digitalki argitaratu eta hedatzea da kontua. Kronikak, bideoak, informazioa zuzenean, informazio dezentralizatua. Digitala eta multimedia. Irrati libreetakoa, herriko albistegietako, blog pertsonal eta kolektiboetakoa, twitter bidez, youtube bidez… edozelan, baina informazioa. Guzti hori bildu eta zabaltzeko ekimen bezala ikusten da GOerreportarien lana. Euskal Herriko mapa batean ikusiko dituzu erreportariak, hemen eta han. Eta kopurua igoko da, nabarmen, datozen asteetan.

    Horrez gain, telebista propioa ere sortu du grebaorokorra.info ekimen honek. Telebista partehartzailea, teletestu propioarekin (twitter bidez, aizu!) eta albistegi propioekin. Telebista ekimen bezala arrakastatsua izan daiteke, baina horretarako jendearen partehartzea ere beharko du. Informazioa eskainiz, bideoak sortu eta editatuz, lagunduz, kamarak utziz, ekitaldietara joanez….

    greba orokorra Telebista

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Itsasoaren alaba

    itsasoarenalaba.org
    Bilboko Capitol aretoa bete zuen filmeak estrenoan. Josu Martinez zuzendari. Txaber Larreategi edizioan. Ibai Castro filmatzen. Haize Goikoetxea protagonista, Txapela bere aita GALek hil eta urteetara. Oroitzapen ariketa bat. Ezagutzerik izan ez zuen aitaren lagunek, burkideek, adiskideek, militantzia urteetako kideek kontatua.

    Filmea hemen eta han ari dira ematen. Eta solasaldiak egiten dituzte gero. Eta webgune bat egitea proposatu nion Josuri.
    Eta egin egin behar izan dut. Eta oso pozik emaitzarekin.

    Sarean dago jadanik itsasoarenalaba.org gunea. Trailer bat jarri dugu hor, eta fotograma batzuk, eta sinopsi bat, eta hau eta bestea… eta osatzen joan beharko dugu oraindik.

    Besteak beste, filme emanaldietako solasgaiak, eztabaidak edo proposamenak jaso gura genituzke gero blogean.
    Eta blogean bertan sortu daitezkeen beste horrenbeste gai, jendeak, entzuleek, lagunek proposatutakoak. Ikusiko dugu.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Greba orokorra martxan

    maiatzak 21 greba orokorra

    greba deialdia egin dute gurean sindikatu nagusiek. erantzuteko beharra somatzen zen bazterrotan.

    eusko jaurlaritzako jabe berriek beraien kontra delakoan, abertzaleak astintzen hasi direlakoan.

    kapitalismoaren kontrako greba euskalduna gura nuke nik. mobilizaziotik alternatibak eskaintzera pasatzeko. eta ez geldirik egoteko.

    pausu bat da greba. mobilizazio orokor eta handi bat. xxi garren mende honetako lehen greba handia izango da euskal erdian. bidasoaz haratago badaramatzate batzuk. bai horixe.

    tira, apuntatu agendan. m21. greba orokorra. #grebaorokorra etiketa sortu da jadanik sarean. ari gara zerbaitetan.
    grebaorokorra.info gunea ere guztion artean eraikiko dogu, modu partehartzailean. sindikatuek egin dute bere deialdia. langileok, langabetuok, ekintzaileok, prekariook… sarean arituko gara, jo ta gehiago…

  • agit/prop

    Hizkuntza eta aldarrikapenak

    Gaur jet lag apur batekin esnatu gara. Ordu bat aldatzea nahikoa izan da, ezker hankagaz altxatzeko.
    Mezuak irakurtzen hasi, eta okerreko bidetik sartu Korrikari buruz lagun batek idatzitakoa. Eta horren gainean gabiltza twitter bidez, gaurko gaia bada.
    Horregatik bada, egunean zehar laburrean idatzitakoak, orain luzeago, lausoago idazteko gogo berezi hau.

    Zer da Korrika?

    Korrika, Euskal Herri osoan euskararen alde egiten den etenik gabeko laisterketa da. Euskararen alde egiten den etenik gabeko (gau eta egunez) ekitaldi jendetsua. Kilometroz kilometro, lekukoaren atzetik, euskararen aldeko korrikalariak aritzen dira korrika. Euskararen aldeko oihuak jaurtiz, eta euskararen aldeko pausu eta urratsak emanez.

    Aldarrikapenen lekua euskararen aldeko ekitaldi jendetsu honetan.

    Euskararen aldeko ekitaldia izanik, tokian tokiko elkarte, herri mugimendu, sindikatu, alderdi, lagunarte, eskola, ikasle talde, guraso batzar,  soziedade, udal eta jendarteko kide ezberdinak parte hartzen dute. Beraien eskariak, euskararekin uztartuz, modu normal batez. Euskarak beste aldarrikapen batzuetan duen leku bera hartuz, beti ere euskara eta Korrikari lehentasuna emanez.

    Zelango aldarrikapenak bizi izan ditugu Korrika ezberdinetan?

    Txikitatik egin dut Korrika. Eta azken 15 urteotan, hainbat korrika osorik egin ditut prentsa taldean. Egin ditut kronikak Egunkariako, irratia.com digitalerako, Indymedia Euskal Herrian kontatu ditut bizitakoak, euskal irrati ezberdinetan kronikak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Hala Bedi, Xorroxin, Eguzki, Euskalerria irratia, Bizkaia irratia…)

    Urtez urte ikusi izan ditut gertakari, eskaera, oihu ezberdinak. Beti euskaraz, eta beti patxadaz. Korrikan boluntario doazen antolatzaileek, ondo zaintzen dute Korrikaren pankarta nagusiari besteak ez aurretzea, eta furgonetan doazen esatari/animatzaileek ozen egiten dute Korrika, euskara eta AEKren alde.

    Entzun eta ikusi ditut langileen aldarrikapenak (sindikatuen eskutik bezala, langileen eskutik buzo eta laneko erropa kendu barik), entzun ditut ikasle euskaldunak eskola aldarrikatzen, Seaskako erakasleak, Egunkariako langileak 2003an Egunkaria indarrez itxi eta denbora gutxira, gogoratzen dut ere Lasa eta Zabalaren gorputzak agertu zirenean, Korrika erdian zelango omenaldi hunkigarria egin zitzaien Bentaundi inguruan, Iparraldeko Demoen eskaerak, Euskal Herriko intsumitu askoren aldarriak, nekazariak, antzerkilariak klowna egiten, presoen senide eta lagunak, gazteak, gaztetxeak, kulturgileak….  hala ere Itoiz inguruko aldarrikapenak ezin ahaztuta ditut, Korrika bakoitzean.
    Itoitz
    Gogoan dut Korrika hura. Egunkariarako idazten nuen orduan, kronikak telefono bidez pasatuz, aldez aurretik kuadernoan idatzitakoa. Ez genuen emailik. Aspaldi? 1995. urtean edo. Egin egunkaritik Kepa Petralanda, Egunkariatik nik, Joxi Ubedak korrikako kronikak egiten zituen irratietan, Klaudio Landa orduan Aizu!ko kazetaria zen, Ibon Gojeaskoetxea gidari moduan, eta AEKko kide bera ere, telebistan zerbait ibilia ordurako.

    Gogoan dut Agoitzetik pasa ginenean Itoizko kordinadorakoak sekulako abarrotsa egin zutela karreran, Itoitz herri ingurutik obrak ditut gogoan, oraindik hasi barri, oraindik egiteke zegoen presa, proiektua zen, ez askoz gehiago… eta lurra eta hizkuntza ulertzen hasi ginen. Uztartzen. Gogoan geratu zitzaidan Agoitzko elkarte batean izan genuen elkarrizketa. Gogoeta.

    Urte batzuk beranduago, berriz handik pasatzean, ordurako presa eginda zirudien, Nagoreko bide zaharretik joan ginen. Eta begietatik negarra urten zitzaidan -kontatua dut hau ETBko dokumental baterako, egunotan ETB3an ematen ari direna, bidenabar- eta albotik lagunak ea zer gertatzen dan, korrika biok. Eta nik ezin eutsita, uste nuela gehiago handik ez ginela pasako. Hura guztia, urez bete behar zutela. Egonda nengoen lehenago Artozkin, eta bete zituzten herriak, estali zituen urak. Eta bide zaharrarenak eginda zuela, bizitzen ari ginena betiko estalita utzi behar zuela presak. Eta korrika jarraitu nuen.

    Aurtengo korrikak ez du urratsik eman lekuotatik, Itoitzik ez dago Euskal Herrian. 15 urte beranduago orduko aldarrikapenak ulertzen ditut orain. Euskarak ere eremua galdu du, presarekin. Zer ikustekorik zuen Itoizeko aldarrikapenak euskararekin? galdetuko zuen baten batek. Gobernuak, Nafarroakoak, orduan ere ez zuen Korrika laguntzen.

    Bidean botata geunden korrikalariok. Gure kabuz antolatzen genuen errepidea bera, zenbaitetan bizia jokatuz, ezer ulertzen ez zuten kamiolari castellanoekin. Baina egin egiten genuen, boluntarioki, euskararen alde. Oztopo guztien gainetik.

    Zein da aldarrikapenen esparru naturala.
    Herri mugimendu bat da euskararen aldekoa. Beste aldarrikapen eta mugimendurekin batera bizi da egun, Euskal Herrian. Nork bere esparrua eta jarduna duela ukatu barik, badago konbibentziarako lekua ere. Modu naturalean, elkareraginez, interaktuatuz, zehartasun batez. Sareko logikan, gura baduzue. Aldarrikapenetan murgilduta dagoenak, badaki herri mugimenduen artean elkar eragiteko gaitasuna badagoela. Lekua eginez aldarrikapen ezberdineti. Eta pentsatuko dut Abiadura Handiko Trena igaroko den esparruetan, euskararen aldeko oihuak lurraren aldeko aldarrikapenekin bat egingo duela, modu naturalean.

    Euskaldunon Egunkariaren alde, Martxelo Otamendirekin, IñakiUria preso zegoela oraindik gogoratzen ditut Iruñean bukatu zen Korrikako azken urratsak. Mikel Aldasoro Nafarroako AEK-ko arduraduna eta Martxelo Korrika. Mauletik abiatu zenak, bukaera Iruñeako alde zaharrean. Egun batzuk lehenago ez genekien non eta zelan bukatuko zen, dena debekatu asmo zutelako UPNkoek. Barcinak. Ez zen ETAgatik, ez zen Independentzia aldarrikatzeagatik… euskarak berak jartzen ditu aztoratuta. Euskaldunok gara beraien burukomina. Eta jakin genuen aurrera egiten, ez gelditzen, ez isilik geratzen… eta heldu ginen. Eta euskaltegiek gora egin zuten hurrengo ikasturtean Euskal Herri osoan, Martxelok ordurateko agindu bat hautsi, eta gaztelaniaz eta frantsesez deitu zituen euskaltzale ez euskaldunak euskara ikastera… eta abian den herri bat garela irudikatu genuen han.

    Eta gerora beste korrika bat, eta beste bat. Eta aldarrikapenek bat egiten dute irudimenarekin, Oteiza omendu genue gero, Laboa hil zaigu berriki, eta beraien asmoak, beraien gogoak irauten du. Euskaltzale zenbait kartzelaratuak dituzte, ETAkoak izateagatik batzuk, ETAkoak izan barik ETAkotzat jo dituztelako beste asko, eta holan jarraitzen dugu, aldarrikapenei lekua eginez. Eskubideak aldarrikatzen, jendearenak, mugimenduenak, hizkuntzarenak, langileenak, pertsonenak… azken finean. Gelditu barik, baina mugitzen. Korrika.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Korrika badator

    Zer falta da ba? Tuteran hasi eta pausoz pauso dator, bihar hasi eta gaur da hemen, gero hor, atzokoa etorkizun dugu.
    Tuteran hasi eta Nafarroa zeharkatuko du, behin eta berriz, herriz herri herrialdeak josiko ditu, eta mugak eta errekak gainditu, zubiak eta tunelak igaro, gauak eta egunak eman, eta ez da nekatzen, ez da gelditzen. Arin eta astiro, han eta hemen, modu batera edo bestera.
    Euskararen metafora bizia da Korrika.
    Euskaldunok asmatu ditugunetatik handienetakoa… gainera.
    Bihar hasten den horrek, zenbat oroitzapen, zenbat une.
    Txikitatik gogoratzen dugun zeozer, txikiagoei adierazi gura diegun hori…
    Hizkuntza bat, herri bat, jendea, kaleak, bideak, mendiak…. bazterrak, hiriburuak, fabrikak, errepideak, estartak…
    Korrika hastera doa, eta zapatillak prestatu behar.
    Kaskoak jarri, izan be gaur irratia.com saioan Alicia Iribarren elkarrizketatuko dugu, Tuteran lehen kilometroan euskararen lekukoa eramango duen AEK-ko irakasle gaztea.
    ongi etorri, euskara sarea egiten dugunon herrira

  • agit/prop,  musika

    Irish rebel day

    Gaur egun irlandarra daukagu. Stiff Little Fingers Bilboko Kafe Antzokian, eta Irlandako gaiak hizpide hemengo prentsan, hango azken gertakariak kari.

    stiff little fingers

    Belfasten 1977an sortutako punk taldea da SLF. Sortu eta gutxira utzi zuten taldea, baina gero berriro ekin zioten. Orain sortu zeneko 30 urteurrena dela eta, Europan barna biran ari dira irlandarrak. Irlandakoak sortzez, baina gehienak Estatu Batuetan bizi dira egun.

    Azken astea beraien kantuak entzuten eman dut. blip.fm zerbitzuan asko dira, eta beraien slf.com gunean eta wikipedian sarri samar sartu izan naiz, gauzak irakutzeko asmoagaz.

    Jake Burns abeslariak, adierazpen interesgarriak egin ditu gaurko GARA egunkarian. «Ez dut uste Irlandan bortizkeria aro berri baten aurrean gaudenik». Bertan musikaz ez ezik, egunotako gertakariak hartu ditu hizpide. Bera ere, bake prozesuan murgiltzearen aldekoa dela ematen du.

    Egungo disidentzia irlandarra

    Irlandara begira jarri gaitu Iñaki Sotok ere. Analisi zorrotza egin du: La disidencia irlandesa, entre Platón y Patton.

    Interesgarri egin zait gogoeta, baina hala ere badirudi batzuei ez zaiela horrenbeste gustatu. Paul Rios Lokarriko kordinatzaileak Lo que es bueno para Irlanda no lo es para Euskal Herria.

    Beraz artikulu bat eta bestea irakurtzen, aurretik atzera, tximur tximur eginda geratu zait egunkari gaurko egunkari hau.

    Tira, gaueko garagardoekin dana berdinduta. Irish egun bat beraz, ahalik eta errebeldeena izan dadila.

    Egunak irakurtzeko eta pentsatzeko balio badu, balio beza gauak edateko eta musika aditzeko. Biharamunekoan pentsatzen ibili barik. Gau(r) irish.