agit/prop
agitazioa eta propaganda
-
Gazteak martxan
Gogotsu ikusten ditut gazteagoak. Errepresiorik gogorrena, ankerrena jaso arren, koloretsu ikusten ditut, sarean eta kalean.
Eztabaidetan sutsu, jarreretan irmo baina koloretsu.
Independentzia ozen eskatzen dute, kamiseta gorriak jartzen dituztenean.
lotuindependentziara.net gune honetan gainera, tresnarik eraginkorrenak beti gustuko izan dituztela argi nabarmentzen da.
Segi holan! jarraitu gogotsu! -
Egunkaria libre!
-
Barriola San Adriango azeria
Juanba Berasategi zinegileak beste pelikula bat egin berri du, animaziozkoa hau ere, horretan espezialista baita pasaitarra: Barriola San Adriango azeria. Bertan, Aizkorriko azeri lapur baten istorioa kontatzen ei digu, Koldo Izagirreren gidoian.
Aurreko asteburuan estrainatu bide zen, eta honetan Bilboko karteleran irauten badu, ikusteko asmoa daukat. Trailer hau ikusi dut Eitbko gunean, baina blogean jarrita, ea jende gehiago animatzen dan.
Eguneraketa:
Twitter bidez jakin dut Algortako lagun batzuen ibileren berri, filmea ikustearren zelan ibili ziren batera eta bestera, ustez sarrerak agortuta zeudela eta, gero aretoa erdi hutsik.
mila esker ikatza. -
Bruselara goaz, software librearen hiriburura
FOSDEM 09 burutuko da asteburuan Bruselan. Europa mailako software libre garatzaile eta erabiltzaileak batzekoak dira bertan, 5.000 lagun inguru edo. Bilgune honi buruzko informazio gehiago: Fosdem.org
Librezaleko lau kide joatekoak gara bertara, ze garapen, ze hobekuntza, ze eztabaida dagoen ikustera.
Asmo honekin goaz, eta motxila bete ideiagaz bueltatzea espero dugu.Gainera, softwarelibrea.org gune berritik, bertako berri emateko asmoagaz.
-
Palestina zauritua
Imanol Murua Uriak, duela hamar urte (1998an) plazaratu zuen Palestina zauritua kronika liburua. Palestinara joan, eta bertan ezagututakoak, elkarrizketatuak… hurbilpen bat hango egoerara. Hango latzera.Egunotan, hara begira gaude. Zauritua ez ezik, txikitua, zanpatua, heriotzera kondenatutako palestinarrak ikusten ditugu. Hangoak hemen.
Ondo egingo digu, barriro be, liburua hartu eta hangoa ulertzen saiatzea. Nor da nor, historia eta bilakaera.
Liburua sarean osorik dago, paperezko bertsioa be eskuragai dago Susa literatura argitaletxeko gunetik eskatuta.
Liburuak, irakurketak, egingo ahal digu on?!
-
Free Gaza, Free Palestina, Gernika gogoan
Ez dago hitzik. Irudiek dena esaten dute. Sarean ari da hedatzen mezua, elkartasunezkoa. Mezua salaketa. Mezua amorruz. Israeli boikota egiteko arrazoiak nagusitu dira, munduko agintariek ez dute deus esango, hala ere. Kondena hitzarekin ahoa bete hortz ibiltzen diren mundu osoko demokraten tolerantzia, beste behin agerian geratuko da.
Herri zapaldu bat. Munduko herri bat. Libre izan nahi duena. Han bezala, hemen.Latza da egunotakoa. Gertatu dena. Luzatzen dena. Agintarien isiltasun eta lotsagabekeria. Mundua begira dago, baina ez dago lo. Eta Internetek aukera eskaintzen digu, ikusteko, jakiteko, salatzeko, erakusteko, zabaltzeko. Eta horretan arituko gara, mundu osoan.

Gernika in Gaza idatzi du elkartasunez italiar batek –zabaldu.com gunetik ari da mezua zabaltzen- eta Free GAZA webgunea ikusi dugu.

Txoko honetatik, elkartasuna Palestinako herritarrekin. Munduko herri zapaldu ororekin. Hemendik, EHtik. Munduko herri izan gura duen txoko honetatik. -
Esait 2.0
Euskal Herria, nazio bat selekzio bat
Badira hilabete batzuk selekzioaren gaia pil pilean dagoela inguruan. Gaurko deitu zuten -deitu baino filtratu, gogoan baduzue- Euskadi Iran partida.
Ondo gertutik jarraitu dut afera hau, iraila hasieratik Esaiteko lagunekin elkarlanean aritzeko aukera izan dudalako. Larrabetzun herriko kirolariekin batera, eta nazio mailan Esaiteko arduradunekin, Interneten ere selekzioaren adleko aldarrikapena zelan garatu aztertu eta gauzatzen saiatu gara hileotan.Eskura sareko tresnak baino ez. Aurrekontua 0. Eta gogoa bai, baina esku gutxi aidanean.
Komunikazio plangintza bat egin. Eta saiatu gara uztartzen futbolari eta kirolarien mezua, herrietako kirolari eta kideen eskaera eta sarean gureari lekua ematen.
Tresna sozialak baliatu ditugu batikbat: Facebook, twitter, bloga, bildu.net, zabaldu.com eta jendearen partehartzea bultzatu. Kirolariena batetik, kirolzale eta euskaltzaleena bestetik.
Gaur tamalez, ez da partidarik izango. Kirolari eta Euskal Herriaren aldeko borondatearen kontra, Euskal erdia momentuz kudeatzen dutenek ezetz erabaki dutelako. Zer presio izan diren agertuko da aurrerantzean prentsan, baina zenbait kirolarik bizitakoa… uffa! Hala ere bejondeiela euskal taldeetako kirolariei, historikoa izan delako beraiek egindako. Euskal Herria zer den, Euskaltzaindiako kideek baino hobeto barneratu dutelako. Eta hori zelaian agertu gura izatearren, sekulakoak eta bi entzun badituzte ere.
Hala ere, sekulako gola sartu diete Sabinetxeako mitxelinei.
Mapa batean daude geolokalizatuak, orain arte herriz herri egindako selekzioaren aldeko aldarrikapen eta agerpenak. Argazki eta puntua gehituta.
Larrabetzu Euskal Herria
Pasa dan barikuan, herrian egin gendun argazkiak ere bat baino gehiago hunkitu zuen. Herriko futbolari eta pilotariak ziren han, adin guztietakoak, eta etxez etxe ari da zabaltzen eta hedatzen orain argazkia bezala, datorren larunbatean Bilbon antolatu den manifestazioko deialdia ere.

-
Facebook blackout, greba bat sarean
Gaur, arrastiko 18:00etarako deialdi bitxia daukagu facebook erabiltzaileok. Sare sozialean, erabiltzaileen indarra utzi gura da agerian. Asko garela, eta gurekin ez dutela nahi dutena egingo. Milioitik gora erabiltzailek esan du blackout egingo duela. Alegia, itzali egingo duela facebook.Bitxia da deialdia, baina interesgarria ere bai.
Aspaldi honetan, gero eta gehiago dira facebook bezalako sare sozialak erabiltzen dituztenen lagunak. Han ikusten ditugu aspaldikoak, han mintzo gara gure kontuetaz, bertan erakusten ditugu azken berrikuntzak, eztabaidatzen dugu bizitzaz, softwareaz edo kexatzen gara albokoaren zarataz.
Sare sozialen garaia bizi du Internetek. Eta erabiltzailea da nagusi bertan, ikusiko dugu. Itzalaldiaren ostean, beharbada.
-
Des-Kontrol taldearekin
Bideoa da, grabazio bat aurreratzen duena. Silveirak irekitzen du kantua, kitarra doinuak gero. Faxismoaren kontra, nor da nazia? galdetzen du kantuak.
Musikazalea bazara jakingo duzu, skin txungo batzuek faxistatzat jo dutela Arrasateko Des-kontrol taldea.
Sekulakoak eta bi montatu dituzte mondrautarren kontra. Kontzertuak boikoteatu, istiluak sortu, jendea mehatxatu… eta Deskontrolekoek, zer egingo eta musikari lagunak batu eta diskoa egin dute. Silveira aipatu dugu, futbolariak ere batu dituzte, RIP edo MCDko lagunak, Fermin Muguruza, Drogas… denetarik.
Elkartasun disko bat izango da, ororen gainetik. Eta beharbada, baita disko interesgarria ere. Erosi ostean kontatuko dizuet nik.
Des-kontrol taldearen alde agertzeko modu duin bat. -
Enric Duran berbetan
Kontatu nizuen ba, zelan Bartzelonako ekintzaile batek, desobedientzia finantziero ekintza izugarri bat egin zuen. Inguruko komunikabideek, irakurtzen ditudan egunkariek ez zioten jaramonik egin gertatutakoari. Blog hau irakurtzen dutenek, arretaz irakurri eta komentatu izan dute/didate gaia. Eta gaiak askotarako ematen du.
Euskal Herrian dugun irrati interesgarrienetako batek -Gasteizko Hala Bedi irratiak- elkarrizketatu egin du Enric. Eta sarean jarri.
Bestalde bideo hau ere sarean dagoenez, eta cc lizentziari esker, hona ekarri dut. Interesgarria -oso- delakoan. Halan iruditu zait. Eta pentsatzen jarraitu beharko dugu.




























