agit/prop

agitazioa eta propaganda

  • agit/prop

    No time for love

    Maite zaituztegu esateagatik justizia gainean duzunean, seinale ona ez. Maitasuna baina, ezin kartzeleratu daiteke. Ez da ziega batean, justizia jauregi batean edo epaitegi batean sartzen ahal.

    Astea atxiloketa batzuen berriarekin hasi genuen gaur zortzi. Arrasaten bi lesakar. Medikuen txostena ukan genuen astelehenean. GARAren gune elektronikotik mundura egin zuen medikuaren agiriak. Igor Portu ospitalean zen, Mattin Sarasola guardia zibilen esku oraindik.

    Eta asteak luze irauten du pikoloen eskuetan. Inkomunikazioa. Tortura. Iluntasunari lotzen dizkiogun terminioak dira. Kolpeak, presioa, mina. Eta bitartean bertsio ofizialak aldatuz doan Barne ministroa. Barre ministroa esango genioke, barre egiteko gogorik izan ezkero. Negargarri, berriz ere.

    Komunikazioaren gerra ekarri du inkomunikazioak. Bertsio ofizialak eta mediku txostena aurrez aurre. Ministro bat, Estatu oso bat, herri txiki baten kontra. Senitartekoak, Lesakako lagunak, errepresioaren kontra diren guztiak… Internet baliatu zuten besteak beste, mezuak igorri eta hedatzeko. Tortura latzak. Testigantza berriak.

    Lekuko baten bertsioa ere jakin genuen, astea bukatu aitzin. Eta Igor Portu eta Mattin Sarasolaren testigantzak gero, epaileen aitzinean. Hiruen adierazpenek bat egiten dute, inkomunikazioaren mugak gaindituz. Hori ulertu ezinik jarraituko du beharbada, espetxera igorri dituen Marlaska epaile bilbotarrak. Gu ere ezin konprenituta gaude. Nola tratatu dituzten Lesakako bi gazteak. Baina dagoeneko hasi gara ulertzen Espainiako demokrazia. Lege antiterrorista defendatzen duen gure demokrazia.

    Ez dago denborarik maitasunarentzat. No time for love. Herri zahar hau berritzerik ez dago. Erlojuaren orratzak gure kontra doaz. Unez une. Irlanda zuen aipatzen Hertzainaken kantuak. Ez dute uzten maitatzen gauean…

    No time for love

    [audio:http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi/wp-content/uploads/2008/01/no-time-for-love.mp3]


    Hoien legea guretzat apartheid,
    gartzela, ihesa, hauspena ta isiltzea

    hoien legea,
    zu ta ni heuren gisara eukitzea
    gordeak dituzu arma ta izpien
    kontrako altzeiru atzean
    eta gu negar gasen mende gaudenok
    oker omen gaude

    Ez dute uzten maitatzen gauean

    Tortura sufritzen, zeldatan usteltzen,
    gutunak idazten eta bertan hil
    eutsi zioten minari baina
    bakardadeak irentsi
    gorteek justizia egin zieten
    matoi txukunen gisan
    maiz borrokatuak iraun gogoz
    baina maizago hiltzea nahi

    Ez dute uzten maitatzen gauean
    ez agurrik ez negarrik gauean
    ez zergatik ez norarik gabe
    sirenotsa garraixi bakarra gauean.

    Eraman zuten Francis Hughes gaztea
    baita haren lengusu Tom McElwee ere
    etorri ziren Patsy Ohara,
    Bobby Sands ta lagunen bila
    Bostonen, Chicagon, Saigonen;
    Santiagon, Varsovian,
    Gasteizen eta Belfasten
    eta beste hainbat lekutan
    hau zerrenda amaigabea

    Zatozte anaiei borrokan
    lagundu nahi duten guztiak
    gerrara ohitu zintezke
    baina gerra egon badago
    arrainak itsasoa behar du ta
    herriak zu behar zaitu
    gure gogoak iraun artian
    ez da beldurra nagusituko.

    Ez dute uzten maitatzen gauean
    ez agurrik ez negarrik gauean
    ez zergatik ez norarik gabe
    sirenotsa garraixi bakarra gauean.
    Sirena garraixi bakarra gauean.
    Hertzainak

  • agit/prop,  larrabetzutik

    kirolariak ez daude geldi egoteko

    Hasi dira mugitzen. Abenduaren 29koak historiko izateko zantzu guztiak ditu. Partida Euskal Herriaren izenean jokatuko du selekzioak -Urkullu bera be hasi da marmarka..- eta gainera Bartzelonan egiten duten antzera Nazio bat selekzio bat manifestazioa egingo da Bilbon.

    Argazki hau esanguratsua da. Futbolari, txirrindulari, herri kiroletako partehartzaileak, arraunlariak, gizonak, emakumeak… zer ez den batu Donostian kamaren aurrean.

    Doka kafe antzokia txiki geratu eta kanpora atara behar izan zuten argibila. Flashak ez luke guztia ondo hartuko eta. Poztu nau argazkiak, beti ez dira horrelako ekimenak ikusten eta.

    Euskal selekzioen aferak, hari asko mugitzen ditu gure herrian. Konponbidea, konponbide handiago baten parte edo zati izan daiteke agian. Giltza, zerraila asko zabaltzeko bera da. Baina kirolariek eurek hartu dute lekukoa. Eta poztekoa da hori.

    Gure herrian be, zeozer mugitzen ari da horren inguruan. Eta argazki horren zain geratzen garen bitartean, foto nazionalari begira gaude gu. Eta partidua mundiala izango ei da zaletuen iritziz. Ikustekoa hori be!

  • agit/prop

    Argi geratu da, ezta?

    Arrasate AHTrik ez!
    argazkia: ahtgelditu.org

    Nahiz Guardia Zibilaren kontrolak, nahiz Miren Azkarataren kriminalizazio eta desitxuraketa saiakerak, nahiz Jaurlaritzaren oztopo eta trabak, nahiz komunikabide nagusien izkutaketa eta desinformazioa… argazki hau luzaroan izango dugu gogoan.
    Arrasateko mobilizazioa, orain arteko handiena izan da Abiadura Handiko Trenaren kontrako burrukan. Abiapuntu berri bat, estabaida soziala galdegiteko, inposaketari aurre egiteko… eta gizarte mugimendu herritarra bultzatzeko.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Arrasaten Abiadura Handiko Trenaren kontra

    Gaur ere ez gara geldirik egongo, ez horixe. Egunero daukagu zeozer gure herri honetan. Herri hau kudeatzen dutenek atsedena hartuko dute asteburuan, soldatak igo berri dituzte eta pozik egongo dira bere atsedenlekuetan, skiatzen, paseatzen, hipermerkatuetan dirua gastatzen…

    Apalagooi, Udalaitz defendatzea tokatzen zaigu, mendira joaten jarraitu ahal izateko. Abiadura bizikletaz neurtzen dugun arren, trena sarriago erabili gura genuke, Zarautzera joateko, inoiz Gasteizera joateko, Bilboko alde zaharrera hurbiltzeko… baina hori ez, hoiek ez daude berrikuntzetarako. Madrilekin lotu behar dugu, Paris dugu begiko.  Baina Euskal Herrian patxada ibiltzeko ez daukagu tren egokirik.

    Badirudi, inposaketaz Y hori onartu behar dugula. Halabeharrez. Eta zelan diren kontuak, herritarrek iritzia eman ahal izan duten kasu guztietan, trenaren kontrako bozak izan dira nagusi. Kontsultaz berba egingo digute gero, jario etengabean.

    Abiadura handiko trenetan ibilia naiz, Frantzian, ibilia naiz Madriletik Kordobara ere. Eta? Ez dut beharrezko ikusten halakorik gurean. Gitxiago egin behar duten txikizioa ikusi ostean. Mapetara begira aritu -mila esker herri ekimenari horregatik- eta informazioa gero eta gehiago eduki, argiago daukat ez dugula behar horrelako obrarik.

    Baina, aste honetan ere, gero eta nabarmenago geratu dira jeltzaleen asmoak. Praileaitzen argi ikusi da zerk mugitzen dituen, harriak eta ez herriak. Harria errepide berriak egiteko. Praileaitzen balio historikoa, artistikoak… beraiei bost. Badute Gugemheim. Badute Kursaal. Badute Y. Badute sekulako muturra. Jeltzaleek obrak gura dituzte. Makinaria ezin da gelditu. Baimenak, tramitazioak, soldatak. Abiadura. Nora joateko? Zertan gastatzeko.

    Badirudi herri mugimendua asko azkartu dela aspaldion, zantzo politak ikusten dizkiot hedatzen ari den gizarte mugimendu honi. Horregatik ere, gaur Arrasatera joango gara hainbat herritar. Autobus bete. Kontatuko dizuegu, handik bueltatzean.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    irratia.com 100: mila esker guztioi

    Heldu zen abenduaren 5a, gaueko 22:00ak eta blogari, lagun eta entzuleak Kafe Antzokian. Urduri geunden gu, azken ukituak ematen emanaldia hasteko jendea zain musikariak prest teknikariak adi…. musika, sintonia, bideoak, lagunak… dena prest.
    irratia.com 100. saioa
    argazkiak: iMamon

    Eta bi orduko emanaldia eskaini genuen. Akats ttiki batzuk, intentsitate handia, giro oso ona, umorea, kantuak -eskerrik asko Gu, Petti, Txuma, Piperpolis, Josu…- gonbidatu bereziak, Kukubiltxo eta Josu Kamara, Bilbo Hiria irratiko lagunak -Ane, Txuma, Mieltxo-, Bartzelonatik etorritako Olentzero eta Igotz, Myjok kolektiboa Burp aurkezten…

    Zuzenean ari ginen, irratitik, Internetetik, Kafe antzokiti. Twitter bidez entzuleen berotasuna jasoz, Txiokari begira…

    Ez dugu erraz ahaztuko. Mila esker Mr Johnson. Katixak arrazoi zuen.

    Martxelo Otamendi irratia.com

    Info+

    Imanolek argazki sorta ederra eskaini digu. Denak batera ikusteko

    Kronika polita idatzi du Mikel Iturriak ere. eus + es

    irratia.com blogean argitaratutako kronika zehatzagoa.

  • agit/prop,  info 7

    Irratien sarea, irratiak eta sarea, sareko irratia

    info7 irratiaAsteon asko lotsatu barik irratia.com hartu dut hizpide asteroko mikrosaion. Talaiatik deitzen dioten kolaboratzaileoon tarte horretan, hurbiletik ezagutzen dudan proiektua aurkeztu dut, eta gainera info7 irratian ere asteazkenero entzuten denez gure emankizuna, aproposa zela iruditu zait.

    irratia.com egiten dugunok, gogoa eta ilusioa jarri dugu abenduaren 5eko saio berezian, eta horregatik eskura ditugun euskarri, ideia, eta mikrofono guztiak baliatu ditugu. Aurrekontu barik, emanaldi atsegin, interesante, dibertigarri, kritiko, zorrotz eta txukun bat egitea deliberatu genuen… eta gauean ikusiko da lortu dugun edo ez.

    Entzun gura baduzu:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2007/12/20071204_18.mp3]
    Info7 irratiak webgune berria dauka orain. Podcast, rss jario, albisteak eta beste hamaika nobedade.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Paris berriro sutan

    banlieues, karrikak sutan Sutan esnatzen ari da goizero maitasunaren hiria. Paris sutan. Eta berba berri bat ikasi dugu, banlieues, auzoak omen. Gatazka omen. Biolentzia omen. Paris riots etiketa nabarmendu zen, aurreko liskarraldietan. Orain ere, bi gazte hil dira. Motoaren kontra egin zuen poliziaren autoak. Bi gazte hilik. Eta erantzuna karriketan da orain. Sua eta amorrua. Zer espero zuten ba?

    Ari naiz, hango blogetara begira. Suaren kolorea damaite hango argazkiek, eta frantsesez irakurtzen dugu Pariseko ertzetako berri. Sarkozyk boterea berreskuratu duenetik, Barne ministrotik izatetik, presidenterakoa eskuratu duenetik… sutan dira langileak, ikasleak, gazteak… eta kea dariola dago maitasunaren hiria.

    Ez dakit, baina oraindik asko maite dut Paris.

    info +: Pariseko istiluei buruz, informazio interesgarriena vilaweb.cat gunean irakurri dut. Mezularian ez dute sekula vilaweb aipatuko, baina oso informazio ona eskaintzen du. Etengabe. Sarean. Katalanez. Interesgarri.

    Paris sutan

    BIDEOA

  • agit/prop

    Gaitz urdinari aurre egin gura diote Sakanan

    Gaitz urdina Sakanatik ikusia

    Sakana la ostia da oraindik. Gutxitan erreparatzen diot Guaixe aldizkariko komikigileari, baina lantzean behin, barre apur bat egin edo Euskal Herriaren erdigunetik gainontzekoa zelan ikusten duten jakiteko aproposa da.
    Euskal Herriko ertz guztiekin zirkunferentzia bat egin ezkero, duela 15 urte baino gehiago Etxarriko Mikelek esan zidan, konpasaren orratzak Sakanan behar duela. Eta pozten naiz, eskualde euskaldun, abertzale eta jatorra delako oraindik Urbasa, Beriain eta Aralar artean dagoen hau.
    Morkots artista bat da, Guaixe paperezko prentsa astero, Beleixe irratia, eta Sakanak euskaldun izaten jarraitzen du. Nafarroako eskualde euskaldunena? Baietz esango nuke.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Egia bat esateagatik

    Egia bat esateagatik,

    alabak

    hil behar bazaizkit,

    andrea

    bortxatu behar badidate,

    etxea

    lurrarekin

    berdindu behar bazait;

    Egia bat esateagatik,

    ebaki behar badidate

    nik eskribitzen

    dudan

    eskua,

    nik kantatzen

    dudan

    mihina;

    Egia bat esateagatik,

    nire izena

    kenduko badute

    euskal literaturaren

    urrezko

    orrietatik,

    inoiz,

    inola,

    inun

    eznaiz

    isilduko.

    Gabriel Arestik idatzitako poema irakurri berri dut, beti, sarri, askotan daukat gogoan. Ematen du, iruditzen zait, inperialismoaren kontra, faxismoaren kontra, inposaketa ororen kontra be, irakurri daitekela.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    irratia.com eta musika albisteak

    Irrati emankizun berezia egin behar dugu gaur. Bilbo Hiria irratian egiten dugun 95. saioa izango da eta gaurkoan gonbidatu bereziak izango ditugu.

    irratia.com

    Batetik gurekin izango dira deabruak teilatuetan 1973 diskoa aurkezten. Elkarrizketa egingo diegu beraien disko berria, eta aspaldiko etenari buruz berba egiteko.

    Baina gurean -estudioan esan nahi dut- egongo direnak Gernikako Audience izango dira, kitarra akustikoekin emanaldi bat eskaintzeko irratia.com entzuten duten guztiei.

    Beraz lagunok, prestatu zuen mp3 entzungailuak, sintonizatu zuen irrati zaharra FMko 96.0an edota Internet bidez entzun ezazue emankizun berri hau.

    Hurrengo asteak ere, gogo bereziarekin prestatzen ari gara… eta benetako ezustekoak aurkezteko dena prest daukagu.