agit/prop
agitazioa eta propaganda
-
Gazte egonaldiak, antzerkia eta arte udalekuak
Udalekuetarako izena ematen ari dira gure herriko gaztetxoenak. Eta burua garai bateko gure oporretara joaten zaigu. Ume bezala txikitan, begirale bezala gaztetan. Hara nahi nuke berriz ere. Irteerak, jolasak, kantuak, gau amaigabeak, festak… eta lagun berriak. Umetan bezala gaztetan ere.
Orain baina, eskaintza zabaltzen eta hedatzen ari da. Ingelesa, eskupilota, futbola, surfa edo bertsolaritzari eskainitako udalekuak ere badira. Umeek gustura joaten dira. Gurasoek gogoz bialtzen dituzte.
Baina beste udaleku batzuen berri ere izan dut aspaldion. Bitxiak egin zaizkit, eta deigarriak. Adinez nagusiagoentzat dira. Gaztetxoentzat. Eta euskaraz batzuk, nazioarteko izaerarekin besteren bat.
Gazte Egonaldiak 07 Bernedon
Atzo mezu bat igorri zidan Nagore Amondarainek Gasteiztik. Gazte Egonaldiak antolatu dituzte Bernedon. Beste udaleku batzuk posible dira. Hala Bedi irratian irratsaioa grabatuko dute, Entzun aldizkaria ezagutuko dute, blogak egin, filme laburra grabatu, mendira irten, hiriburuan ibili…. eta gazteak deitu dituzte.Gazte andana batek eman du izena, Nafarroatik, Arabatik, Iparraldetik. –Periferiatik batez be! ziostan Nagorek. –Bizkaia eta Gipuzkoakoek ez dute behar euskal udalekurik, ingelesa edo frantsesa ikasi behar deurie 🙂 erantzun nik. Baina askok eman du izena, eta pozik dago Nagore, ondo aterako da saiakera berri eta moderno hau.
Bideoa ere egin dute, Youtuben zintzilikatu, eta ikastolaz ikastola aritu da bera, gazteei erakusten. Ondorioz izena mordo batek eman du.
Antzerki udalekuak Lekeition
Eta Lekeition antzerkiari lotutako udalekua antolatu dute Bizkaiko ikastolek, Kale antzerki jaialdiarekin bat eginez. Eta antzerkia landuko dute besteak beste udaleku horretan. Antzerkizalea izanik, aukera ona Lekeitiokoa.Arte udalekuak, Artelekun
Artelekun iaz ere Ia18 ekimenekoek arte udalekuak egin zituzten. Arrakastatsuak suertatu ziren, Batxiler artistikoa ikasitako gaztetxo piloa batu zen Donostiako kultur gune interesgarri honetan. Aurten berriz, nazioarteko ekimena da, nazioarteko artista gaztetxoak batuko dira udalekuan. Horrela azaldu zigun irratia.com emankizunean Amaste agentziako Ibanek ere. -
Race to save basque language
Running ari gara, rainning ari da oraindik. Euria ari du gure lasterketaldi honetan.
Vancouverretik idatzi digu Kaitlin delako batek. E-kazetaria da, kazetari hiritarra nowpublic (crowd powered media) webgunean. Gune interesgarria iruditu zait, eta hara begira egoteko asmoa daukat, tarte batez.
Race to save basque language idatzi du. Argazkiak eskatu ditu, eta argazkiak jartzen jarraitu dugu guk. Flickr bidez korrika etiketari erreparatu dio, eta sarea osatu du, tartean idatzi gaitu guri ere. Eta guk erantzun. Eta jaramon egin. Eta gure argazkiak sarean eskuragarriago jarri ditugu guztiok.
Euskal Herriaren barri zelan emon asmatu beharko dugu orain, Korrika bera be, amaitu egingo dalako. Baina gure lasterketak iraungo du. Gure herriarenak. Musika edo kulturarena.Izango dugu munduari zer konta. Zer erakutsi.
Larrabetzutik mundura
Larrabetzu.org gure herriko gunean hori da gaur albiste, pozik hartu dugu. Pozik begiratzen diogu munduari, gurea erakutsi dezakegunean. Gure argazkiak munduan oihartzuna izan dutela ikusteak piztu egin gaitu. Belen Ganaren omenaldiaren berri, nahiz eta goizaldean izan, nahiz eta euripean burutu… nazioarteko albiste bihurtu dugu gure txikian. Eta poztu egin gara. Komunitate txikia gara, herri txiki batean. Baina gogor eta gogoz ari gara tresna berrienekin. Ez da garesti, gogoa eduki ezkero. Etxeko tresnekin ari gara, labadora eta sukaldea baino merkeagoak direnak. Kamara txikiak, konexio normalak eta ordenadore arruntak ditugu. Baina luze ari gara, gurea kanpoan erakusteko.
Erantzun digute Madriletik, ikusiko gaitu David Bieterrek Renotik, edo Bruselatik Gorkak edo Mexikotik iheslariren batek. Bitartean, euria ari du eta kalean ez da giro. Korrikak jarraitzen du.
Ohartu barik ia ia, Nowpublic horretan, albiste popularrena bilakatu da Korrikarena. Euskaldunak klik eta klik arituko garelako ziurrenik, baina ez da albiste txarra hori ere, gutxienez.
Bitartean, guk running edo playing.. edozer behar dugu doing to save the basque language, to save the basque culture, edo to know our country, Basque Country (Euskal Herria).
-
Hasi da Korrika 15
Hasia naiz Donibane Garazitik. Hasia dut Gasteiztik. Hasi nintzen Mauletik. Hasita daukat Orreagatik… denak dira ezberdin. Denak dira hunkigarri.

Gaur Internetetik hastea egokitu zait. Info7 irratia entzuten nuen ordenadore ondoko bafleetatik, Euskadi Irratia entzuten zen irratitik… eta oinak arineketan ez zaizkit hasi ba!
Karrantzan burua, Bartzelonatik idazten ari zitzaidan Arkaitz, eta Twitter bidez nire sentimenduak adierazi gura nituen sortu berri dugun euskaldun komunitate birtual horretan.
Hasi da Korrika, eta nahastuta ibili naiz. Korrika egin nahi nuen, baina ezin lau pareta hauetatik irten. Hotza kalean. Edurra ikusten da oraindik. Hotza behar du Karrantza aldetik ere, baina bero egongo da giroa.
Bihar eta etzi. Domekan. Astelehenan. 10 egun eta 2510 kilometro inguru aurretik. Internetetik, prentsatik, irratitik, aurrez aurre jarraituko dugu Korrika. Ahal den bezala, baina Korrika ez da geldirik egoteko, ez horixe.
-
Ezetz esan genion gerra hau
Ezetz esateko!
Mundua gobernatzen duen lehendakariak, jainkoaren eta demokrazioaren izenean krimen berri bat iragarri du. Horrela jainkoa bera iraintzen du, demokrazia iraintzen duBushen gobernuak -gobernua baino gehiago oleoduktoa- munduko erretserbarik handienetakoaren jabe izan gura du, Iraken lurrazpian dagoen petroleoaren jabe. Horrez gain, Estatu Batuek gerrarako materialetan xahutzen duen dirutza arrazoitu behar du, eta jendaurrean gerrarako industriaren azken modeloak erakutsi beharra dauka.
Hori da afera. Gainerakoak, aitzakiak dira. Eta egin gura duen sarraskiaren aitzakiek inteligentzia bera iraintzen dute. Munduan arma nuklearrak erabili dituen herrialde bakarrak, Hiroshima eta Nagasakiren gainera bonba atomikoa botatzeko gauza izan zenak, Irak gizateriarentzat arriskua dela ohartarazi nahi digu. Bushek gizateria horrenbeste maite badu, eta gizateriak gainean duen mehatxua ekidin gura badu, zergatik ez du bere burua bonbardeatzen? Horrela errurik gabeko herrien exterminioa planifikatu beharrik ere ez luke izango.
Otsailaren 15rekin munduko kaleak manifestazio handi bilakatuko dira. Gizateria nazkatu da bere izenean hiltzen dutenetaz. Gizateriak ez dio gehiago negarrik egin nahi gerra bukatutakoan hildakoari. Gizateriak hilko duen gerra ekidin gura du.
postdata: Hitzok bilatzen aritu naiz Indymedian. Aspaldi, duela 4 urte euskaratu nituen, Eduardo Galeanok idatziak dira, gerraren kontra antolatzen ari ziren ekitaldiotan irakurtzeko. Euskal Herrian ere, ozen esan zitzaion ezetz gerrari. Iraken ordea, okupazioak eta gerrak bere horretan irauten du. 4 urte igaro dira dagoeneko.
argazkia: GuerrillaPop
bigarren postdata: Gerra ala inbasioa? Info7 irratirako kronika prest nuenean, Antton teknikariak, gerra barik inbasioaz ari ote nintzen galdetu dit Urruñatik. Baietz nik, inbasioa, baietz. Eta kronika egokitu dut. Bat batean.
[audio:http://info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070320_eus_1201.mp3&sekzioa=talaiatik&id=1205]
-
Karl Marx kalea
Gaur bezalako egun batez, 1883ko martxoaren 14an hil zen Karl Marx. Pentsalaria, filosofoa, marxismoa eta komunismoaren aitzindaria.
Gaur bezalako edozein egunetan, oraindik Euskal Herriko udalerri batean, gutunazaletan egunero egunero Karl Marx kalea agertzen da. Idatzi eta jaso egiten da.
Euskal Herrian izan dira une gorri eta gorriagoak. Ezkerra proiektu politikoa izan da, garai bat baino jarrera bat izan da ezkerrekoena. Eta kaleak horrelako izenarekin jarraitzen badu, arrazoiren bat egongo da oraindik. Munduan iraultzaileen estatua asko erori eta bota dituztenean…

Eta oraindik Karl Marx kalerik badago gurean. Badakizue non?
Asmatu ezkero, ardo gorri bat ordainduko dizut ondoko taberna gorri batean. Ezin gorriago.
Manifestu KomunistaÂ
Bere lanik ezagunena Kapitala –Das Kapital jatorrizkoan- izan zen, baina mundua aldatzen hasteko egin zuen lanik iraunkorrena Engelsekin batera idatzitako Manifestu komunista izan zen. Gurean aspaldi itzuli zen euskarara -ez zuen ba Xabier Kintanak euskaratu?- eta gaur egun ere, Interneten eskuragai dago osorik eta euskaraz, Marxisten gune batean. -
Iruñeako Donibane auzoa, martxoak 13
Martxoaren 11 hura ez dugu erraz ahaztuko. Leherketak Madrilen, eta oihartzunak Euskal Herria jo zuen, bete betean. Eztandaren ardura, egoera latza, inposaketaren kezka.
Une amaigabeak, Interneteko kontsultak, erantzun gabeko galderak.
Latzago bizi zuten Iruñeako Donibane auzoan. Okiña hil zuten. Une haiek, orduan bizitakoa bildu dute auzokideek orain filme batean. Eguzki Bideoak ekimenak burutu du errealizazio lan guztia. Emaitza sarean ikusi baino, filmearen trailerra ikusten ahal dugu. Anaitasuna kiroldegian egingo dute estreinaldia.
-
Duintasuna
Duintasunak hemendik aurrera esanahi berria dauka, Iñaki.
Duintasuna maiuskulaz idatzi daiteke, Iñaki.
Duintasuna eredu da, Iñaki.
Duintasunaren eredu, hitz, esanahia zara, Iñaki.
Duintasuna ez da ziega batean sartzen, duintasunak atera egin behar du espetxetik, duintasuna ez da erosten, ez da saltzen, ez da legeetan kabitzen.
Duintasunak heriotzara zaramatza, duintasunak bizi nahi du. Duintasuna zu zara, Iñaki.
Duintasuna; Iñaki De Juana Chaos. Euskal Herritarra. Preso politikoa. Askatasunaren alde direnak eta bi egin eta eman ostean, duintasunez Euskal Herrira heldu dena.
-
Negozioa egin behar dugu.com
Egin egin behar dugu. Eta punto.
Sarritan damua etortzen zaigu, hain erraz izan genuen, eta ez genuen bidea hautatu. Ez ginen jeltzale egin. Ez genuelako sinesten, edo beste amets batzuk genituelako buruan apika. Baina ez ginen jeltzaletu. Ez genuen laket.
Ordaindu dugu. Zailago ditugu lanak, laguntzak. Ikasle fin eta jatorrenak ere ez ginenez… zailtasunak. Eta kontaktuak falta zaizkigu, ezagunak ez dira boteredunak, entxufeek kalanbrea ematen digute oraindik… eta ezin dugu kotxe hAUnDI eta txaletekin amets egin. Ez gara beraiek bezalakoak.Euskal Herria zer den ikasi genuen, ikusi dugu, bizi nahi dugu. Eta latza da Euzkadiren gainetik beste ezer badagoenik irudikatzea. Oraindik eskoletako liburuetan ze mapa agertzen diren ikusi eta izutu egiten gara, eta umeei Euskal Herria zerk osatzen duten azaltzen saiatzen gara. Domekan izan ginen Maulen, gaur gara Bilbon, atzo Donostian. Eta Lapurdiko hondartzetako ur gazia eta uhainak maite ditugu, oraindik. Bada herri bat kantauri magalean.
Elkartasuna, ezkerra, baloreak, beste mundu bat, hau berau, posible dela esaten dugu. Maiz. Eta entzuten dugu. Aldatu nahi dugu. Berdintasuna, malgutasuna. Eskubideak aldarrikatzen defendatzen eskatzen ikasi genuen oso gazterik. Eta ortodoxo deituko zaitu edozein intelektual damutuk. Ezkerra zirenek egin diote mesede handian eskumarik ankerrenari. Munduko hezi eta harresiak erori zirela diote unibertsitateko Fukuyama guztiek, baina ormatzarrek baino ez dituzte banatzen zapaldu eta zapaltzaileak. Eta munduko mapari so, herri, kultura, borroka ezberdinak badirala ikasten dugu. Mundua borborka dago, goi eta behe. Eta elkartasunezko keinuak egiten ditugu. Joan etorrikoak. Eta hango eta hemengo, bertako eta bertoko uztartuz doaz. Ezker berri bat eraikitzen omen, nahi bai.Baina zure herriko leloenak peneuveren zerrendetan joatea onartu du, lana eskaini diote, ama udal bulegoak garbitzen jarri dute, hau egingo omen du, hori lortuko ahal du. Baina jarraitzen dute kalean pote asko hartu barik, inongo elkartetan ibili barik, ez dira ezer. Boterea eskuratu dute, baina ez dute eskurik. Ez dute besorik. Poltsiko hutsa dira.
Jon Jauregi esaten dute. Egibarrek aitortzen du, urtean ez dituela 30 kilo baino gehiago jasotzen. Jode! Ze pena ematen duen Jauregin. Ze zintzo planta duen. 5 etxe baino ez dituzte berak eta bere familiak… Jakan bat, Ziburun beste bat, Beasainen batzuk…. PNV bertatik atera da informazioa, hori sinesten diot andoaindarrari. Baina hasi daitezela dena ateratzen… nik lagunduko dizuet gure herriko alkateak egin duen fortunatxoa azaltzen. Urtero zenbat kilo altxatu dituen porelmorro! egingo dugu.Obrak, lizentziak, karretera berriak, autopistako peajeak, abiadura handiko negozioak, txantxulloak, meganeopaleolitiko guztiak suntsitzeko besteko leherketak, harrobiak, subentzioak, sariak, dirulaguntzak, baserriak, unibertsitatea, zipaioak…. dirua nagusi. Eta lehendakariak bakea du ahotan. Bakea behar dugu. Noski.
Bakea behar dugu negozioa egiteko. Horrekin ere. Armekin nahiko negozio egin dugu eta….
-
Kalera, giza eskubideen alde

zer da ba ordubete gure egunerokoan? zer dira giza eskubideak, gerra giro honetan? zer da zor zaiena? zer da egin dezakeguna? zer egiteko prest gaudena?
Biolentziarik ez, esaten digute, baina ordu bete mugitzeko ere, biolentziaren aldekoak gehienbat.
Presoen eskubideen alde, milaka lagun aterako dira gaur kalera, eguerdi partean ordubeteko lanuztearekin, eta iluntzeko kontzentrazioetan gero. Ordu bete euskal presoen eskubideen alde. Ni ere bai.
-
zer egin dezakegu presoen alde?
Aurreko bisitan arrebak esan zidan, denda batean sartu zela idazmakinen katalogo eske. Ea zein mundutan bizi zen galdetu omen zion dendariak harri-burdin eginda, idazmakinarik inork ez duela eskatzen orain. Eta horixe izango da, kontuetako bat, zein mundutan bizi garen hain zuzen. Idazmakinarena adibide polita da leku hauetako logika ulergaitza adierazteko. Pentsatzekoa da lehen ere antzera izango zirela kartzeletako eta kaleko munduen arteko ezin ulertuzko hegiak.

Presoaren hitzak dira, Jokin Urainek idatzitako Errotarria liburutik ekarriak. Preso dagoenak idatzi egiten duelako. Preso dagoenak askatasuna bilatzen du hitzetan. Eta irakurri egiten du. Gutunak bezala liburuak. Edo ikasketetako apunteak. Eta halako bitxikeriak gertatzen dira gero.
Presoek sarritan, gehiegitan ez dute ordenadorerik erabiltzeko aukerarik. Ez dizkiete lagatzen. Frantziako espetxeetan portatilak dituzte, baita euskal preso politikoek ere. Espainian zailtasunak, arazoak, debekuak. Eta makinaz ere ezin idatzi, idatzi beharrekoak. Eta eskuz pasatzen dituzte, gero kanpoan argitaratuko direnak ere. Hori ere bada kartzela.
Eta gu, kanpoan Internet eta teknologia berrien inguruan, sutsuki lanean ari garenok; zer egin dezakegu? Zelan erakutsi beraien egoera mundu birtualean? Internet ezagutzeko, erabiltzeko paradarik ez dutenen berri, zelan eman dezakegu Interneten?
Blogetan ezin dituzte erantzunak utzi. Ezin dituzte beraien egunerokoak argitaratu. Ez dute podcasting edo irratsaiorik egiteko betarik. Askatasuna giltzapean dago, kontakizuna ere. Izan ere, kartzeletako eta kaleko munduen arteko ezin ulertuzko hegiak dira. Zinez.
Eta hemen nabil, guk presoen alde, beraien eskubideen alde zer egin dezakegun asmatzen. Gure hitzak, beraien salaketak, kontakizunak izan daitezen. Gure berbak askatasun taupada bihurtu daitezen.

























