agit/prop

agitazioa eta propaganda

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  su-etena | ceasefire | tregua

    Europako berri hemen

    Gaur egun garrantzitsua dela ematen du. Eta egunak mereziko du gogoeta bat ere. Gaur, bihar, etzi. Euskal Herriaz ari dira Estraburgon, Europa Euskal Herriari so. Eta gu hara begira. Kazetariak, komunikabideak denak hara begira jarrita daude, eta asko handik bertatik ari dira.

    Bideoz zuzenean jarraitu daiteke ekitaldia Internetetik. Hizkuntza hauta dezakezu, baina ez gurea, noski. Telebista askok ere emango du.  Albistegietan ez da beste ezer aipatuko ziurrenik. Edo bai. Nork jakin.

    Euskal Herriko komunikabideek ere Europarako bidea egin dute. Normala den bezela. Eta Interneten topatzen ditugu goiz erdirako hango kronikak, hango iritziak, adostutakoak, eztabadiak, kaleko inpresioak.

    Gara eta Berriaren edizio digitalak irakurri ditut, eta info7 irratiko webgunean zintzilik daude hango kronikak ere: parlamentukoa zein kalekoa. Interesgarria bide hau ere, FMtik eta Internetetik zuzenean eskaini, eta sarean denbora errealean ia ia eskuratzeko eskaini.

    Europako eztabaidaren oihartzuna baina, helduko al da gure blogetara? Nazioarteko blogosferan ziur erantzuna izaten duela, gurean baina, ematen du gai hauetatik ihesean gabiltzala. Ez dugula prozesuaren gainean jardun gura, busti nahi. Eta blogetan sortu daitekeen giro onak, eztabaidak aberastu dezake maila batean hori ere.

    ETAren ekimenak Interneten eduki zuen isladaren ostean, abian jarri beharreko prozesuak ere merezi luke arreta piska bat. Eztabaida gehiago.

  • agit/prop,  su-etena | ceasefire | tregua

    Zer gertatzen ari da?

    Mezua bolo boloka zabaltzen ari da eguerdia geroztik. Guardia Zibila zenbait herriko tabernetan sartzen ari da, ez modu baketsuan, ez oso atsegin. Epaitegi gorenak Herriko Taberna guztien inbentarioa egitea eskatu du, baita azkar betetzen hasi ere.

    Zarauzko Arranoa duzue irudiotan. Informazioa batu ahala egokituko dugu guzti hau. Zuek ere aportatu dezakezue.

    Berria edizio jarraitua
    GARA digitala
    Urola Kostako Hitza
    Sustatu.com

  • agit/prop,  musika

    Euskal Herria askatu arte

    Joseba Tapia edo zelan zatarra edertu.

    oharra: testu honen irakurtzeko, kantua entzutea eskatzen da. Ardoak ere ez lizuke kalterik egingo.

    Real Politik [audio:http://www.josebatapia.com/mp3/RP04.mp3]

    Museo bat montatzekotan geratu ginela uste dut. Artea egin nahi dugu, baina ez estatikoa. Mugitzen den artea. Mugitzen den musika. Politikoak ez zaizkigula interesatzen… eta beste asko.  Horrelako ideiak trukatu genituen han, Bilbon. Lan egiteko ardoa, barre ugari,, afari goxo eta musika artean. Musikari eta musikazale. Esandakoak; afari baten bueltan sortzen diren ideia zoroak, ideia politak, ametsak baino ez diren ideiak… gure ametsen ideologia.

    Euskal Herria askatzea, mahai baten bueltan. Hori da gure prozesu osoa. Kontzertu bat, eta osteko afaria. Gure elkarrizketa mahaian edonor jartzen ahal da. Ideiak behar ditugu: ideiak konpartitu, kantuak egin, koplak entzun, hauspoa astindu.. eta barre egin, ondo pasatuz. Ideologia beharrezko da, bizitzeko, irauteko, aurrera egiteko, lanean jarraitzeko. Kontzientzia eragozpenik ez dago gureak, kontzientziari ez diogu intsumisioa ametitzen. Intsumisioak, aldarriak, ametsak behar du kontzientzia, behar du ideologia.

    Real PolitikPolitika egin nahi dugu, ametsak gauzatzeko. Handiak txikitzeko. Eta gaueroko eguzki beteari, plazak eskaintzeko. Kantuak, ondo pasatzeko eta hobeto jarraitzeko behar du. Kantua barruak asebetetzeko. Kantua kantatzeko. Hauspoari eragiteko.

    Mahai bete lagun Bilbon. Eta Joseba Tapiaren diskoak zertaz berba egin eskaini zigun. Atzean geratu ziren, diskoaren aurkezpena, Arestiren koplak, musika eta musikariak, musikazaleak eta musika, artea eta kultura. Komunikabideak eta komunikazioa.

    Kalea da gure agertoki, gure museoa. Kantua, diskoak, elkarrizketak, bloga, agitazioa eta propaganda. Tresna guztiak ditugu beharrezko. Tregua barik. Euskal Herria askatu arte.

    Eta RR ikusten baduzue, gorantziak eman, baRRe egingo dugulako! ja ja!

  • agit/prop,  larrabetzutik

    EZpanitatearen eguna

    Arraza, Hispanitatea, Guardia Zibila…. ankerrak oro ospatzen direnak. Beldurra ematen duten ospakizunak. Beldurra, izua eragin duten kontzeptuak.

    Urriaren 12an Amerika ezagutu zutenen alde. Urriaren 12an, Hispanitatea ospatzen. Guardia Zibilak kaleetan desfilatzen, kantinetan mozkortzen…

    Eta bien bitartean, gure herria -beste asko lez- kartelez josita esnatu da gaur ere: Ez dugu ezer ospatzeko jarri dute bart, gaur institutora joan diren gazteek. Eta joan egin dira, inposatutako jaiari muzin egin, eta 9:30etan ireki dute institutoa. Filmea lehen orduan, hitzaldiak gero, mendi irteera bat Gaztelumendira, manifestazio bat Lezaman… egun mugitua izango dute gaur gazteenek.

    Euskal Herriak Intsumisioa!

    Eta adorez, eta inbidiaz, ikusten ditut gazteagoak. Intsumisio jarrerak hartu dituzte aintzat, eta ospakizun arrotzen aurrean, lanera joan dira. Gainontzeko egunetan baino gogotsuago apika, beraien gaurko ikasgaiak beraiek antolatu eta prestatu dituztelako. Eta harro egongo dira, hispanitateari muzin eginez. Pozik curriculum propio baten bidean, gure herriko historia ezagutu eta menpekotasun kateak hausteaz.

    Gu egiteko gai izan ez ginena, egiten ari dira orain gazteagoak. Eta pasibitatea, eta indibidualismoa… aipatuko ditugu sarri. Baina orain, guri exenplua ematen ari dira. Orduotan, beraien ikasteetxeetara joan diren milaka gazte hoiek. Eta guk batailak kontatuko dizkiegu: 68koak, 80. hamarkadakoak, 90.enekoak… hau eta beste. Baina hauek, gu baino gazteagoek, mende berria modu berrian hasi dute. Intsumisioa ez da soldaduzkatik libratzeko aitzakia soilik, intsumisioa… bizitzan mantendu daitekeen jarrera delako.

    Postdata:
    Atzo, kafe orduan istorio polita entzun nuen, han, Mororen tabernan. Kontalariak zioen, urriaren 12an pobreen eguna zela. Eta denok zur eta lur begiratu genion. -Pobreena? Zer ba?

    Kontatu zigun zelan, aspaldi, Larrabetzura etorritako andaluz batek, Moyak, kontatzen zuen egun handia zela urriaren 12a diru beharra zutenentzat. Izan be, guardia zibilak ospakizunetan eta mozkorkerian zeudela profitatuta, lapurreta onak egiten bide zituzten urriaren 12a ospatzen zen aldiro. Pobreenen eguna. Beinke.

  • agit/prop

    60 egun

    Bi hilabete, 8 aste. 60 egun. Ordu asko. Bakarkako minutuak. Loak eta ametsak. Amesgaiztoren bat. Ilusioa eta kemena. Haserrea eta buruko mina. Nik zer dakit zer?!

    60 egun, zer ez zaigu gertatu egunotan. Niri behintzat bizitza aldatu zait. Lagun berriak egin ditut. Munduaren berri izan dut. Mundu gero eta okerrago honek ordea, badu alternatibarik. Justizia eskatu eta mutu geratzen den mundu hau.

    60 egun. Zer ez zaion burutik pasa, bakarrik den presoari. 60 egun eta gose greban. 60 egun, eta ezin ixilik egon. 60 egun, eta askatasuna aldarrikatzen. 60 egun, eta ez dut ixilik egon nahi. 60 egun, eta batzuek ez dute txintik ere esan. 60 egun, eta giza eskubideak ez dira errespetatzen.

    Iñaki de Juana eritetxeko leihotik

    60 egun gose greban Iñaki de Juanak, euskal preso politikoa. 60 egun.
    Literatura eta iraultza

    Anjel Martinez komisarioak bere errebolberraren kainoia
    detenitu biluziaren ipurdira sartu eta mirila zikindua,
    odoldua, patetikoa ateratzen duenean
    zer axola zaio mutil torturatuari poeta um fingidor den?
    G.K. Chestertonek La Salve bisitatu ote du inoiz?
    Intxaurrondoko kalabozoetan
    nork ezagutzen du Hermann Broch?
    Zelan adieraziko du gero mutil torturatuak
    epailearen aurrera suntsiturik iristean
    objetive correlative kontzeptuaren esanahi zehatza?
    Zer da Molly Bloomentzat
    Carabanchelgo egunsenti jostorratzez betea?
    Nor da Michel Foucault zigor zeldetan
    hamar hilabetez higatzen denarentzat?
    Bost minutuko bisita? Enkontru lirikoa?
    Euskal presoek
    Jean Duvoisinen Biblia estudiatu behar dute
    beren gutun debekatuetan
    hatxeak eta komak leku egokian jartzeko?
    Zein da literaturarentzat
    errebeldiaren, iraultzaren, abenturaren
    balio etiko ahortezina?
    Zer izkiriatzen da
    Voprosi Literaturi edo Tel Quel aldizkarien ertzean
    euskal presoen gose greba amaigabeez?
    Zer axola ote zaio konpromezua
    polizien tiro artetik —erreboluzioaren bandera lez
    ezkutarik gabe— ihes doan mutilari…

    Joseba Sarrionandia, Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-1995)

  • agit/prop,  info 7,  teknologia berriak

    Info 7 irratia FMtik entzuten da

    Badira hilabete batzuk Info 7 irratia sortu zenetik. Internetetik abiatu zuen bere martxa. On_line irrati bezala ezagutu genuen, Urruñako estudioetatik Euskal Herri osora -mundu osora- hedatu zituen bere mezuak. Orain, uhinen bidez ere entzuten da Kantauri itsasoaren magaletan. Lapurdi eta Gipuzkoan (FM 99.2) eta Bizkaia aldean (FM 102.3) . RDS sistemarekin, autoan edo irrati berriagotean ikusiko duzu INFO 7 mezua, eta grabatzeko aukera izango duzu.

    INFO 7 autoko irratian

    Gipuzkoa eta Lapurdi aldean, bada denboratxo bat entzuten ahal dela. Kalitate onarekin entzuten da Zarautzetik aurrera A8 autopistako bidean. Zarautzen 99.3an bertako Arraio irrati librearen uhinak oso ondo hartzen dira. Handik Ipar Euskal Herrirako bidean ordea, 99.2an ederto entzuten dira Info 7ko emankizun eta musika saioak.

    Bizkaiko berri

    Internetetik batera, Koska irratiak (108.0 FM) ematen izan ditu goizeko INFO7ren emanaldi batzuk. Gasteizetik berriz Hala Bedik berdina egiten zuen. Orain, Bizkaian behintzat FMtik entzun ahal izango dugu, egunero 24 orduz. Nik frogatu dut, albistegiak entzun ohi ditut -puntuan euskaraz, terdietan gaztelaniaz eta laurden gutxitan frantsesez…- eta informatiboki, hasi zirenetik asko hobetu dela aipa dezaket.

    Orain baina, nondik eta zelan entzuten den batzen ari naiz. Entzuleen mapa bat osatu gurean.

    Info 7 ondo entzuten diren herriak:

    Deustu
    Larrabetzu
    Lezama
    Zamudio
    Derio
    Zornotza
    Alonsotegi
    Bilbo

    … zerrenda eta mapa osatzen lagunduko didazue? Nondik eta zelan aipatuz. Frogatu FMko zenbaki horretan, eta idatzi.

    Mila esker, aldez aurretik.

  • agit/prop

    non zaudete demokratok?

    Iñaki gose greban

    Desobedientzia zibila aldarrikatu baina inoiz pratikatu ez dutenentzako oharra.

    Borroka armatua beharrezkoa ez dela esaten dutenentzako abisua.

    Giza eskubide guztiak defendatzen dituztenei jakinarazpena.

    Demokrazian bizi garela uste dutenei adierazpena.

    Presoen eskubideak defendatzeko aldarria.

    Euskaldun abertzaleentzat gaztigua.

    Kazetarientzat aholkua.

    Hilabete pasa egin du euskaldun batek gose greban, prentsan bi artikulu idazteagatik gubidagabe bizitza osoko kartzelara kondenatu dutela salatzeko.

    Nik ere, hitza maite dudan lez, adierazpen askatasun osoaren alde nagoen lez, demokraziarik egon badagoela -baina non- pentsatu gura dudan lez, presoen eskubideen alde nagoenlez, beraien izaera politikoa onartzen dudan lez eta Iñakiren askatasuna aldarrikatzen dudalako… blog honetan, egunero Iñakiren argazkia jarriko dut, bere eskubideak bermatuak izan arte. Dagozkionak. Ez bat gehiago, ez bat gutxiago.

    Bitartean, heldu eskutik eta aurrera bolie.

  • agit/prop

    Aupa Iñaki


    argazkia
    : etengabe.org

    Jendetza Lezaman. Omenaldia Iñaki Rike bertako semeari. Ia 18 urte urte espetxean egona. Lezamarra, abertzalea. Baionan hil zen uztailaren 27an.

    Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak
    ez bada abaildu eta oholetan

    Ez du niniak begia uzten
    ez bada erroi edo arrubioen mokoetan

    Nekez uzten du gezalak itsasoa
    ez hareharriak basamortua

    Ez du liliak udaberria uzten
    ez elurrak zuritasuna

    Bere sorterria nekez uzten du
    sustraiak han dituenak