agit/prop
agitazioa eta propaganda
-
puntuEUS | bideo interesgarria, abiapuntu beharrezkoa
puntuEUS ekimena aurkeztu zeneko bideoa. Sarean zabiltzala, batzuetan topatzen dituzu horrelakoak. Aurkeztu zutenean interesgarri neritzon, eta geroztik aspaldian bisitatu gabeko gunea izan da euskara eta euskal kulturaren aterpe edo dominioarena. PuntuEUS ekimenak lan interesgarria, apala, zabala eta sendoa egin du geroztik.
Azkenekoz Durangoko azokan agertu ziren jendaurrean, baina gure komunitateak beti presente izan beharko du ekimen hau.
Bideak jarraitzen du. Eta noizbait helduko da dominioa eta euskararen presentziaren areagotzen bat sarean. Nortasun propioarekin.Bitartean, balio beza gogoetarako Xabi Erkiziak zuzendutako bideo (ikusentzunezko) eder honek.

-
Bo hizkuntza, euskara, bertsoak eta software librea
Irratia.com ez da filologia

Irratsaio bat egiten dugu astero Jabi Zabala eta biok: irratia.com. Eta 10 urte betetzen ari gara, sarean, lanean.
Euskal kultura digitalaz aritzen gara, gure apalean. Eta zer da ba euskal kultura digitala? Duela hamar bat urte hasi ginen termino horrekin, eta hori izan da gure iparra, hori gure egitekoa. Gure kultura digitalizazioaren alorrean murgiltzea, kultura digitala euskaldunduz, bidenabar. Eta horretan dihardugu oraindik, zalantza berdinekin, gogo itzelarekin, galderak egiten, erantzunak bilatzen. Google bilatzaileak ez digu erantzuna eman, baina software librea baliatuta igual garatuko dugu zeozer, kode irekian edo…Hizkuntzak, kultura, teknologia, musika, albisteak, irratiak…. ditugu hizpide eta euskaraz ari gara, baina gurea ez da filologia, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Konturatzen gara, aspaldion eztabaida filologiko gehiegi dabilela euskal blogosferan, zelako zalaparta eta kalapitak sortzen diren hizkuntzaren inguruan, formaren inguruan batipat… fondoaz ez dugulako duda asko egiten. Eta horrek are gehiago kezkatu beharko gintuzke. Sarritan, hala ere kezka filologikoa da nagusi hala ere…
Eta bitartean Bo hizkuntza desagertu da munduan, eta guk Ruper Ordorikaren kantuak entzuten ditugu irratitik. Eta gogoeta munduaz, globalizazioaz, progresoaz, gureaz…. pentsatu lokalki, eragin globalki esan eta play tekla zapaltzen du Ibon gure disko jartzaileak. Eta sareko berri eman, software librearen azken bilkurari buruzko elkarrizketa edota albiste teknologiko oso bat osatzen dugu, apurka apurka.
Horrelako saioa izan da aste honetakoa, Bilbo Hiria irratian egiten dugun 169. saio hau. Fosdem-en hasi, Flandriako hiriburu Bruselan burutu den software libre garatzaileen bilkuraren karietara, Bertso egunetik pasa, eta Bo hizkuntzaren gainean filosofatzen amaitu dugu. Eta gure kezka tekno/etniko/identitarioak nabarmendu ditugu podcast batean. Eta musika, rockanrolla batez ere entzun dugu, hitzekin uztartuta…. euskara eta Bo, irratia.com saio gogoangarri batean. Euskara eta biok, irratia eta gu. Podcasting-a eta zu.
irratia.com 169. saioa: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100208.mp3]
Podcast: Play in new window | Download
-
grebaorokorra.info larriki saritua
ARGIA saria eman diote maiatzaren 21eko grebaorokorra.info ekimenari.

Biba zuek! pikete informatiboa egin zenuten guztiok.
gaztelumendi.org blog honetan grebaorokorra etiketarekin, m21eko grebari eta grebaorokorra.info proiektuari eskainitako albiste eta iritziak.
-
gora galizia ceibe!
Beste behin, eredugarri galegoak.
queremosgalego.org plataforma herritarra sortu dute, nunca mais berri bat. Hizkuntzaren alde, hezkuntzaren alde.
Hemen, badirudi euskararen alde gaudenok, adiago gaudela hurrengo subentzioak boletinean noiz argitaratuko, beste ezeri baino. Euskalgintza deritzona indarge ikusten dut nik, begi okerrotatik; baina bada ostantzeko asmo eta ekimenik ere gurean, ze erremedio! martxoaren 13an ikusiko dira gure indarrak eta ahuleziak, Bilbon.
Biba zuek! galegoz bizi gura duzuen adiskideok. -
to shoot an Elephant
Gaur mundu osoan To shoot an Elephant
[Irakurri To Shoot an Elephant filmari buruzko ARGIAko erreportajea]
-
Liburuen poliziaz
Irati Jimenez | Berria
Liburuaz ari ginen. Liburuaren lekuaz. Ergelkeriak pentsatzen hasi naiz, as usual. Liburuak politak direla pentsatu dut, baina leku gehiegi hartzen dutela (apalategietan) eta deserosoak direla etxez aldatzeko (aurten bitan egin dut, amesgaiztoa). Liburuak maite ditut, baina nireak direnean ere ezin ditut erre jendeak gaizki begiratu gabe. Halako txotxoleriak pentsatzen nengoenean irakurri dut Victor Manuel kantariak esandakoa. «Guardia Zibilean baino ez dut sinesten», dio, musikarekin bukatzear omen dauden webgune ustez ilegalen itxiera eskatuz.
Emadazue tiro. Euskarri elektronikoa hementxe daukagunean eta jendea jo eta su dabilenean liburuak doan eskuratzen Interneten, liburu bategatik ematen didatena defenditzearren polizia etor dadila eskatzen badut, emadazue tiro.
Hara, nire ustez musikarekin miraria pasa da. Sistema horizontalagoa daukagu, abestiak doan, diskografia osoak eskura. Musikoak ezin dira kantua latan sartzetik bizi, egia. Musika zuzenean egin behar dute, antzina bezala, eta, horri esker, iaz hiru aldiz ikusi nuen Springsteen, etxetik kilometro gutxira. Diskografiken gainbehera? Baliteke. Kontzertuak antolatzen dituztenen mesedetan. Industria aldatu, moldatu edo hil egiten da. Berdin musikarena, zein liburuena, zein ontziolena. Gizakiak beti nahiko ditu ozeanoak zeharkatu eta beti nahiko ditu ipuinak entzun. Idazleoi sistema aldatuko zaigula? Hala dirudi. Beharbada poemak zuzenean irakurtzen hasi beharko dugu, herriz herri, pintxoak eman eta sarrera kobratuz. Beharbada, egunen baten, dena horizontal, dena doan, dena Sarean jarriko duen balizko etorkizunean, inor ezingo da kultura sortzetik bizi, inork ezingo duelako kultura kobratu.
Beharbada ez da hain etorkizun distopikoa. Jendea Interneten nire liburuak elkar trukatzen eta bilatzen, nire lanen gosez? Utopia da! Beharbada utopia horretan kulturaren profesionalak desagertu dira edozein erabiltzaile sortzaile delako, irakurle eta blogari, iritzi emale eta biltzaile. Eta?
Gutenbergen asmakizunak liburua fraideen eta artisauen eskuetatik askatu zuen duela mende batzuk, eta gizartearen esku zikinagoetara bota. Beste iraultza batek liburua liburutik askatuko du, beharbada. Eta pantailaren begira bota. Ipuinak iraunbiziko duela, horixe baino ez dakit. Eta kulturaren izenean Guardia Zibilari deitzen diotenen lanak ez ditudala Sarean bilatuko. Ezta doan ere.
pott datak: Artikulua irakurri eta blogean zabaltzea otu, dana bat. Berriatik sarera, pentsatuaz egilea bat datorrela edukiak holan barra barra zabaltzearekin. Edukia interesgarria da. Inor konforme ez balego esan beza… ez diogu eta jaramon askorik egingo. Distopia, ze ona!
Idazle bat liburuen poliziaz zabaldu gura baduzue.
-
Elurra ez dakit, zurikeria mara mara gurean
edo ustelkeria Larrabetzun
Eguraldiak sarritan, bestelako gaiak uxatzen ditu. Zer esan ez dakigulako aritzen gara aroari buruz berbetan, edo zeresana dagoenean, hura ezkutatzeko. Telebistetan ohikoa da eguraldiaz jardun eta jardun, euria denean euria ari duelako, udako beroaz ala neguko hotzaz.

argazkia: eitb.com
Hala ere, eguraldiaz dihardugun arren, inoiz baino pobreagoa da gure hiztegia, aroari buruzko gure jarduna… zer egingo diogu bada.
Zurikeria nagusi
Hala ere, barra barra gailentzen ari den zurikeriak ematen du bai zer pentsatua. Ni neu hausnarrean nauka aspaldion. Urte amaiera eta urte hasieragaz gainera, gailendu egiten ei da. Eta zuriago, zurbilago ageri zaizkigu bazterrok. Jende xaloa, jende jatorra nonahi, profiden iragarkietakoak baino hortz zuriagoak agintari edo jabeen ahoetan…
Politikari profesionala besterik ez zela uste genuen, baina herri txikiak kudeatzen dituzten alferren ahora be heldu da zurikeria.
Alkate eta agintari ustelak gurean
Guk herrian, denbora gutxian fortuna handia egin duen jauntxoa daukagu. Tomas Ordeñana alkatea. Ezertarako gauza ez, loragintzan hasi, Enba sindikatuko kide egin, EAJko hutsuneak profitatu, eta azken 10 urteotan alkate moduan jasan behar duguna. Ezertarako gaitasunik erakutsi balu sikiera, baina bai zera, norbere lukrazio eta harrokerirako baino ez du baliatu Larrabetzuko udala, herritarron zeregina, aginte makila.
PNV-k kandidatorik ez zuenean urratsa eman, eta gerora alderdikoek ere aguantatzen ez duten arren, bera da oraindik nagusi gurean. Aurreko legengintzaldian, ezker abertzalea ilegalizatu zutela eta, sekulakoak eta bi egiten saiatu arren: soldata paregabea, goizeko 8etan egiten ziren zenbait pleno -egiten zirenean-, dana alkaldia dekretu bidez gobernatu, obra lizentzia ilegalak banatu, sariak jaso, ordainpekoak eskuratu, lioak gazteekin, lioak eskolarekin, lioak kultur eta kirol taldeekin, jai herrikoiak lagun baten eskutan pribatizatzen saiatu… zer ez zuen egin gure Tomas jaunak.
Heldu ziren hauteskundeak. Hiru hautagai herrian. Eta alderdi jeltzaleak historiako emaitzarik txarrenak. 30 botogatik da alkate. Eta ezker batua/aralarrekoek bera kentzeko nahikoa ausardiarik izan ez zutelako. Minorian alkate, eta hala ere uste du bera dala nagusi herrian. Bere esanetara behar dugula egon besteok. Hori da lotsabakoa izatea.
Eta oraindik ere bere horretan jarraitzen du Tomas Ordeñana alkate jaunak. Bereak eta bi egiten. Negozio ilunenei babesa ematen, informazioa ezkutatzen, on plantak egiten…. baina aurpegia eman behar duenean, orduan isilik da egoten. Plenoetan publikoan esateko gai ez dana, gero bere morroiek blog edo paperezko fotokopia txatxu batzuetan esaten dute.
Marroi galanta deskubritu dute ezker abertzalekoek berriki, eta herrian aspaldian ez da beste hizpiderik.
Zuek egin kontu: Golf zelai bat, hotelak, baimenak, salerosketa ilegalak…. korrupzioa Larrabetzun, eta PNV -zelan ez- tartean.Nik nire ikuspegia eta iritzia libreki azaldu ditut, eskatu didatenean.
Bilbo Hiria irratian, herriko kontuetaz
Orain asko ez dala Bilbo Hiria irratian aritu nintzen gai honi buruz berbetan, eta pentsatu nuen, herritik kanpo be, komeni zala gauzak ahalik eta garbien erakustea. Horrelako gaiak ez direlako maila lokalean geratu behar, politika egiteko modu zikinak, nahinon eta nahinoz zabaldu behar direla… salatu, aldatu, aurre egin.
entzuteko: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/solas091221patxi.mp3]Zuen iritzia be, gustatuko litzaidake jakitea. Ustelkeria, zurikeria, eguraldia edo…. golfari buruz.
Podcast: Play in new window | Download
-
Patio Maravillas
Biba zuek! ametsak bizirik dirau.
Pop kantu honek, irudi hoiek dena laburbiltzen dutelakoan.
Grande Marlaska taldearen kantua, Patioko irudiekin. Gero gerokoak. -
Elkartasunez #aselaskatu
Zur eta lur geratu nintzen albistea irakurri eta tuiteatzen hasi ginenean. Gero eta zurrago, gero eta lurrago… ez funts ez putz. Euskaldun bat -izan kantari, idazle, blogari edo anarkista- atxilotua bidegabeki Txilen. Ez zen iheslaria, maitasun eta lan kontuek hara eroana baizik.
Euskal Herrian berriki egona, egunero irakurtzen genion zeozer blog batean ez bazen, bestean…

Idazle bat preso
Literaturan bizkaieraz abiatu, eta zenbait nobela idatzi dituen idazlea dugu dagoeneko bermeotarra.
Eta horrelako trantzerik, halako injustiziarik… ez dago berba asko hori adierazteko.
Eta sarea bilakatzen ari da elkartasun hitzen olatu. Eskerrak lagun bermeotarrak izan dituen, hacker prestuak, eskerrak idazleak ere hasi diren mugitzen, eskerrak….
Ez zenuen kronika patxadazkorik irakurriko prentsan. Ez da terrorista bat, ez eta gudari bat ere ez… antza. Ez du askorako ematen, ustez.
Guk bere neskalagunaren gutuna irakurri dugu, bere lagunen hitzak, elkartasun mezu laburrak eta #aselaskatu dioten hainbat mezu ttipi, grafittiaren indarra eta beroa dutenak, bat batean.
Asel Luzarraga askatzea eskatzen dugu guk ere. Beste barik. -
Maialen Lujanbio: norena da bertsoa?
Aurrekoan bertso saioa euki gendun herrian, gaztetxean. Bertso saio bizia, beroa, jendetsua eta gaietan zein edukietan oso oso txukuna. Lau bertsolari eta gai jartzailea gaztetxeko eskenatokian. Eta publiko entregatua, gaztetxea txiki egin zuena. Horrez gain, -badakizue honezkero- saioa Internetetik emititu eta askok tabernatik eta batzuk etxetik jarraitu zuten saioa.
Txapelketan, gai moduan ibili dugu batzuk norena da bertsoa? galdera hori. Etxahun Lekuek Maialen Lujanbiori jarri zion. Pozik entzun genituen Euskal Herriko txapeldunaren bertsoak.
Maialen Lujanbio:
Norena da bertsoa?
[audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai091225/norena_bertsoa.mp3]

Gaiarekin interesatuta egon ezkero, plaza baino gehiagotan aritu da bat baino gehiago honen inguruan. Txapelketa amaitu da, bertsogintza ez ordea. Gaiak hor jarraitzen du, plazarako zein sarerako.
Eztabaida sarean
gaztelumendi.org | Zuzeu.com | sustatu.com |
Gaiak oihartzuna izan du Telebistan, txapelketan eta beste hainbat gunetan. Baina Maialen Lujanbioren bertsoek, bidea apur bat argitu ere egiten dutenez, zorionak eta eskerrak Maialeni berari. Eta Larrabetzuko bertso eskolari, saretik plazara gaia ekartzearren. Guk barriro, sareko plaza eskaini diogu.Saioa osorik larrabetzu.org plazan. Gaztetxetik sarera:
[audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai091225/osoa.mp3]Podcast: Play in new window | Download

























