- albisteak 2.0, gaztelumendi.eus, hurrengo geltokia, ikusi eta ikasi, software librea, su-etena | ceasefire | tregua, teknologia berriak
zelan urtea badoan
Milurtekoa izan zen, hamarkada, eta hau ere badoa.
10 urte 2000an, XXI. mendeon… eta hau ere badoa.
2011 dator, bihar, edo etzi. Eta urtea badoa, negua joaten den bezala. Egunak datozenlez.
Ez gara zaharragoak, bizkorragoak, jakintsuagoak… atzokoak gara, bihar. Ere.
Tokatzen da esatea, gogoratzea, oroitzea, agurtzea, eta ondo ondo geratzea.
Urteak askorako eman du, beste buelta bat eman du gure mundu arrano honek. Eta buruari ere buelta asko eman dizkiogu, ideia txoro asko izan ditugu buruan, eta batzuk gauzatzeko aukera suertatu zaigu. Eta ez da gutxi. Pentsatzen jarrita, asko, askotxo… larregi inoiz ez. Baina badoa, eta oroimenean geratzen dira. Egunerokotasunean.
Azkar, urteko hiruzpalau flash.

euskalherrian.info proiektuan murgildu gara aurten. Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? galdera horrek, badu erantzuna sarean. Bizkor ari da hedatzen. Proiektu berriak, irekiak, partehartzaileak ari dira sortzen. Eta batzutan, harritu ere egiten gara, abiadurarekin. Indarrarekin. Kemenarekin. Ausardiarekin. Irudimenarekin. Eta egia esan, Euskal Herrian gauza asko ari da gertatzen. ZoriONez. Eta ari gara kontatzen. Eta zabaltzen. Libre, partehartzaile, zabal, ireki, euskaldun. Hori da nahi duguna, horrela nahi dugu, horrela kontatzen dugu. komunikazioa, Informazioa, Teknologia (sarea + euskal herria)albisteak 2.0 webtv libre eta euskalduna sortu gura genuen, eta ikasten ari gara, sortzen. Astero. Eta asteko berri ematen dugu albistegi teknologiko bitxi batean. Bi lagun, lantalde itzela, medio onak, giro aproposa eta gogoa batipat. Eta urtean egindakoa biltzen hasi, eta ematen du zeozer aurreratu dugula. Balio izan duela. Merezi duela saiatzeak, aurrera egiteak, ikasteak, egunean jartzeak… baina batez ere ahalegintzeak.
#albisteak2010
Teknologia berriak hizpide hartzen ditugu, tresna moduan erabiltzen ditugu, komunikazio kanal dira. Internet, irratigintza, mezu libreak uztartzeko parada ematen digute. Berdin Info7 irratian, Hala Bedin edo beste nonbaiten. Zebrabidean geldi geratu barik, oinez ibiltzen gara, Bilbon bide gorritik baina isilik inoiz ez.
ekultura.net Euskal kulturgintza hizpide izan ohi dugu, eta berba egiteko jakin egin behar da. Kulturgintzan euskaldunzaharra naizen arren, alfabetatzeko beharra ikusi nuen. Eta horretarako eskolara jo behar. Hartu ninduten. Eta gustura ari naiz, eguaztenero Eskoriatzan, HUHEZIko EKT ikastaroan. Nire koadernoa da ekultura.net eta nire lanaren ardatza izan nahi du. Euskal kultura digitalaz mintzatu nahi dut, eta formazio fasean nago. Apunteak hartzen. Baina izango duzue lanaren berri, ikerketaren emaitza, ikasitakoaren ondorioak. Sintesi bat. www.ekultura.net

Sabin Intxaurraga ere joan da, Lete bezala, Bidador bezala, gertukoak bezala, urrunagokoak bezala… eta Sabinen egoeraren berri izan nuenetik, bueltaka ibili zait ideia bera. Zenbat lan isil egin duen, ikusi gura lukeena besteok ikusi dezagun. Bizi dezagun. Lagun nuen Sabin, bertsoa hizpide. Eta batez be, zaletasunak batzen gintuen. Herria, kultura, hizkuntza. Eta batez be, plazan batzen ginen. Plazak batzen gintuen. Txapelketa, saioa, antzokia… azkenekoz irailaren 11an izan nintzen beragaz, eta oroitzapen horregaz geratuko naz, duintasunaren irudia. Zor diogu, ikusi behar dugun hau. Beste guztia historia izango da.
Independentistak sarea, abian den prozesu politikoa, egoera, aldaketa, urratsak… bada zerbait, eta pozik nago horrekin ere. Eta urte hau, garrantzitsua izan da bide horretan. Altsasu, Brusela, Gernika…. toki izenak, mapa bat osatzeko. Mapa horrek, Euskal Herria du helburu. Ni neu, herrigintzan ari naiz. Pozik. Baina nazio mailako edo nazioarteko ekimenetan parte hartzeko sarea badut, eta sareak ematen digu aukerarik.. ekimenak zabaldu, ireki eta antolatzeko. Horra hor nire eskuhartzea. independentistak.net

Argazkiak.org | Independentzia lip dub koloretsua © cc-by-sa: gaztelumendi -
Txinaurri lana
euskal kultura gaur, eta bihar

Argazkiak.org | Liburu eta diskoak, euskarazko edukiak © cc-by-sa: gaztelumendiDurangoko azoka hasten da gaur. Urteroko zita, aspalditik. Euskal kulturgintzan, sorkuntza diharduenarentzat garrantzitsua. Sosak batetik, eta topagunea bestetik. Urteko balantzea, eta urteko uzta. Merkatua da Durango. Eta merkatua ere elkarrizketak dira… ezta?
Euskarazko kultura, sorkuntza maite ditugunok badakigu ze garrantzia duten horrelako uneek, guneek. Eta gurean, sorkuntzaren adierazpenari dagokionez, garrantzitsua da, urte osoko, eta batez ere udazkeneko guztia ikustarazten baita bertan. Euskarazkoa eta bestelakoa ere.euskal kultura eta sarea
txinaurri lana
Iñaki Perurena eta
Zuzeu Komunitatea

Argazkiak.org | Iñaki Perurena eta ZuZeu komunitatea, biba zuek! © cc-by-sa: gaztelumendi
Abenduak 6, arratsaldeko 18:00etan, Durangoko Plateruenan, zita bat daukagu Iñaki Perurenarekin. Zuzeu komunitate osoa dago gonbidatua bertara: sortzaile, erredaktore, kolaboratzaile, partehartzaile, irakurle… eta zu zeu!lip dub Euskal Herrian
beste zita bat
Azkenik, abenduaren 6a, egun berdetzat deitu du Independentistak sareak. Eta besteak beste, egun horretan Independentziaren aldeko lip dub koloretsua ere grabatuko da Durangon.

-
Normalite!
Badut lagun bat, nire izen berekoa. Gero eta gehiago maite dudana.
Berak ere, badu pertsonaia bat, gure izen berekoa, nahiz eta Napoleon deitzen dion.Ze eragin izango du gure giroak, kulturgintzaren trasmisioak, euskal….. aurrizkia duen jario osoak, Napoleon bera ere bertsotan jarri duela gure lagun honek. Eta gu, zelan ez, bibaka eta txaloka.
[audio:http://zaldieroa.com/BLOGA/normalitatea.mp3]
Napoleoni? Agian hori ere bai… gu barrezka jartzeko gauza bada, gora napoleon!Podcast: Play in new window | Download
-
Zaharrak berri
Gustatzen zait, domeketan egunkariak erostea. Kafea hartu, etxeko gosarirako okindegitik pasatzea, gauzak komentatzea, jendearen planak zein diren ikustea. Domeka euritsuetan Internetetik jendeak zer dioen irakurtzea. Eta astelehenean, Mikel Elorzak domekarako idatzitakoak irakurri ohi ditut, kioskoetako futbol agerkariak ez ditudalako atsegin astelehenez.
Joan naiz gaur ere kioskora, estankora. Hartu dut bat, bilatu dut bestea. Eta berriarik ez salgai goizeko 9etan, saldu omen dira ekarri dituzten hirurak. Besteak harpidedunetzat omen, eta hoiek gaur ez daude salgai, goizeko 9etan bederen, geroago egoten dira batzuk, errebentan. 3 egunkari Larrabetzun?
Edo harpideduna zara edo ez duzu Berria irakurtzen ahal. Internetetik edo tabernan jarraitu behar, alegia, gehienek bezala. Krisia? Garestiago omen da deboluzioa esango dizute… Gogoan dut guren 9 Egunkaria saltzen ziren garaia, nirea zen bat, nahiz eta gero lantokira, Egunkariara, joaten nintzen… baina autobusean irakurtzea gurago izaten nuen, bezperakoa irakurtzea… 9 ginen. Taberna bakarrak hartzen zuen, Aretxabalak.
Gauzak aldatu dira zorionez, gehiago gara. Taberna ia denetan dago Berria gaur egun, harpidedunak ere baditu, Egunkaria itxi ostekoak denak, baina ezinezko da kioskoan egunkaria erostea. 3 salduak goizeko 9etarako. Saldoka zeuden Correo eta Gara, Larrabetzun gehien saltzen diren biak. Eta asko saltzen dira biak ere. Gara eta Zazpika hartu ditut, GOSEren elkarrizketa luzeak eta argazkiek erakarrita.
Eta El Pais ere hartu dut, igandea izanik, gastatuko nituen beste bi euro. Eta berria, kafea hartutakoan ikusi dut, tabernan, lagun baten egunkaria. Pais utzi diot eta Berria laga dit berak.
Eta El Paisen badakizue, GALeko senor X famatuak, sekulakoak eta bi bota ditu. Demokrazia txo! zaharrak berri.

Irakurri barik, idatzi egin dut orain. Kroasan bat eta kafe apurtxo bat gero. Eta berriketan jarraitu beharko, etxean edo kalean. Baina gaur ez da giro. -
Bideojokoak aitite amonen kontuak direla?
Zur eta lur geratu nintzen, Aiora Kintana adiskideak esandakoak entzuterakoan. Belaunaldi berriekin jokoan, gusturen karta joko, bingo eta bestelako jolasetan ibilitako aiton/amonak direla ez digu esan ba?!
Bideojokoen ikuspegi hezitzailea, kolaboratiboa, gorputza lantzen duten joera berriak (wii eta horrelakoak), interakzioa, pentsamendua lantzekoak… mundu bat dago eremu horretan. Eta ni, barka, ezjakina naiz.[ Txikitan horrelakoekin zaletasunik ez -makinetarako txanponak be urri poltsikoetan-, ordenadore kontuetan berandu hasitakoa, lehen ordenadorean 1996an izan nuen niretzat, aurretik gaztetxerako hartu genuen bat, unibertsitatean irakasleen bulegoetan egiten genituen autoediziozko kartelak… eta jokoei ez diet batere jaramonik egin inoiz. ]
Aste honetako telebista saioa prestatzen ordea, zeozer irakurri, ikusi eta murgiltzeko aukera izan dut. Jolasteko betarik ez dut hartu. Baina badago egon, mundu ikaragarri bat atzean. Softwarea, diseinua, interakzioa, ekonomia berri bat, lehiaketak, topaketak, garapenak, aplikazioak… eta gure inguruan ere jende ugari dabil langintza hoietan. Gehienak oso gazteak, baina era berean oso trebeak.
Belaunaldi berriagoek, aisialdian garrantzia handia ematen diete horrelako joko eta trikimailu digitalei. Harremanak, jolas kolektiboak, topaketa fisikoak ere bultzatzen dituzte… eta mundu horri so geratuko naiz bide batez.
Gogoeta bat, zer pentsatua ematen du gai honek. Horretan gaudela, hurrengo geltokia zein den pentsatzen hasi beharko gara. Asko egunotan BECen izango dute geldialdia.
-
bart
… bukatu da afaria. Eta utzi diogu hitz egiteari. Kafea amaitzearekin batera, amaitu dira gaurkoz gaiordeneko puntuak.
Dena ustez erabakita utzi dugu, eta posta zerrendan jarraituko dugu eztabaidatzen. Eta hobetzen.Eta kalean agurtu gara. Kale Nagusian alde batera egin dute batzuk, eta Musika plazarantza doan norabidean abiatu gara gu hirurok. Lasai asko, autoak hartu aurreko azken elkarrizketan murgilduta.
Musika plazatik bi ertzain datoz. Oinez. Baina ez diogu garrantziarik eman. Batek ohi baino -pertsona normalek baino, esan nahi baita- zabalago daramatza besoak. Pausu bat atzerago edo joango da bere kidea. Guk ez dugu imintziorik egin, eta berbetan jarraitu dugu hirurok.
Argazkiak.org | Txapel gorridun ertzainak Vaya Semanitan © cc-by-sa: sustatuGelditzeko eta karnetak emateko esan digute. Eta ia ia, brometan hartu dugu. Arrazoiak eskatu dizkiegu. Poesiaz mintzo ginen afari batetik gatozela esan dio batek. Poeta denak. Eta gero besteak, ipuingileak, gainera egia dela aitortu dio. Eta ematen du ez dituztela sinestu. Eta gaztelania batuan, gure antzekotasuna duten hiruren bila dabiltzala adierazi digute. Eta gure nortasun agirietako zenbakiak ematen hasi da bat telefonotik. Eta gero motxilak eta boltsak miatu dizkigute. Telefonoaren bestaldetik, gu ez garela nonbait beraiek ustez bilatzen dituztenak.
Handik gutxira, karnetak eman eta joateko esan digute. Eta joan egin gara. Eta ez diogu garrantzia gehiegirik eman. Eta literaturaz berbetan jarraitu dugu. Eta egia da.
-
are you reggae?
Prest zaudete?
Revolutionary brothers dira, Donostiako bi anai. Abesten King Konsul, Zarautzen bizi den munduko reggae abeslari eibartar jatorrena. Talde bikaina osatzen dute. Eta hemendik eta hara ari dira etengabe. Musika, diskoak, erremixak, kantuak…. eta sekulako giroa sortzen.
Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Musika, irratia, konexioek ezagutarazi gaituzte. Harreman izan dugu. Baina uda honetan elkarrekin egoteko, berba egiteko, dantzatzeko, kantatzeko aukera izanik… ahaztezina egiten zait Gazte Eguneko gaua. Eguzkia atera arte aritu ziren musika jartzaile eta kantari. Eta gau bero ahaztezina izan genuen Larrabetzun.

Eta uda honetako soinu banda bilakatu dira niretzat. Eta jarraitzen ditut saretik, eta ikusten ditut bideoak…. eta reggae musikan murgiltzeko beta eskaintzen didate. Une oro.
Prest al zaude, bidaia honetan murgiltzeko? are you reggae? -
ikasturte interesgarria abian
Maila askotan.
Iaz Altsasuko adierazpenak, gauzak bere bidean kokatzen hasteko abiapuntua jarri zuen. Ulertu zuenak, ulertu bide zuen. Eta gauzak aldatzen hasi ziren. Eztabaida pizten.
Gerora, adierazpen berriak. Altsasutik Bruselara.
Hegoafrikako mundialetik ere berri asko heldu zaizkigu aurten. Espainolen nagusitasunak, inperioaren mezua hedatu da. Eta nabaritu da gurean. Hegoafrikak gehiago ere eman digu, ordea.
Beste olatu bat da ordea, orain hasten dena. Hasi dena jadanik. Kontua ez da ETAk zer esan duen, baizik eta ETAk zergatik adierazi duen domekakoa.
Jakitera eman du, aspalditik martxan dena. Apurka apurka eman du ezagutzera egoera berri honi buruzko bere jarrera, baina oraindik, murgiltzenago beharko du ETAk ere egoera berriaren baitan.
Ikasturteak baina, agente gehiago behar ditu. Irakasleak ez ezik, ikasleak ere aktibatu beharko ditu. Eta sukaldariak. Eta ofizinistak. Txoferrak eta garbitzaileak. Eta horretan dugu, nik uste ikasgairik gogorrena.

Ikasturtea hasi da, eta ez luke opor osteko strees edo krisirik egon behar. Hori utzi dezagun politikari profesionalentzat, tokiz kanpo harrapatu dituelako egoerak.
Kurtsoan, zer ikasi ugari izango dugu. Baina orain arteko irakaspenek ere balioko digute, guztiek. Argel, Lizarra, Loiola, Oslo, Zurich, denak dira baliagarri. Karrantzatik, Otsagiraino… badugu geografia lekzio ederrik. Aturritik Ebroraino ere bai. Pirineoen esangura erakutsi behar diegu orain, errektoreei.- Eskolarako ere, testuliburu onak behar ditugu. Idatziak, koadernoak, kaierak, estiloa. Aditzak eta ekintzak.
- Ez zaigu faltako irakasle handi ustekorik –hizkuntza kontuetan adibidez– edo Etika leziorik -interesgarria BBC telebista kateak ETAren izendapenei buruz idatzitakoak .
- Gurean zein nazioartean garrantzitsua denak, zelan hartu dezake garrantzia gutxiago ondoko estatuetan? Ulergaitza erromatar hauen jarrera.
- Baina guztiak izango dira beharrezkoak.
Ikasturte hasieraren jarraipena egiten, lan bikaina Zuzeu agerkari digitaleko erredakzioa egiten ari dena, biba zuek!
-
Zuk ere parte hartu dezakezu
Kanaldudek klip klap lehiaketa herritarra antolatu du.
kanaldude.org
Lehiaketa interesgarria. Euskarazko telebista zer den, euskarazko fikzioa, ikusentzunezkoak…

-
11amaika ikusteko, 11 minutu eta 11 segundutan
11amaika telebistara joaten gara astero. Eta bertan webtv apal bat egiten saiatzen. Eta sarean eskaini. Eta elkarrizketa sortzen ahalegindu. Eta horrela aste bat eta beste bat, bat eta bat magazinean.
Gureak dira ideiak eta gidoiak, gure zuzendaritzapean egiten dugu. Errealizazioan jo ta su aritzen da Lander, Oskarrek aholkuak eman ohi dizkigu, eta Anek hasieratik lagundu digu saioa patxadaz egiten. Erredakzioko Anek, edo Ainarak, edo Ziharak edo Ikerrek asko lagundu digute, asko dugu beraiengandik ikasteko.
Albisteak 2.0.011 from Albisteak 2.0 on Vimeo.
Hamaika telebista ikusi ikusten da. Horretaz jabetu gara. Orain Internet bidez, 24 orduz ikusi daiteke, munduko edozein txokotatik. Euskal Herri osoan dago ikusgai, eta horrela ikusi daitekeen telebista bakarra da gainera.
Hamaika eta Internet lotuta daude, eta horretan bidelagun gaituzte.

























