gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

Orain gehiago gara mikroblogari (web 2.1 euskaraz)

Goiz eta arrats twitter honi begira.
Hor idatzi, hor irakurri, nabigatzailearen barran idatzi eta gehitu, aurkitutako webgune interesgarrienak automatikoki gehitu, zabaldu.com-eko azken albisteak zuzenean jaso… goiz eta arrats twitter honi begira.

Twitter zer izan daitekeen asmatzen ari gara mikroblogariok. Katuaren itxuraz aritzeko baino, saguari astindu gehiago emateko baliatzen dugu twitter mikroblogariok. Blogarekin uztartuz, blogintza berri bat sortzen ari da, web 2.0tik 2.1ra igaroko dela dio Dadid Deugarte adituak bere contextos wiki interesgarrian.

Teketen nanoformatuekin nazioarte mailako aplikazioak, garapenak, ikerketak egiten ari da. Lehen ere, informatikari aparta da gure Gorka. Topera dihardu orain ere. Jakintza dibulgatzaile iaioa, software librea eta sozialaren hedatzaile, irakasle 2.0 eta e-kintzaile xumea.

I+G Euskadi saria herri honetako mikroblogarientzat, otoi. Teketen, Arkaitz, Aitor, Luistxo, Txerren, Bontxi, Boligorria, Ibai.. aktibo ikusten ditut twitter honetan, honetatik. Animatu egiten naiz ni ere.

post_iraultzaileak
Eta mikroblogari euskaldunak ari gara zerbaitetan. Zerbait sortu behar duenaren sentsazioa daukat. Iraultzaileek iraultza gauzatu aurretik duen sentsazioa… baina post_iraultzaileak gara gu. Gure iraultza guztia post batean kabitzen da gainera. Pravda txikiak irakurtzen ditugu, Gramma_tika gorri bat baliatzen dugu, igitaia eta mailuaren irudia ukabilaren hatzamarrek eta saguak behar lukete osatu. Izarrak dizdira dute gure gaueko aterpe honetatik begiratuta.

Idatzi eta irakurtzen
Idaztea eta irakurtzea maite ditugu. Batera. Literatura berri bat asmatu daiteke, hitzekin jolastuz, zuzenean solastuz. Makina hauetatik berba ederrak trukatzen dira. Mikroblogariok, gauza ttipiak maite ditugu, ttipia da twitter ere, hasiberria… baina aldaketa dakar Interneten mundura. Azkar, arin, merke. Jaso ahala erantzun. Pentsatu ahal idatzi, pentsatu. Ez da pentsamendu azkarra edo fast think. Gogoeta etengabekoa da, baina azkar jokatzen da. Eta auzolanean, elkarrekin, horizontalean. Elkar_ekintzan.

APLIKAZIO BERRIAK

Jumpcut.com bideoak igo ez ezik, sarean editatzen
Eta aldaketa gehiago somatu daitezke, Jumpcut.com adibidez. Bideoak igo ez ezik, trukatu, erabili, montatu, idatzi, itzuli, musika gehitu eta abar egiteko aplikazioak. Bideoak esan dut, baina musika esan nezakeen, edo irudiak… flickr osoa. Yahoo dago honen atzean ere, baina aplikazioa gehiago da 2.1, orain arteko 2.0 guztiak elkartuta.

Alegia mikroblogari gara, ikasle gara, gauza txikia gara… baina asko daukagu ikasteko, frogatzeko, erakusteko, saiatzeko… baina hagitz gustura ari gara. Ikasi, frogatu, erakutsi, ahalegindu egiten dugulako/garelako. Goiz eta arrats, pantaila hauei begira. Eta bloga ia ia utzita nuen. Badakizue, www.twitter.com/iPtx horretan nago burubelarri.