gaztelumendi.eus

Txaloak, leiho eta balkoietako elkartasuna

Italian leihora atera zen emakume argentinarra. Ez zuen inor somatzen inguruan. Eta pentsatu zuen txaloka hasi beharko liratekela, eta osasun arloan lanean, dena emanez ari ziren haiek omendu beharra zegoela. Eta bideoz grabatu eta lagunei bidali zien. Eta mezua hedatu eta txalo zaparradak egiten hasi ziren. Han. Italian.
Handi gutxira geratu ginen gu ere itxialdian. Eta leihora atera ginen berehala. Musika, kantuak… txaloak. Txoriak txori kantatzen ekin genion lehen iluntzean Euskal Herrian.

Zubitalde auzoa, gurea

Txoria txori kantatu genuen. Eta biharamunean edo, Espainiako erregeak telebistan agerraldia egin behar zuen une berean kazerolada egin genuen. Eta arratsaldero, 20:00etan, leihoetara eta balkoira ateratzen hasi ginen. Egunero. Oharkabean. Poliki poliki. Ezker eskuin, goian eta behean auzokideak. Musika. Egunean zehar egin gabeko komentario eta solasaldiak. Elkartasun keinu bat baino gehiago. Zerbait berezia. Auzokideak ginen. Orain auzokideagoak izango garela uste dut.

Elkartasuna gauza handia da. Elkartasunak batzutan kontzientzia hartzera eraman izan gaitu. Oraingo honetan ere bai. Osasungintzan egindako murrizketen ondorioak ezagutu ditugu. Kanpora joateko gogoa, errotik moztu zaigu erizain edo medikuek ospitaletako egoera azalten digutenean. Eta denok daukagu baten bat familian. Erizainak. Ospitaletako langileak. Medikuak. Osasungintzan lanean ari diren lagunak. Bihotza hunkitzeraino beraien berbak entzutean. Guk auzokide bat daukagu 12 orduko txandak egiten Usansoloko ospitalean. Etxean dagoenean leihora ateratzen da. Ez dagoenean ere beragaz akordatzen gara. Medikua da. Eta birusaren frogak ere egin behar izan dizkiote.

Mundu berri bat daramagu bihotzean

Italia, Euskal Herria… mundu osoan hedatzen ari da elkartasuna. Baina nire gogoa eta bihotza une batez Kubara joan dira. Han zelan bizi duten jakinmina neukan. Eta horretan ere eredugarri. Che Gebara medikua gogoan mundu osoan elkartasuna eta osasunaren aldeko iraultzaileak izan dira kubatarrak hamarkada luzeetan. Orain ere horretan dihardute Italian adibidez.
Eta han, La Habanan, han, Kuban gauero 21:00etan ateratzen dira txalo solidarioak egitera. Zoragarri!

Aplausos juventud rebelde, Cuba