• larrabetzutik,  teknologia berriak

    Ardiak, artzainak, musika, Bilbon

    Spot bat egiten pasa genuen zapatu goiza. Bideo kamara, tripodeak, atrezzo apur bat. Ardi, ahuntz eta astoak landa batetik bestera eroan, lokalizazio egokia aurkitu eta han ibili ginen, grabatzen. Jolasten. Saiakera egiten.
    Ekaitzek (split 77, Bilbo Hiria) kamara ia profesional bat eskuratu du. Eta guk irratia.com emankizunerako zeozer berezia egin gura genuen. Ideia aspalditik geneukan bueltaka. Egia esan Keith Johnsonen artikuluak zer pentsatua eman digu. Baina umorez erantzun gura izan diogu. Zirikatu.
    Landa lana eginak, berriro baserrira joan ginen. Sutondoko epelean, pernila eta txorizoa jan, intxaur batzuk, ardao apur bat, eta berriz hirira.
    Astelehenean ordenadore bat prestatu zuen Jabik (sarean.com, irratia.com) horretarako beren beregi, Premiere instalatu, eta Ekaitz lanean hasi zen.
    Jimmy Arrabiten doinua ezagun egiten ari gara, apurka apurka. Gure sintonia da, Basque Electronic Diasporako diskotik dakargu, eta oso maite dugu.
    Spot ttiki bat egin dugu, sarean zabaltzen ari dena. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu Haritzi (euskalTube, GARA), Gorkari (teketen, elurnet), eta sarean gurekin batera auzolanean ari diren guztioi (txioka sarea, irrati libreak, Info7, Bilboko kafe antzokikoak).
    Bilbo Hiria irratian, giro izugarri ona daukagu. Mieltxoren gidaritzapean, teknikari eta esatari gustura ari gara. Orain 100. saioa ospatzea baina ez dugu falta. Eta hori asteazkenean, ez ahaztu.

    Bideoa ikusi gura baduzu.  euskalTube>irratia.com kanala

  • bide gorritik | Bilbo Hiria irratia

    irratia.com hizpide hartuta

    Astelehenero aritzen naiz Bilbo Hirian. Batzutan barikuetan pentsatzen dugu gaia Mieltxok eta biok. Bestetan ez da erraza asteburuari aldez aurretik somatzea zer gertatuko den, gero astelehenean hizpide hartzeko.

    Ez da tertulia bat, ez da bakarrizketa. Badu iritzitik, badu ezagupenetik, baina ez da gai zehatz edo konkretu bat.

    • Hilean behin, saiatzen naiz Larrabetzuko berri ematen Bilbo Hiriako entzuleei. Azoka dela, txarribodak, gaztetxeko ekitaldiak, mobilizazioren bat, arau subsidiarioak…
    • Beste batzutan, Euskal Herriko gaiak hartu ohi ditugu: gai sozialak, hizkuntzaren ingurukoak, kontestu politikoa, jauzi errepresiboak. Gai serioak dira, baina astelehenetarako ez dira txarrak.
    • Bitxikeriak irratira ekartzen be saiatzen gara. Azoka berezi bat Baionan, ez dakit zer ikusi dugula beste horretan… berbetan hasi eta gure tartetxoa osatzen dugu.
    • Saiatzen naiz ere, lantzean behin gai teknologikoak ekartzen. Dela wikipedia, dela Interneteko berriak, inguruko gaiak beti ere.

    Eta horregatik, asteon irratia.com hartu dugu hizpide. Bilbo Hiria irratian egiten dugu astero emankizuna, baina publiko ezberdina izango du ziurrenik Ibaizabal magazineak.

    Astelehen honetakoa entzun gura bazenu:

    [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/patxigaztelumendi071119.mp3]