• hurrengo geltokia

    Autorik gabeko egunean

    Auto baten leherketak esnatu nau ni ere. Albistegia zen Euskadi irratian, eta ohetik altxatzeko ordua. Etxekoak egin, eskolarako bidea hartu, eta bezperako autoei buruz mintzo dira egunkari gehienak. El Correok duela ordu gutxikoa ere portadan dakar.

    Egunkaria irakurtzeko gogo askorik ez, kafea eta etxeko lanak. Eta berriro eskolara.

    Ostean autobusa hartu dugu. Ordu erdiko ibilbidea bai. Errepidean astiro joaten da geltokiz geltoki gure Bizkaibusa. Hiribururako bidea, ordu erdian edo egin ohi du. Tinbrea jo eta hurrengoan jeitsi.

    Eta bazkalostean Bilboko metroa lehenengo eta Renfeko trena gero. Beste hiru geltoki. Oinez apur bat, eta azkenean heldu naiz autoa zegoen tailerrera.

    Berandutu egin dira matxurarekin. Eta apur batean zain egon beharko dudala. Anak irrifartsu gogoratu dit gaur autorik gabeko eguna dela. Bai zera! nik haserre. Nik lanera joateko autoa behar dut.

    Azkenean, beranduago, lasaitzeko kafe bat hartu ostean eskuratu dut autoa. A8an sartu naiz eta banoa bidean. Autorik gabeko egunean autoan doazen entzuleak saritu gura izan dituzte Arratsaldekoa irratsaioan. Ezin izan dut deitu, ezin bide bazterrean gelditu eta telefonoari ekin. Lanera joateko presak… badakizue.

    Autorik gabeko eguna? bai zera…..