• agit/prop,  bakegileak,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  su-etena | ceasefire | tregua

    Gora Euskal Herria

    Historia egiten duten egunen lekukotasuna

    2017ko apirilak 8. Historikoa.
    Gauza asko esan daitezke iragan larunbatean Baionan bizitakoetatik. Adjetiborik gabe geratuko ginateke ziurrenik, bertan batutako milaka lagunek pentsatu sentitu eta egin zutenaren inguruan. Baina Euskal Herrian; herri mugimenduetan, elkarteetan, erakunde sozial eta politikoetan dagoen kapital publikoa azpimarratzea litzateke garrantzitsuena nire ustez. Urteetako esperientzia metatuak ekarri gaitu hona. Erakunde politikoekin, instituzioekin, nazioarteko eragileekin, elizarekin, dagokion guztiarekin eskuz esku lan egiteko gaitasuna, irmotasuna eta zentsua.
    Unez une, gero eta interesgarriagoa jartzeko gai izan dira Bakearen artisauak. Konpromisoak hartuz, eta konpromiso hoiek partekatuz, olatu erraldoi bat bizi izan dugu abendutik apirilera, Luhusotik Baionara.
    Bake prozesua bizitzeko aukera, lekuko izateko ardura, inplikatzeko motiboak, arduraz jokatzeko engaiamendua piztu du mugimendu berri honek. Eta biderkatu egin da. Sekulako oihartzuna ukan du. Hor dago Luhusoko ekintzaren ikusgarritasuna. Zentsua. Zentsu politiko guztia.

    Memoria ariketa bat

    Memorian gordeko ditugun irudiak dira. Uneak. Sentimenduak. Eta gure errelatoan, han egon ginen bakoitzarenean, leku bat gordeko du 2017ko apirilaren 8koak. Bakoitzak bere modura biziko zuen. Bere gogoetekin. Bere kezkekin. Ardura eta konpromisoarekin. Baina dudarik gabe, zerbait handia izan behar zuenaren zantzoek eraman zuten Bakegileen plazara gutako bakoitza.
    Herri honek, bere etorkizuna eraikitzeko urrats handia eman zuen, beste behin Baionan. Urratsez urrats ari da urte luzeetan, eta historia une ttiki hoiek ere egiten dutenez, herri honen etorkizuna eraikitzen du hauetako urrats bakoitzak. Pertsona bakoitzak. Gogoeta bakoitzak. Eta memoria ez ahaztea da. Gogoratzea. Kontatzea. Gordetzea. Erakustea. Munduari, eta guri guztioi azaltzea. Belaunaldiz belaunaldi gogora ekartzea.

    Bakegileak, istorio eder bat

    Bakearen artisauak izendatu zituzten, ETAren armak suntsitu nahi izan zituzten gau hartan berean, atxilotu eta jende oldea atera zen beraien alde. Alderdi eta pentsaera ezberdinetako milaka lagun Baionako karriketan. Euskal Herrian ez ezik, gure mugetatik kanpo ere ondorioak izan zituen ekintza ttipi eta handi hark. Eta lanean jarraitu zuten. 5 barik, ehundaka lagunekin batera, milaka mugitzeko. Eta emaitzak hor daude. Ondorioak. Ausardia eta erabakia. Gogoeta eta estrategia aparta. Irudimena eta garaipena. Gure balio erantsia. Biba zuek! Baionako karriketan, Euskal Herriko historian txalo zaparrada honek oihartzuna izango du, luzaroan.

    Biharamunean

    Aizkora eta arbola, Euskal Herria

    zuhaitza
    Izugarri ederra Koldobika Jauregi artistak GARA egunkariarentzat egindako irudi eta lamina. Milaka etxetan ondo gordeta eta erakusgai dagoena. Historia eta etorkizuna bat eginda. Zuribeltzezkok irudi oso esanguratsu bat. Egunkari osoa grafikoki jantzi zuena. Landutako informazioari zentsu historikoago bat eman ziona, bidenabar. Ondo kontatutako istorio bat.

    Korrika


    Etenik gabe, egunez egun Euskal Herri osotik aurrera egin zuen Korrika berak ere. Eta Iruñean, Euskal Herriko hiriburu historikoan ikusi zuen amaiera. Kantuak, musikariek eta herritarrek handiago egin zuten bere oihartzuna. Gozatu zuten. Milaka eta milaka euskaltzalek, Euskal Herri osotik, munduko bazter askotatik, gure hizkuntzaren, gure kulturaren, gure herriaren lekukoa hartu, jarraitu eta gure etorkizuna orain aldira ekarri zuen… une batez. Orain. Beste behin.

  • agit/prop,  bakegileak,  su-etena | ceasefire | tregua

    Bakearen alde, xake mate!

    Nazioartean historikoa bilakatuko da gure bidea.
    Herritarren parte hartzea Euskal Herriko bake prozesuan

    Balizko bake prozesuan, irudimena berrikuntza eta gogoa beharrezko.
    Ez dago dudarik, Bakearen artisauen ekimenak indarrak batu ditu. Indarra erakutsi du. Eta sendotu egin du bake prozesu zibilaren aldeko jarrera.

    Bakearen artisauak Apirilaren 8ko deialdia eta xehetasunak.

    Bake bide berritzailea

    Negoziaziorik gabeko bake prozesu honek, halabeharrez, gizarte zibila mugiaraztea ekarri du. Denboran higatuz doan prozesuak, nekea barik irudimena astintzea ekarri du. Eta emaitzak, espero baino hobeak izan daitezke. Errepresioa gainditu, eta indar polizial, militar eta errepresibo guztiak sahiestuz, intelegientzia zerbitzuak baino azkarrago jokatu dute bakegile artisauek. Eskuz esku. Orain apirilaren 8ko deialdia arrakastatsua izan eta bururaino eramatea izango da ezinbesteko baldintza.

    Kristian Herbolzheimer bakearen aldeko aktibistaren Berria egunkariko elkarrizketa oso argigarria da zentsu horretan, eta bizitzen ari garen prozesuaren bilakaera azkar hau ulertzen joateko gakoak eskaintzen ditu.

    Kristian Herbolzheimer BERRIA egunkarian (2017-III-29)
    Kristian Herbolzheimer BERRIA egunkarian (2017-III-29)

    Bake prozesua bera izaten ari da berezia, eta horrek behar ditu neurri bereziak. Oso berritzailea izaten ari da dena. Bakearen artisauek, beren helburuak betetzen badituzte, nazioartean eredu bat bihurtuko dute Euskal Herriko kasua.

    Kristian Herbolzheimer

    Herritarren parte hartzea bake prozesuetan
    Kristian Herbolzheimer aditu eta arituaren ponentzia Iruñeko Bakearen aldeko Foro Sozialean. (Bideoa)

    Ahotsa.info-k ere elkarrizketa interesgarria egin zion aktibista honi. Eta orain elkarrizketa berriz ikusita, gaur egun gertatzen dena hobeto ulertzeko nazioarteko kode eta gako batzuk eskaintzen ditu. Badakigu jakin, Euskal Herriko prozesua bakarra eta berezia dela -horretan iaioak gara euskaldunak- baina, horrek ere aukera berriak zabaltzen ditu, dudarik gabe.

    Euskal Herriaz, Aljazeera katean

    Nazioarteko adituen ekarpenak

    inside
    Nazioartetik, esan dugunez adi adi jarraitzen dute Euskal Herriko bake prozesua. Bere zailtasunak irakaspen asko ematen dituelako besteak beste. Azterketa berrienetako hau da Conciliation Resources erakundearena.
    conci

    Baionako giroaz

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Itxaropenerako 3diak

    Itxaropena, etorkizuna, erronkak eta beste. Irribarrearekin begiratzen diot etorkizunari. Gogotsu, ilusioarekin.
    Euskal Herriaz ari nintekeen, baina batipat herrian, inguru hurbilean ikusten ditudan irudiak dira.
    Lanean ari da jendea, auzolanean. Gogotsu ari gara, ilusioarekin. Eta etorkizuna marrazten, oso koloretsua.
    Hona hemen asteburuko hiru bideotxo, gure errealitatearen irudi.

    Herriko baserriak, plaza, merkatua eta bertso poteoa

    Garmitxa elkartearen alde, auzolanean

    http://youtu.be/3_LE33CUVCA

    Etorkizuneko erronkak, bake prozesuan

    iturriak:

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Brian Currin

    Argiako kazetari Lander Arbelaitz Hegoafrikan izan da, mundialaren kari.
    Han, futbolaz landa badela gauza gehiago erakutsi digu. Eta ARGIA aldizkarian argitaratu ditu zenbait elkarrizketa interesgarri.

    Besteak beste, Brian Currinen bulegoan azaldu zen. Eta Hegoafrikari buruz bezala Euskal Herriari buruz berbetan jarri zen berarekin.
    Eta irudiok jarri dizkigu orain aukeran.

    Arretaz jarraitu ditut orain arte Brian Currinek Euskal Herrian zein Madrilen eman dituen hitzaldiak. Internetetik eta bideo streamming bidez. Egin dizkioten elkarrizketak, prentsan agertutakoak eta ondo gogoan dut Iñaki Sotok GARA egunkarian egin zion elkarrizketa berezia.
    Gero Bruselako adierazpena heldu zen, eta geroztik beste giro bat somatzen da gurean.
    Arretaz ari naiz jarraitzen aspaldiko guztia. Sarritan ozen ez mintzatu arren, gauzak gertatzen jarraitzen dute. Gertaerak ez dira maiz albiste, eta albiste ezare atzean egon daiteke gertaerarik handiena. Eta hori guztia gauzatzen ari da da, apurka apurka.
    Gauza berriak datoz, ekimen ezberdinak… Currinek badaki hori guztia, eta horregatik du horrenbesteko konfiantza hemen gertatzen ari denaz. Eta guk ere izan dezakegu berak esaten duenarengan.
    Beraz, bere berbak adi eta patxadaz jarraitu beharrekoak dira, dudarik gabe.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Loiolako zalantzak

    Loiolako hegiak idatzi du Imanolek, eta iruntsi egin dugu askok. Liburua, bere lodian da atsegin. Xalotasunean interesgarri. Orriz orri, akordio giroak, zapuzketa ekaitzek eta nazioarteko haizeek…. ikaragarri interesante egiten dute kazetaritza lan hau.
    Kontaketarako estiloak. Detaile txikienari ematen dion garrantziak, eta lantzean behin duen umore ukituak… berezia egiten dute Imanol Muruaren lana.
    Hala ere, 300 orrialdeok irakurri ostean, zalantza asko geratzen zaizkio liburua irakurtzen duenari, zalantzak, estuasunak, dudak, eta kezkak… eta hoiek konpartitzeko gogoa, desioa, beharra.
    Horretarako aukera izango dugu sikiera, gaur iluntzean Imanol Muruagaz eukiko dugun solasaldian. Liburua aurkeztera dator gurera, eta zeresana emango duelakoan nago ni.

    Zu be, interesaturik egon ezkero… hurbildu gurera. Ostantzean, jakizu streamming bidez emango dugula hainbat webgunetatik, zuzenean jarraitzeko moduan.
    Ez izan zalantzarik.. saretik galdetzeko be aukerarik egongo da eta.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    Brian Currin ikusi eta ikasi

    Oreretan eskainitako hitzaldia osorik jarri dute sarean. Eta zabaltzea dagokigu guri.
    Brian Currin da hitza hartu duena. Donostian izan genuen lehenbizi, Madrilen ere eman du konferentziaren bat, eta oraingoan hitzaldi ireki bat antolatu dute Oreretan – Errenteriako herritar batzuek.

    Hitzaldi luzea, mamitsua, elkarrizketa batean antolatuak. Hego Afrikatik Euskal Herrira, tartean Irlanda edo Sri lankako gatazketan fazilitadore moduan aritua. Ezagutza handia du gureaz, interesgarriak egiten zaizkigu bere hitzak, bere iritziak. Eta bistan da, ordu asko eman dituela -eta jende askorekin- hemengo gatazkaz berbetan.

    Bideo hau zabalduz, ikusiz, arretaz apunteak jasoz… lortuko dugu urratsak ematea norabide txukunean. Ea horrela den.