• gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  pasahitza,  teknologia berriak

    Jabetza industria

    Mikel Elorza | Berria

    Bolo-bolo ibili da gaia, Durangoko Azokan aurreneko aldiz liburu-e dei dezakeguna ikusgai zegoela. Eta atentzioa eman dit hainbat argitaldarik jabego intelektualaz azaldu duten kezka, eztabaidaren zurrunbiloan ene ustez astakeriak esateraino (lapurretarekin alderatuz artxibo baten deskarga…). Sortzaileen eskubideak errespetatu behar dira, horretan ados gaude guztiok, eta bilatu behar ditugu formulak horretarako; baina horrek ez du esan nahi beste batzuen negozioak errespetu maila bera behar duenik. Zeren eta batzuek negozioak egiten dituzte nekez aberasten diren sortzaileen eskubideen kontura, pentsua besteen pentzura maiz, eta negozioak negozio izaten jarrai dezan dute borroka latza. Eskubide, pirata eta antzeko hitzekin batera, esanguratsua da holakoetan azaltzen den beste bat: industria. Hori da indartu eta zaindu eta gorde behar dena, eta horri egiten dio, itxuraz, kalte, morroiloak kentzeak. Ez onartu nahian teknologiak aldaketak ekarri dituela, ekoizpen eta banaketa moldeak aldatzen ari direla, kontsumo eta partekatze ereduak ere bai, hedadura moldeak desberdinak direla eta horretara denok egokitu beharko dugula, baita industriak ere. Negozioa galtzeko bada ere. Baina ai, lagunok, eskubide horiek jabetza eskubideak dira, eta horien funtsa antzinako erromatarrek zuzenbidea finkatu zutenetik muinean ez dira askorik aldatu. Eta kostako da, gaur egungo erromatarrok ere —hau da, zibilizazio menperatzaile nagusia, bizimodua arautzen duena— jabetza eskubidea bizimodu eta zibilizazio horren zimentarri baitugu.
    Gaztelaniaz bada esamoldea, ezin zaizkiola zelaiari ateak jarri. Beti pentsatu dut esan nahi ederra duela, eta horren alde borrokatu behar dugula, baina mendiak atakez josita daudela, langa eta txarrantxez beteak. Interneten ere berdin: jarri nahi dizkiote morroilo eta kisketak, ari dira horretan, eta segitu beharko dugu horiek gainditze lanean.
    Ateak uste ez duzunean topatzen baitituzu. Ez dute gaurko BECeko finalean jarriko, gaia, hauxe: “Zu Amets, bertsozale porrokatua eta kazetaria zara, Interneten aritzen dena, eta kronika eder bategaz batera finaleko saioa zure webean eskegitzeko asmoa duzu. Baina Sustraik, elkarte antolatzaileko bozeramaileak, e-maila bidali dizu zeinak dioen, “Bergara eta Donostiako saioak oso osorik zintzilikatu dozuzala badakigu. Finalera begira, akreditazioa jasotzeko hitzarmena sinatzea eta bidaltzea eskatuko dizugu aurrez”. Hitzarmen horrek, jakin dezazuela biok, debekatu egiten du saiorik osorik eskegitzea, 6 bertsoaldi eskegitzen baino ez du uzten. Hiruna bertso nahi duzuen doinu eta neurrian”. Ez dute gaur horretaz kantatuko, ezta beharrik ere, baina proposatzen dut hurrengo saio baterako, txapelketatik at. Nire lagun bati gertatua baita, e-mail hori jaso egin du. Imajinatzen dut iritziak elkartean ere asko eta diferenteak izango direla, eta eztabaidak, baina hainbat lan eta ekimenetan eredugarria den eta lan eskerga egiten ari den Bertsozale Elkartearen aldetik asko harritu nau, egiaz diotsuet. Saioen erretransmisioa ere baimendu izan duelarik. Elkarteak noski ez du saioak eskegi izanagatik kazetariaren aurka deus egingo, baina abisua bera eta hitzarmenaren baldintzak…
    Ez diezaiola honek, hala ere, bertsoaren festa nagusiko argiari itzalik egin. Jabetza eskubideen harira kontatzekoa zen, ustez. Gaur besterik da: 14.000 lagun entzun eta ikusten, zortzi lagun oholtzan. Ez da iazko haizea.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Martxelo Otamendi elkarrizketatzen

    Saio berezia egin genuen zapatu arrastian Bilbotik. Hori jakingo duzue honezkero, entzungo zenuten agian. Irratitik ez bada, Internetetik agian, edo ziurrenik bafleetatik, Bilboko kaleetan.
    Manifestazioa hasi baino lehen baina, elkarrizketa sano interesgarria egin genion Martxelo Otamendi Egunkariako -gaur egun BERRIAn- zuzendariari. Madrilen epaiketa hasi da, manifestazio jendetsua Bilbon, eta urtarrilean atzera be Madrilerako bidea hartu behar dute auzipetuak.

    Martxelo Otamendi > irratia.com
    >

    Egunkaria auziaz ez ezik, oso gurea atera zitzaigun elkarrizketa. Bideoan grabatu eta eskainia Internet bidez, twitter bezalako kontuak hitzetik hortzera erabili zituen Otamendik. Audientzia Nazionalean twitter zer den badakite orain, eta gure mezuak zelatatzen izango ditugu aurrerantzean epaile, juez, magistratu, fiskal eta biktimak… aspertzen hasiak ote diren. Eta gu hemen, gure mezu laburrenak ozen jaurtitzen.

    Estudioan ikusten duzue Martxelo Otamendi, ondoan bi kazetari, behinola Egunkarian aritu eta bertan ezagututakoak. irratia.com bada, Egunkariari esker da. Hori ere ozen esan beharra dago eta. Han ezagutu genuen elkar Jabi Zabala eta biok.

    Egunkaria libre!
    irratia.com ere egunkarialibre.info ekimenean ari da, auzolanean. Hor ari gara gu guztiok, eta zuk / zuek ere baduzue tartea. Zabaldu mezua, lagundu, ireki, proposatu… urtarrilean jarraituko dugulako: Egunkaria libre! ozenago esaten, argiago adierazten, zabaltzen.
    Egunkaria libre! Bilboko kaleetan.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  software librea,  teknologia berriak

    Egunkarialibre.info

    #egunkaria + #libre egunkarialibre.info

    Informazioa. Egunkaria hitza, elkartasunaren berba bilakatu dugu sarean, kalean, jendartean, hemen, lanean, hor, han, Madrilen.

    Euskaldunon Egunkaria bertatik ezagutzeko parada izan zuen honek, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi lankide izan zituen honek… ozen esan nahi du sentitzen duen hori. Lehen artikulutik azken testu argitaratuetara. Iritzi artikuluak eta kronikak. Guztiak datozkit burura…Egunkaria libre!
    Egunkaria libre!

    Eta horretan ari gara sarean, lanean. Auzolanean. Egunkarialibre.info guztion artean ari gara egiten, sortzen, zabaltzen… eta zuk ere baduzu hori egiteko eta esateko aukera. Ez galdu aukera hau.

    Software librea, irudimena, gogoa, irudi batzuk, argazkiak, telefono mugikorretatik grabatutako irudiak… eta irrati emankizun baterako gidoia, kanta batzuk, hitzak, korteak… eta zu!
    irratia.com Egunkaria libre!
    Bilbon elkartuko gara!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    nEgukaria

    Gaur be, bi hitz, bi berba, ezin gehiago: Egunkaria libre.

    Berba bakarrean, adiera gehiagorekin, Antton Olariagak egin du. Egiten dakien moduan. Egunkarian egiten zigun moduan… euskal prentsaren irudia, irudimena, gogoa eta ilusioa jartzen digu goizero Zakilixutek. Eta zelan eskertzen diogun. Zelan eragiten digun matematika apur bat goizero…. kafearen orduan, edo otorduan edo gauean agian… lotarako.

    nEgukaria Egunkaria #libre
    Ondo adierazi du, aroa. Bizi dugun hau berau.

    Egunkaria libre! #egunkaria #libre

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  pasahitza

    BECetik zuzenean: entzun, ikusi eta idatzi

    Bai, ni ere BECen nago. Eta beste horrenbeste mila lagun. Eta saretik ari gara, eta twitter bidez beste horrenbeste, eta Telebistatik, edo saretik munduko txokoren batetik….
    Asko gara, ez dakit herri oso bat garen, baina herria izan egin bizi duenik badago hemen. Sentitzen da.
    Sarean ere bizi dugu.

    btn09
    Gu herriko hiru lagun ari gara larrabetzu.org atarirako multimedia kronika batzuk egiten.
    Audioa audacityn grabatzen, eta badaezpada -nork jakin- mp3an grabatzen. Belarria.
    Argazkiak egiten begi onena duena, eta dagoeneko sarean dira batzuk. Begia
    Idazten ari naiz ni. Neurri txikian zein luzeagoan. Ikusten dudana kontatu gurean, entzuten dena zuei esateko gogoz. Eskua.

    Egunkaria eta Euskal Herria libre!

    Finaleko argazkiak ikusi gura badituzue: larrabetzutik mundura.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  musika,  teknologia berriak

    Gaur bi hitz: #letrARTean Andoainen

    Letren herria dugu Andoain. Euskaldunon Egunkariaren itzala, Berriaren argia. Letrak ere saritu ohi dituzte Andoainen, Rikardo Arregiren omenez. Letrek, euskarazkoek berezik kultur parkea ere badute, Martin Ugalde zenaren izenean. Letren herri bilakatuko dugu gaur arrastian ere, LetrARTean ekimenarekin.
    Finean; kultura eta artea, informazioa eta komunikazioa edota Internet eta teknologia berriak jorratuko ditugu alde zaharreko Itzala gunean. Berba egitera goaz, sortzera. Ondoan dagoena ezagutu, eta ondoan, alboan, gertu jarraitzeko asmoarekin. Sortzen jarraitzeko, egiten, erakusten, ikasten.

    letrARTean Andoain

    Kultur esperimentu bat ere bada letrARTean, teknologiaren alde ez teknikoa jorratuz. Letrak. Edukia. Hizkuntza. Sorkuntza artistiko eta kulturala. Mezuari erreparatuko diogu, kanalari baino gehiago. Izan ere, kanalei begira gaude ohituegi aspaldion. Teknologiaren lilurak, edukiari garrantzia kentzen diola dirudi. Zer egin daitekeen pentsatzen pasatzen ditugu egunak pantaila aurrean, eta zer egiten dugun jakin beharra dago. Zertan ari garen, zer sortzen, zer ikasten…

    Alde horretatik, letrARTean plataforma fisiko eta humanoa ere bilakatu dezakegu, beharbada. Gure gogoa eta indarraren arabera izango da. Eta letrak, gureak, bultzatzeko tresnen beharra aldarrikatu eta profitatu dezakegu. Elkartzen bagara, egiten badugu, pentsatu ezkero, hasi eta abiatu ondoren.

    Horretara noa ni. Eta ikastera. Eta jende berria eta gazteagoa ezagutzera. Eta auzolanean, lan berriak eskaintzera auzokei, eta auzokoarenean murgiltzera azken finean.

    Kultura, Informazioa eta Teknologia. Horra hor KIT eder bat. Euskaldunontzako tresna erabilgarri bat, dezakegun armarik potenteena gure esku. Teklak eta jarioa. Sorkuntza eta kodea. Hedatzeko eta ikasteko. Ezagutzeko eta zabaltzeko. KIT on bat gure zerbitzura. Balia dezagun.

    gauez, letrak dantzan jartzeko asmoz
    Arratsaldean bezala, gauez ere jarraituko dugu gure ekimenak. Ludikoago. Sorkuntzaren aldetik, erremixaren logikarekin. Komuneko paperean idatzitakoak irakurri eta entzun, argitaratutakoak eskuratu… eta gero Bi hitz: beats_bits. Teknologia, doinuak, hitzak, musika.. pantaila eta ingurua. Eta dantzarako grina, gogoa.. giroa. Ea asmatzen dugun. Horretan saiatuko gara, eta zuek ere jarraitu dezakezue, pantailan, twitter bidez, streamminga jarraituz… gura bazela. Hurbiletik bezala urrunetik.
    Bi hitz: beats_bits  dj kaiku

    dj kaikuren musika, 2tz hashtag berria eta #letrartean dantzan egiteko gogoa.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Telebista eredu berriak ikusten

    Egunotan ni ere Durangon izan naiz. Eta sorkuntza gertutik bizi izan dut, beste behin. Ia 20 urte dira stand baten atzetik nagoela. Lanean, saltzen, erakusten, saiatzen. Baina lantzean behin gustatzen zait beste aldean egotea ere. Urte osoan bezala, azoka egunetan. Liburuak, diskoak, bestelako kultur ekoizpenak hartzen, irakurtzen, zabaltzen, erosten, gomendatzen… eta aurten ere han izan naiz. Gaur bihar etzitan joango ez naizenik ez dizuet esango, ordea.

    Izango dugu parada liburuaz berba gehiago egiteko, literaturaz, liburue be berbagai izango da -liburu elektronikoak salgai jarri dituztelako batzuk, ia ia paperezkoak baino garestiago gainera-. Literatura eta merkatua. Literatura eta irakurlea. Literatura eta bestelakoak…. eraginak, sorkuntza, plaza, prezioak, banidadea, salmentak… asko dago esateko, irakurtzeko eta idazteko beste. Hurrengoan.

    Telebistaz

    Gaur telebistaz jardun nahi dut. Ikusten ari garen telebista berriaz. Ikusten dena. Egiten dena. Sortzen dena. Eta Durango izan da adibide bat, xumea, apala, ezikusia agian… baina egin daitekenaren ereduetatik bat.
    telebista ikusi nahi dut

    Azokak telebista ere egin du. Azokan telebista egin dute batzuek. Tartean hemendik aurrera euskarazko telebistari buruz zeresana, eta batez be, zerikusia izan dezaketen batzuek bederen. Zer ikusi eman behar digutenak, batez ere. Hamaika telebista, Tokiko -batipat Goienaren eskutik- eta ETB3 batera ikusi ditugu. Ez dute deus esan, ez dute askorik iragarri, ez da ia ikusi. Baina batera jardun dira, ari dira lanean egunotan telebista ezberdinetakoak Durangon. Batera? Elkarrekin?

    Patetikoa bezain barregarria da gainera -Josune Ariztondo banintz ezin gorriago lotsatuko nintzateke- Gipuzkoako kulturak bere gain hartu behar izatea Durangon euskarazko telebista bat bideratzeko egitasmoa. Hala ere. Baina aurrera doan gure herri honean, hau eta gehiago. Hala ere, txapo hori bideragarri egin dutenengatik. Benetetan. Ni poztu naiz; beste behin Bizkaiko aberatsen, diru kudeatzaileen eta abiadura handiko politikari batzuen tamaina eskasa nabarmen erakutsi duelako. Agian, BECen izango dute orain burua, edo Sabinoren etxean, bilkura ezin erabakigarriagoetan izango dira. Petronor eta eitb zelan irabazi pentsatzen, edo Azkue nori eta zelan ezagutzera eman… edo auskalo zertan!

    Niri egia esan, nork lagundu duen baingo gehiago interesatzen zait zelan gauzatu den. Telebista eredu berri bat. Kulturala, euskaraz, apala, egunekoa, modernoa, azkarra eta digitala egiten ari da egunotan. Nork berea, eduki amankomunetan… azkar eta txukun. Pantaila handi batzuk daude azokako txoko batean, gora begira… eta entzuteko moduan.

    Eztabaidatu genezake telebistaz, ikusentzunezkoen gainean, etorkizunaz, orainaz eta telebistaren iraganaz. Baina nik uste, telebista -orohar- beharrezko duela euskal kulturak. Ikusentzunezko komunikazio digitala erronka interesgarria da, hemendik aurrera ere. Eta Durangokoa adibide, eta bide xume bezain interesgarria izan da niretzat.

    ahotsenea.net o)))
    Durangon izan da Ahotsenea ere. Eta han telebista digitala ere sortu da. Blog batean ikusi dugu ETB3ko hainbat kamerek grabatu, errealizazio txukun bat egin, eta zuzenean egun osoan gure kultura munduan. Egia da gitxi zabaldu dela, Interneteko promoziorik ez duela izan… baina erakutsi da; beste behin ere, teknologia berriekin, kultura bizia eta jarrera izan ezkero, gauza asko asko asko egin daitezkela. Txukun eta interesgarri. Musika, literatura eta sorkuntza digitala. Kultura eta teknologia berriak, adibide interesantea. Beste bat.

    Baikorra nintzateke, euskaldunak ondo konpontzen garela jakingo banu. Ez da horrela, eta arazoa ez da politikoa, ez da kulturala, ez da soziala…. euskaldunak horrelakoak gara, eta punto. Baina hala ere, zenbaitetan ari gara konpontzen, eta hasten garena… ez gara erraz gelditzekoak. Telebista ikusteko gogoa dut, batez ere horrenbeste zabor, txatxukeri, hipokresia, gezur, irain eta manipulazio jasan ostean. Telebista eredu berri, herritar, moderno, kultural, euskaldun eta digitala behar dugu. Azokan ikusi dugu zerbait.
    Orain etxean ikusi behar dugu, tamaina guztietako pantailetan. Eta denok. Edozein ordutan.

    Piztu dezagun telebista berria orduan.

  • ikusi eta ikasi,  musika

    Musika gehiago, urtea amaitzeko | Audience

    Urtero sasoi honetan, kantu eta disko barriak, poltsiko hustuak eta belarriak handituta; musikaren aroa, liburu barrien sasoia da udagoiena. Kontzertuak, liburu aurkezpenak… danerako aukera daukagu.

    Tartean, talde ezagunen disko zerrenda potolotzen dute, baina barririk ez dala sortzen ematen du. Ez dela sorkuntzarik… baina egon badago, gurean ere bada underground soinurik… estoldetatik haratago.

    Ikusi eta ikasi
    Gaurko, bideo bat ekarri dizuet. Izugarri gustatzen zaidan taldea da Audience. Lehenengo diskotik jarraitzen ditut, baina azken biak bereziak dira. Americana kutsu bat hartu dute, garbitasun bat, sustraietara jotzeko gogo bat somatzen zaie. Gernikarrak dira, oso hurbilekoak…. gertuko sentitzen diren hoietakoak. Berdin ikusi ditzakezu Anariren kontzertu batean entzule bezala, edo Gernikako Trinketen kontzertua antolatzen. Jo berriz, hemen eta han egin dute. Gehiago han hemen baino.

    Bideoa izugarri polita da, duda barik. Profesionala. Euskal Herrian eginda dagoela erraz somatzen da, baina ez da ohiko euskal bideoklipa, inondik inora.

    AUDIENCE “WIDE MAN” from Hannot Mintegia on Vimeo.

    Azken diskoa BideHuts disketxe/plataforman plazaratu dute. Eskuratzeko moduko musika opari bat.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  musika

    Ez dute uzten maitatzen gauean #notimeforlove

    Albisteek esnatzen zaituztenean, edo areago… atean kolpe hotsak itzartzea…. zer eta diren kolore guztietako polizia guztiak… etxez etxe ari direnean.
    100 etxetara joan dira. Gazteen lokalak, elkarteak, tabernak, txokoak…. dena da zilegi, independentziaren kontra bada.

    Eta bertsio ofizialak…. horretarako daude, lau haizetara zabaltzeko txakurren zaunkadak. Lumadun txakurrak esaten badiezu, haserretu egiten zaizkizu gainera. Zer dira ba?
    Bart, El Correok eta Vocento taldeko egunkariek argitaratu dute albistea, ohetik jaiki eta ziento erdi atxilotzen saiatu dira.

    Gauez, egunsentian beldurra eta amorrua zen nagusi gazteen artean ere. Razzia egin dute, Hego Euskal Herri osoan.. zu bai, zu ere bai, zu agian bai…
    Asteon, herriko gazte bati abisua eman diote guardia zibilek, Lezaman izandako kontrol polizial batean.

    Eta larunbatean gurekin dantzan zegoen tabernaria, atxilotu dute orain. Haritz eroan dute, gauez, beldurra eraginez…
    #no time for love esaten dugu, ozen… kantatzen dugu, eta zer ez den gertatzen ariko orduotan guztietan…

    GARA.net
    Gaztesarea.Info
    Ezkerabertzalea.info
    Berria.info
    sustatu.com

  • ikusi eta ikasi

    independentzia edo asperdura

    Ikerketa bat egin du Aztiker ikerketa taldeak Gipuzkoako diputazioaren enkarguz. Gazteen kezkak bildu dituzte txosten soziologiko batean.
    Prentsaren aurrean aurkeztu dute, eta prentsak guri.
    Titularrak:
    Berria
    Berria
    Independentziaren alde bozkatuko lukete Gipuzkoako gazteen ia erdiek
    Gipuzkoako gazteen eta politikaren arteko harremana ikertu du Aztikerrek, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat.
    Euskal Herrian, «indarkeriaz harago, arazo politiko bat dago», gehienen ustetan
    Diario Vasco
    Diario Vasco
    La política aburre a los jóvenes
    Un estudio de la Diputación de Gipuzkoa pone de relieve la desconfianza y el escaso interés de las nuevas generaciones hacia los gobernantes. Sólo el 10% ve legítimo el uso de la violencia en ciertas circunstancias.

    Ondorioak:

    • Txosten bera irakurri dute?
    • Zer dute buruan bada, Gipuzkoako gazteek?
    • Zer pentsatua ematen du, titularren irakurketa hutsak.
    • Kazetaritza, pentsatuko duzue… horrela gabiltza.

    Gipuzkoa.net webgunean hainbat pdf daude hau guztiau azalten dutenak. Grafikoak, inkestaren laginak, emaitzak, irakurketa….