agit/prop
agitazioa eta propaganda
-
Dei Gaztelumendi, artista bat
Twitter bidez izan dut bere lanen berri. Dei Gaztelumendi.

Xabiroi aldizkariaren azken portada zelan diseinatu, marraztu eta osatu duen erakutsi du timelapse teknika baliatuta. Eta milaka bisita izan ditu bideo honek sarean.
Bideoa pasada bat da, eta bere teknika ez da gutxiagorako.
deisign.com gunea ikusten aritu naiz, eta poztekoa da gure artean horrelako artistak egotea. Euskal Herria sortzailez gainezka dago, zorionez. Eta sarearen bitarte daukagu beraien berri.Igor Leturiagaz, Durangoko azokan berbetan, hizpidera ekarri genuen gaia, eta berak eman zizkidan Xabiroi aldizkariaren inguruan mugitzen diren sortzaile hauen berri. Eta poztekoa da. Pentsatu nahi dut, gazteen artean aldizkari hau ondo zabalduko dela, ezagutzen dutela… uste dut merezi duela.
Dei Gaztelumendi -
Durango ugari
Aurrekoan lagun batek, Durangorako joan etorriak urteetara ekartzen zituen. Mende laurdena urteroko zitan. Eta gogoetan jarri ninduen. Noiztik?
Eta txikitako oroitzapena datorkit. Ikastolatik autobusean, atentatua Erletxetan. Liburu eta diskoak.
80. harmakadako Andramari elizpeko diskoak eta estetika gogoan dut, Tijuan in Blue eta Potatoren diskoaren inguruan Soinuakoen estand hura, Kortaturen aizkolariaren posterrak, Hertzainaken kartel marroi handia, lehen diskoarena.
Akerraren fisika liburua nire diruarekin erosi nueneakoa.
Arkeologia esaten diote horri. Oroitzapenak. Aititerena egitea, gerra kontuetaz berbetan.
Eta urteak joan urteak etorri, abendua, nobedadeak, musika eta letrak. liburuak eta diskoak besapean, diruak xahutu eta urte berriari ekin diogu, behin eta berriro.

Liburu artekoak
Eta bapatean konturatzen naiz, liburuak saltzen 20 urte eman ditudala konturatu barik. Eta aurten ere, gogotsu aritu garela Twist edo Egarri egunak portualdean, Kartzelako poemak eta Scanner, Zaharrak ez zuen hil nahi eta Zamaontzia jendearen eskuetan jartzen. Eta aupa, eta kaixo, eta zelan, eta zu be bai, eta musu bat eta besarkada beroak, eta joandakoak, eta etorri datozenak.
Idazle berriak, lagun zaharrak. Belaunaldiak eta ostekoak.
Poza eta ilusioa ere egiten digu Durangoko azokak. Ez da liburuengatik bakarrik, ez dira doinua eta berbotsa soilik. Badago beste zeozer. Herrigintza zela pentsatu izan dut beti, baina badago beste zeozer be…. lagunartea, jendea, keinuak, bat izate hori, etorri, joan, elkartu, aldarrikatu, erosi, irakurri, egon, sentitu…. eta agian bai, herrigintzaren zati da hori. Herri gara. Eta herri osoa karpa baten azpian sartzen dugu agian; ahots, soinu, letra, irudi eta amets.
Zer litzateke gure herria Durango barik?
Durango gara gu ere, han ez gaudenean ere.
eskerrik asko guztioi. -
biba Gartxot! aupa Kerobia
Bart izan da. Kerobia Plateruenean. Gartxo filmeko irudiak. Jende pilo bat. 300 lagunetik gora igande gauez, Euskal Herrian.
Izugarria izan da kontzertua. Aspalditxo ikusi dudan onena.
Akustikoan hasi dira, xume, sendo. Banda osoa (perkusioa, kontrabaxua, pianoa eta Bandiniren ahotsa). Eta tartean marrazkiak tartekatu zaizkigu goian paratutako pantailan. Halako batean, isiltasuna, irudiak… eta zenbait kanturen ostean, hautsi da gaua. Zer da hau?
Kerobia elektrikoa, indartsua… animalekoa.
Izugarria izan da, lagun guztiak harrituta. Kerobia ikaragarri.
Gustura egon gara, Durangoko azokako lanak amaituta. Liburuen arduratik landa.
Bitartean, ez galdu aukerarik Gartxok, Itzaltzuko bardoaren filmea ikusteko. Itzela da Asiskok ete bere kideek egin dutena. Zorionik beroena lantalde osoari, auzolanean bikoizketa egin duten artista guztiei, animatzaileei, efektuak marrazatu dituztenei… bikaina sentitzen dugun euskal harrotasun hau.

www.gartxotfilma.com -
90. hamarkada
Ondo gogoan dugu oraindik. Kantu asko burura datozkigu lantzean behin, baina gehiago dira nostalgiaren eraginez, aurrekoak, 80. hamarkadako erdialdekoak.
Martxa zebilen gurean, kontzertuak ugaritu ziren. Antolatzeko modu berriei atea ireki zitzaien.

Gehiegizko profesionalizazioa ere bai, katxetaren logika bakarra.
Hala ere, eremu alternatiboak jarraitu du esistitzen, funtsezkoa izan da.
Orain, katalagoa digitalizatu eta merke antzean dago salgai, aukeran.

Eta bideoak VHS formatutik, DVD euskarrietara pasa dira…. eta laister egongo dira ripeatuta eta sarean eskuragai. Horixe baietz. Eta hori litzateke, sendotasunaren seinalea… sarean ez dagoena ez delako esistitzen ia ia.
Dijitalizazioaren garaian, webgune berria, spotify kanalak, dvdak eta beste. Memoria historiko digitala, aspaldi aldarrikatu bezala. -
Herria eta hizkuntza 1220 eurotan
Berriki Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta abar..
Tristeagoa iruditu zait, triste eta batez ere haserre jarri nau, Herria eta hizkuntza kantuaren ahapaldi batzuk dokumental batean jartzeko asmoagatik, 1220 euro kobratu nahi izan dizkiotela jakiteak.

Eta erantzunak ere arretaz irakurri ditut. Eta euskal kulturaren izenean egiten den iruzurra salatu nahi dut, ozen. Egile eskubideena patxanga bat da, goitik behera. Aitzakia merke bat. Eta Elkar erridikulua egiten ari da behin eta berriro, egile eskubideen afera horretan. Bahituta dauzka egileak, eskubideak, obra eta euskal kulturgintzaren zati bat… dirua ateratzeko helburuz. Eta euskal kulturgintzak, XXI. mende honetan ikuspegia aldatzen ez badu… hankasartze galantak egingo dituzte. Gaur negozioa dena, bihar miseria izango baita.Nik neuk, herria eta hizkuntza zein ditudan jakinik, aldarrikatzen dut kantu horren, Xalbadorren bertsoen publikatze librea. Ozen abestea, irratian jartzea… youtuben iragartzea… eta datozela Elkarreko euskal enpresari txit jatorrak, datorrela SGAE eta Audientzia Nazionala ere…
…
Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
berek nahi daukute konpreniarazi
bata bertzea gabe daizkela bizi.Herria eta hizkuntza, gorputza eta beste DRMpean edo museoko bitrina batean ezarri aurretik, hausnartu dezagun, mugitu gaitezen, egin dezagun zerbait… sorkuntza eta jakintza guztia negozio eredu neoliberaletan ezartzen duten jauntxo berri hauen aurrean.
-
#rubajoy ekimena sarean
21:45etan abiatu da ekimena sarean. Kataluniako ezkerretik abiatu dena, ERC eta inguruetatik. Euskal Herrian ere jarraipena izaten ari dena, eta dagoeneko oso minutu gutxian sarean hedatu dena.
#rubajoy etiketa asmatu da, biak ala biak berdina direla esateko… ohartarazteko.
Euskaraz, galegoz eta katalanez idatzitako eskaera ondoren: #independentzia
Hemen jarraitu daiteke etiketaren jarioa eta martxan.
-
gure umeen irribarrea
Maiz egoten naiz pentsatzen, eta berriro pentsatzen jartzen naiz, non gauden eta nora goazen, zer den herri hau, zer izan gura duen…. eta zelan lortu daitekeen.
Txikitatik amestu dugun hori, posible ote? Zelan gauzatu daiteke? Egingarria delako ibili gara honetan, gauzatu nahi dugulako, besteak beste…Eta horrelakoetan, behelainoak menperatzen du gure gogoeta guztia. Lainotu eta ez dugu argi ikusten, lausotu egiten da gure pentsamendua.
Askotan gorrotoarekin, maiz maitasunarekin…. ibili gara urte guzti hauetan.
Eta halako batean, Nazio Batuetako ordezkaria, Irlandako errepublikako lehendakaria, Sinn Feineko Gerry Adams, Norvegiatik etorritako anderea, Britania Handiko gizonik garrantzitsuena…. Donostian ikusten dituzu. Eta entzun. Eta adierazpena irakurri, eta… pentsatzen jartzen zara.Inoiz, inon Euskal Herria dela kausa egon ahal da horrelako argazkirik? Halango gertaerarik? Historikoa al da bizitzen ari garen hau? Zer gogoratuko dugu gaurkoaz etorkizunean? Nola bizi izan zenuen egun hori? Internet piztuta egon da egun guztian, pantailetan mezuak, #konferentzia etiketadun mezu andana bat, bideoak zuzenean Aieteko Bakearen etxetik, Donostia munduko hiriburu… zenbat hitz, jario, adierazpen, gogoeta, mezu eta abar….
Eta halako batean, arrastian adierazpena jarraitu dugu. Ondoegi ulertzen zen ingeles batean. Mezu argia eta zuzena. 5 puntu, behinolako KAS alternatibak zituen bezala. 5 puntu egingarri direnak borondate politikoa egon ezkero. Bost puntu lorgarri, pausorik pauso.
Bide berriak aurkitzen ari da herri hau. Maila handiko kudeatzaileek hartu dute iparrorratza, eta norabide egokian jarri. Altsasu, Brusela, Gernika, Iruñea… eta Donostiako adierazpen hau. Norabidea eta bidea, dena bat.
Arrrazoi zuen Bobby Sands irlandarrak, gure mendekurik, gure lorpenik handiena gure umeen, seme alaben irribarrea izango da. Hala bedi, gure eguna ere helduko da.

-
Biba Berango!

#kukullaga goikoa baserria
Martitzenean (irailak 27) goiz osoa Berangoko baserriaren aldeko zereginetan eman genuen. Mobilizazioa, negoziazioa, tentsioa, informazioa, baserria, lukurreria, injustizia, polizia, epaitegiak, traktoreak, jendea, indarra, gaitasuna…
Atzo, baserria bizirik mantentzea lortu genuen. Guztiok batera: baserritarrak, herritarrak, Berangoko udaleko alkatea (PNV), zinegotziak (Bildu + PNV), auzokideak, herri mugimenduetako kideak, lagunak, ezagunak…
Ametza, Errigoiti, Kukullaga Goikoa
Nire bizitzan hiru baserritarren familiaren desjabetze ezagutu ditut. Eta txiki txikitatik daukat gogoan Ametza baserria. 10 urte baino gitxiago izango nituen Ertzainek lehen aldiz Larrabetzun ostiak banatu zituztenean, pilotari kaskoa eta manga laburreko alkondara urdinekin gogoratzen ditut. Larrabetzuko Ametza baserritik, Pitxi eta bere senideak bota zituztenean. Aurre egin zieten herritarrek, eta EHNE sindikatuko baserritarrak ere borroka hartan zeuden.
Gaztetan, Txiplas Errigoitiko etxetik zelan bota zuten bizi izan genuen. Oraindik alkate den Iñaki Madariaga izan zen horren bultzatzaile, eta bertan batutakoak jipoitzeko ertzainen beltzak deitu zituenak.

Atzo, Kukullaga Goikoa baserriaren defentsan, lehen lerroan egotea egokitu zitzaidan. Brasildar nekazarien ondoan, Berangoko herritarrekin, aspaldiko lagunekin, EHNE sindikatuko kideekin… irakaspen handia, garaipen txiki bat, urrats bat, bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatzen dugunontzat.
Baserriak bizirik gura ditugu, eta espekulatzaile finantziero eta maila handiko lapur legalei aurrei egin behar diegu.
informazio gehiago:
- baserribizia.info
- Koska irratia + UKberri (bideoa + argazkiak)
- GARA
- Berria (kronika eta bideoa)
- DEIA (Noticias taldea)
- El Correo
Eta girotzeko, Gabriel Arestiren koplak, Joseba Tapia eta Natxo de Feliperen ahots zein doinuan.
-
Bi hitz Kukutza gaztetxeari buruz
Maiz joan izan naiz Kukutzara. Aspalditik. Egon izan naiz bazkaltzen, teterian, kontzertuetan, bileretan, jairen baten, geratzeko leku bezala, egoteko…
Kontzertu onak ikusi ditugu hor, eta maiz.
Azkenengoz domekan joan ginen etxeko guztiak. Euria ari zuen, eta merkatua zegoen deitua bertara. Erosi genuen kafea, poster zapatista bat, kontsultatu genituen liburuak, aldizkariak, jostailuak, erropa….
Giroa zegoen, erresistentzia jarrera alde batetik, lokalaren defentsa… bestetik aurrera jarraitzeko gogoa irmoa.
Gaur goizaldean sartu dira. Horrek esnatu gaitu Euskal Herrian asko eta asko. Eta barruan zeudenak atxilotu dituzte, eta basatiki eroan… eta irudi batzuek buelta eman diote sareari, sarean.

Nik neuk amorrua hartu dut. Azkunaren harropuzkeria eta Aresen indarkeria batu dira. Baina auzo oso bat izan dute egun osoan zehar…. baina arrastian mundu bat batu gara Errekalden. Eta berriz ere, indarrez tratatu gaituzte. Poliziak ez dauka beste jarrera eta portaerarik, baina ezin jasan dezakegu milaka lagun dauden manifestazio handi batean… poliziak horrela jokatzea.
Kukutza oraindik han dago, Errekalde erdian, Bilboren bihotz bat da kulturalki, sozialki… ekonomia eta jarrera alternatiboa lantzen ditu, jendea batzen du, dinamika sozio kulturala dauka… hori gaur egun, Europako hiri batean… preziatzeko altxorra da. Jeltzaleek, eskumak orohar ez du hori maite… eta horren kontra egiten du, nahiz eta horretarako narkotrafikante eta espekulatzaileen alde paratu behar… egin egin dute, beste behin. Eta biolentzia erabiltzen dute, gauez zein egunez… hitza eta jarrera beste armarik ez dutenen kontra. Arrazoia galdu dute…. eta ez diegu barkatuko. Irabazi egingo dugu… Kukutza eta beste bataila askoz gehiago ere bai. -
Literatur Emailuak egiten 500 astez
Lekutan dago 2002ko urtarrila. Orduan igorri genuen lehenengoz Emailua. 400 helbide izango genituen, lagun eta ezagunak gehienak. Literaturzaleak, kazetariak, argitalpenetako jendea… eta gerora edukiak sortzen eta sareratzen bezala, hartzaileon kopurua areagotzen egin genituen ahaleginak. 1600 baino literaturzale baino gehiagoarengana heltzen da egun eposta helbidera, zuzen. Eta astero.
Literatur Emailuak eposta bidez banatzen den albistegia da. Efemerideak, literatur ekitaldien agenda, liburu osoak online, literaturarekin eta literaturaz beren beregi sortutako albisteak.

Susa literatura argitaletxearen ekimena da Emailuona. Eta aspaldi honetan, astero gainera liburu oso bat sareratzen da. Kontua ez da soilik albistea egin eta sarean hedatzea. Aurretik liburua aukeratu, eskaneatu, zuzendu, webean jarri behar da… eta astero. Eta hilero. Eta urtero.
Errazena, egun ditugun tresnak kontuan izanda, emailketa egitea da. Botoi bati hiru aldiz klik egin, eta ea modu automatikoan sortzen da Emailua, automatikoki igortzen da, eta zabaldu.
Atzean baino, hain automatikoa ez den lana dago. Lagun askoren lana. Gogotsu egindakoa. Astero, hilero, urtero. Nekatu arren, nekerik gabe. Gustagarriago egiteko gure literatura. Sozializatzeko helburuarekin. Guztion eskura altxor hauek guztiak jartzearren.
Mila esker armiarma literaturaren sarean hedatzen, lana egiten duzuon guztioi.




























