teknologia berriak

software librea | blogak | Internet | copyleft

  • teknologia berriak

    wikiparranda Arrasaten

    wikifarar

    Wiki bidezko deialdia, izenematea eta beste. Orain arten egin izan ditugu blog&beers euskaldun batzuk. Orain blogaren ordez wikia izan da, eta garagardoak edo bestelakoak FArrasateko kdd honetan. Ni ere geldituko naiz.

    Aspaldiko lagunak ikusi, berba egin, eta proiektu berriak ahotan izango ditugu. 2.0 susperraldiari geure ekarpena egingo diogu, hori ziur. Eta bestelako gaiak ere sortuko dira. Baina, hori bai, oraingoan ordenadore barik ibiliko gara. Haririk gabe eta bestelakorik gabe. Gure artean berba egin, eta tabernarik taberna. Arrasateko kaleetan. Hala ere, gadget_zale hauek bestelako tresna mordoa ere izango dituzte eskuartean: azken belaunaldiko mugikorrak, hamaika pixeldun argazki kamerak, kantu zaharrak entzuteko mp3 berrienak, eta bestelako tramankuluak.

    Lantzean behin ondo dago, bestelako loturak sortzeko aproposak dira. http:// albo batera laga, eta aurrez aurre egoteko. Euskal Herrian bezala, munduan ere beti egin izan den moduan. Eta egingo. Zu ere Arrasatera hurbiltzeko garaiz zabiltza oraindik.

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    Blog barriak larrabetzu.org komunitatean

    Abenduan hasi ziren bere lehenengo frogak egiten. 2007ko nobedade dira, duda barik. Beste bi blog barri daude martxan larrabetzu.org komunitatean.

    Hori Bai Larrabetzuko gaztetxeak martxan jarri du berea. Bertatik gabonetako kultur ekitaldiekin hasi eta gaztetxeko dinamika erakusteko leiho bat gehiago izango da. Kalean duten presentzia, Interneten ere izateko. Bizi bizi dago gaztetxea, eta blogean ere nabarituko da hori.

    Otzara izeneko bloga sortu du Gorkak. Euskaraz eta gaztelaniaz, bere iritziak botako ditu aurrerantzean, batzen duena erakutsiz. Perretxikotan ibiliko balitz moduan. Orain arte erakutsi duenez, luma zorrotza eta oso kritiko ageri da herriko errealitateari buruz. Ikusteko dago, ze martxa hartzen duen blogak.

    Bitartean, 53R61-k bere wii berriarekin jolasten dihardu, Kukubel saiorik saio ari da, Literatura Eskolakoak liburu artean galduta…

    Larrabetzu.org oraindik, komunitate txikia da. Baina apurka apurka teknologia berriak, herrietako informazioa, norberaren iritziak eta argazkiak eta bideoak plazaratzeko aukerarekin…. gauza asko egin daitezke, nahiz eta herri txikia izan gurea. Bizirik dagoen seinale.

  • teknologia berriak

    Noizko aurki?

    Badira zenbait aste, behin eta berriro euskal blogosferaren berri izateko aurkira jo, eta Data Base error mezuarekin topo egiten dudala.
    Badira zenbait egun, zerbait idatzi behar dudala pentsatzen ari naizela.

    aurki.com

    Aurki Eibar.org elkarteak sortu zuen, bilatzaile bezala hasieran (DMOZ proiektuaren barne) eta euskal blogosferaren planeta bilakatu zen gero. Ehundaka gunetako RSS jarioa profitatutz, gure komunitateari sekulako indarra eta kohesioa emanez.

    Erori da eta ez dirudi altxatzeko asmorik dagoenik. Ez dago enpresa pribaturik, ez dago erakunderik… eta badirudi ez dela garrantzitsua. Bokazio publikoa izanik, sekulako tresna iruditzen zait Aurki. Horrela jakinarazi izan diet beti sortzailei, eta blogei buruz mintzatu behar dudan aldiro aipatzen dut Aurki.com

    Itxaroten nekatu naiz, eta pentsatzen dut beste asko ere antzera egongo zaretela. Eta mezu hau eibartarrak probokatzeko asmoarekin eginda dago, ea komunitatearen presioz edo…. aurki martxan jartzea lortzen duten, lortzen dugun.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Never mind the blogs

    NMTB never mind the blogs

    Bilkura interesgarria Leioako Arte Ederretako fakultatean egindakoa.
    Mahaiaren bueltan hainbat blogari. Aurkezpena eta eztabaida. Ia lau ordu hizketan. Eta emaitzak ikusteko daude. Laster gauzatuko direnak, pitike pitike.
    Mahaikoak.
    Antolatzaileak: Ptqk blogzine eta Laburrak

    Gonbidatuak: 9Cdr, Placida, Pripublikarrak, Blog de blogs, Teketen, RadioPaca.net, gaztelumendi.org

    Gaiak: blogosfera, komunitatea, audientziak, eragina, ekimenak, berrikuntza, feminismoa, artibismoa, eragina…. asko eta interesgarriak.

    gaztelumendi.org eta euskal blogosfera
    Nik nire aldetik, euskal blogosgeraren erakustaldi txiki bat egin nuen. Hasierako bost minutuak, nork bere bloga erakusteko genuenez. Bloga erakutsi baino, euskaraz zer egiten ari garen egun azaltzen saiatu nintzen. Horretarako adibide hauek eroan nituen Leioara.
    sustatu.com
    sarean.com
    irratia.com
    aurki.com
    zabaldu.com
    eta blogak egiteko plataformak: blogari.net, blogak.com eta mundua.com
    Gaztelaniaz mintzatu ginen, asko eta asko euskaldunak ginen arren, gehienak esango nuke nik. Hala ere, euskarazko Interneteko ekimenek behar dute bisibilitate gehiago. Saiatu beharko dugu gure software, ekoizpen eta egitasmoak jendeari erakusten. Ondo ondoan ditugun arren, askotan ez gaituztelako ikusten.
    Bete genuelakoan nago. Hitzaldiko gune guztien azalpena (euskaraz eta ingelesez) inprimatuta ere eraman nizkien. Apropos.

    Gero, esan moduan, beste hiru bat orduz aritu ginen han berbetan. Partehartze handia egon zen. Natxo eta Maria moderatzaile eta aurkezleak ia ez zuten askorik zirikatu behar izan. Gaiak atera eta atera, ondo biribildu genuen mahai karratu eta luzea zena.

    Emaitza: Gorkak han bildutakoen blog eta ekimenen agregatzaile interesgarri bat -berak ohiko duen moduan- sortu du, NMTB etiketarekin ari gara gure gauzatxoak sailkatzen, Berrikuntza ekimena jarri dugu abian, eta berriz elkartzeko gogoa piztu zaigu guztioi. Bazkari ederra ere izan genuen unibertsitate ondoko jatetxe batean. Dena esan beharra dago eta, Euskal Herrian, gauzak ondo finitzeko, mahaiaren bueltan beti. Hori delako gure benetako prozesua, mahaia. Hor egiten ditugu beti pakeak.

    NMTB technorati
    zabaldu.com

    nmtb

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Matt, worpdress sortu zuen mutikoa

    Matthew Mullenweg da, 1984an jaiotako mutila. Berak sortu zuen blog honetan, eta munduko blog mordo batetan erabiltzen dugun software librea: wordpress. Datorren astean Sevillako Eventoblog topaketan egongo dela eta, bere berri izan dut.

    Eta bere bloga irakurtzen hasi naiz. Esan dut: –kontxo! mutikoa dok eta! Interneten ohikoa da hori, gazte gazteak trebe trebe datoz. Eta gainontzekoak erabiltzaile bihurtzen gara. Eta pozik.

    Horrelako gazteei esker, orain tresna asko daukagu eskura, sekulako tresnak gainera. Eta Interneten mundu hobe batekin amets egiten dugu, software librearen funtzionamenduak -eta ideologiak- mundua hobea eta askeagoa izan daitekela adierazten digu.

    Matt eta beste garatzaile asko, software librea guztion eskura jartzen ari dira. Komunitateak sortzen dira gero, eta programok egokitu, lokalizatu, hobetu, frogatu eta bultzatzen dituzte gero. Eta sekulako dinamika positiboa sortzen du guzti horrek.

    Nik, aurrerantzean pozik irakurriko dut Matthew Mullenweg adiskidearen bloga. WordPress tresna izugarri erabilterreza, potentea eta txukuna iruditzen zait. Etengabe garatzen ari da, eta euskaraz sortu den komunitatetxoa ere interesgarria iruditzen zait. Ari gara, eta halakoren batean guk ere elkartu beharko dugu. Gero eta erabiltzaile gehiago ari baikara lanean wordpress plataformarekin.

    * Halako batean batuko bagina zer?
    * wordpress tailer bat eta zalantza eta plugin workshopa zer moduz?

    * Asko gara, batu gaitezen -lema komunista ematen du-

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    NEveR MiND the BloGs

    Datorren astean da burutzeko Leioako Arte Ederren fakultatatean (EHU UPV) Never mind the blogs topaketa. Ekimena interesgarria da. Blogen inguruan mintzatzeko topaketa bat, astegunez eta goizean. Unibertsitatera itzultzeko aitzakia. Eta gaiak ondo zehaztu dituztelakoan nago.

    Ni joatekoa naiz, eta zu? Interesgarria iruditzen zait planteamendua eta antolaketa modua. Zabaltzen jarraituko dut.

    never mind the blogs

    Antolatzaileek inkesta hau pasatu dute mezuarekin batera. Horrek gutxi gora behera eztabaidaren funtsera eroango gaitu.

    * Bi lerrotan zure bitakora, blog edo… deskribatu.

    * Zergatik erabiltzen duzu blog bat? Zer ezberdintasunak daude beste medioekin?

    * Zer nolako tresnak erabiltzen dituzu? Zergatik?

    * Komunitate baten parte zarelakoan zaude? Bloggerren topaketaren batera joan al zara?

    * Uste al duzu blogging delakoak edota erreminta digitalek jabetzeko, deszentralizatzeko, kontrainformazioa gauzatzeko eta ezaguera sortzeko aukera berriak irekitzen dituzten?

    * Kopiatzen al duzu? Kopiatzen al dizute? Inporta zaizu? Copyleft ezagutzen al duzu?

    * Eta blogen ondoren zer?

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Aldaketak eta hobekuntza zenbait gaztelumendi.org blogean

    Ez gabiltza geldi. Beti ikasten da zeozer. Eta blogen inguruan, etengabe gauza berriak eta ezberdinak datoz gure artera. Batzuetan, trena azkarregi pasatzen dela iruditzen zaizu, eta mendi puntatik lasai begira geratzeko gogoa sartzen zaigu.

    Bestetan aldiz, skate gainean aldapan behera goazela… aldaketon zurrunbiloan sartzeko gogoa sartzen zaizu. Dena da 2.0, dena dago aldagai… dena egitea posible da Interneten. Eta horretan ari gara.

    Batzuetan aski duzu, txat batean, edo lagunen bat Gmail edo beste nonbaiten aurkitzea laguntzen hasteko.

    Hizkuntzaren inguruko kezkak
    WordPress darabilgunok apurka apurka komunitate bat osatzen dugu. Baita euskaraz ere. Gero eta blog gehiago aurkitzen ditugu software libre honekin egindakoak. Gero eta deigarriago eta eleganteagoak. Guk ordea, dakigun apurra bloga mantentzen baliatzen dugu. Blogak berez, lana eskatzen du. Zurea da, zuk mantendu behar duzu. Zuk egin behar dizkiozu aldaketok. Pluginak direla, themea dela, hizkuntzaren inguruko gorabeherak direla… eta ni egia esan, hor nabil herrenen. Kodea barrutik aldatzea ez da hain erraza, eta lagun batzuen laguntzarekin… apurka apurka gune osoa euskaratzen ari naiz. Baina, badiotsuet, informatikaria ez den batentzat, kodea aldatzea ez da hain fazila!

    irratia.com

    Irratia.com entzungai

    Nobedade handiena hori da. Eskumako zutabean aspaldion Jabi Zabala eta biok Bilbo Hiria irratian egiten ditugun saioak entzungai dituzue. 6 urte badira irratia.com proiektuarekin abiatu ginela… eta egia esan, oraindik horrela jarraitzeko gogoa ez zaigu ahitu. Martitzenero elkartzen gara, sarean ikusitakoaz jarduteko. Irratsaioa egiteak lana ematen digu, baina eraberean Interneteko aktualitatean murgiltzeko aukera eskaintzen digu. Orain, blog honetatik ere entzun ditzakezue gure programak. Iruzkinak eta egiteko, hori bai, irrati bitakoran sartu beharko zarete. Zuen partehartzea zinez eskertzen dugu. Badakizue hori.

    Aldaketak apurka apurka
    Bitartean blogarekin jarraitu beharko dugu. Munduari so egiten, Euskal Herrian zirikatzen, literaturaz eta musikaz iritzia ematen, teknologia berrietan trebatzen… orain arte egin duguna. Eta apurka apurka aldaketak gehitzen guneari. Irudi eta itxura aldetik hor jarraitzen dugu, gorria eta beltza dira nagusi gurean. Gaien aldetik ere, hasierako antzera. Aukera teknikoak gehitu egin zaizkigu: audioak direla, bideoak direla, argazkiak direla… testuari denetarik gehitzeko aukera dugu egun. Eta hori ere baliatu egin behar da.

    Blogek, sekulako arrakasta izan dute, munduan bezala gure inguruan ere. Horretaz jakitun gara, eta batzuetan bertigoa ere ematen du zenbait kontu idazteak. Blogak gero eta irakurriagoak dira, eta zinez eskertzen dizkizuet -zaretenak zaretela- ematen dizkidazuen erantzun eta kontseiluak. Batzuetan gorritzeraino lotsatzen da norbera, baina ze arraio, jarraitu egin beharko dugu.

  • teknologia berriak

    Google bilatzaileak Youtube erosi duela eta…

    info 7 irratiaEz da beste albisterik izan aste hauetan Interneten, iragan martitzenean Googlek You Tube erosi zuela aipatu zenetik. Google Interneko bilatzailerik arrakastatsuena da eta You tube, egunero milaka eta milaka bideo eskaintzen dituen hodi lodia.

    Ez da urtea izango Youtube gero eta ezagunagoa bilakatzen hasi zela Interneten. Norberak egindako bideoak, sarera igo eta edonork edonondik ikusteko modukoak gainera. Umorea, salaketa, txisteak, irudiak, lagunak, ospakizunak, kontzertuak, pasadizoak… denetarik ikusi ahal izan dugu hodi lodiak eskainita. Milioika lagunek igo eta jeitsitako bideoak, milioika bideozale eta bideo ikuslez osatutako sare erraldoi bat, Internet bera bezalakoa.

    Eta egon badaude bideoak ikusi eta eskaintzeko bestelako plataformak ere, daylimotion, google videos bera edo beste hainbat…. baina arrakastatsuena youtube izan da, duda barik. bi gaztek duela urtebete sortua, eta azkenean Googlek erosi duena, 1650 milioi dolar akzioetan jarrita. YouTube norbaitek erosi behar ote zuen zurrumurrua zabaltzen hasi zen Interneten bertan, eta azkenean nork eta Interneteko handienak, google bilatzaileak, erosi egin du. Youtubek bere bidea egiten jarraituko du, nortasuna galdu barik. Eta Google bilatzaileak bere aldetik, ez du bideoen saila kenduko… garatu eta hobetu egin beharko du ziurrenik, eta Youtubek duen arrakasta eta oihartzuna baliatu beharko ditu, bere zerbitzuen hobetzeko. Eta orain, google handiago bilakatuko da, tresna onenak sortu eta garatzearen ondorioz…. Google-ek Internet osoa kontrolatuko du. Orain arte gutxi kontrolatzen badu…

    Youtube ez da arrotza euskaldunontzat, basque jarri eta manifetako bideoak, surf irudiak, kontzertuetako zatiak, euskaldunon pasadizoak ikusten ditugu pantailaratuta. Basque etiketa bat baino gehiago da youtube bezalako Interneteko zerbitzuetan… basque da munduari begiratzeko modu bat, munduan izateko manera bat…. munduan, google baliatuz, gu bilatzeko era. Bideoan edo bilatzailean… berdin du, basque bezala topatu edo ikusi behar gaituzte. Gureak 1650 milioi baino gehiago balio duen arren…

    Entzun gura baduzu: [audio:http://info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.euskalherria.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20061017_eus_626.mp3&sekzioa=talaiatik&id=626]

  • teknologia berriak

    web 2.0 ikastaroa UEUn

    Izena eman nuen, eta antza denez gehiagok ere bai. Gaur 16 lagun hasi gara ikastaroan, eta beste kanpo ateetan geratu dira. Euskarazko ikastaroak urriak dira materia hauetan, baina ari gara horretan ere. Blogei eta teknologia berriei buruzko hainbat ikastaro eta hitzaldi eman eta kordinatu ostean, ikasle moduan joan naiz Eibarrera. UEUra.
    Gorka Julio Teketen dugu irakasle. Lana erruz egiten du, hitzaldietarako RSSa baino jario potenteagoa dauka, ikasle ona izan dela nabari zaio, eta sekulako aurkezpenak prestatzen ditu pantailarekin.

    Mundu ikaragarri interesgarria da web 2.0 delakoarena, eta asko dago ikasteko eta sakontzeko. Zeozer dakigulakoan, ur berrietan sakontzeko aukera ematen dute horrelako ikastaroek. Ondokoarekin, modu kolaboratiboan gauza berriak egiteko ideiak eta sortzen dira. Eta niri, gaur, pasatu zaizkit batzuk burutik.

    web 2.0

    Ondoan nuen Morau. Abeslaria eta AEK-ko irakaslea azken urteotan. Musikazalea naizelako aspalditik ezagutzen nuen, baina e-learning asuntuetan ari da aspaldion euskaltegiko lanetan. Euskal Herria 2.0 jardunaldietan ere izan zen, eta mahaian balizko blog batzuen zirriborroak sortu ditugu. Eta ziur naiz, gauza potentea egin dezakela berak, gehien maite eta ezagutzen duenari buruz: musika.

    Ikastaroan gustura hasi gara, asko daukagu oraindik ikasteko eta lantzeko. Sakontzeko eta frogatzeko. Hamaseikotea gaude, hezkuntza eta enpresa mundukoak gehienak… blogosferara gehikuntza potentea izango da talde honena, ziur aski. Ikusteko dago.