• albisteak 2.0,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Bideojokoak aitite amonen kontuak direla?

    Zur eta lur geratu nintzen, Aiora Kintana adiskideak esandakoak entzuterakoan. Belaunaldi berriekin jokoan, gusturen karta joko, bingo eta bestelako jolasetan ibilitako aiton/amonak direla ez digu esan ba?!
    Bideojokoen ikuspegi hezitzailea, kolaboratiboa, gorputza lantzen duten joera berriak (wii eta horrelakoak), interakzioa, pentsamendua lantzekoak… mundu bat dago eremu horretan. Eta ni, barka, ezjakina naiz.

    [ Txikitan horrelakoekin zaletasunik ez -makinetarako txanponak be urri poltsikoetan-, ordenadore kontuetan berandu hasitakoa, lehen ordenadorean 1996an izan nuen niretzat, aurretik gaztetxerako hartu genuen bat, unibertsitatean irakasleen bulegoetan egiten genituen autoediziozko kartelak… eta jokoei ez diet batere jaramonik egin inoiz. ]

    Aste honetako telebista saioa prestatzen ordea, zeozer irakurri, ikusi eta murgiltzeko aukera izan dut. Jolasteko betarik ez dut hartu. Baina badago egon, mundu ikaragarri bat atzean. Softwarea, diseinua, interakzioa, ekonomia berri bat, lehiaketak, topaketak, garapenak, aplikazioak… eta gure inguruan ere jende ugari dabil langintza hoietan. Gehienak oso gazteak, baina era berean oso trebeak.

    Belaunaldi berriagoek, aisialdian garrantzia handia ematen diete horrelako joko eta trikimailu digitalei. Harremanak, jolas kolektiboak, topaketa fisikoak ere bultzatzen dituzte… eta mundu horri so geratuko naiz bide batez.

    Gogoeta bat, zer pentsatua ematen du gai honek. Horretan gaudela, hurrengo geltokia zein den pentsatzen hasi beharko gara. Asko egunotan BECen izango dute geldialdia.

  • literatura

    Literatura larriki saritua

    Autoan nentorren. Pozik. Etxera bueltan, Arratsean saioa entzuten. Azken hiru eguaztenetan ohitura hori hartu dut, eta gustatzen zait. Atzo ere entzun nuen, aurreko batean ere bai… eta gaur ere Arantxa Iturberen kultur kezkarekin bat egiteko gogoa piztu zait.
    Idoia Beratarbide ahotsetik eta kontestutik ezagutu dut, eta arte irrika sortu dit beraien elkarrizketak.

    Harkaitz Cano arratsean
    Eta ostean, Harkaitz Cano gerturatu da mikrofonoetara. Krak bat da Cano, mikrofono aurrean ere. Gidoiak txukun prestatu, eta Arantxa ere lanean jartzen du. Ondo ulertzen dute elkar, eta medioa kontrolatzen dute. Gaiari beste buelta bat ematen diote… eta gaur Harkaitz Canok idazle sarituak izan ditu hizpide. Hemengoak eta hangoak. Vargas Llosaren aipu batek borobildu du hasiera: “Uste nuen nitaz ahaztuta zeundetela“. Bikain.
    Eta buruz esaten ez nekiken idazle baten liburua aipatu du gero Canok. Eta idazle horren eta bere sarien anekdotak. Eta diruaren jukutria, zelan ez. Eta metafora berak egin du, beste ezer aipatu barik. Eta metaliteratura egin beharrik ez dago, gaurkoa berriz entzun, eta nork bere interpretazioak egin ahal izateko.
    Euskadi Irratia hasi da podcastak igotzen, eta bihar edo etzi agian, egongo da Canorena, eta entzungarria denez… espero sarean egotea, eta jarriko dut hemen, eta komentatuko didazue zer.
    Literatura eta biok
    Sariak eta biok
    Ni ere, sarien gainean pentsatzen jardun naiz. Hasieran sarituari buruz pentsatzen nuen, gero saritutako obrari buruz, baina pentsatzen jarrita sariari buruz idaztea be, ez da gutxi.
    Literaturzaletzat daukat nire burua, eta pentsatzen jarrita, ezer gutxi dakarkio dinamika honek zaletasunari berari. Besterik da beste gintza batzuetan, eta bertsoaren inguruan, txapelketak, demak… onura dakarkio zaletasunari ere, antza. Eta dirua. Eta ospea. Eta hedabideetako minutu, lerro eta etekinak. Eta on egiten digu guztioi, BECtekada batek.
    Ezberdina da literatura. Ez da masiboa, ez du behar. Autokontsumorako zeozer da. Ez da mahaiaren bueltan hartzekoa, bakarka edo asko jota komentatzeko… asko jota.
    Baina lehiaren bidez erabakitzen da, zer dan nor, nor dan zer. Eta ez zait gehiegi gustatzen. Niri. Baina antza, beste askori ere ez…


    Bernardo Atxagaren zazpi etxeak….

    Frantzian geratu dira, antza. Ez bide du bere liburua txapelketara aurkeztu. Eta beste askok ere ez. 23 aurkeztu dira helduen literaturazkoak. 2009ko obrak. Baina baziren gehiago… 111 akademiak dioenez… askoz gehiago. Zenbat? uffa! Irakurriko ote ditugu guztiak gero. (48 lan, helduentzako euskaraz).

    • Eta zergatik ez dira aurkeztu?
    • Zeintzuk dira aurkeztu direnak?
    • Lehiaketak bere horretan iraungo du datorren urtean?

    Utikan manifestuak, uste baino eragin handiago izan du, izaten ari da, eta izango du aurrerantzean ere. Sariketa bera aldatu, idazleek jarrera hartu, eta dena desbirtuatuta ageri da, aidanean.
    Eta guk, jarraituko dugu irakurtzen.
    Utikan Euskadi sariak

    irakurketa gomendatuak:

  • albisteak 2.0,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    Lanez lepo

    work in progress

    Gertatzen da, eta batez ere ikasturte hasiera hauetan. Ekin beharra dago, zeregin ezberdinei eutsi, eta berrietarako gogoa be pizten da sasihasiera hauetan. Eta horrela gabiltza. Batean eta bestean. Neurria eman nahi, baina pasatu barik.
    Ikasturtearen hasierak baditu gauza onak, planak burutzea, egitasmoak fintzea, eginbeharrak zehaztea…. baina hasiera fasean, denak batera abiatu behar direnean, elkar ere jo dezakete. Denbora ordenatu, pausatu, ikusi, aztertu eta ekitea da ziurrenik aproposena.

    work in progress
    Eta horrelakoetan, blogak ez du izaten lehentasunik. Konturatuta nago, zenbat eta denbora libre gutxiago, blogak nabaritzen duela gehien. Lana dela, ardurak direla, proiektuak… hau eta beste, Interneteko proiektuetan eman arren denbora, azkenean blog pertsonala ateratzen dela galtzaile. Horregatik dute, hain zuen, horrenbeste arrakasta sare sozialak, mikroguneek eta ostantzekoek. Denbora gutxi eskatu arren, besteen arreta azkar bereganatzen dute.

    • Baina sareotan, ikusten eta irakurtzen ematen dugun denbora, sarean sortzen emango bagenu?
    • Zelan uztartu, neurri txikia eta ertaina? Zer esanik ez, luzera handiko artikulugintza, ponentziak, hitzaldiak prestatu behar izan ezkero
    • Denbora eta espazioa, dedikazioa eta ardura. Proiektu kolektiboak eta pertsonalak, hor dago koxka.

    Aurrera goaz hala ere, irakurleek honezkero badakite/badakizue hemen ez bada, nondik nabilen, zertan nabilen… ezta?

    Astea programatzen duzu, eta astean zenbat aldiz daukagu horrelakoei ekiteko astia? Gauari zenbat kenduko diogu? Lagunei? Etxekoei? Ahal dala, ahalik eta gitxien.

    Eta twitter bidez, edo facebooken, telebista programan edo irratietako tarteetan harrapatuko duzue hemen gutxiago ageri den hau. Gainera unibertsitatean Euskal kulturgintzaren gaineko ikastaroetan murgilduta eta asteburuetan Literatura Eskolako dinamikari berriz heldu nahian…  gaztelumendi.org proiektuan hoien berri ematearekin, nahikoa eta lar.

    Albisteak 2.0

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Eskubide guztien aldeko kaleak

    Atzo, Bilbon burura etorri zitzaidan lehen ideia irailaren 11koa izan zen. Egun horretan urduri eta temati jarri ziren guztiek, ea lasaiago egin duten lo. Manifestazioa egin egin behar zela ziotenek, ea manifestazio handiagoa -hagitzez luzeagoa eta jendetsuagoa gainera- egitearekin pozik diren.
    Urduri zeuden ere Ares, Rubalcaba eta ultraeskuindarrak ere, ez zuten asteon atsedenik hartuko. Irailaren 11an egingo genuena baino handiagoa eta ozenagoa izan da gure aldarria. Tartean, asteotan gainera, ekimen gehiago izan direnez, norabidea hobetu zehaztu du bideak berak.
    zuzeu.com eskubide zibil eta politikoak

    argazkia: cc joseba barrentxea / zuzeu.com

    Mugimendu berriago bat abian
    Irailaren 11akoa prestatzen orduak eta orduak eman zituzten batzuk. Eta uda osoan prestatzen eta hedatzen aritu ziren adierazi EH ekimenekoak. Eta ETAren iraila hasierako komunikatuaren ostean, aste bakar batera, kaleetan agertuko litzateke egoera berriaren inguruko kezka. Eta horrek urduritu egin zituen Madrileko agintariak, eta Ertzaintzak -Barne Sailak- txostenak igorri zituen. Eta Adierazi EH ekimenean, gogotsu lanean ari diren ezker abertzaleko kideen kontrako auto judiziala abiatu zuten Madriletik. Eta debekuaren ostean, politikariek hartu zuten hitza, eta asmoa. Baina hori ere galarazi egin zuten.

    Adierazi EHkoek, zein orduko deitzaileek, burua hotz eta egunean bertan, bertan behera utzi zuten manifestazio deialdia. Eskariak jarraitzen zuen. Eta handiago bat etorri da. Eta Adierazi EH biziago, indartsuago atera da mugimendu honetatik. Inteligentziaz jokatu du, eta irabazi egin du. Mugimendu horren muina Bilboko kaleetan ikusi da. Bere esparrua zein duen agertu dute milaka eta milaka lagunek. Eta horri erantzun beharko dio orain. Ezker abertzalearen estrategiak, jende gehiagoren nahiarekin egin du bat. Eta orain herri baten estrategia behar du izan, eskubide guztien alde. Eta hor lana dago. Ikaragarria.

    Manifestazioa egin egin da. Mugimenduak abiatu beharra du. Irailaren 11an, goizean goizetik, erreflexiboena GARA egunkariaren editoriala izan zen. Eta denborarekin, arrazoia ere eman diogu.

    Pozik itzuli nintzen etxera. Pozik egiten ari gara bidea. Jendea gehitzen ari da eskariotara, eta bideak aurrera egingo du. Izango dira trabak, atxiloketa gehiago, borondate eskaseko uneak, baina bideak beharko du egin aurrerago. Helmuga badakizu zein den, eta ez gara nekatuko. Esaten, adierazten, idazten, eskatzen, salatzen, kantatzen…. Euskal Herria.

  • agit/prop,  albisteak 2.0,  hurrengo geltokia

    munduko herri bat

    Denboraldi berriari ekin diogu albisteak 2.0 saioan ere.

    Hasi… Lost edo beste horrelako telesailen bat eman dezakeen fikzioarekin hasi dugu… aurreko denboraldietako irudi edo eszenak izango balira bezala. Gero, programak bere ohiko bidea hartzen du. Interneteko nabigazioak eskaini beharrean, bideoak dira nagusi oraingoan.
    Hasi gara, eta pozik gaude horrekin.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Gernika

    Altsasu, Brusela, Gernika

    Gaur arratsaldean aurkeztuko da Gernikan beste dokumentu garrantzitsu bat. Euskal Herriko hainbat eragile sozial, politiko, sindikalek egingo dute aurkezpena. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. ETAri sueten iraunkorra eskatzeaz gaina, Espainiar gobernuari ere eskaera zehatzak eta egingarriak luzatzen zaizkio. Bi folio eta hainbat puntutako testua da. Eta gaur bertatik arreta piztuko du. Pausu berri bat, eskaera historikoa izango da. Abiapuntutik, beste urrats bat. Ezer lortu, egin, eskatzeko funtsezkoa.

    Gernika, askatasuna eta bakea, bai horixe

    Atzo dokumentua irakurtzeko parada izan nuen. Hedabide batzuek, -Aralarren filtrazio lotsagarriari esker- zenbait zertzelada interesatu eman zituzten, ez akordio eta irtenbidearen alde presezki, baizik eta sortzen ari den giro hau zangotrabatzeko nire ustez. Aralarreko kideek pentsatu beharko duten zertan ari diren azken aldian, Vocento eta Noticias taldeekin elkarlan horretan. Kontua da, parte hartzen hasi diren kontu guztietan, konfiantza hausten ari dela. Parte hartzen hasi diot – orain arte, nahiko axolabeki aritu direlako, besteak beste-. Aralar, PNV bezala urduri edo tematuta dago. Urteotan eskatzen ibili dena, gauzatzen ari dela ikusi duenean urduri jartzen denak arazo latza dauka. Ez du sinestu orain arteko bidean, edo ez du bide honek aurrera egin dezan nahi. Horri interes partidista deritzo, eta uste dut, norbanakook ere esan beharko dugula nahikoa dela.

    Parentesi zorigaiztoko hau gaindituta. Ikusiko dugu bihartik aurrera, irekitzen ari den bide honek, ze urrats emango dituen. Altsasuko adierazpenarekin bide berri bat markatu zuen ezker abertzaleak bere osotasunean. Eztabaida politiko historiko horrek, Zutik Euskal Herria izeneko  bidea markatu du hiru norabideetan: a) gatazkaren konponbidea b) eskubide zibil eta politikoen defentsarako herri harresia, eta c) Independentziaren aldeko indarren batuketa.

    Hiru norabide eta jardunbideek, zeinek bere bidea erakusten ari da azken hilabeteotan. Ezker abertzalea demostratzen ari da, bere eztabaida politikoak, eta batez ere bere eguneroko jardunak, Euskal Herriko mapa, giroa eta martxa azkartzeko gaitasuna. Konponbiderako, zein eskubideen defentsarako, eta zelan ez, independentziaren aldeko urratsetan, ikusi dugu ekintza, agerraldi, eta dinamika bat baino gehiago piztuta.

    Zorabiatuta dago bat baino gehiago, letra zopa iruditzen zaio baten bati, beldurra dute askok -etxean eta kalean-, giroa piztu da sektore askotan, mesfidantzaz ikusten dute deprimituek…. baina somatzen da zerbait gure XXI. mendeko Euskal Herri honetan. Ari gara, norbanakoak, zein kolektiboak zerbaitetan.

    Gernikako agerraldia, Euskaldunakoa bezala, Bruselakoaren antzera, Greba Orokorrean edo Aberri egunean moduan, martxan den herri baten irudi dira. Ez dira irudi finkoak, ez dira zuribeltz manipulatu eta erretokatuak. Ez. Egoera dinamiko baten islada dira, bizi nahi duen populu baten adierazpide.

    Biharkoa egiten ari garelako, unez une.

    ** eguneraketak **
    Gernikako adierazpena
    argazkia eta edukia:  ezkerabertzalea.info

    GARAk ETAko bi kiderekin egindako elkarrizketa aurreratu du edizio digitalean.

    ETAk sueten iraunkor eta egiaztagarrirako borondatea agertu du, baita urrunago joateko ere

    «ETA tiene disposición para un alto el fuego permanente y verificable, y también para ir más lejos»

  • hurrengo geltokia

    ttan ttakun

    eta errena.

    Guardia Zibilak, Donostian Egiako gazte lokala prezintatu du.

    Ttan Ttakun irrati libreari emisioa eten dio, ordenadore berriak eroan.

    Adierazpen askatasunari eraso egin diote beste behin. Nork? Guardia Zibilak.

    Elkartasuna Donostiako irrati libre eta euskaldunarekin.
    ttan ttakun

    irratia.com [ #basque digital radio ]
    i r r a t i a . c o m

  • ikusi eta ikasi,  literatura

    bart

    … bukatu da afaria. Eta utzi diogu hitz egiteari. Kafea amaitzearekin batera, amaitu dira gaurkoz gaiordeneko puntuak.
    Dena ustez erabakita utzi dugu, eta posta zerrendan jarraituko dugu eztabaidatzen. Eta hobetzen.

    Eta kalean agurtu gara. Kale Nagusian alde batera egin dute batzuk, eta Musika plazarantza doan norabidean abiatu gara gu hirurok. Lasai asko, autoak hartu aurreko azken elkarrizketan murgilduta.
    Musika plazatik bi ertzain datoz. Oinez. Baina ez diogu garrantziarik eman. Batek ohi baino -pertsona normalek baino, esan nahi baita- zabalago daramatza besoak. Pausu bat atzerago edo joango da bere kidea. Guk ez dugu imintziorik egin, eta berbetan jarraitu dugu hirurok.


    Argazkiak.org | Txapel gorridun ertzainak Vaya Semanitan © cc-by-sa: sustatu

    Gelditzeko eta karnetak emateko esan digute. Eta ia ia, brometan hartu dugu. Arrazoiak eskatu dizkiegu. Poesiaz mintzo ginen afari batetik gatozela esan dio batek. Poeta denak. Eta gero besteak, ipuingileak, gainera egia dela aitortu dio. Eta ematen du ez dituztela sinestu. Eta gaztelania batuan, gure antzekotasuna duten hiruren bila dabiltzala adierazi digute. Eta gure nortasun agirietako zenbakiak ematen hasi da bat telefonotik. Eta gero motxilak eta boltsak miatu dizkigute. Telefonoaren bestaldetik, gu ez garela nonbait beraiek ustez bilatzen dituztenak.

    Handik gutxira, karnetak eman eta joateko esan digute. Eta joan egin gara. Eta ez diogu garrantzia gehiegirik eman. Eta literaturaz berbetan jarraitu dugu. Eta egia da.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  musika

    are you reggae?

    Prest zaudete?

    Revolutionary brothers dira, Donostiako bi anai. Abesten King Konsul, Zarautzen bizi den munduko reggae abeslari eibartar jatorrena. Talde bikaina osatzen dute. Eta hemendik eta hara ari dira etengabe. Musika, diskoak, erremixak, kantuak…. eta sekulako giroa sortzen.
    Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Musika, irratia, konexioek ezagutarazi gaituzte. Harreman izan dugu. Baina uda honetan elkarrekin egoteko, berba egiteko, dantzatzeko, kantatzeko aukera izanik… ahaztezina egiten zait Gazte Eguneko gaua. Eguzkia atera arte aritu ziren musika jartzaile eta kantari. Eta gau bero ahaztezina izan genuen Larrabetzun.
    Revolutionary brothers + konsul + yanu
    Eta uda honetako soinu banda bilakatu dira niretzat. Eta jarraitzen ditut saretik, eta ikusten ditut bideoak…. eta reggae musikan murgiltzeko beta eskaintzen didate. Une oro.
    Prest al zaude, bidaia honetan murgiltzeko? are you reggae?

  • agit/prop

    zergatik adierazi?

    Adieraztea eskubide delako.
    Sortzea naturala dugulako.
    Irudikatu nahi dugulako.
    Eskubidea dagokigulako.
    Gu geu garela esateko.
    Bagoaz, bagabiz, bagara…..

    Kalean, eskubideak aldarrikatzea bidezkoa delako.

    Inposaketaren aurrean, gure mezua areagotu beharra dagoelako.

    Koloreak estali ezin direlako.
    Aniztasunak aberasten gaituelako.
    adierazi EH!

    Asko garelako. Esateko asko dugulako. Egiteko gehiago.

    Adierazi, sarean, kalean. Larunbatean. Edozein egunetan.

    Sarean ekimen partehartzaile bat abiatu da: adierazi.euskalherrian.info
    Adierazi invaders joko eta guzti.
    Parte hartu, ekin, sortu, esan, adierazi!