• musika

    deabruak teilatuetan eta colemans+ zuzenean

    Kontzertu bikaina izango dugu asteon Bilboko kafe antzokian.
    Gustuko bi talde, lagun atseginak denak. Azkena eta abiapuntua egun berean. Deabruak Teilatuetan 1973 diskoaren bira agurtzen, Colemans+ berriz hasi baino ez, eta ematen du gogotsu daudela maizago joteko.

    COLEMANS+ PEIREMANS+ playing “Send flowers” from Unai Hot on Vimeo.

    Colemans+

    Peiremans sortu zuten aspaldi Imanol eta Gorkak. Berriz batzeko aukera izan dute azken gabonetan. Eta Joni eta Karlos batu zaizkie (deabruak / bidertzean). Dokan egin zuten kontzertukoa dira irudiok.


    deabruak teilatuetan

    deabruak teilatuetan taldeak 9 urte eman zituen eskenatokietatik kanpo, gogotsu eta disko berriarekin agertu ziren duela bi urte. Eta jo eta jo aritu dira ostean. Sortu zenetik, maketa atera zutenetik maite dugu talde hau. Disko guztiek sortu digute halako zirrara bat, eta agur esan behar honek… apur bat penatzen gaitu. Horregatik gogoz ikusiko ditugu bihar Bilboko kafe antzokian.

    Deabruak Teilatuetan featuring Peiremans+ from Unai Hot on Vimeo.

    Bergarako gaztetxeko irudiak dira beste hauek. Hemen ere Peiremans bertsionatzen. Bihar gehiago.

    deabruak teilatuetan eta colemans+ elkarrizketatu ditugu asteon irratia.com saioan. Entzun gura baduzu:
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100118.mp3]

  • larrabetzutik

    baDOK>EZtok Dokumentalak eta Eztabaidak gurean

    To shoot an Elephant dokumentala ikusteagaz batera, gure herrian eztabaidarako txoko barri bat eukiko dogu aurrerantzean baDOK>EZtok.
    baDOK > EZtok

    Urtarrilaren 18an hasita, hilero dokumental bat ikusi eta berba egiteko aukera, herriko Aretxabala kultur elkarteak bultzatuta. Eztabaida, ikusentzunezko produkzioak, munduko zein bertoko lanak, zinema dokumentala, euskaraz zein azpititulatuta.

    Berba egin edo eztabaidatzeko, ikusteko eta ikasteko. Zinema aitzakia ona da, eta hilez hile ikusiko ditugunak blogean be botakotaz.

    Gazako sarraskiaren urteurrenean hasiko da ekimena, proiekzio globlarekin batera. Aurrerantzean beste gai eta tematika batzuk.
    Ekintza globala.

    irratia.com proiekzioa Bilboko kafe Antzokian
    sarean.com To Shoot an Elephant dokumentalaren 2.0 zabalkunde irekia

    Larrabetzuko blogosferan:
    larrabetzu.org |   larrabetzutik.org |  esan larrabetzu

  • literatura,  teknologia berriak

    Euskal literatura ustelduta dagoelakoan

    Edorta Jimenez | Sautrela

    Edorta Jimenez ETBko Sautrela saioan. Stock 13 liburuaz berbetan hasi, buru fikzioarekin jarraitu, berotu -zentsu ez sexualean- eta euskal literaturaren pipiaz jarraitu. Aurkezleak profitatzen du egoera, eta elkarrizketari espero ez zuen mamia ataratzen dio. Elkarrizketa bart emititu zen ETB3an, baina sarean egun guztian izan zen aipagai. eitb.com gunean, telebistan emititu eta jarraian jarri zuten ikusgai.

    EITB.com-en jarri dute. 16 minutu dira.

    Behingoagatik, telebista eta sarea bat eginda gurean. Oso modu txukunean. Euskal kulturaren ikur behar lukeen eitb.com hasi da urratsak emoten, eta inoiz ez da berandu, ez horixe.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  literatura,  musika,  teknologia berriak

    Liburuen poliziaz

    Irati Jimenez | Berria

    Liburuaz ari ginen. Liburuaren lekuaz. Ergelkeriak pentsatzen hasi naiz, as usual. Liburuak politak direla pentsatu dut, baina leku gehiegi hartzen dutela (apalategietan) eta deserosoak direla etxez aldatzeko (aurten bitan egin dut, amesgaiztoa). Liburuak maite ditut, baina nireak direnean ere ezin ditut erre jendeak gaizki begiratu gabe. Halako txotxoleriak pentsatzen nengoenean irakurri dut Victor Manuel kantariak esandakoa. «Guardia Zibilean baino ez dut sinesten», dio, musikarekin bukatzear omen dauden webgune ustez ilegalen itxiera eskatuz.

    Emadazue tiro. Euskarri elektronikoa hementxe daukagunean eta jendea jo eta su dabilenean liburuak doan eskuratzen Interneten, liburu bategatik ematen didatena defenditzearren polizia etor dadila eskatzen badut, emadazue tiro.

    Hara, nire ustez musikarekin miraria pasa da. Sistema horizontalagoa daukagu, abestiak doan, diskografia osoak eskura. Musikoak ezin dira kantua latan sartzetik bizi, egia. Musika zuzenean egin behar dute, antzina bezala, eta, horri esker, iaz hiru aldiz ikusi nuen Springsteen, etxetik kilometro gutxira. Diskografiken gainbehera? Baliteke. Kontzertuak antolatzen dituztenen mesedetan. Industria aldatu, moldatu edo hil egiten da. Berdin musikarena, zein liburuena, zein ontziolena. Gizakiak beti nahiko ditu ozeanoak zeharkatu eta beti nahiko ditu ipuinak entzun. Idazleoi sistema aldatuko zaigula? Hala dirudi. Beharbada poemak zuzenean irakurtzen hasi beharko dugu, herriz herri, pintxoak eman eta sarrera kobratuz. Beharbada, egunen baten, dena horizontal, dena doan, dena Sarean jarriko duen balizko etorkizunean, inor ezingo da kultura sortzetik bizi, inork ezingo duelako kultura kobratu.

    Beharbada ez da hain etorkizun distopikoa. Jendea Interneten nire liburuak elkar trukatzen eta bilatzen, nire lanen gosez? Utopia da! Beharbada utopia horretan kulturaren profesionalak desagertu dira edozein erabiltzaile sortzaile delako, irakurle eta blogari, iritzi emale eta biltzaile. Eta?

    Gutenbergen asmakizunak liburua fraideen eta artisauen eskuetatik askatu zuen duela mende batzuk, eta gizartearen esku zikinagoetara bota. Beste iraultza batek liburua liburutik askatuko du, beharbada. Eta pantailaren begira bota. Ipuinak iraunbiziko duela, horixe baino ez dakit. Eta kulturaren izenean Guardia Zibilari deitzen diotenen lanak ez ditudala Sarean bilatuko. Ezta doan ere.

    pott datak: Artikulua irakurri eta blogean zabaltzea otu, dana bat. Berriatik sarera, pentsatuaz egilea bat datorrela edukiak holan barra barra zabaltzearekin. Edukia interesgarria da. Inor konforme ez balego esan beza… ez diogu eta jaramon askorik egingo. Distopia, ze ona!

    Idazle bat liburuen poliziaz zabaldu gura baduzue.

  • agit/prop,  bide gorritik | Bilbo Hiria irratia,  larrabetzutik

    Elurra ez dakit, zurikeria mara mara gurean

    edo ustelkeria Larrabetzun

    Eguraldiak sarritan, bestelako gaiak uxatzen ditu. Zer esan ez dakigulako aritzen gara aroari buruz berbetan, edo zeresana dagoenean, hura ezkutatzeko. Telebistetan ohikoa da eguraldiaz jardun eta jardun, euria denean euria ari duelako, udako beroaz ala neguko hotzaz.
    elurra mara mara
    argazkia: eitb.com
    Hala ere, eguraldiaz dihardugun arren, inoiz baino pobreagoa da gure hiztegia, aroari buruzko gure jarduna… zer egingo diogu bada.
    Zurikeria nagusi
    Hala ere, barra barra gailentzen ari den zurikeriak ematen du bai zer pentsatua. Ni neu hausnarrean nauka aspaldion. Urte amaiera eta urte hasieragaz gainera, gailendu egiten ei da. Eta zuriago, zurbilago ageri zaizkigu bazterrok. Jende xaloa, jende jatorra nonahi, profiden iragarkietakoak baino hortz zuriagoak agintari edo jabeen ahoetan…
    Politikari profesionala besterik ez zela uste genuen, baina herri txikiak kudeatzen dituzten alferren ahora be heldu da zurikeria.

    Tomas Ordeñana ustela

    Alkate eta agintari ustelak gurean

    Guk herrian, denbora gutxian fortuna handia egin duen jauntxoa daukagu. Tomas Ordeñana alkatea. Ezertarako gauza ez, loragintzan hasi, Enba sindikatuko kide egin, EAJko hutsuneak profitatu, eta azken 10 urteotan alkate moduan jasan behar duguna. Ezertarako gaitasunik erakutsi balu sikiera, baina bai zera, norbere lukrazio eta harrokerirako baino ez du baliatu Larrabetzuko udala, herritarron zeregina, aginte makila.

    PNV-k kandidatorik ez zuenean urratsa eman, eta gerora alderdikoek ere aguantatzen ez duten arren, bera da oraindik nagusi gurean. Aurreko legengintzaldian, ezker abertzalea ilegalizatu zutela eta, sekulakoak eta bi egiten saiatu arren: soldata paregabea, goizeko 8etan egiten ziren zenbait pleno -egiten zirenean-, dana alkaldia dekretu bidez gobernatu, obra lizentzia ilegalak banatu, sariak jaso, ordainpekoak eskuratu, lioak gazteekin, lioak eskolarekin, lioak kultur eta kirol taldeekin, jai herrikoiak lagun baten eskutan pribatizatzen saiatu… zer ez zuen egin gure Tomas jaunak.

    Heldu ziren hauteskundeak. Hiru hautagai herrian. Eta alderdi jeltzaleak historiako emaitzarik txarrenak. 30 botogatik da alkate. Eta ezker batua/aralarrekoek bera kentzeko nahikoa ausardiarik izan ez zutelako. Minorian alkate, eta hala ere uste du bera dala nagusi herrian. Bere esanetara behar dugula egon besteok. Hori da lotsabakoa izatea.

    Eta oraindik ere bere horretan jarraitzen du Tomas Ordeñana alkate jaunak. Bereak eta bi egiten. Negozio ilunenei babesa ematen, informazioa ezkutatzen, on plantak egiten…. baina aurpegia eman behar duenean, orduan isilik da egoten. Plenoetan publikoan esateko gai ez dana, gero bere morroiek blog edo paperezko fotokopia txatxu batzuetan esaten dute.

    Marroi galanta deskubritu dute ezker abertzalekoek berriki, eta herrian aspaldian ez da beste hizpiderik.
    Zuek egin kontu: Golf zelai bat, hotelak, baimenak, salerosketa ilegalak…. korrupzioa Larrabetzun, eta PNV -zelan ez- tartean.

    Nik nire ikuspegia eta iritzia libreki azaldu ditut, eskatu didatenean.

    Bilbo Hiria irratian, herriko kontuetaz

    Orain asko ez dala Bilbo Hiria irratian aritu nintzen gai honi buruz berbetan, eta pentsatu nuen, herritik kanpo be, komeni zala gauzak ahalik eta garbien erakustea. Horrelako gaiak ez direlako maila lokalean geratu behar, politika egiteko modu zikinak, nahinon eta nahinoz zabaldu behar direla… salatu, aldatu, aurre egin.
    entzuteko: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/solas091221patxi.mp3]

    Zuen iritzia be, gustatuko litzaidake jakitea. Ustelkeria, zurikeria, eguraldia edo…. golfari buruz.

  • agit/prop

    Elkartasunez #aselaskatu

    Zur eta lur geratu nintzen albistea irakurri eta tuiteatzen hasi ginenean. Gero eta zurrago, gero eta lurrago… ez funts ez putz. Euskaldun bat -izan kantari, idazle, blogari edo anarkista- atxilotua bidegabeki Txilen. Ez zen iheslaria, maitasun eta lan kontuek hara eroana baizik.
    Euskal Herrian berriki egona, egunero irakurtzen genion zeozer blog batean ez bazen, bestean
    Asel Luzarraga. Asel askatu!
    Idazle bat preso
    Literaturan bizkaieraz abiatu, eta zenbait nobela idatzi dituen idazlea dugu dagoeneko bermeotarra.
    Eta horrelako trantzerik, halako injustiziarik… ez dago berba asko hori adierazteko.
    Eta sarea bilakatzen ari da elkartasun hitzen olatu. Eskerrak lagun bermeotarrak izan dituen, hacker prestuak, eskerrak idazleak ere hasi diren mugitzen, eskerrak….
    Ez zenuen kronika patxadazkorik irakurriko prentsan. Ez da terrorista bat, ez eta gudari bat ere ez… antza. Ez du askorako ematen, ustez.
    Guk bere neskalagunaren gutuna irakurri dugu, bere lagunen hitzak, elkartasun mezu laburrak eta #aselaskatu dioten hainbat mezu ttipi, grafittiaren indarra eta beroa dutenak, bat batean.
    Asel Luzarraga askatzea eskatzen dugu guk ere. Beste barik.

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Biba zuek! zuzeu.com proiektuan idazten

    Biba zuek!

    Argazkiak.org | biba zuek! © cc-by-sa: zuzeu.com
    Interneten, kalean, herrian, hemendik eta handik ikusi eta ezagututakoen gainean aupamenak egiteko txokoa.
    Biba zuek! zuzeu.com proiektuan idatziko ditudan lerroak izango dira.
    Biba zuek! ekimen xumea baino ez da izango, aipamen hutsa. Eta gauza askori bisualizazioa eskaintzeko saiakera. Jendeari erakustea beste errealitate hori be. Idatziz ikusteko.

  • agit/prop,  pasahitza,  teknologia berriak

    Maialen Lujanbio: norena da bertsoa?

    Aurrekoan bertso saioa euki gendun herrian, gaztetxean. Bertso saio bizia, beroa, jendetsua eta gaietan zein edukietan oso oso txukuna. Lau bertsolari eta gai jartzailea gaztetxeko eskenatokian. Eta publiko entregatua, gaztetxea txiki egin zuena. Horrez gain, -badakizue honezkero- saioa Internetetik emititu eta askok tabernatik eta batzuk etxetik jarraitu zuten saioa.
    Txapelketan, gai moduan ibili dugu batzuk norena da bertsoa? galdera hori. Etxahun Lekuek Maialen Lujanbiori jarri zion. Pozik entzun genituen Euskal Herriko txapeldunaren bertsoak.
    Maialen Lujanbio:
    Norena da bertsoa?
    [audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai091225/norena_bertsoa.mp3]
    Hori Bai bertsotan
    Gaiarekin interesatuta egon ezkero, plaza baino gehiagotan aritu da bat baino gehiago honen inguruan. Txapelketa amaitu da, bertsogintza ez ordea. Gaiak hor jarraitzen du, plazarako zein sarerako.
    Eztabaida sarean
    gaztelumendi.org | Zuzeu.com | sustatu.com |
    Gaiak oihartzuna izan du Telebistan, txapelketan eta beste hainbat gunetan. Baina Maialen Lujanbioren bertsoek, bidea apur bat argitu ere egiten dutenez, zorionak eta eskerrak Maialeni berari. Eta Larrabetzuko bertso eskolari, saretik plazara gaia ekartzearren. Guk barriro, sareko plaza eskaini diogu.

    Saioa osorik larrabetzu.org plazan. Gaztetxetik sarera:
    [audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai091225/osoa.mp3]