-
Enric Duran ekintzailearekin berbetan
Iruñean gosaldu, egunkaria irakurri eta alde zaharretik mugitzea, dena bat. Karriketatik oinez, lagun bat, ezagun hori, norako, harako. Eta Eguzki irratiaren estudio berrietara.
Zuzenean ari da Fertxu Izquierdo, Pasealeku bere magazine interesgarrian. Eguzki irratiak gogotsu ekin dio denboraldi berriari, eta goizeko apustua da magazinea. Ordu beteko Iruñerriko edukiak eskaini ostean Hala Bedi irratiaren Suelta la olla entzuten da FMko 107.0an, eta eguzki.net webgunean.
Giro onean, estudiotik Enric Duran atera den arte. Aupa! aupa! eta berbetan hasi arte. Zer moduz? -zer galdetuko diozu, kartzelatik atera den berriari, sekulakoak eta bi egin ostean-.
Bartzelonako giroaz, Berlinen ezagutu ginenekoa, gerora burutu diren zenbait proiektu, egokitu beharrean diren software eta gune batzuk, burruken norabideak…. elkarrizketa arin eta atsegina. Tipoa bezala.Burrukalari nekaezina da Enric Duran. Eta atzo hitzaldia eman zuen Zabaldin. Gainezka aretoa, emankorra hitzaldia. Pantaila handi bat eta guzti baliatu behar izan zuten, eta jendea pozik, Kapitalismo barik bizi daitekela amesten.
-
“Gurea bezalako hizkuntza minorizatu batentzat beste garrantzi bat hartzen du euskarazko irratiak”
Argia.com Jakoba Errekondoren berbak dira. Euskadi Irratian 25 urte eman ditu landarei, loreei, inusketei eta solo, jardin eta arbola kontuen ganean berbetan. Astero.
Gogoeta ordea ez da bere jardunaren gainekoa, hizkuntzaren eta irratigintzaren inguruan aspaldion entzun dudan gauzarik zentsuzkoena dela iruditzen baitzait.
Hego Euskal Herrian, nago garrantzia gitxiegi ematen ote zaien oraindik irratiei. Telebistaren ondoan apal, egunkarien alboan arin. Baina orduro orduro, hor izaten gaituzte albistegiek engantxatuta, ordu hiletan gure musikaz aspertuta behar izaten ditugu irratiok.
Komunikazio alternatiboaren eremuan, oso tresna garrantzitsuak izan dira irratiak, irrati libreak batipat.
Interneten aroan, gauza ikusgarriagoei jarri zaie arreta guztia. Baina nago, gurea bezalako herri, kultura eta hizkuntza batentzako, garrantzitsuak direla oso, uhinetan bezala sarean ere.
Jakoba Errekondoren elkarrizketa entzun nuen Euskadi Irratian, baina gerora be, emango digu zer pentsa gogoeta txiki eta ausart honek. -
Aldaketak beharrezkoak direlako, eguneratzen
Ikasturtea hasi eta jo ta fuego gabiltza aldaketak eskatzen. Eta batzuk somatu eta guzti egiten dira, nabaritu, nabarmen.
- Euskal erdiko (aupa apo!) gobernua aldatu eta egunetik egunera bizi ditugu aldaketok, eta ez beti txarrerako. Jeltzaleenak oposizioan eta bestela bizi dute politika; oposaketetan.
- Ezker abertzaleak iparrotzari astindu bat eman nahi, eta Euskal Herrirako dituzten helburuak, patio batean zehaztu beharko dituzte beharbada.
- Ekonomian ere, aldaketa garaiak. Krisiak astindu du poltsikoa baino gehiago kontzientzia. Eta urteotako mozkin, aberats izan gura eta deputamadre bizitzeak langa gainditu duelakoan…. norabide aldaketa hemen ere. Alderdi kontsumistenak bizi gaitu.
- Internet ere aldaketen gune da sortu zen unetik beretik. Informazioaren aroan baino aldaketa etengabearen garaian bizi garela ematen du. Egun osoa ematen dugu softwarea eguneratzen, unean uneko orrialdeak berritzen, refresh botoia sakatzen.
- Bizitzak ere beharko du zerbait agian, baina horretarako ez daukagu gidalibururik irakurri beharrik, goizean leihotik begiratu eta eguraldiari erreparatu ostean, dakigu gitxi gora behera egunak zer ekarriko duen.
Finean aldaketok beharrezkoak dira. Egokitu, eraberritu, berriztu, sortu, asmatu.
-
Beste itxura bat
Aspaldian gabiltza irudiari kolorea eman nahian. Ez dakit asmatzen dugun.
Irakurle batzuk irakurterrezagoa izan behar duela.
Besteek ilunegia zela,
gaztetxoen gunea ematen zuela,
Eta egia esan, erantzunetan eta hainbat arazo eman izan ditu Boltxebike itxura horrek.
Aspaldian begia jota nion beste theme honi. Eta aldatzearen podasuz… igual lortuko dogu blog txukuna bihurtzea.
Ea holan den.
-
Literatura eta futbola
Gaur sentsazio arraroa daukat. Literaturzalea naiz, baina jabetzen ari naiz sariketen arabera gorabehera gehiegi dituela fikzioan oinarritzen den kultura, edo arteak.
Literatura, euskarazkoa bereziki, apala da, intimoa, norberak bere bakardadean bultzatzeko modukoa. Ez da masa akontezimendua, ez du izan beharrik gainera…
baina hara non, zozketaren bonbotik zenbaki bat, titulu bat ateratzen dute, loteria nazionala bailitzan, eta medio guztiak zoroan pare jartzen dira.
Euskaldun bat, euskarazko liburu bat epaitu dute Madrilen. Epaimahai guztitik, ziurrenik irakurle euskaldun bakarra zuen sari horrek, eta beti irakurle bera da, gu guztion izenean. Horrek du ebazten sari nazionala, ulertu bedi sari espainola.
Kirmen Uribereren literatura ez dut ezbaian jarri nahi, ez gaur bederen. Sariaren logikak kezkatzen nau ordea.
Atxaga, Elorriaga eta Uribe. Agian entzutetsuenak gurean, ezta? Zerk batzen ditu? Sari bakarrak, Espainiako sari nazionalak. Eta horrek kezka sortzen dit.
Esan dizuet, literatura ez da futbola, edo bai?- Selekzio nazionalean jokatzea da euskal futbolariaren ametsa?
- zein da gure literaturaren Tourra?
- eta Tourmalet? Gailurra?
Urkiolatik ibili nahi nuke gure letren irakurtzen, hemengo baso lainotuetatik gure fikzioa gezurra ez dela sinesten.
Literatura, rockanrolla, burrukak pozointzen ari zaizkigu, eta gu kontent, beti kontent!
Tira, liburua hartu eta komunikabideak amatatu beharrean nago. Agian orduan, literaturarekin egingo dut topo, fikzio sinesgarriarekin, lotuko nauen hariarekin, euskarazko kondagintza ederrarekin, munduko gertakari historiko/fiolosofiko/psiko emozionalekin…. agian, edo amets egiten jarraituko dut bestela. Nork jakin.
Zorionak irakurle! -
Pragatik bueltan #eumozcamp09 itzel baten ostean
Mozillaren Europako bilkuratik etorri berria naiz. Garatzaile, lokalizatzaile, garapen eta marketing arduradun, kolaboratzaile eta beste askok bat egin dugu asteburu batez Txekiar errepublikako hiriburuan. Mozilla Camp 09.
Asko ikasi, gauza interesgarriak ezagutu, eztabaidatu eta ekimen berriak proposatu ostean, orain nork bere komunitatean jarraitu beharko du lanean.
Nik neuk hainbat gogoeta dakartzat handik, eta apurka apurka apunteetan botako ditut, Pragan twitter bidez aletu ditudanak. Apurka apurka, han jasotako guztia barneratu eta buruan argitzen joan ostean.
Hitzaldi interesgarriak, Kaliforniatik etorritako arduradunen proposamenak, komunitate ezberdinetako kideen iritziak… denak batu dira mozillacamp honetan.
Hitzaldi interesgarri bat: Drumbeat
Drumbeat Mozilla fundazioak Web irekiaren alde abiatuko duen ekimena izango da. Sozializazioa, ezagupena, web irekiaren defentsa, ekitaldiak, newsletter ezberdinak… gurean ondo ulertzeko Zaindu maite duzun hori bat izango da, hirulau berbetan eta euskarazko adibide batekin azalduta.Mark Surman Mozillako arduradunetako batek oso hitzaldi polita eman zuen honen inguruan. Gero tailer batean garatzen jarraitu genuena, adibidez hornitzen, burua nekatzen… ariketak egiten. Hitzaldia sarean jarri du, mozcamp honetan emandako hitzaldiaren audioarekin batera.
Mozilla Drumbeat – MozCamp Europe 2009View more documents from Mark Surman.Firefox nabigatzaileak 5 urte
5 urte egingo ditu aurki Mozilla Firefox nabigatzaileak, eta euskaldunok lehenengo bertsiotik daukagu euskaraz. Hori zelan ospatu pentsatzen hasi beharko genuke, besteak beste. Baina tira, komunitatea indartzeko neurria eta ezagutzera emateko ekimenak izango dira hoiek .Badakizue lagunok, ideiak ongi etorriak, asmoak gauzatzeko dira eta.
-
zenbat da asko euskaraz?
Gaur, batetik eta bestetik euskarazko hiru webgune -nire ustez garrantzitsu- ezberdinen bisita datuak jaso ditugu.
Kazeta.info agerkari digitalak albiste bat egin du goizean horren inguruan.
Twitter saretxoan horretaz mintzatu garenean, Sustatuko datuak erakutsi dizkigute -berez publikoak dira- mezu batean.
Eguerdian edo Berria.info guneak Zinemaldi sasoian izan duen hazkundearen berri izan dugu.
Eta nire kezka, ondo ari dira/gara?- Zenbat da asko euskaraz?
- Gehiago behar genuke, gutxiago…
- Euskarazko webgintzak asetzen du euskaldun erabiltzailea?
- Kioskoa behera doan heinean doaz gorantza euskal guneak?
Galderak bota ditut, guztion artean berba egiteko modukoak. Nik ez dut erantzun bakarra eta magikoa. Nik ere eztabaida horretan parte hartu nahiko nuke. Zuokin batera. Horra hor galdera.
Zenbat da asko?
-
Trena gelditzeko zuhaitzetan eskegita
Goierrin -Itsasondoko baso baten- zuhaitz gainera igo eta bertan ematen dituzte egunak eta gauak Abiadura Handiko Trenaren kontrako ekintzaile batzuk.
Goierrin, telebistak eman du albistea, AHTaren kontrako komunikatua oso osorik eta irudiekin eskainiz.
Goierrin, hainbat herritan galdeketak egin eta herritarrek trenaren kontrako jarrera argia azladu dute.
Goierrin, zuhaitz gainetik esango diote orain ezetz basoak, azkar, arin, abiadura itzelarekin suntsitzeari.
Goierrin…
< Tokiko telebisten webgunetik hartutako albistea. -
Udazkenean murgilduta
Eroriko dira hostoak, paisaia berriak parez pare.
Ikasturteak normaltasunean murgilduta.
Telebistak eta ikusleak futbol ligak zelan ordaindu pentsatzen.
Ziklo politiko berria hasi nahi dute batzuek eta egurra zelan eta non banatu petsatzen besteak.
Udako eztabaida bukatu du ETAk eta udagoienean besteek zer egingo/esango begira.
Ikurriña batekin estali du burua alderdi jeltzaleak, eta Ibarretxe urrutitik mintzo da.
Bidasoa igerian igarotzea errazagoa da Beratik Hendaiara bitarte dauden polizia kontrolak pasatzea baino.
Arrasaten dena dago debekatua lana izan ezik. Eta Maritxo Kajoik milagro bat egiten ez badu, bera ere egurtuko dute.
Mundua gero eta okerrago dagoela diotenek, sinesgarritasuna irabazten dute unetik unera.Gurean, salmenta ona plazan. Porruak eta tomateak gora, piperra ere erretzeko moduan dago.
Astelehena da, eta aldaketa klimatikoari esker fraka laburrekin ibiltzen gara kalean.
Esandakoa, udazkena badator, eta korteingelesaren iragarkirik ez dugu behar.
Bihar jai. gora Aralar! gora san miguel!
gora gu, eta beste asko!
-
Ubuntu instalatzen
Software librea gura duzu zure ordenadorean?
Microsoft bezalako multinazional itxi eta kutreak albo batera uzteko prest?
Laguntza behar duzula?
Argazkiak.org | Ubuntu Install party © cc-by-sa: gaztelumendiBa install party batera hurbildu zaitez. Edonon, edozelan, edonoiz egin daiteke bat… guk lantokian antolatu dugu, baina beste edonork, edonon egin daiteke.
izan libre, izan euskaldun!