-
maiatzaren lehenean tailerrera
Maiatzaren lehena, langileen nazioarteko eguna. Manifestazioak hiriburuetan. Ekitaldiak mundu osoan.
Eta gu, tailerrera goaz. Zarautzen elkartuko gara, Putzuzulo gaztetxean, greba orokorra sarean prestatzeko.
Grebaorokorra.info, sindikatuek greba iragarri eta aste berean sortu zen sarean. Blogariek, twitter bidez kordinatutako ekimena izan da. Hego Euskal Herrian egingo den grebari buruz, mundu guztiari esateko.
Wiki bat eta posta zerrenda bat ditu momentuz kordinatzeko. Irudiak, ideiak eta asmoak sarean elkarbanatzen ari dira eta besteak beste #grebaorokorra etiketa hedatzen hasi da.GOerreportariak eta telebista
Kazetaritza digitaletik asko du egitasmoak, norberak kontatzetik, norberak iritzia/informazioa sortu eta plazaratzetik. Digitalki argitaratu eta hedatzea da kontua. Kronikak, bideoak, informazioa zuzenean, informazio dezentralizatua. Digitala eta multimedia. Irrati libreetakoa, herriko albistegietako, blog pertsonal eta kolektiboetakoa, twitter bidez, youtube bidez… edozelan, baina informazioa. Guzti hori bildu eta zabaltzeko ekimen bezala ikusten da GOerreportarien lana. Euskal Herriko mapa batean ikusiko dituzu erreportariak, hemen eta han. Eta kopurua igoko da, nabarmen, datozen asteetan.Horrez gain, telebista propioa ere sortu du grebaorokorra.info ekimen honek. Telebista partehartzailea, teletestu propioarekin (twitter bidez, aizu!) eta albistegi propioekin. Telebista ekimen bezala arrakastatsua izan daiteke, baina horretarako jendearen partehartzea ere beharko du. Informazioa eskainiz, bideoak sortu eta editatuz, lagunduz, kamarak utziz, ekitaldietara joanez….
greba orokorra Telebista -
checkpoint rock irratia zuzenean Donostiatik
Ikusten duzun hau, irratia.com emankizunean egin asmo dugun froga berri bat da. Urrats bat ikusentzunezkoen alorrean. Irratia eta webtv-a uztartuko duen esperimentu digitala. Fermin Muguruzak Checkpoint rock film dokumentala aurkeztuko du. Bertan izango dira palestinarrak, filmeko errealizadore ezagun Javier Corcuera eta beste.
Guk emankizuna bertatik egingo dugu zuzenean, baina gainera bideo formatuan eskainiko dugu. Zuzenean hori ere.
albisteak 2.0 multimedia plataforma bilakatuko dugu apurka apurka, eta astez aste berrikuntza gehiago izango ditugu. Joango gara aplikatzen, apurka apurka.
Euskara ahotsa da, soinua, euskaldunak irudia gara. Ahotsa, soinua, irudia, musika… uztartu gura genituzke aurrerantzean ere. Eta bidelagun izango zaituztelakoan, saiakera hauek bultzatzen egongo zaretelakoan. Mila esker aldez aurretik.
Urduri gaude, 2000ko azaroaren 1ean egon ginen beste, edo gehiago beharbada.
Gaur, apirilak 29 (asteazkena) Euskal Herrian eguerdiko 13:00ak direnean. -
#hitzokei hiztegia
Berbak asmatzen trebea den jende asko dabil bazterrotan. Eta berbak asmatze horretan, jolas horretan, irakurle izan edo sortzaile izan, tresna berriak baliagarri dira.
Twitter bidez jakin dut, twitter bidez sortzen ari den hiztegi honen gainean.
Zenbait adibide ulertzeko:smuakr: KOMUNIKAZIOA: toilet grafitti #hitzokei
axiomaxio: GERRIKOA: Garzonek ogaindik itxi ez duen tabegna. #hitzokei
smuakr: TXIMINIA: primate erretzailea #hitzokei
smuakr: ASMA: gaixotasun imajinarioa #hitzokei
joxe: APARKATU: felino errabiaduna #hitzokei
smuakr: ANDRÉ GUISON: frantziar jatorrizko transexuala #hitzokei
smuakr: EMEA: Maria Antonia #hitzokei
smuakr: EKAINA: sarean zerbeza hartzeko sasoia #hitzokeiBerba bat idatzi, definizioa aldamenean eta #hitzokei etiketarekin aski duzu. Hitzokei horren bilaketa eginez, hiztegi osoa irakurriko duzu gero.
-
Asisko Urmeneta mundu osoan doan! free
Asisko Urmeneta asko gustatzen zait. Egiten duena egiten duela. Badaki egiten. Sortzailea da. Napartheid sasoian ezagutu nuen, Pernanen bitartez.
Artista da, marrazkilaria da, euskaltxain ona, sortzailea, euskaldun osoa, irrigarria, hizkuntzalaria (hizkuntzetan ibiltzen badaki, gurean bereziki, gureetan), hiztun oso ona, berba jario arras interesgarria dauka, berbak asmatzen dituela iruditzen zait askotan… baina iturri askotatik edaten duenez, entzuteko parada izatea holakoa da.
Atzo ondoan izan nuen elkarrizketan. Mikrofonoa konpartitu genuen. Fisikoki. Eta belarria berarentzako nuen. Galderak egin gura nizkion, baina gaiari buruz baino ezin gintezkeen mintzatu.
Asisko ezaguna da, gero eta gehiago, Euskal Herri osoan. Eta halan behar du.
Munduaren bira doan! filmeko zuzendaria izan da. Pertsonaiak -antza 150 pertsonaia ezberdin dago pelikulan- sortu eta karakterizatu ditu. Eta filmea ikusteko irrikan nago.
mundu osoa doan!
OPIak (vip euskaraz, mikel elortzak sortua) baino ez doazen ekitaldiak izan dira egunotan, eta OPIak dira batez ere mundu osoko ekitaldiak doan gura dituztenak.
Aurkezpenetatik landa, egunotan filmea ikustera doazenak izango dira euskarazko filmeak egitea ahalbideratuko dutenak. Zuzendari, gidoilari, marrazkigile, musiko eta hoiek guztiak beste garrantzitsu dira ikusleak. Zaindu eta hedatu ditzagun. Goazen filmeak ikustera. Gero bajatuko ditugu saretik ere, baina ez baditugu ikusten, ez da filmerik egingo.
Nik neuk, doan ikusi barik, ordainduta gusturago geratuko naz.
Doan duzue, gura izatekotan Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordigaz irratian egindako elkarrizketa. Mundu osoan entzungo delakoan, hau ere.
Eta kantuak be, hemen jarriko ditut doan. Oso kantu entzungarriak, benetan. -
we are standard – on the floor
Aspaldian asko entzuten eta jarraitzen dudan taldea da WAS. Erakargarriak egin zaizkit hasieratik, eta zuzenean ikusteko aukera izan dudanean, ikusi eta damurik ez.
Geroztik gehiago jarraitzen ditut, facebook bidez dakit beraien berri. Beraien kontzertuak, jendearen iritzia, hurrengo boloak… nondik nora dabiltzan. Egia esan, egun ezenan dagoen talde interesgarrienetakoa da gurean.
Getxokoak dira, Deu Txakartegi baxujole eta abeslariak nortasun handia erakusten du taula gainean, eta tipo oso atsegina ematen du. Holako egunen batean elkarrizketa bat egingo diot, blog honetarako.Parquedeatraccionesen grabatutako bideo hauxe horren lekuko. Lekua ezagutu duzuenok, izango duzue punttu nostalgiko bat agian. Ze ondo pasatzen genuen txikitan, bertara egun osorako joaten ginenean. Orain San Mames, Gugemheim, Euskalduna eta holangoak dira prioritatea.. baina lehen adin guztietakoak erakartzeko leku eder hori zegoen SantaMarinan. Bilbotik, Galdakaotik eta edonondik gertu.
We are Standard talde oso interesgarria. Azken diskoak gomendagarriak. Erremixekin kaleratu dutena gainera, oso oso dantzagarria. Autoan jartzeak bildurra eta guzti ematen dit, jakin dezazuen.
Laister Tolosan izango dira, Bonberenean. Etzazuela aukera galdu. -
zu zeu
Gaur aurkeztu dute, gaur sareratu da. Eta dagoeneko albiste asko bertan.
Euskarazko beste albistegi bat. Partehartzaileagoa. Interesgarria.Zuzeu.com GuGeu delako ekimen batek sortua. Hasier Etxeberria kazetari eta idazlea ere tartean dabil, esperientzia du Interneten. Aspaldi honetan blog eraginkorra, sukaldean.com gune aberatsa eta soitu.es hipergunean izandako esperientzia profesionala. Oso denbora gutxian, gu guztiok baino net esperientzia aberatsagoa du Hasierrek.
Lehenedik ere, urteetako eskarmentua Telebista eta prentsa idatzian.
Uste dut, arrakastatsua izango dela gurean, gure artean, euskaraz, munduan.
Nik neuk, zorterik onena opa diot. Eta laguntzeko prest, noski. Irakurtzen, aportatzen, idazten, kritikatzen, bultzatzen, zabaltzen. -
Itsasoaren alaba
Bilboko Capitol aretoa bete zuen filmeak estrenoan. Josu Martinez zuzendari. Txaber Larreategi edizioan. Ibai Castro filmatzen. Haize Goikoetxea protagonista, Txapela bere aita GALek hil eta urteetara. Oroitzapen ariketa bat. Ezagutzerik izan ez zuen aitaren lagunek, burkideek, adiskideek, militantzia urteetako kideek kontatua.Filmea hemen eta han ari dira ematen. Eta solasaldiak egiten dituzte gero. Eta webgune bat egitea proposatu nion Josuri.
Eta egin egin behar izan dut. Eta oso pozik emaitzarekin.Sarean dago jadanik itsasoarenalaba.org gunea. Trailer bat jarri dugu hor, eta fotograma batzuk, eta sinopsi bat, eta hau eta bestea… eta osatzen joan beharko dugu oraindik.
Besteak beste, filme emanaldietako solasgaiak, eztabaidak edo proposamenak jaso gura genituzke gero blogean.
Eta blogean bertan sortu daitezkeen beste horrenbeste gai, jendeak, entzuleek, lagunek proposatutakoak. Ikusiko dugu. -
Azken berriak (ikusentzunezkoak)
Mezu bat igorri dit Unai Iturriagak, idatzi zuen azken gidoiarekin egin den azken filmearen harira. Animazio film luze bat da. Asisko Urmenetak eta egin dituzte marrazkiak (kasu! bi dimentsiotako marrazki bizidunak, interesgarria bide urratse hori), Juanjo Elordik zuzendutako filma. Mikel lagun honddarbitarra ere tartean ibili da… produkzioan ere Michelle aritu da. Beraz, filmearen ingurumarian ezagun gehiegi.
Trailerra bera interesgarria egin zaidanez, hona ekartzeko modukoa iruditzen zait. Datorren apirilaren 22an -eguenez- aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian. Eta egun berean, elkarrizketa egin asmo diegu irratia.com saioan.
irratia.com miniPod batean
Gero gure podcast saioekin frogak ere egin ditut. MiniPod batean eskaintzeko moduan, playlist ezberdinak blog, sare sozial eta halangoetan kopiatu eta jartzeko moduan.
Hemen frogatxo bat:
iPod bat erabiltzen badakizue ezta? ba sakatu play, eta gero gerokoak. irratia.com aro digitalera ondo egokitzen dan saioa da eta. -
Gu gira! nola aldatzen diren gauzak
Sekulako txapa ematen ari zaizkigu Radio Euskadin (eitb osoa) Gu gira diskoa dela eta ez dela.
Zelan diren gauzak, hemendik 25 urtera agian, gaur jartzen ez dituzten diskoei omenaldia egiten dietenean AHT gelditu pegata jarriko diote iPod zahar bati.
Botereak, radio euskadi botere administratiboaren irratia da egun, Ibarretxerena oraindik, Nuklearraren kontrako pegata batekin, a ze muturra! ez dute gogoratzen zer zioten jeltzaleek orduan? Nuklearra egin ezean, kandelekin egongo ginateke gaur egun euskaldunak. Baina orain, mundu guztia Frankismoko batailitak kontatzen, klandestinitatea, Iparraldean erositako diskoak, zentsura… mundu guztia mobilizatzen zen orduan… mundu guztia kalean, musika eta aldarrikapenaren inguruan.
Batailitak kontatzea gustatzen zaigu bai, lehen pertsonan kontatu, hirugarren pertsonan bizi genuena. Eta orduan botereak txarto ikusitako aldarrikapenak geure egin…
Amarru komertziala? Gu gira…. Iparraldeak lekurik ez duen direccion Franciako irrati horretan. Euskarazko disko bat, eta egunean zenbat kantu jartzen dira irrati horretan euskaraz? Zenbat berba? Gu gira… onenak, noski. -
Korrika badator
Zer falta da ba? Tuteran hasi eta pausoz pauso dator, bihar hasi eta gaur da hemen, gero hor, atzokoa etorkizun dugu.
Tuteran hasi eta Nafarroa zeharkatuko du, behin eta berriz, herriz herri herrialdeak josiko ditu, eta mugak eta errekak gainditu, zubiak eta tunelak igaro, gauak eta egunak eman, eta ez da nekatzen, ez da gelditzen. Arin eta astiro, han eta hemen, modu batera edo bestera.
Euskararen metafora bizia da Korrika.
Euskaldunok asmatu ditugunetatik handienetakoa… gainera.
Bihar hasten den horrek, zenbat oroitzapen, zenbat une.
Txikitatik gogoratzen dugun zeozer, txikiagoei adierazi gura diegun hori…
Hizkuntza bat, herri bat, jendea, kaleak, bideak, mendiak…. bazterrak, hiriburuak, fabrikak, errepideak, estartak…
Korrika hastera doa, eta zapatillak prestatu behar.
Kaskoak jarri, izan be gaur irratia.com saioan Alicia Iribarren elkarrizketatuko dugu, Tuteran lehen kilometroan euskararen lekukoa eramango duen AEK-ko irakasle gaztea.
ongi etorri, euskara sarea egiten dugunon herrira