literatura
Irakurriaz idazten
-
Eskaera eta eskaintza euskal kulturan
Kontzertu ttikiak ematen ari da Ruper Ordorika. Aurrekoan gurean izan zen, txukun, benetan, berbatsu, gogo izugarriagaz. Hiztun egon zen kontzertuaren ostean ere… eta mila eta bat kontu aipatu genituen garagardoak edanez. Kontzertuaren gainean idatzi zigun Julen Gabiriak, eta irakurgai duzu larrabetzu org gunean.
Berak esanda genekien Lou Reed Azkaraten egotekoa zela; eta musikagintza, kulturgintza, txirrindularitza, garai bateko kontuak… denetarik izan genuen hizpide. Garagardo batzuk edan genituen herriko Foteri tabernan.
Iruñean jo behar du gaur. Eta elkarrizketak egin dizkiote medio ezberdinetan. Batean, industria diskografikoaren harira gogoeta batzuk egiten ditu… baina txiki izatearen ideiaren gainean egin dituen gogoetak gustatu zaizkit, batez ere.Krisialdi baten erdian gaude, eta ganoraz jokatu behar dugu, ongi pentsatuz. Batzutan, minoriak garenok, gure tranpetan erortzen gara. Gutxiengoa izaki, are minoritarioago nahi dugu izan, oso selektoak gure alorrean. Eta gero edozein kolpe hartuta, hondoratu egiten gara. Oso erabaki sendoak hartu behar ditugula uste dut.
Euskal alorrean eskaintza eskaeratik oso gora dago. Idazten da irakurtzen dena baino askoz gehiago, grabatzen dira sekula entzungo ez diren diskoak, eta abar luze bat. Oso zaila da merkatu hori oinarri horietan mantentzea. Baina aldi berean badago egarri bat, interes handikoa eta oso kualifikatua den minimo bat. Gure gauzak arretaz hartzen dituena, eta hori egilearentzat oso gauza handia da. Industria minimo bat eusteko indarra izatea da gure erronka.
-
Irakurketaren inguruko kezkak
-
“Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen, kulturaren kaltetan”
Larunbatak eman du harritzeko moduko konturik, prentsa irakurtzen hasi ezkero. Larunbatean argitaratu zen, GARAren Mugalari kultur gehigarrian, elkarrizketa Jose Mari Sors Elkar enpresaren kudeatzailearekin.
Hainbat larunbatetan agertu dira elkarrizketak liburugintzaren inguruan dauden eragile ezberdinekin: editoreak, enpresarioak, kritikoak… Denetarik.
Baina titular deigarria izaten da kazetariaren asmoa. Eta honek behintzat begian ondo jotzeko modukoak bota zituen. Esatea be. Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen dio, esaten du; Elkar megadendetako erakusleihoak ikusi eta gero botako zuen, beharbada. Diot nik. Erakusleihoak metafora polita zatekeen.
-
Idazle eskasek ez dute aitzakiarik Internetekin
Duela ez asko Blogak eta literaturari buruz idatzi nuen. Literatura semantikoa, zelanbait esatearren. Idazle bitxia topatu nuen sarean, irakurri eta nabigatuz. Hernan Casciari. Orain, gehiago ezagutzeko parada izango dugu, beragaz harremanetan jarri eta elkarrizketa bat egin diogu Hernan Casciari sortzaileari. Asko idazten du, asko sortzen ari da. Egun, Bartzelonan bizi da argentinarra. Eta emailez trukatutako berbok euskarara ekarri ditugu.
Nor da Hernan Casciari?
Duela zenbait urte neska katalan batekin maitemindu zen idazle argentinarra naiz. XX. mendeko abenduaren 31an hegazkina hartu eta ozeanoa gurutzatu eta XXI. mendeko urtarrilaren lehenean heldu. Ezkondu, alaba bat eduki eta Internet euskarri moduan erabilita fikzio istorioak idatzen dituen hori da.Noiztik ari zara lanean, zer idazten duzu?
Sarean duela bi urtetik hona nabil. 2003ko irailaren 26an Mujer Gorda blogeko lehen kapitulua argitaratu nuen. Aurten, irailaren 26an Plaza&Janes argitaletxeak liburua plazaratuko du. Tartean, espero ez nuen dibertimendu zorabiagarria bizi izan du. Zer idazten dudan? Istorioak, iritzi artikuluak, saiakerak, ipui laburrak. Monologoak, gidoiak eta antzerki lan laburrak. Beti ere, umore absurdoaren tranpolinetik egin ohi dut jauzi, edota umore kostunbristaren toboganetik, txirristatik.Zertarako idazten duzu?
Jendea pozteko, maila baten. Eta beste maila baten berriz, alabaren gosea asetzeko, nire bizipoza.Zure blogak ezagutu izan ditugu orain arte, zure ustez zer eskaintzen du sareak orohar -eta blogek bereziki- literatura egiteko?
Eskaintzen duena sarea bera da. Eta blogek eskaintza horretara modu erraz batean sartzea ahalbidetzen dute. Zer eskaintzen duen? Mundu guztiak hitz arraroak erabili ohi ditu hau azaltzeko, teoria postmodernoak sortzen ari dira, eta ebazpen inteligenteak. Nire ustez, Internetek idazle kaskarrei aitzakia kendu die, lehanago; idazle eskasek argitaletxeei botatzen zioten errua, sistemari, gobernuei. “Idazten dudana ez da jendearen gustuko, jendeak ez du hau irakurtzen†gogoeta hori ez zuen ia inork egiten. Interneten idazten baduzu, arrakastaren errudun bakarra eta galeraren arduradun nagusia zara. Oso ondo dago, besteei errua botatzeak ez duelako zure jarduna hobetzen.
Zer da zuretzat blognobela terminoa?
Lavavajilla, paracoche, radioteatro edo beste hitz konposatu bat bezala entzuten dut. Egia esan, hori besterik ez da, hitz konposatu bat.Zure irakurleak ezaqutzen dituzu? Baduzu harremanik beraiekin?
Nire irakurleen %0,1a pertsonalki ezagutzen dut. Eta horrekin aski dut.Proposatuiguzu irakurri eta ondo pasatzeko nabegazio bat…
Egia esan ez naiz Interneteko erabiltzaile sutsua. Goizero Argentinako Clarin egunkaria bisitaten dut, nire herrikideak zer irakurtzen duten jakiteko. Eta zelan ez, nire proiektuetan murgiltzen naiz, komentarioak irakurri eta bertan parte hartzeko. Interneteko bidaiarik aproposena, norberak bere faboritoetan dituena da, horregatik deitzen da horrela.Orain abentura berri batean zaude, blogak eta Telebista serie bat uztarturik. Nola doa Kliwoskyrena? Zelan erantzun dute telebistako ikusentzuleek, zelan irakurleek? Ba al dago beraien arteko harremanik?
Klikowsky (seriea) oso ondo doa. Dagoeneko ia sinatuta dago bigarren denboraldi bat ETB-2an. Blogak, proiektu berritzaile baten oihartzuna izan du eta dauka. Bigarren denboraldi horretan, beharbada torloiu asko estutu beharko ditugu, eta telebistarekiko interaktiboagoa izango den zerbaitetan bihurtuko dugu. Eta ikusentzule eta irakurleen arteko harremana, zoratzekoa da: “Hau ez da egia, nik telebistatik ikusten dutâ€. “Bai egia da, Saul ene laguna daâ€. Eta horrelako gauzak.Eta Euskal Herritik kanpo, ikuslerik lortu al duzue?
Bai, jende askok Latinoamerikan plataforma digitaletatik jarraitzen du telesaila. -
Durangoko azoka hasi da, biba festa!
Goizeko 10etarako Durangon geunden hiru lagunak. Herrian kafea hartu eta txiri txiri abiatu gara autopistatik. Atoan heldu gara, egia esan. Parking-ean furgoneta laga eta stand guztia txukundu dugu, saltzeko prest jarri edo.
Buruan nekarren, Azokari buruz egunero idaztea. Durangoko Azokak ibilbide berria hasi du, tokia berria da (bigarren azoka du aurtengoa), tokia aproposa, tokia handia da, tokia gozoa da, atsegina. Bost egun eman behar ditugu berton, eta eroso egotea da kontua. Liburuak saltzeaz gain, jendeagaz berba egin, nobedadeak ikusi eta erosi, lagunak agurtu eta asmo ezberdinak buruan. Tartean, bertatik blog honetan idaztea. Horregatik, Azoka zabaldutakoan Euskaltel gunera abiatu naiz. Eta pantailak bazeuden, bai, baina denak telebista pantailak, bideojokoetarako.
-Eta ez dago ordenadorerik? itaundu diot iñoso laranjaz jantzitakoari.
-Ez, baina wifi dago. Erantzuna berak. To, XXI. mendea nik neure buruari. Wifi dago. Ah! bale, portatilagaz etorriko gara denok. Eta bideojoko erdaldunak instalatzen jarraitu du laranjadunak.Bueno, ba gauean ekin beharko etxetik idazteari. Eta une batez ahantzi egin dut bloga. Eta literaturari jarri diot arreta. Liburuei. Saltzeari.
Goizean ez da jende askorik ibili. Baina gustura. Berbaz, jendea lehenengoz agurtzen. Apurka apurka hasi dira salmentak. Jendeak lehen kalendarioak erosi ditu, lehen idazle eta kantari ezagunak hurbiltzen hasi dira, eta boltsak betetzen ordurako.
Zara parta
Eta holan, bapatean, boltsa batzuk ikusi ditut, Bilboko denda haundietan ikusten diren bezalakoak, kartoizkoak eta soka lodidunak. Zarakoak izaten dira horrelakoak. Eta kalitateari erreparatzen niola, argazki ezagun bat boltsaren gainean inprimatua. Ni hemengoa naiz eta argazki hauxe:
Sarri
Ez nuen sinestutakoa ikusten. Ezin begira jarraitu. -Zer? galdetu diot nire buruari. Megadenda baterako izena asmatu dute hauek ala?! Xalbador, Urretxindorra, Bilintx eta orain Sarri hil digute. Estanpatu digute. Ni hangoa naiz letra txikiagoan. -Hori ere bai? Nongoa? Hangoa? Beraz, kondenatu dugu, hemengotu eta hangotu. Ez dut konprenitzen ahal. Berdin du.Liburuak irakurri, burua arindu, jendeagaz berbetan jarraitu, aktibitatea behar nuen, zeozer egin. Eta holan heldu dira arratsaldeko 20:00ak. -Azoka itxiko dugu entzun dudan arte.
Palentinora joan, lankideak agurtu, jende ezagunari aupa esan, eta etxera etorri gara. Txiri txiri. Ezin sinistuta. Bihar beste egun bat.
Gabon.