Bertsolaritza eta apustuak

Asaldatuta somatu genuen Andoni Egaña 7K-ko elkarrizketa ezin luzeagoan.
Argiako hari@ak ideia bati heldu dio, eta hari horri jarraitu gura nioke. Luzeago, zer pentsatua emango duelakoan.

Ez da egon ez baimenik ez irabazirik, ez bertsolarientzat, ez Bertsozale Elkartearentzat. Euskaldunoi beti iruditu zaigu ekimena gauza ona dela eta batzuentzat txarra da. Geldirik egongo balira, hobe. Apustuen kontu horrek gure jarduna zabartu egiten duela uste dut. Gu ez gara ez Kaiku, ez Reala, ez Portugalete. Gu bertsolariak gara. Imajinatzen duzu apustuen makinan egotea nork irabaziko duen hurrengo Euskadi Literatura Saria?
Andoni Egaña, txapelketa nagusian, txapel barik
Andoni Egaña, btn09 txapelketan. Argazkia: Urko Lasarte Wikipedia Commons

Andoni Egañarenak hona ekarri, eta sortu zaizkidan txinpartak botako ditut… bat batean… errima barik, baina puntua jarrita. Ahal bada zorrotz, eta neurri librean.

Ez da egon irabazirik...”

Eta irabazirik balego bai? Alegia, makinetakoek apustuen truke bertsolariak edo beraien elkartea sarituta, zurituta legokela ihardetsi gura du zarauztarrak? Alegia, irabazien gora beherak egiten du ona edo txarra hautu bat. Hortik abiatuta, beste kontu asko ulertu ditzakegu.

Bertsolaritzaren ajeak
Nik uste, bigarren boom bat bizi duela bertsolaritzak. Lehenengoak asko izan zuen Egañaren lehen txapelaren garaian, bigarrena bere txapela galtzearen sasoian dator. Telebista, Hitzetik Hortzera, belaunaldi berri baten agerketa… izan ziren orduko arrazoiak.
Transmisioa, zaletasunaren hedakuntza, medioetako presentzia, erreferente berriak, bertso eskoletan eta irakaskuntzan bertsogintzari lotuta dauden milaka ikasle eta urtez urte horretan dabiltzanak. Elkartearen lana… eta beste daude.

Eta bizi dugu sasoi neoliberal honetan, bertsogintza ere hartu du olatu horrek. Txanpon makinak eta banketxeak zertan dira ezberdin? Etikoagoak dira Kutxa eta bebeka, kirol jokoa baino? Ontzat hartzen ditugu euskal kutxen iragarki etengabekoak, euskaltelen bluetooth iragarkietaz orditu arte informatu gaituzte azken txapelketan, telefonoak itzali behar zirela esan ostean. Imajinatzen duzu tabako iragarki bat, erre ezin daiteke saio batean….?

Etekinari baino begiratzen ez  diogun bizitza honetan, bertsogintza ere excell taula batean neurtzen da. Neurriak eta puntuak. Errimak eta etekinak. Eta etekinak eta neurriari, markari begiratzen dionak soilik, normala apustuarena botatzea… normal normala.

Aparraren ostean
Maialen Lujanbiori autografoak eskatu zizkioten Hernaniko udaletxean egindako saioan. Neskek badute idolo berri bat. Goazen! programatik bertsolaritzara. Telebistatik kulturgintzara.
Egun osoa telebistan, milaka ikusle… ondorioak nabarmenak.
Zaindu da zaindu beharrekoa, eta mila detaile dago hor… baina handitu handitu handitu… txikleak ere eztanda egiten du. Eta bertsolaritzari, zenbaitetan aparrak gainezka egin dio edalontzitik, nahiz eta sagardotegietako ontzirik handienak eduki… normala ere izango da. Eta hartuko du berriz ere neurria. Apurka apurka.

Espektakulua
Estetika audiobisuala, Bizkaia Arena, milaka ikusle, telebista eta Internet zuzenean… Bertsolaritza izan daiteke espektakulu. Gaur BEC, eta bihar Kursaal. Antzoki eta gaztetxe. Kontzertu osteko, edo opera aurreko. Espektakulua kontsumo kultura bilakatu da, eta kontsumoak kontsumismoa dakar… bere horretan. Eta hau, ajeetako bat baizik ez da. Eztabaida sortu lezakeena… zer pentsatua emango diguna. Eta Egañak, pentsatuko du, hausnartuko du, konpartituko du eztabaida hori.

herri kirola
Iragarkiak, lehia, herrikoia, popularra, euskalduna, betikoa, tradizioa… zerk ezberdintzen ditu sokatira, harri jasotzea, aizkora edo bertsolaritza. Hizkuntzak soilik? Modernotasunak?
Bertsolaritzak gertu izan du beti apustua. Eta berdin berdin egunkarietako porretan, edo lagun arteko sailkapen desafioetan. Nik neuk be, afari bat baino gehiago irabazi ditut bertsolarien kontura. Oraindik baten bat kobratzeko dudn arren… ez naiz hasarratuko.
Lehiak apustua du lagun. Apustuak dirua…. diruak… edozer.
Gure herrian lehia eta lana, lanak eta kultura, kultura eta hizkuntza… herria gertu, gertuegi. Batera sarritan.
Asegarcekoek telebista produktora ere badute, eta bati baino gehiagori pasatu zaio burutik inoiz Argiñanok ekoiztutako bertso programa bat, ezta? Argiñano bera ikusi genuen Ane Igartiburuk aurkeztutako ETB2ko saioan…. harrapatzen duzue, ezta?

Bertsolaritza eta apustua gertu daude lagunok, etekinak eta irabaziak guztiok ditugu xede. Ekonomikoak, kulturalak, audientziak, sarrerak… labankorra da, eta badago zertaz jardun. Zertaz eztabaidatu.

Eta badakit jakin, honetaz bertsolariekin lasai eta zabal berba egin daitekela, eta bertsozaleek be badutela kezka franko… eta bertsogintza herritarra ere lantzen dela, eta transmisioa, eta baloreak, eta herrigintza, eta… hamaika gauza gehiago.

Zer uste duzue zuok ba?

2 thoughts on “Bertsolaritza eta apustuak

  1. Gauzak dauden bezala, zergatik ez Euskadi Literaturari Sariari buruzko kiniela? Zer dute ba gaur egun idazleek edo bertsolariek, kirolariek ez dutenik? Futbolari batzuen golak artea baldin badira, eta idazleak eta bertsolariak beren sari eta txapelengatik ezagutzen eta miresten baldin baditugu beren obrengatik baino gehiago, non dago desberdintasuna? Nik, aurtengoari begira, mila ehuni Atxagaren alde!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude