e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

Jabi Zabala: Paperezko egunkariak oso gutxi irakurtzen ditut egun

jabi zabala

baga) Blogaria zergatik?

Zer pentsatzen dudan, zer gustatzen zaidan, munduaz dudan ikuspegia… ADIERAZTEKO. 2007an ez naiz fanzine bat egiten hasiko, ezta? Interneten komunikaziorako ahalmenak hasieratik liluratu ninduen. Nire bozeramale ofiziala da bloga.

biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?

Lantegian komunikazio munduan nabil, Internetekin lotutako zereginetan gehienbat. Horrez gain, nire egitekoak harrikoa egitea, lagunekin, lagunarekin, familiarekin egotea, txakurra ateratzea… Blogak denbora asko kentzen dizu, apur bat hemendik, apur bat handik… Desorekak beti sortzen dira bati asko emanez gero.

higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?

Noski, bada euskal komunitate bat. Badira komunitate horretan sartuago dauden blogak baina baita aparteago daudenak ere.

laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?

Norabide anitzeko eta izaera anitzeko edukien komunikabidea, nik une honetan informazioa eskuratzeko gehien erabiltzen dudana. Paperezko egunkariak oso gutxi irakurtzen ditut egun. Komunikatzeko, argazkiak argitaratu, testuak, bideoak, e-posta asko erabiltzen dut, saretik telefonoz deitu…

boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?

Botere autonomo txiki asko, zentsuraren aurkako berme gehiago, hirugarren munduaren presentzia handiagoa, hizkuntza txikien presentzia handiagoa…

sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

Batzuk, bai. Esaterako, sarearen bidez lagun bat ezagutu eta haren etxean astebete pasatu nuen Holandan. Gehienak, baina, hurbilago ezagutu ditut eta euskaldunak dira. Hamar urte hauetan, Internet dela eta, dozenaka lagun interesgarri ezagutu ditut.

zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

Erlaxatu, deskonektatu egingo nuke, hori bai, edonon egonda ere. Akaso hondartza-mendi egun bat litzateke, egun osokoa ia, aspaldi egin ez dudan horietakoa. Kostaldeko haitzarte bakartian biluzik bainatu, bokata jan eta gerizpean zerbait irakurri… Gero herrira heldu eta zerbeza hotz batzuk edanda oso zoriontsua izango nintzateke. Oporrak behar ditudala igartzen da, ezta?

zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.

Garai batean egunero irakurtzen nuen alt1040.com, hain famatua bilakatu aurretik. Egunero blog, webgune eta hedabide zenbaiten bilan modukoa egiten dut. Ezagutzen ez duzun bat gomendatuko dizut: www.wsahara.net – ingelesez Mendebaldeko Saharari buruzko informaziogune bikaina.

bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.

kazetaritza, hizkuntzak, baroja, argazkiak, sareak

arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.

Noiz bueltatuko dizkidazu zor dizkidazun 30 euroak? …Broma da. Zein izango da zure hurrengo proiektu zoroa, duela hamar minutu bururatu zaizun hori?

iPtx: Egia esan, aspaldion zer egin pentsatzen dihardut. Interneten jauzi bat eman beharra dagoela uste dut. Podcasting-a izugarri gustatzen ari zait, etxean egindako saio bat daukat aspaldian buruan, eta udagoienean horretan murgildu gura nuke. Baina galdera sorta hau, bidenabar, nire iparrorratza ez herdoiltzeko baliatu gurean nabil. Zer egin hobeto asmatzeko. Hamar minutu baino gehiago daroat horrekin bueltaka.

tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

E-goitz Goikoetxeari, reggaezale, blogari eta Euskal SEO gizon bizkorrari

4.324 Iruzkin