XXI. mendeko despidoak
Bulego batera deituko zaituzte, ez dago gaiordenik, eta hitzak ohikoak dira. Neurtuak, sofistikatuak, korrektoak. Urteko plangintza aipatuko dizu parean dagoenak. Ez da gehiago. Gaitasunak ere mugatuak ditu, baina erabaki gunea kudeatzen du.
Parean dagoena ez da konturatzen patroiarekin ari denik. Gizarte erakunde bat izango da, edo lukru animorik gabeko elkarte bat, edo euskalgintzako erakunde bat, edo subentzioak jasotzen dituen enpresa bat… kontua da hilero, eta urtero zenbakiak nagusitzen direla. Eta egokitu egin behar dira aurrekontuak. Eta kalitate zigiluak eskuratu beharra dagoela, eta marketing apur bat, eta itxura gehiago.
Batzarra aurrera doan arren, ez diozu usain txarrik hartuko. Bilera bat. Plangintza aurkezpen bat.
Ohi baino motelago datoz ordea berbak. Neurtuago agian. Pozoirik gabeko geziak?
XXI. mendean gaude. Zerbitzuen aroan. Informazioa eta jakintzaren gizartean. Ez dago despidorik. Kontraturik gabeko garaia bizi dugu, kolaborazioa da oro. Asko aurrezten da kontratu barik. Harremanak arindu egiten dira mundu globalizatu honetan. Behar zaituztenean hor zaude, sarearen beste aldean.
Ez dago zure zerbitzuen beharrik. Makina batek egin dezake zuk egiten duzuna. Software egokia topatu dutelakoan daude. rage against the machine. Konturatu zara egoeraren ondorioetaz, jabetu zara erabakiaren oihartzunaz. Baina ez dago despidorik. Ez dago plastikorik margotu beharrik pankarta eskegitzeko. Ez dago patroirik. Ez da langile despediturik. XXI. mendea. Informazioaren gizartea. Dena txukun. Dena ondo. Dena Q. Kalitatea, aizu. Ez dago mobilizaziorik, eta soka eskegirik, are gutxiago barrikadarik… sutan zu bakarrik zaude. Agian zure errua izan da. Agian ez duzu zerbait ondo egin, edo ez zaie zure lan egiteko modua gustatzen, edo beste bat dute begiko. Edo gazteagoak behar dituzte. Edo bekadun bat jarriko dute zure lekuan.
XXI. mendea. Gure mundua. Globalizazioa eta neoliberalismo izkutua. Basatia. Hemen. Urteroko laguntza pegata, kamiseta eta euskararen aldeko jaietan eskatzen duten erakunde eta mugimenduetan. Horrelakoa da bizitza. Neoliberalismoaren olatuak harrapatu zaitu, eta surf taula etxean ahantzi duzu.
Agur esan diezu lankide ohiei. Agur eta ez dakizu noiz arte, agian atea jo eta gurutzatu beharko duzu berriz ere, burumakur, zure zerbitzuen berri behar dutela ebazten dutenean. Beste plan estrategiko bat. Beste urrats bat. Makina izorratu da, edo software hori eguneratzeko bi esku eta buru bat behar dutenean.
4 Iruzkin
Hasier
Bete-betean asmatu duzu Patxi.
Iban
Bai. Ipuin on (eta triste) bat egin daiteke hortik abiarazita. Tamalez, errealitateak beti gaindituko du.
iPtx
Hasier zure mezua pasa dit lagun batek. Gogorra egingo zitzaizun beharbada horrelako kontaketa bat irakurtzea. Baina zuk zeuk bizitakoa irakurriko zenuke agian. Zure e-posta mezu horretan argi islatu duzu. Kontatzekoa da hori ere, idatzi beharko zenuke… barruan duzuna adierazi.
Iban, idazleok edonon topatzen duzue gaia. Egia esan, ipuin baterako ematen du bai. Egoera asko daude. Egoera berriak dira, injustuak… eta zer pentsatua ematen duen oro da irakurtzeko modukoa.
Idazleok beraz, badakizue… ekin.
Hasier
Nik ipuin horri zera erantsiko nioke: euskalgintzan batzuk erakusten duten megalomania, ezkertiarra izatea komunikabideen aurrean eta eskumako portaerak etxe barruan, langileon babesik eza…