• covid19 | koronabirusa,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    Slavoj Zizek: “Elkarrekin baino ez gara salbatuko”

    Esloveniar pentsalari ospetsuak dio elkarrekin bakarrik salbatuko garela. Oraindik ikasi ez badugu, solidarioagoak egingo gaituzten krisi berriak behar ditugu, antza.

    El Pais egunkarian elkarrizketa irakurri dut, testuarekin pdf-a bidali diet lagun batzuei. Baina berriz irakurri ostean pentsatu dut euskaratu eta berrirakurri eta gure artean hedatzea.

    Bakardadea da koronabirusaren aurreko bizitzatik faltan botatzen duena.  “Ez dut broma merke postmoderno gisa esaten“, aipatzen du filosofo esloveniarrak, jakinda aitorpena, asko jota, paradoxikoa dela: “Rock star filosofoa moduan mundu osoan hitzaldi jendetsuak ematera ohituta dagoena, orain apenas irteten den Esloveniako hiriburuan duen etxetik. Handik, bideo-deiei erantzuten die, bere sofatik. “Arrisku handikoa naiz, birusa harrapatzen badut ez dut kontatu ere egingo: 71 urte ditut eta diabetes handia, eta gero nire tik-ak ere hor daude“. “Konfinamenduaz gozatzen dut, baina bakardadea faltan botatzen dut, orain inoiz baino gehiago deitzen didatelako, Zoom madarikatua, bonbardatu egiten naute”.

    Idatzi eta idatzi ari delako deitzen diote behin eta berriz.  Anagrama argitaletxeak Como un ladrón en pleno día (2018) liburuaren itzulpena argitaratu berri du gaztelaniaz , udan Hegel in a Wired Brain (Bloomsbury, 2020) atera zuen eta PANdemIC (IZUrriA!, Txalaparta 2020) presazkoa argitaratu zuen, koronabirusa hasi eta 100 egunera. Bi orduko elkarrizketan eskua altxatu behar da hitza eskatzeko. Deprimituta eta umore txarrez dagoela dio “horrela nagoenean, okerrago dagoen norbaitekin hitz egiteak bakarrik animatzen nau“, baina hitzezko energia, ideia disdiratsuak eta dibagazioak xahutzea da. Aipu kultuak, pop aipuak eta bere buruari egindako aipamenak -obra itzela baitauka Zizek pentsalariak: 50 bat liburu, 1989ko ideologiaren objektu sublimetik-. “Gorroto nauten kazetariak bakarrik dira literalak esaten dudanarekin“. Eta premiatzen du: “Goazen istilura, Auschwitzen bezala, lanak libre egingo gaitu“.

    Como un ladrón en pleno día liburuan kontatzen duzu, Lubitschek umorea erabili zuela Holokaustoaren zaurira hurbiltzeko. Prest gaude pandemiaz barre egiteko?
    Oraindik ez. Heroismoak eta beldurrak thriller on bat egin dezaketen arren, gauza izugarriei buruzko komediak ere badaude. Jugoslaviako gerraren ostean, txiste politikorik argienak, arruntenak eta ikaragarrienak sortu ziren. Dramak denbora gehiago behar du. Primo Leviren liburua porrot handia izan zen berrogeiko hamarkadan, 20 urte gehiago behar izan ziren arrakasta lortzeko. Oraindik ez gaude hor, baina umorea itzuliko da eta iluna eta basatia izango da.

    Ez al dago gaur egungo memeetan, Twitter sarean?
    Izan daiteke. Eslovenian museo etnografikoak koronabirusari buruzko txantxak bildu ditu. Hala dirudien arren, hau ez ez da txantxa: batzuek hiriko zati abandonatuak berreskuratu nahi dituzte, birusa pasa dutenek edan eta dantza egin dezaten, orgiak egin ditzaten.

    Ghetto bat, eta ondo?
    Izugarri gustatzen zait. Leku batzutan asko dira bizirik atera direnak, egin lezakete.

    IZUrriA! (PANdemIC) liburuan esaten zenuen oso nekatuta geundela. Nola gaude orain?
    Neke kronikoarekin. Udaberrian gehiago sufritzen genuen, baina orain, Eslovenian 20 aldiz gehiago kutsatu arren, jendea axolagabeagoa da. Ez da ospatzeko axolagabekeria, desesperatua da. Inork ez daki zer gertatuko den. Jendea, desira galtzen ari da. Sarajevon, frankotiratzaileak teilatuetan zeudela, jendea bizirauteko borrokatzen zen; gero, gerra amaitu zenean, suizidioak iritsi ziren. Uste dut orain gauza bera gertatuko dela. Urte erdian, baliteke osasun-krisia kontrolatuago egotea, gero ekonomikoa etorriko da, eta hirugarren olatua psikologikoa izango da, erorketa emozionalak, suntsitutako belaunaldiak.

    Nola egin aurre arlo publikotik?
    Estatu indartsu eta eraginkorrak behar ditugu, baina ez da gutxietsi behar tokiko sareen autokudeaketa. Krisiak gugandik okerrena atera omen du. Barkatu. Nik osasun arazoak izan nituen konfinamenduan, eta  laguntza itzela jaso nuen, ez bakarrik mediku eta erizainengandik, auzokoengandik, elkarteengandik. Jende arruntaren etikan sinesten hasi nintzen. Hau egin behar da, eta ni hemen nago. Ezkerrak erabili beharko luke, ez manipulatu, elkartasunetik esnatze hau.

    Hala ere, txertoen banaketan, maskarekin edo arnasgailuekin gertatu zen bezala, logika kapitalistak arrakasta izan du, onenak irabaz dezala.
    Hipokrisia handia dago. Mundu guztiarentzat egongo zela esan zuten eta eskuratzeko orduan aldeak ikusten ari gara, adibidez, Israel palestinarrei ukatuz. Logika inozo bat da, mundu globalizatu batean, denok salbu egon behar dugu. Ez naiz inozoa — ez dut esaten koronabirusak komunismoa ekarriko duenik —, baina ezta ezkorra ere: elkartasun berri honek dituen aukeretan sinesten dut. Xehetasun txiki eta zoragarri bat: elkarrizketa batean, BioNtecheko sortzaile turkiarrak [Ugur Sahin doktorea, bere emazte Özlem Türecirekin batera] zera esan zuen: “Guk ezin dugu dena egin, beste txerto batzuk behar ditugu“. Enpresaburu bat “non dago lehia” galdetzen! Hau edertasuna! Bikote horren lanak politikoki zuzenak diren txorakeria guztiak baino gehiago egin ditu arrazakeriaren aurka. Jendeak dio: “Kapitalismoak bizirik iraungo du“. Nik erantzun: “Izugarri aldatu da“. Gobernu kontserbadoreek ere, Trumpek eta Boris Johnsonek, gauza pentsaezinak egin dituzte: nazionalizatzea, esku hartzea edo oinarrizko errenta unibertsalaren elementuak de facto sartzea.

    Egun argiko lapurra liburuan sistema gu konturatu gabe nola aldatzen den aipatzen duzu. Lapurra hobeto ikusi al duzu?
    Hainbat zentzutan. Alde batetik, aberastasunaren kontzentrazio lotsagabea jada ez da sekretua. Nazkagarria da. Ultrakapitalismoan, Gates, Soros eta gainerakoak jakintsuen kontseilu bezala aurkezten dira, aristokrazia berri gisa. Bestetik, Amazonek edo Microsoftek ez dute ustiapen klasikoa egiten — nik lan egiten dut eta zuk aparteko etekina ateratzen duzu —, baizik eta Marxek guztion ongia deitzen zuena pribatizatzen dute, komunikatzen garen espazio partekatua, eta errentez baliatzen dira. Kapitalismoa eredu feudalago eta digitalago baterantz dihoa, non megakonpainia pare batek dena kontrolatuko duen eta Estatuetako segurtasun aparatuekin bat egingo duten.
    Dagoeneko ez gaituzte geolokalizatuta, a ze pitokeria! horrek ez du beldurrik ematen. Izan ere, badakite non zoazen irakurtzen ari zaren liburuan, telebistak zure aurpegi-adierazpena aitortzen du, programa bat gustuko duzun ikusteko; AEBetan, Txinan edo Israelen elkarrizketa pribatuak grabatu egiten dira; Europan jada zaila da 100 euroko billeteak aurkitzea, eta azkenean, kamerari begira eta irribarrez ordainduko dugu. Eta Estatuak dena jakingo du.

    Zientzia-fikzioa dirudi.
    Jada badago interakzio zuzen bat adimenaren eta ordenagailuen artean. Positiboa balitz bezala saltzen dute, horrela, ezinduek aulkia mugitu dezakete “aurrera” edo dena delakoa pentsatuz, baina ez dizute kontatzen zure burua kontrolatzeko ere balio duela. Nire lagun militarrek diote arma nuklearrak ergelentzat direla. Arma psikologikoak, ez propaganda zaharraren zentzuan, baizik eta adimenaren kontrolean, etorkizuna ei dira.

    Adibidez, sareetako desinformazioa elikatzen duten algoritmoak?
    Sare sozialek nolabaiteko askatasuna ematen digute, iraultzarako arma bat dira, udaberri arabiarrean ikusi zen bezala. Horregatik, estatuek kontrolatu nahi dituzte, eta Assange gure garaiko heroia da, hain zuzen ere, jendea aske dela uste duten estatuen kontrola kritikatzean. Ez estraditatzea zuzena izan da, baina ez estraditatzeko arrazoiak okerrak dira. Vanessa Baraitser epaileak bere buruaz beste egiteko arriskua eskatu zuen: “Badakit Assangeren aurkako akusazioa gaizki dagoela, baina ez nago onartzeko prest“.

    Sareak argi eta garbi kontrolatzen diren tokian, arazoa ere badago.
    Noski Assange txinatarra behar dela. Ez dut Txinarekiko inolako begikotasunik, baina hondamendiak eztanda egin zuenean, jendearen osasuna ekonomiaren aurretik jarri zuten. Eta ekonomikoki ere eraginkorra izan zen, erakunde kapitalista handi batzuek orain defendatzen dute berrogeialdi zorrotzak direla baliagarri bakarra. Txinako lagun disidente batek esan zidan: “Alderdiak abantaila bat du Mendebaldearekiko; ez da hurrengo hauteskundeengatik kezkatzen“. Txinak lehentasuna ikusi zuen eta merkatuaren mekanismoak baldintzatu zituen; ez dakit nola egiten den hori modu demokratikoan, baina gure interes berekoia da elkartasun global berri bat sortzea. Birus berriak, larrialdi klimatikoak, ondoez soziala… hondamendiak merkatuaren esku utziko ez dituzten gobernuak behar ditugu.

    Gerra batean bezala?
    Ez dut  konparaketa moduan atsegin, baina bai, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Rooseveltek arau guztiak hautsi zituenean bezala Orain osasun-sistema globala behar da, eta sistemak ezin badu kudeatu berdin dio, horixe egin behar da. Noizbait ekonomia gizarteratu egin beharko da. Presa hutsez. Estatu demokratiko batek ere ezin du onartu bere biztanleriaren zati handi bat goseak egotea, nahiz eta gertatzen ari den eta eszeptizismoa ulertzen dudan. Baina ezer ez dago lehenetsita, dena irekita dago. Habermas, filosofo alemaniarra, ez zait asko gustatzen, baina esan zuen komodaren salbuespenezko kontua dela inoiz ez dugula hainbeste jakin eta, aldi berean, hain kontziente garela gure ezjakintasunaz. Errealitatea zeharkaezina da. Eta zalantza horien erdian jardun behar dugu.

    Eta ez badugu egiten?
    Errealitatearekin askoz modu ankerragoan egingo dugu topo. Istiluak, arazoak AEBn gertatzen ari denaz ohartzen al zara? Afrikako herrialde bati buruzkoak diruditen titular pentsaezinak. Kapitolioko erasotzaileek zuzen jokatu zuten -herriaren borondatea ordezkatzen ez duen hauteskunde-sistema baten aurka protesta egiten- okerreko arrazoiaren alde -Trump bere alde dagoela sinetsiz-. Trump Kane bezalakoa da Orson Wellesen filmean, pobreen izenean hitz egiten du pobreek beren kabuz hitz egin ez dezaten. Populismo autoritario klasikoarekin kontrastean, faxismoa kasu, demokrazia abolitu eta ordena berri bat inposatu nahi duena, egungo populismoak ez du programarik. Horregatik, beren helburua mugarik gabe atzeratzen dute. Trumpen benetako biktimak elite liberal korporatiboen aurkako berriketa serio hartzen dutenak dira.

    Ezkorra ala baikorra al zara etorkizunari dagokionez?
    Woody Allenek 1979an idatzi zuen: “Gizateria bidegurutze batean dago. Desesperantzara garamatza bide batek eta etsipenera besteak. Desagerpena azken batean “. Krisia onartu behar da, inozoak izan barik. Txertoekin jendeak esaten du: “Azkenean tunelaren amaieran ikusiko dugu argia”. Noski ikusten dugula: eta aurrez aurre trena dator.

    Beraz, ezkorra?
    Hori da nire paradoxa. Hala naiz epe laburrean, zoriontsu izateko modu bakarra da batzuetan, zerbait ona gertatzen denean. Baina, aldi berean, baikor etsitua naiz. Elkarrekin bakarrik salbatuko gara. Oraindik ez badugu ikasi, krisi berriak behar ditugu antolatuagoak eta solidarioagoak izateko. Espero dut ez izatea oso basatiak.

    Gazteak kaltetuenak izan balira, serioago hartuko genuen hau?
    Hain da tristea. Esan gabe, denok onartu dugu: sakrifika ditzagun zaharrak. Biziraupenaren basakeria praktikatzen dugu. Atsekabetu egiten nau, baita ere, herrialde batzuetan, Yemenen, Armenian, gatazkak koronabirusak ordezkatu dituela ikustean. Pandemiak geldiarazi egingo zituela pentsatu nuen.

    Hedabideok ahaztu egin ditugu?
    Nire gaitzespena ez da hedabideek enfasia jartzea koronabirusean, baizik eta ez lotzea klima-aldaketarekin edo ondoez sozialarekin, patologia beraren parte den aldetik. Koronabirusa ez zen zerutik erori, ez zen saguzaharr zopa batetik irten Wuhango bazter batean; sistema baten parte da. Ez new age zentzuan, naturak kapitalismoaren aurka duen mendeku espiritual gisa. Covid 19a materialismo hutsa da, esanahirik gabeko prozesua, besterik gabe gertatzen dena, baina jakina, baldintza ekonomiko jakin batzuetan gertatzen dena. Natura suspertu egingo da, horrek ez nau kezkatzen, kontua da ea bertan lekurik izango den guretzat.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    El Drogas

    Hunkituta.
    Dokumentala ikustean, eta are gehiago bukatzean. Rockumentala. Txantrea, Barricada, rocka eta beste borroka batzuk. Lekukotasunak, memoria,kantuak eta bizitza. Adiskideak, maitasuna, heriotzak eta haserreak. Bizitza, rocka. Kontatzeko modua.
    Hunkigarria egin zait bart El Drogas dokumentala ikustea. Beti atsegin izan ditut Enrike Villarreal El Drogas eta bere hainbat proiektu musikal. Barricada zalea izan naiz beti. Amaiera enuen gogoko izan, enintzen azken boloetara joan. Enaiz damutzen. Orain El Drogas ikusteko gogoa daukat, banda eta lagun berri hauekin. Gauza askok gainezka egin didate dokumentala ikustean, baina film eder bat ikusitakoan bezala sentitu naiz amaieran.

    Nire aberria Txantrea eta Arga erreka ziren

    Gonbidatuak

    Horrelako dokumental batean, ahots ugari entzuteak laguntzen du. Drogas bera eta bere sozia dira ahots nagusiak filmean. Baina Marino Goñi baten kontaketak erabat harrapatu nau. Nafarroatik egindako lana dela nabarmendu delako. Beste musiko batzuk agertzeak ondo egiten dio lanari: Rosendo, Fito edo beste batzuk. Bereziki atseginak egin zaizkit Mareako Brigi eta Gorka Urbizurenak. Gertukoagoak niretzat, sinesgarrienak.
    Etxekoak agertzea asko eskertu dudan kontua da. Bere emazte eta bidailaguna. Seme alabak. Ilobak. Arreba edo alzeimerrak jotako ama. Etxe giroan egindako lana da. Maitasun handiarekin.

    Drogak, lagunak eta beste etsai batzuk

    Tipo irekia eta apala daDrogas. Morroi ona. Jatorra, hitz baten. Bizitzaren kontaketa honetan amorrua doinuetan isladatu du. Indarra musikari dario, eta bizitzaren pasarte ezberdinak bere kantuetan zelan islatu diren ederto baten agertzen da filmean ere. Musika pasarteak, bat egiten dute pelikularen erritmoarekin; gidoiaren -elkarrizketak- hariak ez du etenik, eta musika eta zuzeneko irudiek -izan mobilizazio gogorrak, izan poliziaren jarrera basatia edo zuzeneko kontzertuetako samurtasuna- edertu egiten dute filma bera.
    Drogen pasartea egin zait gogorrena, ezezagunetakoa delako besteak beste. Farlopara engantxatua egote hori, ateratzeko erabaki kolektiboa. Bizitza berreraikitzekoa. Arrakastaren droga. Eta hortik aurrerako ikuspegia.
    Barricada taldekoen erabakia gogorra da protagonistaren ahotik ezagutzea. Baina ez du arrangurarik erakusten. Mina askatzen du. Kontatzearekin batera. Errelatoaren abantaila.
    Lagunak ez dira etsai bilakatzen. Kontra egiten dioten arren, bidailagun hobeak aurkitzean datza irtenbideak. Eta aurkitzen ditu. Eta sekulako banda dauka aldamenean orain Enrike Villarreal Drogas-ek.

    Ura eta harria

    Argazki ona dauka lanak. Asko artxiboa da. Eta oso artxibo lan ona. Elkarrizketak edo zuzeneko irudiek pasarte handia betetzen dute. Baina badago film honetan irudi ederrik ere. Maiz musika errepidearekin lotzen da. Hemen errepideak basora garamatza, ur ertzera. Harriaren metafora baliatzen du Drogasek zenbait pasartetan. Eta ederra iruditu zait. Erreka maite du. Harria sentitzen da. Jaurtitzeko edo hondora betiko erortzeko. Bizitza. Rocka. Drogas.

  • gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

    Bizitza txakurra

    Aztoratuta daude lau hankakoak. Gure urte amaierako ospakizunek beldurtu izutu zoratu egin dituzte baserrietako zein kaleko txakurrak. Haien beldurra ez digu askorik axola.
    Aztoratuta gauzkate lau hankako txakurren bi hankako jabeek. Beraien txakurrek botatakoek edertu egin dute gure paisaia azken urteotan. Kalez kale, etxeondo eta bide bazterrak. Parke edo atari. Berdin du. Guztietan ageri dira bonbatzarrak.
    Aske dabiltza beharbada txakur batzuk, ihes eginda edo auskalo zelan.
    Kuadrilako gure lagun bati gabon zaharra geroztik baserriko txakurra falta zaio. Bere bila dabiltza auzoan eta inguruetan. Itzuliko den esperantzan. Ikarak auskalo nora eraman duen. Bat baino gehiago izango ziren, kateak apurtu, etxetik ihes egin edota basoan izkutatu diren txakurrak.

    Zenbat ete dira etxetik ihes egin duten txakurrak?
    Zenbat dira, bere sen basatia galdu ez duten etxeko piztiak?
    Zenbat txakur arriskutsu bezala katalogatuak daude herrian?
    Galdera asko, eta erantzun gutxi, zoritxarrez.

    Eta ondorio kaltegarriak ere baditu horrek, atzo bertan, urte berriko albistea eman zigun lagun batek:


    Goiritxuko landan, ahuntza hilda. Aske zebilen txakurren batek eraginda. Auskalo zein, noiz eta zelan. Urteberriko oparia. Ernari zegoen ahuntza, galera bikoitza beraz.

    zer egin?

    Herrian, txakurren gaia ez da bando bidez konpontzen, argi dago. Txakur kaka, txakur kontuak ondorioetarik batzuk baino ez dira. Baina txakurrek eragindako beste ondorioei zelan aurre egin?
    Txakur zentsoa eguneratu behar da. Osatu. Zenbatu. Arautu.
    Ikusita sorrarazten diren kontuak, ondorioak ere zenbatzen hasi beharko da.
    Lanerako txakurrak, baserriak zaintzeko, abereekin aritzeko edota kaleko txakurren “tarifa” bat planteatu beharko da. Asegurua edo mutua. Kalteordainei aurre egiteko. Garbiketa, eta abereen “garbiketa”.
    Kontua ez da zigortzea, egoerari aurre egitea baizik.

    Bi eredu, aurrez aurre

    Argi dago baserri edo landa inguruko ereduak eta kalekoak talka egiten dutela. Batzuen aisialdia edo segurtasuna, edo laguntasunak… aurrez aurre klak egiten du baserri ereduarekin.
    Batzuen ospakizunak, besteen ernegua dakar. Bolanderak urian, baserrietako txakurrak airean.
    Ereduei buruz berba egitea izango da kontua. Baserri mundua sustatzea helburu bada, horrek eragina izan beharko du kaleko bizitzan ere. Ostantzean arpeleko berbak dira gureak; eta egoera gero eta latzagoa izango da.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura,  transmedia

    Oskar Alegria zine zuzendariarekin berbetan

    Handia da Oskar Alegria. Baina apala da oskar alegria. Zinema zuzendaria, poeta bisuala. Antropologoa, enmatologoa edota etnografoa izan zitekeen. Artista. Edo beste gauza asko. Hizkuntzalaria, albaitaria, geografoa edo astronauta. Zinemaren bidea hartu du berak. Ikusentzunezkoak. Eta oso film esanguratsuak egin ditu gure zinema petralaren historiarako:

    Emak bakia baita

    (2012)

    Emak Bakia baita, oskar alegriaren film bat. from oskar alegria on Vimeo.

    Zumiriki

    ZUMIRIKI_Trailer from Luis Jambrina on Vimeo.

    H-a galdu zuen errian

    Aurreko asteburuan Ean elkartu ginen. h-a galdu zuen … errian. Bera eta beste asko. Eta Eako udako egonaldi baten hartutako irudi eta ideiekin Aritzakoa film laburra (27 min) aurkeztu zuen. Eari buruz, itsasoa eta lurra, iragana eta oraina, eguna eta gaua. Argia eta denbora. Gauza asko batzen dira. Mundu bat. Ikuskera batzuk. Sentipenak. Historia. Hizkuntza.

    Bazkaritik irratira, mahaitik mahaira

    Eta bazkalorduko solasaldi alai, umoretsu, sakon eta arinak, platerretik platerrera arratsaldean ikusiko genuenaren aperitifa osatu zuen. Ean ezagutu genuen elkar, duela urte batzuk. Eta gero izan dugu elkartzeko betarik. Ez da beti gertatzen. Grabaketa batzuetan ondoan izan naiz, eta bere lan egiteko moduaren mireslea naiz. Aitortu dezaket hori. Aurrera begira, lan berriak eta proposamen kultural berriak egiten jarraituko duenaren esperantzan, Bilboko 97 irrati librean egindako elkarrizketa dakart hona. Ikusiko duzue zeinen apala eta atsegina den. Zeinen argia eta adibide esanguratsuen sortzaile.


    Film bat amestu egin behar da

    Esaldi hori idatzi nuen koadernoan Oskarren filmaren aurkezpenaren ostean. 
    Irratiko elkarrizketan berriz gogoratu, eta gehiago sakondu zuen horretan. 
    Amets bat da film bat, beraz. Amets bat da kontatu nahi dugun hori. 
    Ametsak errealitatera ekarri, sinesgarri egitea da beraz, zinema.

    Eguneroko ekintza poetikoa

    Beste ideia potente bat, Zumirikitik, edo Emak Bakiatik, edota Aritzakoatik ere eratorri daitekena. 
    Egunero ekintza poetiko bat egiten saiatzen da Alegria. 
    Horrek ematen dio poztasuna, bizipoza. Ez da hautu eskasa. Hautu poetikoa. Ederra. 
    Pentsatzeko bezala, egiteko ere. Beste ikasgai bat.

    Goiko argazkia: Libe Asua eta Oskar Alegria Larrabetzun berbetan. (Libek 100 urte zituen, eta Tximeletei buruzko lan baterako elkarrizketatu zuen Oskar Alegriak) Wikidata.

  • Elikadura burujabetza,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Aldaketa klimatikoa, elikadura eta pandemiak

    Eztabaida baterako ardatzak. Irtenbide eta alternatibak bilatzeko arrazoiak.
    Eztabaidatzea beti da ona. Argudiatzea oraindik hobea. Arrazoiak entzun, irakurri, ulertu, enpatizatu eta alternatibak bilatzeko aukera izatea itzela.
    Sarean eztabaida hari bat izan dugu pandemiaren jatorri izan daitekeen zoonosia eta jaten dugun haragiaz.

    Ekoizpen eredua jarri dugu auzitan batzuk, eta elikadura burujabetza sustatuz, eta agroekologiaren aldetik aldaketa klimatikoaren logika gainditu daitekela deritzogu, Via Campesina mugimenduak nazioartean aldarrikatu bezala.

    Nire ustez, Unai Pascual pentsalari eta aktibistaren diskurtsoa eta pratika oso interesgarria da arlo honetan. Berarekin ETXALDE aldizkariak izandako solasaldia irakurtzera gonbidatuko nuke jendea.

    EH post covid 19

    Euskal Herrian, Covid garaiarekin oso gogoeta interesgarriak plazaratu ziren itxialdi garaian. Orain, nolabaiteko kalealdian gaudela ematen du, eta nire uste apalean jeitsi egin da eztabaida maila. Sare sozialetatik haratago ez dakit benetako alternatiba asmodun eztabaidarik dagoen.

    Elikadura burujabetza



    informazio gehiago aldaketa klimatikoa, pandemia eta elikadura burujabetzaren inguruan: viacampesina.org

    Ganadería y cambio climático txostena

    Amigos de la Tierra erakundeak plazaratutako txosten honetan Aldaketa klimatikoa eta abeltzantzaren gaia aztertzen da. Datuak, proposamenak eta alternatiba zehatzak. Interesgarria, eta eztabaidaako beste ikuspegi bat gehiago.

    Informe-Ganaderia-Cambio-climatico-Amigos-de-la-Tierra

    Ondorioak, norberak

    Kontsumitzaileok, ekoizleok, dendariok, sukaldariok… erabakitzeko aukera eta eskubidea daukagu. Egiten dugu?
    Jaten duguna ere bagarenez, erabakia gure esku dago.

  • gaztelumendi.eus,  literatura,  musika

    Laboa eta poesia

    LP bat osatu zuen Susak Mikel Laboaren urteurrenean. Gaur kantuok entzuten aritu naiz. Hamar dira, hainbat poeten kantuekin. Baina antologia ederra sortu dugu euskaldunok Mikel Laboaren kantuekin. Belaunaldiz belaunaldi txertatuta daude.
    Poza eta tristura hartzen dut horrekin. Poza Laboa gogoratzen dugulako. Artista handia, bitxia, berezia bezain apala. Tristura galdu genuelako. Baina badakigu jakin, ezer eta inor ez dela betirako.

    LP bat, gogoratzeko

  • ikusi eta ikasi,  literatura

    Askotariko zapalkuntzak

    Bisita bat. Joan etorriko bidai bat. Paris. Aspaldiko lagun bat. Eskutitzetatik aurrez aurreko bisitara. Laguna. Lagunak. Harremanak. Egoerak.
    Turista klasea kronika bat da. Talegora joan etorria ez da aitzakia bat, leit motiv nagusia da. Baina ez da dena. Han, han asko dago. Paris. Txiletar lagunak. Eta zapalkuntza asko. Ezberdinak. Askotarikoak. Izan daiteke trenean, edo Pariseko karriketan. Izan daiteke lantokian. Kalean. Emakume izateagatik, edota zapaldutako beste kolektibo batzuetakoa izateagatik (lgtb+), baina gure ikuspegitik, gu geu geratzen gara agerian.
    Abiadura handiko tren bateko bidaiaren kronika da, hiri handi bateko taupaden hotsa somatzen da, kartzela handi bateko bizipenak ageri dira… guzti hori koktel batean lehertuko zaizu, eskuartean. Letra artean.
    Kattalin Minerrek kapitulu labur laburrak egin ditu, baina azken parrafoetan beti dago kolpe txiki bat. Eta hurrengoa irakurtzeari ekingo diozu, gogo berdinarekin.


    Bi jezarrialditan irentsi dut kontakizuna. Eta gehiago jakiteko eten nuen bezperakoa. Pedro Lemebel nor zen ezagutzeko gelditu nintzen. Kantuak, elkarrizketak, argazkiak eta beste bildu nituen. Arnasaldia izan zen niretzat.

    biharamunean

    Bigarren jezarraldian, eguzki izpiak eta Anariren musika lagun… kapitulu pare bat gordeta eten dut irakurketa. Eta bukaeran, musika gehiago. Azkenean playlist bat osatzeraino. Ni ere, non je ne regrette rien kantuan hasi naiz Edith Piaf abeslariarekin batera. Ederra!

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  transmedia

    zor10.000nak GARA!

    10.000 laguneko komunitatea osatzea lortu du GARA eta naiz: komunitateak.
    GARAren kontrako expolioa jakitera eman zenetik, herriz herri asko izan dira mugitu diren lagunak. Egin diren harpidetzak. Eta gaur arratsaldean 10.000 harpidedunen marka gainditu du komunitate horrek. Zoriontzekoa dena. Ikertzekoa. Ikastekoa. Gogoratzeko.

    Iñaki Soto GARA egunkariko zuzendariak albistea idatzi du.

    Elkartasun kanpaina

    herriz herri

    10.000 harpidedun lortu arte!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Plateruena, XXI. mendeko kulturgintza berri baterako oinarri

    Kooperatibaren amaiera

    Orain arte ezagutu dugun Plateruena kudeatzeko ereduaren amaiera ekarri du bart ezagutu genuen albisteak. Plateruena desagertzea.
    Egoera ekonomiko larriak, ekarri du kooperatiba desagertzera eramateak. Langile eta bazkideen batzarrak erabaki du.
    Eta langile/bazkide/kulturgile/ekintzaile kooperatiba horretan eredu izan da. Sortu zen momentutik bertatik.
    Eta gardena izan da azken unean ere.
    Anboto Durangoaldeko agerkarian informazioa zabaldu zen lehen unetik, eta Igor Elortza bertsolari durangarrak ere datuak jarri zituen sare sozialetan, aspaldiko isiltasuna hautsiz twitter sarean. Biak ala biak, eskertzeko modukoak.

    20 urteko ibilbidea. Berbaro hura gogoan

    Durangoko alde zaharrean kokatuta zegoen Berbaro taberna ezagutu zuenetakoa naiz. Orduko kontzertuak gogoratzen ditut. Giroa. Gorakada. Gogoa eta ilusioa. Gertutik ezagutu nituen tabernari eta kudeatzaile boluntarioak. Eta beraien eredu berritzailea. Gehiago egiteko gogo hura.
    Plateruena proiektua sortu zen gero Hutsetik. Huts hutsetik… ilusio ikaragarriarekin. Auzolanaren zentsu pratikotik. Inplikaziotik. Zabaltzetik. Bilbon funtzionatzen hasi zen ereduaren bidetik. Eta lan asko. Asko. Eta euskal kulturak ikusgarritasun, pratikotasun eta dinamika foko berri bat piztu zuen beste eskualde baten. Ekonomia, kultura, herri mugimendua, dinamika soziokulturala… eredugarri. Durango, urte osoan kulturaren erreferentzia. Nazionala. Lokala.

    Bidea -baina- ez da amaitzen

    Etena dator orain. Ezina. Ekonomikoki. Kultur zikloa oso ondo bete du Plateruenak. Fase ezberdinak izan ditut, prozesu ezberdinak. Baina eredugarri.
    Igor Elortzak publikoki emandako datu hoiek kudeatzea zailagoa izango da kultur programazio eta produkzioa sustatzea baino, bistan denez.
    Baina Plateruena espazioaren beharrizanak bere horretan jarraitzen du. Beharra dago, eta espazio hori edukiz, kulturaz eta jendez nola bete berrasmatu beharra dago. Hemen eta orain. Beste behin.
    Lokalaren jabetza -duela 20 urte baino askoz balio gehiagorekin, bidenabar esanda- Durangoko udalarena da. Plateruena kooperatiba -eta bere zorrak- desagertu egingo dira.
    Eta pliego berri bat, eredu berri bat, kafe antzoki berri bat bersortu beharko da hemendik laisterrera. Eta horrek ematen dit baikorra izateko esperantza. Orain arte ikasi den guztiak ekarri dezakela Durangorako alternatiba berri eta on bat. Behar beharrezkoa.

    Antzokien eredua: Ostalaritza eta kultura

    Bilboko kafe antzokia sortu zenean, eztanda egin zuen gure kulturgintza osoak. Eredu eder bat sortu zen Bizkaiko hiriburuan. Hiria, gaua, kultura, hizkuntza, ostalaritza… funtzionatzen hasi zen. Lehertzen. Ikaragarria izan zen hastapena eta osteko garapen guztia. Eredu berri bat kulturgintza osorako. Euskaratik abiatuta gainera. Hiriaren basamortua. Panorama kulturala -batipat musikala- gogor astinduz.
    Eta hainbat kafe antzoki sortu ziren han hemenkda. Ondarroa, Elgeta, Durango, Bermeo…. eta proiektuak ere ugari, han hemenka.
    Itsasoa baretu da. Hainbat ekaitzaldi izan ditu. Bilbokoa, gaur gaurkoz itxita dago COVID 19 gaitzaren erdian. Noiz zabaldu ahal izango duen zain gaude guztiok. Besteen garai onenak joan ziren.
    Ostalaritzak sustengatu behar izan du kulturaren zama. Eta egiturarena. Langileak. Lanpostuak. Egunak ta gauak. Inbertsioak. Krisiak bata bestearen atzetik, eta azken pandemiarena… itzela.

    Publikotik haratago, ez dago beste eredu iraunkorrik?

    Gure herrian egitura publikoetatik landa, instuzioetatik haratago, hainbat eredu landu izan dira. Baina orain eredu hauen iraunkortasuna bilatu behar da. Ekonomikoa batipat.
    Kulturgintzan egin den ekarpena izugarria izan da. Ekonomian ere ez dira txarto ibili ahal izan duten luzaroenean.
    Baina agian eredua ahitu da. Soziala, kooperatiboa, partehartze publikoa, ehun sozialaren babesa, kulturgintzaren inplikazioa.. oraindik formulatu beharra dago. Berrasmatu. Eta ekin.

    Unai Iturriaga Euskadi irratian: Orain arte heroi batzuek mantendu dute kulturaren ikusgarritasuna

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Horrelakoa da bizitza! #blacklivesmatter

    Errealitatea berria, nazioarteko mobilizazioak arrazakeriaren kontra, beltzen aldarrikapenak, Spike Lee zuzendariaren lanak, Negu Gorriak taldea sortu zela 30 urte. Koktel kultural izugarria da. Egunotako pentsamenduak, kantuak, mobilizazioak eta irudiak sailkatu eta gogoeta txiki bat egiten saiatuko naiz.

    Do the right thing!

    Spike Lee zuzendariaren filma ikusi eta biharamunean guztia berrosatzeko beharra ikusi dut. Filmea ikusi aurretik, azken egunotan Spike Lee beraren mezuak, iragarpenak, bideoak ikusten aritu naiz. Eta gogoa piztu zait filmografia osoari ekiteko. Duela bi urteko Zinemaldian, bere azken lana ikusi nuen, Harkaitz Canok gomendatuta. Kasualitatea edo ez, Black is Beltza Fermin Muguruzaren lana jaialdi berean estreinatu zuten.
    Do the right thing pelikula berezia da. Beltzen auzoko errealitatea irudikatzen du. Eguneroko bizitza. Italiar-amerikar (zuri) batzuen pizzeria. Familiak. Harremanak. Polizia. Musika. Irratia. Liskarrak. Eta Radio Rahim maitagarri bat tartean, bigarren plano baten hasieran, baina zurrunbiloaren eta gatazkaren erdigunean gero.

    Negu Gorriak 30 urte

    Aste honetan bertan Fermin Muguruzak gogoratu du efemeridea. 1990an beraien orduko proiektu musikal berriari eman zioten hasiera. Rap musika euskaraz. Public Enemy Parisen zuzenean ikusi ostean suspertutako sukarraldia. Kortatu itxi eta hurrengo proiektuari ekin zioten Muguruza anaiek, besteak beste. 90ko hamarkadako hasierako kantu hoiek narratiba eta estetika berri bat eskaini zioten gure kultur panoramari. Hiru harmakada beranduagoa nabarmena da guzti hori.


    Urtebete lehenagokoa da Spike Lee zuzendariaren Do the right thing filma. Estetika hori, sanpleak, dantzariak, maitasuna eta gorrotoa… isladatzen ditu Irungoen proposamenak, Euskal Herrian berritzailea izango dena.


    George Floyd gogoan

    Blacklivesmatter mugimendua nazioartean

    Poliziaren eskuetan hil zen George Floyd. Irudiak mundu osoan ikusi ditugu. Bere lekukotasuna mugikorrek grabatu zuten. Ikusgarritasun globala izan zuen bere heriotza ankerrak. Poliziaren kontrako oldarrialdia abiatu zen, bere hiritik mundu osora. Beltzen eskubideen alde ez ezik, faxismoaren kontrako mugimendua antolatu zen nazioartean. Trump bera izutzeraino. Blacklivesmatter mezuak, ozenki adierazi du beltzen bizitzak duen garrantzia.
    Euskal Herrian ere mobilizazio potenteak egitea lortu da. Iruñean Gora Herria! mezuarekin eta hiriburuetan beltz eta afroeuskaldunek deitutako mobilizazioak jendetsuak eta ikusgarriak izan ziren.

    View this post on Instagram

    Euskal Herrian arrazakeriarik ez!! #blacklivesmatter

    A post shared by Kirruli (@kirruli_libre) on

    3 brothers

    Hiru anaia ekarri gura izan ditu gogora Spike Lee zuzendari eta aktibistak ere. Film labur bat osatu du atoan. George Floyd hil berriaren heriotzak, Radio Rahim nola hil zuten gogorarazi digu bapatean, baina filmea egiteko, antzeko beste egoeraren bat ere ezagutzen zuen zinema zuzendari konprometituak. Lan honetan, Radio Raheem. Eric Garner eta George Floyd gogoratu eta omendu gura izan ditu, fikziozko irudiak eta errealak parekatu eta partekatuz.

    (oharra: txio hau eta Spike Leeren irudiak ondo ikusteko, twitter bidez zabaldu)

    Zinema, musika, kalea, artea, sarea, mezuak…



    Musika eta zinema, aldarrikapenak eta kaleko kartoizko mezuak, beltzen eskubideak eta arrazakeria. Atzo eta gaur. Gogoeta, kontakizun eta narratiba koloretsu bat faxismoa eta arrazakeriaren kontra. Guztien eskubideen alde.