• agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Oskar Alegria eta biok

    Udan ezagutu nuen Oskar Alegria. Eako poesia egunetan.
    Ia urtero joaten naiz Eara. Lehenengoz zegoen bertan bera.
    Eta lagun talde itzela batu ginen. Mitxel Sarasketarekin joan nintzen ni. Mitxel ere lehenengoz.
    Oso oroitzapen ona utzi dit Eako asteburuko egonaldiak.
    Kuadrilla handia osatu genuen, eta oso giro onean pasatu genituen barikutik domekara artekoak. Banan-banan agurtu -udalekuetako agurren antzera- eta sarean ikusten dugu elkar lantzean behin, batzuk bederen. Eta atsegin dut.

    Emak Bakia film ederra

    Oskar Emak Bakia filma egiteagatik egin da ezagun gurean, eta hemendik kanpo ere bai. Man Rayren Emak Bakia filma ikusi eta ezagutu ostean, Emak Bakia izeneko etxearen xerka arituko da Oskar. Bidaia hori, bilaketa hori erakutsiko dizu bere filmean. Man Rayren espiritua, artea eta surrealismoa film berezi eta hunkigarri batean aurkituko dugu Lapurdiko etxe horretan. Eta herri hau.

    Ideia eta asmo berriak

    Oskar Alegriak, baina, film bakarra egin du. Hala ere, bere kamerak oraindik irudi asko filmatzen ditu. Argazkiak aterako ditu kamera edo mugikorrarekin, soinuak grabatu. Jendea ezagutu. Herriak. Etxeak. Hemen eta han ibilia duzu. Eta jakituria izugarri bat bildu du bidaia interesgarri honetan bezala, besteetan ere. Gaztea da eta sormen ikaragarria du. Eta erne dago. Adi-adi. Artista bat da. Eta inteligentzia daragoio. Ezagun du hori beragaz berba edo solas egitean. Eta traturako atsegina delako lortuko ditu helburu handi eta xumeak.

    Asmo eta proiektu berri bat erakutsi zidan Iruñean egin genuen hitzorduan. Koadernoa agertu zidan. Eta hori betetzen joateko laguntza eskatu. Bigarren hitzordu bat izan dugu asteon herrian. Eta landa lana egiten aritu gara. Larrabetzu eta inguruetan. Eta ikasketa prozesu izugarria izan da niretzat. Bi gau, kafe batzuk eta solasaldi asko. Oinez ere ibili gara. Eta etxeak, bizimoduak, historia, ingurua eta gure pasarteetako batzuk erakusten saiatu naiz ni, nire apalean. Larrabetzutik ze irudi eroan duen jakin nahi nuke. Eta horregatik idazten ditut berbok. Esan eta gordetzeko. Gogoan hartzeko.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Basque to the future

    Etorkizuna gaur da.
    eta guk #basquetothefuture deitu diogu.
    Eta behinola filmeak bota zituenak, gaur errealitate bide dira.


    Pepsi kola berezia ikusi dugu, Nike markak zapatila hegalariak egin ditu, eta euskaldunok etorkizunarekin amesten jarraitzen dugu.

    Eta gaueko 21:00etan 20151015 historiko honetan istorio berri eta berritzaile bat:

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Pride pelikula ikusi ostean, erabat harrapatuta

    Aspaldiko partez zinemara joan ginen aspaldiko hiru lagun. Badira 20 urte baino gehiago astero batzen ginela… bizitzak urrundu gaitu, barraren alde banatan gaude orain barrikadaren alde berdinean egondakoak.
    Bilboko Alhondigan hitzordua egin, elkarrekin afaldu eta pelikularako txartelak erosi genituen. Futbolaz, politikaz eta bizitzaz berba egin genuen artean…
    Pride pelikula ikusi genuen. Txundituta hirurok.

    80. hamarkadan gay mugimenduko kide bakan batzuek greban zeuden meatzarien alde jardun ziren, gogotsu. Eta errealitatean oinarritutako filmea eskaini digute 30 urte beranduago.
    PRIDE

    Pelikula gomendagarria

    Eta pelikularen ostean soinu bandarekin aritu gara, kantuak entzunez, 80. hamarkada hit batzuk gogoratuz, wikipedian orduko pertsonaien biografiak irakurri ditugu, bereziki Mark Ashton protagonistarena; eta Hiesaz arduratu gara, eta aurreko mendean gure herritik ihes egin zuten gay batzuen kontu zaharrak gogoratu ditugu, eta ezkerreko kantariak kantatu… eta… pelikula batek barrenak zelan mugitzen dizkizun konturatu gara.
    furgoneta

    garaykoak

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Itsasoaren alaba dokumentala gurean

    Josu Martinez, Txaber Larreategik eta Ibai Castrok grabatu, idatzi eta ekoiztutako Txapela eta bere alabari buruzko Itsasoaren alaba dokumentala gurean be ikusi ahal izango dugu.
    Zinemaldian ere sekulako arrakasta izan zuen filmeak, areto txiki, gaztetxe eta kultur etxe ezberdinetatik ere egin du bidea. Larrabetzun, eguazten honetan iluntzeko 8etan izango da Anguleri kultur etxean.
    itsasoaren alaba proiekzioa Larrabetzun
    Mikel Goikoetxea Txapela ingurukoa izanez, herriko askok eta askok beragaz ikasi, eta harremana be izan zuten. Gazterik alde egin zuen Ipar Euskal Herrira, baina askoren gogoan dago oraindik be.
    Josu Martinezen lana interesantea da gainera, Txapelaren alaba Haizeren begitik, dago grabatua. Alabari haren lagunek kontatzen diote zelakoa zen bere aita. Amak, burkideek, ezagunek… eta alabak ezagutu ez zuen aitaren memoria berreskuratu du dokumentalarekin batera. Txapela GALek hil zuen Donibane Lohitzunen, duela 25 urte.

    Itsasoaren alaba filmearen emanaldia Aretxabala elkarteak 20 urteurrenaren karietara antolatu du.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Asisko Urmeneta mundu osoan doan! free

    asisko urmenetaAsisko Urmeneta asko gustatzen zait. Egiten duena egiten duela. Badaki egiten. Sortzailea da. Napartheid sasoian ezagutu nuen, Pernanen bitartez.
    Artista da, marrazkilaria da, euskaltxain ona, sortzailea, euskaldun osoa, irrigarria, hizkuntzalaria (hizkuntzetan ibiltzen badaki, gurean bereziki, gureetan), hiztun oso ona, berba jario arras interesgarria dauka, berbak asmatzen dituela iruditzen zait askotan… baina iturri askotatik edaten duenez, entzuteko parada izatea holakoa da.
    Atzo ondoan izan nuen elkarrizketan. Mikrofonoa konpartitu genuen. Fisikoki. Eta belarria berarentzako nuen. Galderak egin gura nizkion, baina gaiari buruz baino ezin gintezkeen mintzatu.
    Asisko ezaguna da, gero eta gehiago, Euskal Herri osoan. Eta halan behar du.
    Munduaren bira doan! filmeko zuzendaria izan da. Pertsonaiak -antza 150 pertsonaia ezberdin dago pelikulan- sortu eta karakterizatu ditu. Eta filmea ikusteko irrikan nago.
    Munduaren bira doan!
    mundu osoa doan!
    OPIak (vip euskaraz, mikel elortzak sortua) baino ez doazen ekitaldiak izan dira egunotan, eta OPIak dira batez ere mundu osoko ekitaldiak doan gura dituztenak.
    Aurkezpenetatik landa, egunotan filmea ikustera doazenak izango dira euskarazko filmeak egitea ahalbideratuko dutenak. Zuzendari, gidoilari, marrazkigile, musiko eta hoiek guztiak beste garrantzitsu dira ikusleak. Zaindu eta hedatu ditzagun. Goazen filmeak ikustera. Gero bajatuko ditugu saretik ere, baina ez baditugu ikusten, ez da filmerik egingo.
    Nik neuk, doan ikusi barik, ordainduta gusturago geratuko naz.
    irratia.com mundu osoan doan! free!
    Doan duzue, gura izatekotan Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordigaz irratian egindako elkarrizketa. Mundu osoan entzungo delakoan, hau ere.
    Eta kantuak be, hemen jarriko ditut doan. Oso kantu entzungarriak, benetan.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Itsasoaren alaba

    itsasoarenalaba.org
    Bilboko Capitol aretoa bete zuen filmeak estrenoan. Josu Martinez zuzendari. Txaber Larreategi edizioan. Ibai Castro filmatzen. Haize Goikoetxea protagonista, Txapela bere aita GALek hil eta urteetara. Oroitzapen ariketa bat. Ezagutzerik izan ez zuen aitaren lagunek, burkideek, adiskideek, militantzia urteetako kideek kontatua.

    Filmea hemen eta han ari dira ematen. Eta solasaldiak egiten dituzte gero. Eta webgune bat egitea proposatu nion Josuri.
    Eta egin egin behar izan dut. Eta oso pozik emaitzarekin.

    Sarean dago jadanik itsasoarenalaba.org gunea. Trailer bat jarri dugu hor, eta fotograma batzuk, eta sinopsi bat, eta hau eta bestea… eta osatzen joan beharko dugu oraindik.

    Besteak beste, filme emanaldietako solasgaiak, eztabaidak edo proposamenak jaso gura genituzke gero blogean.
    Eta blogean bertan sortu daitezkeen beste horrenbeste gai, jendeak, entzuleek, lagunek proposatutakoak. Ikusiko dugu.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Azken berriak (ikusentzunezkoak)

    Mezu bat igorri dit Unai Iturriagak, idatzi zuen azken gidoiarekin egin den azken filmearen harira. Animazio film luze bat da. Asisko Urmenetak eta egin dituzte marrazkiak (kasu! bi dimentsiotako marrazki bizidunak, interesgarria bide urratse hori), Juanjo Elordik zuzendutako filma. Mikel lagun honddarbitarra ere tartean ibili da… produkzioan ere Michelle aritu da. Beraz, filmearen ingurumarian ezagun gehiegi.

    Trailerra bera interesgarria egin zaidanez, hona ekartzeko modukoa iruditzen zait. Datorren apirilaren 22an -eguenez- aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian. Eta egun berean, elkarrizketa egin asmo diegu irratia.com saioan.

    irratia.com miniPod batean

    Gero gure podcast saioekin frogak ere egin ditut. MiniPod batean eskaintzeko moduan, playlist ezberdinak blog, sare sozial eta halangoetan kopiatu eta jartzeko moduan.

    Hemen frogatxo bat:


    MusicPlaylist
    iPod bat erabiltzen badakizue ezta? ba sakatu play, eta gero gerokoak. irratia.com aro digitalera ondo egokitzen dan saioa da eta.

  • larrabetzutik

    …danak ala inor ez!

    Aurreko asteburu batean gertatu zen gurean. Udalak kartelak jarri zituen euskaraz eta gaztelaniaz ETBk ekoiztutako Go!azen filme musikala pantailaratzeko. Anguleri kultur etxean zuten zita, herriko gazteenek.
    Telebistakoen gomendioz, 10 urtetik gorakoentzat aholkatu edo gomendatua. Gurean, gomendioa arau. Udalak 10 urtetik beherakoak ez sartzea erabaki zuen. Kontratatutako begiraleek, hori bete beharra zuten.

    Heldu zen eguna. Arrastian ume mordoa kultur etxeko atarian. Eta begiraleak zaindari. 10 urtetik beherako umerik ezin dala sartu. Ez zen espazio faltagatik. Alkatearen agindua omen. Eta bete beharra zutela. Eta gehiago ziren kalean 10 urtetik beherakoak ostantzekoak baino. Nagusiagoek baina, txikiak ere sartzea eskatu zuten. -Danak ala inor ez!  esan omen zuten.

    Eta kontratatutako begiraleak -herrikoak ziren?- dudamudatan. Aginduak betetzeko zeudela han. Eta duda mudatan ibili ostean, baietz, gazteagoak be sartuko zirela…. 9 urtekoak.

    Orduan 10 urtetik gorakoak, hasarre… kanporako bidea hartu zuten. Edo herriko ume guztiak sartu edo badoazela funtziotik.

    Eta danak sartu ziren. Larrabetzun txikitxuterik errebelde. A ze lezioa, kontratupeko kulturari, gomendio-aginduen kulturari, Tomasadei.

    Danak ala inor ez, bada Mikel Laboaren kantu bat be. Bada Mak taldearen bideo honen titulua be, gure herriko gazteenei eskainia. Aire ahizpak eta MAK alkarregaz, musika, sua eta irudiak.


    Mak hip hop

  • musika

    Zerura begira Fermin Muguruzarekin

    Mirant al cel filmea ikusten izan naiz goizean. Astearte goiza, Capitol zinemetan, pase berezia. 1938ko martxoaren 17an Bartzelona bonbardatu zuten Francoren agindupeko hegazkin faxista italiarrek.
    Hiru egun etengabe izan ziren, zerutik bonbak jaurtitzen hegazkin faxistak, eta hiria setiatuta zerura begira.

    mirant al celGernika ondo gogoan dugu euskaldunok, baina Bartzelonakoa hiri haundi bat bonbardatzen zuten lehen aldia zen Europan. Itzela izan zen. Eta orduko irudiez gain, bizirik ateratako asko eta askok berba egiten dute dokumentala eta fikzioa lantzen duten filme eder honetan.

    Fermin Muguruzaren doinuak
    Jesus Garayk zuzendutako filmerako, Fermin Muguruzak soinu banda atondu du. Bere estiloaren zigilua badarama ere, bere ohiko instrumentuak, celloa eta biolinarekin nahastu ditu oraingoan. Tentsiodun filmea izanik, ondo lortu du tentsio hori musikarekin uztartzea. Hala ere, bere azken lanetako baseak ageri dira, ukitu elektroniko batzuk, baxu grabeak, kitarra ezberdinak (Benas, Papuchi eta baita Txap Lisabökoa ere). Hasperena kantuaren melodiak erakarri gaitu gehien.

    Pelikula ikusten nuen ahala, gogoeta ugari etorri zaizkit. Pentsamenduak memoria historikoari buruz, faxismoaren kontra altxatu ziren militante eta bolondres errepublikarren aldeko bihozkadak izan ditut, Bartzelonan umeek bizi izan zuten garaia, irratiak izan zuen paper garrantzitsua abisuak emateko orduan, egin zituzten gordelekuak, errepublikar antifaxisten lana hegazkin faxistak botatzeko ahalegin nekaezinean…

    Filmeak merezi du. Fikzioa lantzeko modu bitxiak erakutsi ditu zuzendariak. Atal dokumentala ere ederra da. Bien uztarketa ondo gauzatu duelakoan nago.

    informazio gehiago: negugorriak.netÂ