agit/prop

agitazioa eta propaganda

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Herri bat

    herribattxikia bizia alaia gogorra euskalduna eta kementsua.
    Atzo, gaur eta beti.
    2014ko maiatzaren 3a bereziki gogoratuko dogu larrabetzuarrok, inposaketaren kontra eta gure nortasunaren alde garen moduan agertu garelako, ez besterik.
    Herri giroa, alaia eta kementsua. Herritar guztiok. Ezkerreko eskumako handi eta txiki, kolore guztietakoak, adin guztietakoak plaza baten batuta. Argazkiak ikusi eta txunditzeko modukoa. Herrigintzan gabiz, Urkijok behartuta.

    2014ko maiatzaren 3ko argazki bilduma: gurea ikurriña
    Informazio gehiago: larrabetzutik.org

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    Maiatzaren lehena eta biharamuna

    atzo maiatzaren lehena.
    gaur zubia batzuentzat, lan eguna besteentzat, eta lanik gabeko eguna gehiegirentzat.
    Eta agian, gogoeta eguna ere bai.
    Atzoko manifestazio, adierazpen, oihu, pankarta, pegatina eta aldarri guztiak gogoan izanda ere, gaur, bihar, etzi.. etorkizunaz aritu beharra dago, ekin, jarraitu, landu eta ahal dela hoberako eraldatu.

    Nik bizpahiru gogoeta eta proposamen.

    • Gazte kezka. Etorkizuna ez dago bermatuta. Larriagotzen ari da. Oraindik oso mugimendu gutxi dago gai honen inguruan, eta piztea kostatuko da. Kontzientzia badago. Datuak eta informazioa zabaltzen ari da. Belaunaldi berriak konturatzen hasi diren arren, gizarte osoaren ardura ere bada egoera aldatu eta etorkizuna bermatzea.
    • Lan baldintzen txarragotzea. Bizi baldintza duinetan aritzea gero eta zailagoa da. Murrizketak, finantziazioa, egoera ekonomiko globala, multinazional handi eta enpresari askoren jarrera, zailtasun ekonomikoak, norabide eza, elkartasun ekonomikoaren ahultzea… egoerak aldaketa eskatzen du
    • Burujabetza lantzen hasi eta hortik abiatuz: elkartasuna landu, ekonomia sozial eta alternatiboa jorratu, konponbiderako aukera bezala. Esparru sozioekonomikoak duen garrantziaz jabetu, etorkizuneko Euskal Herriarentzako bezala, gutako bakoitzaren etorkizunerako: familian, lagunartean, belaunaldiz belaunaldi, herrigintzan

    Bizi,  manifestation du 1 Mai a Bayonne, Jeudi 1 Mai 2014. (Photo Bob Edme)
    maiatzaren lehena iruditan: naiz.info

    gabixola gose greban

    Maiatzaren lehenarekin, euskal garraiolari bat, jose mari lejardi gabixola gose greban jarri da hemendik gertu, Zamudion. Garraiolarien duintasuna, bizi baldintzak, aldarrikapen ugari. Gabixola oso ezaguna da kultur munduan, herri kirolen inguruan, euskaltzale eta borrokalaria, sutsua, indartsua eta pertsona oso ona eta solidarioa.
    Urrats ausarta eman du, ez da erreza, eta gogorra apustua. Ondoan egon, hitz egin, lagundu eta mezua zabaltzea da berarekin bat egiteko modurik eraginkorrena. Horretan saiatuko gara.

    gabixola.info garraiolari bat gose greban
    gabixola.info garraiolari bat gose greban

    informazio gehiago: gabixola.info
     
    iraultza

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Gernika

    1937ko astelehen hura, azoka eguna, apirila….. gaur.

    Gaur, egun osoan zehar sortutako gogoetak ekarriko ditut hona, berbak, irudiak, ideiak, ametsak, amorruz betetako negar malko eta oihuak, etorkizunari begiradak…

     

     

     

     

    Gernika Mikel Laboaren doinuetan

    http://youtu.be/sQbMu8Lg03c

    Eta gaua Bilbon bukatu nuen, Kafe Antzokian…eta bertan be, Mikel Laboarekin Maite Mursego, Eneko Moby Dick eta Ibon RG



     

  • agit/prop

    grandola vila morena

    Apirilaren 25ean izan zen… doinu batek krabelinen iraultza ekarri zuen.
    Grandola Vila Morena kantuak eman zuen seinalea irratitik, eta iraultza abiatu zen… duela 40 urte. Kantua mundu osoan zabaltzen da apirilaren 25ean.

    Estetika ariketak

    Sare sozialetan gaur, kartel eta afitxa digital ugari ikusi daitezke. Orduko argazkiak eta gaurko mezuak.
    Antzekotasuna darie Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko hiru kartel hauei.
    bng

    cup

    ehbildu

    Diseinu grafikoa historia kontatzeko

    Telesur telebista hegoamerikarrak bere aldetik, oso jario emankorra dauka twitter sare sozialean. Portugaleko Krabelinen iraultza era honetara kontatu dute, oso infografia ederrarekin.


    Irudiak bere handitasunean ikusteak merezi duelakoan:
    telesur

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Kultur eremu berriak

    berrikuntza soziala eta kultur eremuak

    Luzuriaga fabrika garbitzen ari dira antxotarrak, Astrak urtebeteko ibilibidearen balantzea aurkeztu du gernikarren aurrean, Sestaon labe garaien sasoiko bulegoetan kultur eremu librea osatu zuen Txirbeleneak, Iruñean Katakrak liburu denda baino zerbait gehiago da kale nagusian, antzerki obrak ikusten ahal ditugu asteburuetan Deustuko Erriberakok Pabellon 6 arte eszenikoen aretoan, Bilboko alde zaharrean berriz Zirikak etengabeko dinamika sozio politikoa dauka, Donostiako Bidebietan eskola zahar batean zentru soziala egin gura dutela jakin berri dugu, Gasteizen Errekaleor auzoa berritzeari ekin zioten ikasleek, Iruñean Jaso ikastola zaharrean artistak batu dira, Baionan egurrezko etxeak okupatu dituzte, Donaixtin eskola kulturgune bilakatzeko lan izugarria egin zen aurretik….

    txirbelenea

    Euskal Herrian mapa berria osatzen ari da kulturgintzaren eremuan. Asanblada irekiak, parte hartze kolektiboa, berrikuntza eta kulturgintza eskutik ari dira lanean. Kultura ofizialetik landa, eremu eta gune berriak ari dira sortzen, eraikitzen, apurka apurka. Beste dinamika bat, beste prozesu batzuk, beste adibide berri eta berritzaileak orain arte izan dugun kultur panoramara.

    astra

    Merezi du gogoeta bat egiteak mugimendu berri guzti hauen inguruan.

    • zergaitik sortzen ari dira gazte mugimendua baino esparru sozial zabalagoetatik?
    • kulturari lotutako, sorkuntzarekin harremanetan diren espazioak dira… kulturgintza berrikuntza fase baten murgilduta?
    • maiz okupazioarekin lotura dute, orain arteko EHko okupazio mugimenduaren eskaerekin zerikusi handirik ez badute ere
    • Eremu lokaleko ekimenak dira, parte hartze irekia, ikuspegi alternatiboa eta antolatzeko modu berriak bere baitan ezaugarri moduan dituztenak: kooperatibak, asanbladak, bizitza, kultura, eraldaketa helburu

     
    Donaixtiko adibidea Kanaldude telebistan

    Erreka lehorra hondartza nahi dute Gasteizen

    gogoetarako ekintzarako garbiketarako antolaketarako uneak bizi ditugu. sorkuntza ez da eten, espazio berriak berreskuratzen ari da, bizi gara! biziko gara!

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    barkatu, ama

    Gaur hasi gara sarean zabaltzen gure ekimen ttiki eta hauskorra: barkatu, ama
    musikazaleak batu, berba egin eta kezkak konpartitzeko (g)unea…..

    Hitzaldiak, kontzertuak, dokumentalak…. antolatu eta gozatzeko proposamen xume xumea.
    Gaztetxeetan eztabaidak bultzatzeko ekimentxoa.
    Belaunaldi ezberdinak antzeko doinuekin dantzan jartzeko asmoa.

    Aurkezpena apirilaren 11an, barikuz Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean.

    • Hitzaldi musikatua lehenengo. Andoni Tolosa Morau
    • Kontzertua ostean: Xabier Montoia, Belarminak
      barkatuama111997an, aurreko mendean, Soraluzen Morau eta lagunak batu ziren kontzertu berezi berezi batean. Bertsolariak, poetak, musikari lagunak… gazteago ikusiko dituzue ordu erdiko bideo honetan. Ikustekoa gero!
    • Xabier Montoia ere aspalditxoan ari da musika eszenan… zeresan asko dauka gure musikaren inguruan, eta guk kantuan entzungo dugu bariku honetan, trio formatuan, eta oso talde bereziarekin: Ibon RG (pianoan eta kitarran lagun) eta txeloarekin Luis Fernandez (Joseba Tapiagaz gaztetxean aurreko baten ikusi genuena)bonberenean

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Ikasle mugimendua indartzen ari da, nabarmen

    Leihotik ikasleak ikusten ditut autobus paradan. Normalean hor egoten dira goizeko 8etan. Mordoa doaz egunero Deriora, institutura. Ia autobuskada bat Larrabetzutik.
    Gaurkoan baina, greba eguna dute. Hiru ordu beranduago doaz, 11etako manifestaziora. Greban daude. Baina ez dira etxean geratu.
    Leihotik begira, konturatu naiz asko direla. Gaztetxoak, karpeta barik. Baina ikasteko gogoz.
    Eta sarea sutan dagoela konturatu naiz gero. #ekinM27 etiketarekin, ikasleen mobilazioen berri jaso dugu sare sozialetan. Itxialdiak, entzerronak, pankartak, mobilizazioak, koloreak…. eta etorkizuna marrazteko tresna guztiak eskuetan.

    #ekinM25 ikasle greba orokorra!

    Sendo ikusten dut, indartsu somatzen da ikasle mugimendua. Atzo unibertsitateko irakasle batek ohartarazi zidan, eta gaur ene begiekin ikusten dut.
    Eta poztu egin naiz…. hezkuntza tresna garrantzitsua delako. Gure alde, edo gure kontra.

     

    EGUNERAKETA
    Hori guztiori goizean idatzi dot, ikasleak 10:30etako autobusa hartzen ikusi ditudanean.
    Egunean zehar itzelak izan dira manifestazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta arratsalderako ere gehiago deituta daude.
    Bilboko irudiek adibidez, oso ondo adierazten dute. Ikasle mugimendua indartzen ari zela nioen goizean, oso sendo dagoela frogatu dugu eguerdian. Zer pentsatua eman beharko liguke biharamunean.
    itzelabilbo

    bilbogreba

    ikasleztanda
    iruñea

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik,  teknologia berriak

    Zuzenean

    Sare sozialak eta gaur egungo hedabideak | aukera berriak eta parte hartzea

    Mezu bat edo beste sare sozialetan.

    Erantzuna eta eskaria ostean.


    Mezu bat watsapp bidez Hori Bai gaztetxeko lagun bati.
    Erantzuna atoan. (Eskerrik asko Julen)
    Deia Iker Bilbao aurtengo kintoari.
    Konexioa Irulegi irratikoek Donibane Garazitik Larrabetzura. Zuzenean berbaz eta kantuan larrabetzuarrak.
    santageda

    Larrabetzuko kintoak (2014) Irulegi irratian (euskal irratiak):

    Zuzenean Euskal irratietan.

    Goiz baten, bapatean, handik hona, hemendik hara. Posible da. Mila esker.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Gure esku dago Larrabetzun be

    Aurkezpen jendetsua duela egun batzuk Larrabetzun egin zena. Ondo prestatutakoa, zaindua, ordenatua eta esanguratsua.
    Eta jendeak erantzun egin zuen, gure herrian gauzak ondo egiten direnean egin ohi den moduan.
    Ilusioa piztu du Gure esku dago ekimenak, ilusioa piztuta dago gure herrian eta hemendik aurrera, pausoz pauso, eta gelditu barik… ilusio hori elikatzen, mugitzen, antolatzen jarraitu beharko dugu. Ekainaren 8ko Giza Katea erronka handia bada be, handiagoak izango ditugu musturren aurrean laster baino lehenago eta.

    gure esku dago - Larrabetzu

    Erabakitzeko eskubidearen alde, gero eta gehiengo zabalagoa antolatzen, mugitzen, kontzientziatzen joatea izango da gure esku dagoen gauzarik garrantzitsuena.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Euskaraz bizi nahi dugunon eremua da sarea

    Kanpoan nengoela, ezagutzen ez dudan kazetari batek elkarrizketa bat egiteko galdetu zidan. HABEko ikasleentzako zela gogoratzen dut. Badakit zenbat kostatzen den, eta ez diot inoiz inori elkarrizketa egiterik ukatu; eta egin ditut batzuk, gai batekin ez bada bestearekin. Ziurrenik, elkarrizketatu baino elkarrizketatzaile izango nintzen gehiagotan.
    Kontua da, gerora ez dudala jakin elkarrizketa hori argitaratu izan den, gorde duten edo zakarrontziren baten amaitzekoa zen, harik eta Turkiako lagun batek abisatu ninduen arte. Istanbuletik mezua jaso eta Belfasten idatzitako berbak irakurtzeari ekin nion. Hemen, Euskal Herrian, hilabete batzuk beranduago.
    Orain hona ekartzeko lotsa gutxi nik: Euskaraz bizi nahi dugunon eremua da sarea

    Hizkuntzari buruz asko berba egitekoak gara euskaldunok. Euskara hitza, oso berba erabilia da gurean. Kezka hoietatik abiatuta, hala ere, zutabe barriak jartzen ahalegindu nintzen, baina nago ni oso oihartzun gutxi izan duela gaiak. Hemen irakurrita, agian zuetakoren batek badauka zerbait gehitzeko edo proposatzeko asmorik. Zuen esku dago.

    Elkarrizketa osoa irakurri gura duenak, eskura dauka. Nik galderantzun bat nabarmenduko nuke.

    Euskararen presentzia areagotzeko, zer bide beharko lirateke?

    Edukiak, bisibilitatea, tresnak, erabiltzaileak eta komunitatea.

    • Edukiak sortzen jarraitu behar dugu: webguneak, blogak, wikipedia, bideoak, ariketak, liburuak, musika…
    • Sortzen dugun horrek guztiak izango baitu gero ikusgarritasuna sarean, sortzen dugun horrek emango digu gero bisita-kopuru bat, trafikoa, interesa.
    • Horretarako, noski, tresnak behar ditugu, softwarea garatzen eta euskaratzen jarraitu beharko dugu. Poztekoa da; sareko tresnarik garrantzitsuenak, nabigatzeko (firefox), idazteko, edukiak sortzen jarraitzeko (wordpress, adibidez, blogak egiteko), jokatzeko eta beste mila gauza egitea ahalbidetzen digutenak euskaraz ditugu gaur egun, jendeak euskaratu egin dituelako!
    • Horrela, euskarak gero eta erabiltzaile gehiago izango ditu, dudarik gabe. Erabiltzailearentzat praktikoa izango baita euskaraz aritzea sarean, ohikoa, egunerokoa, erabilgarria eta praktikoa.
    • Hori lortuz gero, gurea komunitate interesgarria izango da munduan zehar. Eta gaur egun komunitateak daukan garrantzia izugarria da. Horri begira daude munduko tresna garrantzitsuenak… eta ez da kasualitatea egun diren tresna inportanteenak, webgune indartsuenak euskaraz ere baditugula. Zerbaiten seinale edo ondorio da.

    Orain, gainera, zenbait urteren ostean, puntuEUS domeinua eskuratuta… horrek guztiak indar gehiago erakutsiko du munduan, sarean. Edukiei, erabiltzaileei, tresnei, komunitateari berari ikusgarritasuna bermatuko dio, eta euskarazko eta euskal kulturaren inguruko edukiek, oro har, aurrerapauso handia emateko aukera hau profitatu behar dute. Une historikoa bizitzen ari gara alde horretatik.