-
Albisteak 2.0
Telebista eta Internet bertsio barriagoan
Eta lotsa asko barik ausartu gara gu ere. Inoren zain egon barik, ikusentzunezkoen sarean murgiltzeko beta izan dugu. Gerrilla komunikazioko ekintzetatik, iraunkorragoa izan nahi duen batera igaro gara, eta esperientzia metatzen ikasiko dugu telebistan jarduten, sarean eragiten.
Gerrilla komunikazioak hori du, ekintzetan ikasten duzula, kalean ari zarela hartzen duzula esperientzia, eta esperientziatik teorizatzen dela gero. Gogoeta batzuk abiapuntu hartu, eta beharrak erakusten dizu bidea eta norabidea.Sarea hizpide
Eta albisteak 2.0 egitarako orduan, sarea bera hartuko dugu hizpide. Euskal komunitatean sortu eta garatzen diren proiektuak hartuko ditugu gaitzat, sareko eztabaiden hariak oinarri, sorkuntzari boza ematea da helburua.TB partehartzailea
Telebista partehartzailea dugu helburu. Sareko esperientziak hori erakutsi baitigu. Baina zelan egiten da telebista partehartzailea? Guk ere ez dakigu, baina horretan saiatuko gara. Horretarako, web tb hau ikusten dutenek, mandoaren aurrean zapping egiten geratu barik, sarean sortzen jarraitu beharko dute, komunikazioan parte hartuz, hartzaile izatetatik parte hartzaile izatera….Adibideak sarean
Digg nation ezagutu dugu, sareko elkarrizketan. Irudi luke, hau hartu dugula eredu gurea egitean. Baina antza, beste askoren eredu da. Guk egin ostean jakin dugu telebista saio arrakastatsu honen berri. Zabaldu.com globala da digg eta hango albiste bozkatuenak hartzen dituzte hizpide digg nation saioko Kevin Rose eta Mickey Albrecht aurkezleek. Guk ez bezala, edaria beti eskuan dutela egiten dute saio biek. Oso sareko estetika, geek zamarra daukate, eta badirudi zintzotasun eta ondo entsaiatutako jarrera horrek laguntzen duela sarean atsegin izaten. Geek antzezpen ona egiten dute. Biek.
eduki multimedia libreak
Internet elkarrizketak direla diogunean, partehartzea, zabalkuntza, iritzi trukaketa eta erremix kultura ditugu buruan.
Hasi gara, beta saioa egin genuen eta astero emankizun bat egitea dugu orain helburu.Albisteak 2.0 Beta saioa
Albisteak 2.0Â lehen saioa:
Hemendik aurrera sareari buruzko albistegi hau, telebistan eta sarean zabalduko dugu. Herri telebistetan, blogetan, komunitatean…
-
Telebista eta Internet
Egunotan gai hauek ekarri ditugu hizpidera. Apropos? Kontestuagatik?
Esango nuke, gaiak hor daudela, eta arretaz begiratzen diegula aspaldion. Kezka sortzen dute, irrika ere bai, gogoa, ardura…
Videoweb10 burutu zen duela ez asko Bilboko eitb-ren egoitzan. Han izan ginen. Komunikaldiak dira gaur, eta lan kontuengatik bertan izango gara.
Argazkiak.org | webtv web telebista telebista Interneten
© cc-by-sa: gaztelumendiGreba Orokora | Egunkaria libre!
Ikusentzunezkoen testuingurua aztertzean baina, iaz arrakastatsuak -sarearen neurrian, beti ere- izandako bi ekimen ekarri gura nituzke hizpidera: greba orokorra eta Egunkaria libre.info. Bietan, maila aktibo batean, telebista eta ikuspegi multimedia partehartzailea, librea, irekia uztartzen saiatu ginelako. Eskura genituen tresnak baliatuta -eta ez dira gitxi, egia esan- bestelako informazioa posible dela erakutsi eta frogatu gura izan genuen. Bi adibideak, auzolanean sortutako ekimenak izan ziren. Ekimen hacktibistak, informazioaren eta adierazpen askatasunaren aldekoak. Pikete informatiboa maiatzaren 21ekoa, ozen kendu digutena salatzekoa abenduaren 17aren ingurukoa.Zu, ni, gu
Esan eta esan ari gara, ikusentzunezkoen garrantziari buruz, Telebista eta Internetaren uztarketari buruz, youtube bezalako guneek munduan sortu duten aztoraketaz. Gu geu garela informatzaileak, baita bideoen aroan ere. Baina horri gauzapen praktikoa eman behar zaio. Telebistak ez du iraultza emanen, baina guri kontatzea dagokigu. Ez du balio EITBren programazioaz edo informatiboen ildoaz kexu agertu eta ezer ez egitea. Kontatu zure inguruan gertatzen dena, parte hartu elkarrizketan, sortu bloga, utzi erantzuna…. norbanakoon indarrak ez du mugarik. Blogosferak erakutsi du, Euskal Herrian bezala, mundu zabalean ere, zertarako gai den. Denbora kontua izan da, Dan gillmor egilearen We the media eta antzeko liburuetan kontatzen zena, egiaztatzeko. Guk geuk frogatzeko. Eta urrats hori ikusentzunezkoen alorrean ere bizitzen ari gara. Aukera hori daukagu.koloretako gogoeta irratian
Eta irratiko argi gorria piztu denean, hizketaldiari ekin diogu Teketenek eta biok. Zalantzak uxatu, orain artekoak hizpidera ekarri, aukeren gainean mintzatu eta etorkizuna marrazten hasi da Gorka Julio. Koloretan atera zaio irudia, obikua da, efimeroa… joan etorriko komunikazioan. Globalizazioa bizi dugu ikusentzunezkoen kontsumoan ere, eta horri erantzun lokalak bilatu behar dizkiogu.
Musika lagun, pantaila aurrean, konektatuta, eta elkarrizketa digitaletan parte hartuta egin dugu saioa. Irratia ikusentzunezkoen laguna da, sare sozialetan mintzatu daitekena, bideoa adiskidetzat lukeena, blogariak entzule…. komunikazioaren historian, uhinek aportatu dutena ikusita… bide luzea du oraindik irratigintzak. Eta sarean ondo baino hobeto murgildu da mp3ak sortu eta RSS bidez igortzen hasi denean. Podcastinga baino gauza modernoagorik!
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100308.mp3]
Saioan zehar aipatu ditugun adibide polit batzuk:- Iparraldea XXI Dokumentala, bideo laburrak eta bloga
- ORAIN: debolex ekoiztetxearen lanak
- azpitituluak.com
Teoriatik pratikara, blogosferatik telebistara
Esan bakarrik ez, ikasitakoa frogatzea gustuko duenetakoa bazara, zu ere gutarra zara. Teoria ta pratika uztartzea, oso metodo marxista ei da. Akzioa komunikazioan. Eta horretan nahi genuke frogatu. Gauza txiki batzuk egin ostean, sareak ze aukera ematen dituen ondo asko ikasi dugu. Esanetik, eta egitetik. Bizitzetik. Eta erantzunak hor daude. Orain baina, urrats bat gehiago ematea erabaki dugu komunikazio horizontal eta libre horretan. Telebista partehartzaile bat osatzea dugu helburu orain. Eta hori zelan egiten da? Nork argituko du bidea? Zer egin daiteke?
Galdera hoiek eta gehiago guk geuk ere baditugu sorbalda gainean. Motxila bete itaun ditu gure jardunak. Baina apurka apurka, egitera goazela dirudi. Auzolanean, eragile ezberdinak inplikatuz. Telebista eta Internet uztartuz. Blogosferako esperientziak, jendea, informazioa, jakintza sozializatzera. Berriro ere gure mezuak blogosferaren bidez zabalzeko.
Horretan ari gara Albisteak 2.0 egitasmoan. Beta saio bat sarean jarri, eta elkarrizketa abiatu da. Izan ere, gaur atzo baino argiago daukagu Internet elkarrizketak direla.
albisteak 2.0
0 beta saioa
Albisteak 2.0.000 from Albisteak 2.0 on Vimeo.
Orain gurea, zurea da hitza. Bota pentsatzen duzuena, adierazi kezkak. Parte hartu elkarrizketan. Komunikazioa, azken finean elkarrizketa da.
-
Brian Currin ikusi eta ikasi
Oreretan eskainitako hitzaldia osorik jarri dute sarean. Eta zabaltzea dagokigu guri.
Brian Currin da hitza hartu duena. Donostian izan genuen lehenbizi, Madrilen ere eman du konferentziaren bat, eta oraingoan hitzaldi ireki bat antolatu dute Oreretan – Errenteriako herritar batzuek.Hitzaldi luzea, mamitsua, elkarrizketa batean antolatuak. Hego Afrikatik Euskal Herrira, tartean Irlanda edo Sri lankako gatazketan fazilitadore moduan aritua. Ezagutza handia du gureaz, interesgarriak egiten zaizkigu bere hitzak, bere iritziak. Eta bistan da, ordu asko eman dituela -eta jende askorekin- hemengo gatazkaz berbetan.
Bideo hau zabalduz, ikusiz, arretaz apunteak jasoz… lortuko dugu urratsak ematea norabide txukunean. Ea horrela den.
-
Prest! aldizkariko 100. zenbakian
Ruper Ordorika:
“Nolabaiteko beharra sentitu behar da, kantuak sortzeko”
patxi gaztelumendi | Prest! aldizkaria 100. zenbakia
Aspaldian, oso aspaldian hurbildu zen Ruper Ordorika Deustu aldera. Filosofia ikasketa egin behar zituen unibertsitatean, eta bizi be San Inazio eta Deustun bizi izan zen. Aspaldian, Deustun bertan sortu zuten Pott literatur aldizkaria eta banda Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla eta enparauekin. 80. hamarkada geroztik kantari ari da Oñatiko koblakaria, eta Prest aldizkarian Garizumako haizea profitatu dugu, beragaz berba egiteko.Aspaldian hurbildu zinen Deustu aldera, zelan oroitzen dituzu garai haiek?
Baditut Deustuko oroitzapen zehatz batzuk baina gehienak nahastuta ailegatzen zaizkit orduko militantzia eta arrisku giro batean…Gauza zehatzak gogoan dauzkat, esaterako Bernardo Atxagarekin lehenengoz hitz egin nuenekoa Deustuko taberna batean, elizatik gora, “Antonia”-edo zeritzana…Handik gauza asko atera ziren…Edo Sarrionandia eta biok oinez joaten ginenean, ostegunero, Deustuko unibertsitatetik Barrenkale Barreneko Cantabricora, Iñakiren tabernara Pott-eko bileretara…Zabor industrialez beterikako hibai alboko ibilaldi hura, ilunkeran…
Oñatitik Biturixara, handik Bilbo aldera gero… zer topatu duzu bide bideotan, hiriz hiriz, edo solorik solo?
Neure hiriko auzoak bezala bizi izan ditut nik bizilekuok. Beti gorde izan dut Oñatirako maitasun haundia baina hirietan hazitakoa naiz. Gaur egun are gehiago…auzo askotako hiri handi batean bezala bizi naiz herri honetan.
Orain New Yorken edo Azkaraten, berdin grabatu dezakezu disko bat…
Bai, eta gauza haundia da hori! Niretako mundu bera dira, nolabait. Askatasuna ahalik eta handiena behar izaten da sorkuntza lanetan eta urruneko esperientziak askotan oso baliagarriak dira…Hori esanda, ez da ahaztekoa gaur egun oso grabazio onak egin daitezkeela norbere ganbaratik irten barik!
Eta kantuak, jartzen dituzun kantuok… non eta zelan sortzen dira? Zein dute sorlekua?
Hori ez dakit. Hori banenki gehiagotan hurbilduko nintzateke bertara, sorleku horretara…Ba hori nire ustez nolabaiteko beharra sentitu behar da kantuak sortzeko, halako grina berezia…
Musikaren munduan murgilduta zaude azken hamarkada luzeetan, eta gogotsu ikusten zaizu oraindik… zein duzu motiboa?
Ba, lehen aipatutako behar hori izango da, agian…Niretako hau ikasbide bat besterik ez da eta ikasbide horren hasieretan nabil.
Azken disko hau eginda hasi naiz pentsatzen zeozer ikasi dudala jada eta zenbait gauza kontrolatzen dudala, baina sensazio horrek irauten du hurrengo diskoa arte. Orduan, berriz hasieran bezala sentituko naiz, bai.Azken diskoan, Karibeko haizearen barri dakarzu, hango aireen doinuak… hango egoerak eta lagunak…
Bai azken Haizea Garizumakoa hortako hiru kantu ditut Karibe aldean eginak…Nik uste dut igartzen dela baina ez formalki. Oraindik ez naiz hango kantu moldetara hurbildu, ez formalki, ez erritmikoki, bistan da, jaja..
Zure ibilbidea ezagututa, koherentea da disko hau ere, baina uste dut zure diskorik konprometituena, pertsonalena…. dela… oharkabean pasatu badaiteke ere…
Deigarria egiten zait inguratu zaizkidan pertsona askok nola jaso duten disko hau, oso era emotiboan-edo. Nik ere halako zorabioa sentitu nuen lehen grabaketak burutu eta berehala: kantuak biluzik zeuden eta oso euskarri sendoekin baina bakanak…soil soilik. Uste dut horren puska bat gorde dela azkenera arte eta diskoa entzutean horixe jasotzen ahal dela. Alde horretatik badakar disko honek konpromezurik, bai. Oraindik oso goiz da, dena den, Haizea garizumakoa honen oihartzuna neurtzeko.
Memoriaren mapak diskoaren zantzuak ditu honek, baina zelan musika laguntzaile onak dituzun… bandaren babesa ere badu… zelan ikusten duzu zuk?
Ba, bai, nik uste dut baduela harremanik Memoriaren mapaneko giro musikalarekin baina aurreko beste disko guztiekin ere bai…kantuak bakarrik ontzen ditut eta neure “alorra†ondo markatua da, beti ere. Disko honen abiapuntua, hau da, kantaria non jartzen den kantuan egiteko…hor bai, ezberdintasun haundiak ikusten ditut hor, eta gaiari nola heltzen zaion ere ezberdina da, bai.
Orain be, kontzertuetan zabiltza, antzoki eta kontzertu aretoetan… jo behintzat jotzen duzu ezta?
Bai, bagabiltz batetik bestera…gero eta hobeto pasatzen dut kontzertuetan eta horrek asko balio du! Mundu guztiak esaten du aurten urte latza izango dela zuzeneko musikarako. Ikusiko. Halakoak entzun izan ditugu ni kantuan hasi nintzenetik, behintzat. Baina egia da, zuzenekoetan ontzen da musika, gehien bat.
Bilbon zaitugu aurki, publiko fidela duzu bazterrotan. Gustura zatozela ematen du, zuzenekoak be berton grabatzen dituzu eta…
Bai, kafe Antzokiara goaz eta pozik. Behin eta berriro esaten dudanez, etxean bezala jotzen dugu han eta hala bedi luzaro. Neure zuzeneko disko biak bertan grabatuta daude eta ez kasualidadez. Ni Bilbon hasi nintzen kantuan eta urteroko hitzordua gordetzen saiatzen naiz.
“Bernardo Atxaga Deustuko
Ramon y Cajal kaleko taberna
batean ezagutu nuen“Aspaldiko kontuak izango dira Deustukoak zuretzat.
Gogoan dut zita bat nuela Atxagarekin, artean ez nuen ezagutzen. Panpin ustela aldizkari batzuen dirua itzuli behar nion eta zita egin genuen Ramon y Cajal kaleko taberna batean, bertan ezagutu nuen. Gerora adiskidantza handia egin genuen.
Sarrikoko ikaslea zen bera, Ekonomiketan. Joseba Sarrionandia eta biok Deustuko unibertsitatean genbiltzan eta eguenero joaten ginen Pott bandako bilerertara, alde zaharrera oinez. Orduko Cantabrico tabernara, Iñakiren taberna zena.Ze tabernatan biltzen zineten Deustun orduan?
Txorierriko andra euskaldun batek kudeatzen zuen taberna zen. Han bazkaltzen genuen sarritan, La viuda esaten zioten, eta oso ondo jaten genuen. Orduko Deustu hartan ordu asko pasatakoak gara gu. Kontuan hartu berton bizi ginela gu. Sarri Ramon y Cajalen bertan, ni ere Deustun eta San Inazion bizi izan nintzen, gero Basauriko Pozokoetxera joan nintzen arren. Ikasi ere bertan egiten genuen, aspaldi, oso aspaldi. Halako oroitzapen zehatz batzuk baditut, baina ez gehiago.
pott_datak:
- Prest! aldizkariko elkarrizketa pdf formatuan.
- Prest! aldizkariko diseinu berria BO5T taldeko Armanek egin du… artista bat.
- Sareak oraindik eskaintzen ez dituen batzuk eskuratzen dira paperean, ezta?
-
Euskaraz deskojonatzen garenean
Ez dok hiru, bikote bat da. Bikoteatroa egiten dute. Antzerkia biren artean, eta kolektibo bat dira, pareja baino gehiago.
Eta aspaldian euskararekin, hizkuntzarekin barre egitea dute helburu. Ez dira hizkuntzaz trufaka ari, baina egingo balute ere…. ziur asmatuko luketela.
Asko dira, gero eta gehiago, euskararen kultura horretan, barrea terapeutikoa dela pentsatzen dutenak…. baina zoritxarrez gehiago dira euskara gauza sakrusantu, aspergarri, mezaosteko eta eremu pribatuko -txakurrari, umeei, manifetako slogan bezala…- baliatzen dutenak.
Burura etortzen zaizkit, Kike Amonarrizen saio guztiak eta bakoitza -txisteak, telebista programak, bestelakok ahaleginak-, Asisko Urmenetaren marrazki eta showak, Tipul eta Putil antzerkilariak, irratietako esatari batzuk, Napartheid komikia, adin guztietako hainbat bertsolari, euskaltzain martxosoren bat, Porrotx bera… eta Ez dok Hiru bikoteatroa.
Mikel Martinez eta Patxo Telleriak, gu deskojonatzea dute helburu. Eta uste dut, lortzen dutela.Abizenak eta gure politika integrala
200 abizen euskaldunZenbatu dituzu? Youtubeko bideoan, 200 abizen euskaldun direla diote…. nik kontua galdu dut, barrezka hasi naizenetik…. ez dakit jada zertaz ari diren…
Ikusten duzuenez, ikusi daitekenez euskarazko gag edo sketxak ere baditugu sarean. Youtuben badago euskarazko antzerkia eta umorea…. orain ikustea, komentatzea eta zabaltzea falta zaigu, eta barre gehiago egitea.
-
Asel Luzarragaren delituak
Argazkiak.org | Asel askatu, behin eta berriz © cc-by-sa: gaztelumendi
Asel Luzarraga elkarrizketatu dogu asteon irratia.com saioan. Txiletik Euskal Herrira zuzenean, aspaldikok partez. Kartzelatik urten arren, oraindik etxean atxilotuta dago euskal idazle eta blogaria.
aselaskatu.org ekimeneko lagunekin auzolanean Asel elkarrizketatu dogu, eta egia esan gauza ikaragarriak, sinestezinak eta gogorrak bota dizkigu handik. Baina gertatzen ari da… gure ustez errugabea den lagun hori espetxean euki dute, eta Txiletik kanporatzeko arriskuan dago.blogeko idatzi delituzkoak
Baina, niri behintzat, harrigarriena gorri beltzean blogean gaztelaniaz idatzitako pare bat artikulu fiskalaren delitu froga bezala agertzea afera honetan. Harritu egin nau eta holan adierazi dut publikoki, blogean idaztea ere delitu bilakatzen denean artikuluan.
Eta horrek zer pentsatu pranko ematen du, niri bai behintzat. Blogean idaztea ere, delitu bilakatu daitekela, froga moduan… nahiz eta baden hori ukatzen duenik ere. (Bota begiratu bat, zuzeu.com gunean sortu den kalapitari) Asel Luzarragaren kontrako frogarik ezean, handik kanporatu gura dutenek, edozeri heldu gura diote…
poza darie bere berbei
Delituen harridurak baino gehiago poztu nau baina delitugilearen poza, bere berben irria, bere bizitzeko grina hori… Euskal Herritik milaka kilometrotara, egon den baldintzetan egon eta gero… bere jardunak duen umore tankera. Elkarrizketa egiten ari ginela, sinestu ezinda geunden, tipoari zerion poza eta umoreagatik… harritu gaitu, baina kutsakorra da alaitasun hori, eta pozik utzi gintuen gu ere.
Elkarrizketa entzun gura baduzu: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100222aseluzarraga.mp3]
Biba zuek! artikulu sorta
-
Suagaz olgetan
Suarekin jolasean
Atxilotuen facebook-eko argazkiek, zeresana franko ekarri dute gure blogosferan be. Atxilotutakoen argazkiekin prentsak egin duena ez du parekorik, baina berdin egingo lukete youtubeko bideoekin, blogarekin edo beste zerbaitekin ere….
Atxilotuek baina, Espainiako selekzioaren kamiseta soinean izateak…. eztanda egin du.- Elmundo.es Jon Rosales y Adur Aristegi, etarras y forofos de la roja
- Elpais.com Los mossos detienen a dos etarras en Girona
- elcorreo.com Rosales, ¿fan de la “roja”?
[ jon rosales eta adur aristegi Rojaren jarraitzaile moduan ]
Eztandaren ondorioak e-blogosferan
Mikelek facebook-eko kontua itxi berri du, eta Xabierrek ez du izango ziurrenik… Fredik gerizpetatik ibiltzea gomendatzen digu facebooken bertan, eta Joxeri FUD bat iruditzen zaio guzti hau.
Eztabaida badagoenez… nik be parte hartu gura dut. Sare sozialen alde, oraingoan. Eztabaida zabaldu da dagoeneko, eta eztabaida sustatzen gabiltza, guztion artean.eitb.com gunean, eztabaidarako iritzi interesgarriak topatu ditut. ¿Son públicos los muros de Facebook y Tuenti?
- Sare sozialak beharrezko ikusten ditut, interesgarri, erraz eta oso potente
- Pribatutasuna eta Internet eztabaida interesgarria da, askok zeharo antzutu arren. Norberarengandik hasten da kontua
- Sarean esperimentatuz ikasten da, bizitzan bezala. Eta ikasi ahal jardun, eta ikasten jarraitu
- Zer daukagu jakintza, esperientziak, bizipenak sozializatzearen kontra?
- Internet hain txarra da? zer da ona GARA eta egunkariak? Hedabideak onak dira?
- Uste nuen, sexuan bezala… bizitzan bezala, argi ibili beharra dagoela. Alegia, kondoia, kaputxa… behar ditugula erabili. Hiesagatik da txarra sexua? Ajeagatik ez gara mozkortzen? Nekeagatik ez goaz mendi tontorrera? Kartzelagatik ez dugu burrukatzen?
- Facebook kritikatzea modan jarri da, eta facebook maila handi batean bere erabiltzaileek gura dutena izango da… facebook ez da txakur bat, txakurrak ere facebooken dauden arren, baina gutariko bakoitzaren barruan ere badago txakur bat.. hori argi izan. Guk geuk jakin behar dugu zertan ari garen…
- Suarekin dabilenak jakin behar du, suarekin jolasten… erreko ez bada. Ni ez nago, holan, beste barik sua etetearen alde, maite ditulako kea, kafeina eta mari landara…. horregatik erretzea gustatzen zait, laket dut…. Surik ez balitz?!
-
Egunkaria libre! otsailak 20, 7 urte indarrez itxi zigutela
Egunkarialibre.info
Egunkarialibre.info gunetik ekarritako berbak.
2003ko otsailaren 20an itxi zuten Euskaldunon EGUNKARIA.
Dena esan dagoen arren, azken hitza beti besteek dute.
Orain ere, Egunkariaren alde argi eta garbi adierazi garen arren, Madrilen dute ematekoa azken berba.
Egunkaria Libre! ozen eta maiz esan dugun arren… zain gaude.Nik be, argi eta ozen: Egunkaria libre!
-
gora Ramonzin!
Probokazioa gustatzen zaigu, baina edukiekin. Esaten duguna, zergatik esaten dugun badakigu.
RamonEZ! saio berezia egin genuen aurrekoan irratia.com emankizunean.Irratia.com egiten ondo pasatzen dugula erakutsi nahi dugu, inongo mediok egiten ez duena egiten ausartzen gara… Sgae eta enparauek zer esango pentsatu barik, -pentsatu arren, badakigu gutaz paso egingo dutela, guk haietaz egingo dugun arren…-.
Ramoncinek berak, bere kontraesanak zelan bizi izan dituen ere nabarmen geratuko da saioa entzun ahala. Entzutekoa delako batez ere saio hau, apur bat kantatu, entzun, hausnartu, irakurketara gonbidatu… edo auskalo…
Argazkiak.org | Gora Ramonzin! RamonEZ zuzenean © cc-by-sa: gaztelumendi- Gainera, euskaldun asko asko asko dago Sgaen.
- Guai asko, bertsolari, pentsalari, musikari hiper alternatiboak….
- Espainiatik etorriko zaizkien ogi birrinei begira, beraien edukietan mundu justua zelan egin, deuseztu, sortu, eragin esaten diguten bitartean.
- Gora gure kontraesanak…. gora gu ta beste asko!
Saioa entzun gura baduzu(e):
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100215ramoncin.mp3] -
Bertsolaritza eta apustuak
Asaldatuta somatu genuen Andoni Egaña 7K-ko elkarrizketa ezin luzeagoan.
Ez da egon ez baimenik ez irabazirik, ez bertsolarientzat, ez Bertsozale Elkartearentzat. Euskaldunoi beti iruditu zaigu ekimena gauza ona dela eta batzuentzat txarra da. Geldirik egongo balira, hobe. Apustuen kontu horrek gure jarduna zabartu egiten duela uste dut. Gu ez gara ez Kaiku, ez Reala, ez Portugalete. Gu bertsolariak gara. Imajinatzen duzu apustuen makinan egotea nork irabaziko duen hurrengo Euskadi Literatura Saria?
Argiako hari@ak ideia bati heldu dio, eta hari horri jarraitu gura nioke. Luzeago, zer pentsatua emango duelakoan.Andoni Egaña, btn09 txapelketan. Argazkia: Urko Lasarte Wikipedia Commons
Andoni Egañarenak hona ekarri, eta sortu zaizkidan txinpartak botako ditut… bat batean… errima barik, baina puntua jarrita. Ahal bada zorrotz, eta neurri librean.
“Ez da egon irabazirik...”
Eta irabazirik balego bai? Alegia, makinetakoek apustuen truke bertsolariak edo beraien elkartea sarituta, zurituta legokela ihardetsi gura du zarauztarrak? Alegia, irabazien gora beherak egiten du ona edo txarra hautu bat. Hortik abiatuta, beste kontu asko ulertu ditzakegu.
Bertsolaritzaren ajeak
Nik uste, bigarren boom bat bizi duela bertsolaritzak. Lehenengoak asko izan zuen Egañaren lehen txapelaren garaian, bigarrena bere txapela galtzearen sasoian dator. Telebista, Hitzetik Hortzera, belaunaldi berri baten agerketa… izan ziren orduko arrazoiak.
Transmisioa, zaletasunaren hedakuntza, medioetako presentzia, erreferente berriak, bertso eskoletan eta irakaskuntzan bertsogintzari lotuta dauden milaka ikasle eta urtez urte horretan dabiltzanak. Elkartearen lana… eta beste daude.Eta bizi dugu sasoi neoliberal honetan, bertsogintza ere hartu du olatu horrek. Txanpon makinak eta banketxeak zertan dira ezberdin? Etikoagoak dira Kutxa eta bebeka, kirol jokoa baino? Ontzat hartzen ditugu euskal kutxen iragarki etengabekoak, euskaltelen bluetooth iragarkietaz orditu arte informatu gaituzte azken txapelketan, telefonoak itzali behar zirela esan ostean. Imajinatzen duzu tabako iragarki bat, erre ezin daiteke saio batean….?
Etekinari baino begiratzen ez diogun bizitza honetan, bertsogintza ere excell taula batean neurtzen da. Neurriak eta puntuak. Errimak eta etekinak. Eta etekinak eta neurriari, markari begiratzen dionak soilik, normala apustuarena botatzea… normal normala.
Aparraren ostean
Maialen Lujanbiori autografoak eskatu zizkioten Hernaniko udaletxean egindako saioan. Neskek badute idolo berri bat. Goazen! programatik bertsolaritzara. Telebistatik kulturgintzara.
Egun osoa telebistan, milaka ikusle… ondorioak nabarmenak.
Zaindu da zaindu beharrekoa, eta mila detaile dago hor… baina handitu handitu handitu… txikleak ere eztanda egiten du. Eta bertsolaritzari, zenbaitetan aparrak gainezka egin dio edalontzitik, nahiz eta sagardotegietako ontzirik handienak eduki… normala ere izango da. Eta hartuko du berriz ere neurria. Apurka apurka.Espektakulua
Estetika audiobisuala, Bizkaia Arena, milaka ikusle, telebista eta Internet zuzenean… Bertsolaritza izan daiteke espektakulu. Gaur BEC, eta bihar Kursaal. Antzoki eta gaztetxe. Kontzertu osteko, edo opera aurreko. Espektakulua kontsumo kultura bilakatu da, eta kontsumoak kontsumismoa dakar… bere horretan. Eta hau, ajeetako bat baizik ez da. Eztabaida sortu lezakeena… zer pentsatua emango diguna. Eta Egañak, pentsatuko du, hausnartuko du, konpartituko du eztabaida hori.herri kirola
Iragarkiak, lehia, herrikoia, popularra, euskalduna, betikoa, tradizioa… zerk ezberdintzen ditu sokatira, harri jasotzea, aizkora edo bertsolaritza. Hizkuntzak soilik? Modernotasunak?
Bertsolaritzak gertu izan du beti apustua. Eta berdin berdin egunkarietako porretan, edo lagun arteko sailkapen desafioetan. Nik neuk be, afari bat baino gehiago irabazi ditut bertsolarien kontura. Oraindik baten bat kobratzeko dudn arren… ez naiz hasarratuko.
Lehiak apustua du lagun. Apustuak dirua…. diruak… edozer.
Gure herrian lehia eta lana, lanak eta kultura, kultura eta hizkuntza… herria gertu, gertuegi. Batera sarritan.
Asegarcekoek telebista produktora ere badute, eta bati baino gehiagori pasatu zaio burutik inoiz Argiñanok ekoiztutako bertso programa bat, ezta? Argiñano bera ikusi genuen Ane Igartiburuk aurkeztutako ETB2ko saioan…. harrapatzen duzue, ezta?Bertsolaritza eta apustua gertu daude lagunok, etekinak eta irabaziak guztiok ditugu xede. Ekonomikoak, kulturalak, audientziak, sarrerak… labankorra da, eta badago zertaz jardun. Zertaz eztabaidatu.
Eta badakit jakin, honetaz bertsolariekin lasai eta zabal berba egin daitekela, eta bertsozaleek be badutela kezka franko… eta bertsogintza herritarra ere lantzen dela, eta transmisioa, eta baloreak, eta herrigintza, eta… hamaika gauza gehiago.
Zer uste duzue zuok ba?