• gaztelumendi.eus

    Egunean jartzen

    gaur gaur, gaur ez daukat ezertarako gogo askorik.
    Apur bat irakurri, gidatu behar, lanera sartu, pantaila astindu, argazkiak ikusi, testuak errepasatu, blogetako feedak eguneratu, tweet batzuk azpimarratu, ikusten jarraitu, nekatu aurpegia jarri, koloreari erreparatu… eta irailaren lehenengo egun hau, atzera begira baino aurrera egiteko gogoz abiatu behar.
    gaur, gaur…. gaur zerbait egin behar.

  • agit/prop,  larrabetzutik,  musika

    gau elektronikoa @ gazte egune 09

    Larrabetzun 1985etik kontzertuak egiten dira sasoi honetan. Orduan Hori Bai gazte elkarteak 20. urteurrena betetzen zuen. Gazteak kalean batzeko lokal barik. Eta gazteentzat lokala eskatzen. Kortatu, Zarama, Bap! eta Ximorrak egon ziren orduko hartan.

    Ordurako zenbait lekutan (Andoain…) lokala eskuratua zuten gazteek, abian hasi zen gaztetxeen mugimendua, lehen oinarriak.
    Hurrengo urteko kontzertuan (1986) Herri bat gaztetxe bat! lema eta gazte eguna izendura hartu zuen egunak. Urte bereko gabonetan, okupatu zen gaur egun ezagutzen dugun Hori Bai gaztetxea. Aurretik ere gazteek kudeatua, eta zenbait urtez egoera txarragatik itxita egon zena.

    Beti ere saninazio dataren inguruko zapatuan (uztailak 31) ospatu izan da jaialdi edo kontzertu hau.

    Gazte Egunak 25 urte
    Igaro dira 25 urte, eta jarraitzen da kontzertu eta inguruko saltsarekin. autogestioan. laguntza publiko barik eta eragozpen munizipal askorekin. traba guztien gainetik Hori Bai gaztetxeak lortzen du jaialdi hau ondo antolatzea.
    gau elektronikoa
    musika elektronikoa gaztetxean
    1998tik gaztetxean dj-ak egon izan dira musika jarri eta giroa sortzen. 1998tik urtero azken txanda egokitu izan zait musika jartzen, eta aurten be… goizaldeko orduetan, eguna argitzen ari dela musika jarriko diogu egunsentiari… bertan bazaude egin jantza eta oihukatu bi hitz! eta hobeto pasako dugu.

  • agit/prop

    gaztesarea etenik gabe, aurrera doa gazte ahotsa

    gazte ahotsa | gaztesarea aurrera

    Gaztesareak bere bidean jarraitzen du, deialdiak, informazioa, twitter, facebook, sare sozialak mezua zabaltzen hedatzen ari dira.

    Lehen deialdi bat dago bariku honetarako, goizeko 10:30etan Bilboko Alde Zaharrean. Deialdi ireki eta zabala da.

    Sistema eta errepresioaren aurrean, ekin dezagun batera!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Gaztesarea beti aurrera

    Gaztesarea.net aurrera esan genuen Kaskagorri eta Gaztesarea Madrilera deitu zituztenean.
    Gaztesarea beti aurrera
    Orain etxeko atean jo dute, eta indarrez sartu dira gero. Surflari bat, webmaster bat, kazetari edo ikasle… berdin du. Sospetxoso izaten jarraitzen dugu.

    • Gaztesareak ETAren aldeko dirua batzeko gunearena egiten omen, eta gu jakin barik.
    • Gaztesarea zer den ondo ezagutzen dugu informazio librearen esparruan ari garenok.
    • Jaiak antolatu, kontzertuetara joan, argazkiak argitaratu, izarapeko aholkuak irakurri, kronikak idatzi, errepresioa salatu, mendian ibili, zuzeneko informazioa jan edo euskaraz irakurri eta argitaratu gura dugunok.

    Gaztesarea informazio libre proiektu bat da. Gazteek sortu eta kudeatutako eremu libre bat. Informazioa, irudimena, koloreak, pantailak, gogoa eta ilusioa sortu eta hedatzen duen proiektu xume baina eraginkor bat.
    Gaztesarea arriskutsua da, oso. Bagenekien lehendik ere, eta horregatik zaigu interesgarri. Horregatik nahi dugu, hain zuzen aurrera egitea, etenik gabe, militarren injerentziarik gabe… gazteek zer pentsatzen, zelan pasatzen, zer egiten duten jakin eta ezagutzera emateko eskubidea dutelako, besteak beste.
    Horregatik emango zioten agian ARGIA saria ez oso aspaldi, 2006an.

    Blogosferak zer dio?
    Gure euskal blogosferak, eguzkipeko beroari aurre egin, eta gerizpea eman behar dio gaztesarea bezalako proiektu bati. Gure eskuekin, gure teklatuekin defendatu eta jagon behar dugu horrelako euskarazko argitalpen digitala.

    Andoaingo argazkia: hitza.info

    Informazio jarraipena:
    Berria
    Sustatu
    GARA
    teketen.com
    indymedia eh
    zabaldu.com
    Basetxea gaztetxea
    UKberri.net
    Zu zeu
    Elomedia.com
    Judimendiko Gazte Asanblada
    etengabe
    Ttanttakun
    Txintxarriak
    Olabeagagorria
    Kazeta.info
    Koska irrati librea

    Beste lotura asko eta asko ere ari zaizkigu heltzen, batzuk pingback moduan, erantzunetan dituzue.
    Mila esker Zentik.info, teketen, dabid.net eta enparauok!

  • musika

    Capsula | Argentinatik Euskal Herrira, rockarekin munduari bueltak emateko

    Prest! aldizkaria | Deustu

    Argentinatik etorritako taldekideek Euskal Herria ezagutu, bertan geratu eta taldea ezagutzera eman zuten: Capsula. 11 urte daramatzate dagoeneko Bilbon, eta musikaren munduan oihartzuna gero eta handiagoa da.
    capsulaMartin Guevara eta Coni Duchess argentinarrak dira sortzez eta Alberto Diaz Arangoitiko bateriajolea gehitu zen Capsula rock taldera.
    Berriki Ivan Julian musikari estatubatuarrarekin The naked flame diskoa kaleratu dute, Ivanek berak hautatutako kantuekin, eta Euskal Herrian ere zenbait kontzertu eskaintzeko parada izan dute, diskoa aurkezpenerako Ivan Julian bertora gonbidatuta. Diskoaren aitzakiaz hurbildu gara Capsulako Martin Guevararengana, eta musika zelan bizi dute azaldu digu.
    Aspaldian gero eta ospetsuagoa da taldea, baina taldekideek “naturaltasunez bizi” dutela aitortzen dute. “Baina energia askorekin, hori bai”. “Talde bezala daroagun sasoi guzti honetan, urratsez urrats abiatu gara, taldea garatuz, eta jende gehiagorengana heltze hori, apurka apurka etorri da. Egia esan, oso pozik gaude taldea gero eta gustagarriago delako, eta gure musika gero eta leku gehiagotan erakutsi dezakegulako”.
    Gure artera heldu, eta bidea zelan egin zuten galdetzean, gogoeta egiten digu Martinek: “Taldearen ideia hasieratik errepidean bizi eta gehien gozatzea izan da, eta motor horrek gidatu gaitu. 1998ko udaberrian heldu ginen Bilbora, bira bat egiteko asmoarekin, eta geroztik urtez urte esperientziak gehitu eta bide horretan hiri berriak ezagutzeko aukera izan dugu”. Geroztik hainbat bira egin dituzte Europan zehar ere. Estatu Batuak eta Kanadara ere pare bat alditan joateko beta izan dute. Beste horrenbeste Hego Ameriketatik. Beraz, Euskal Herrira bizitzen etorri arren, munduan zehar musikarekin ibiltzeko beta ez dute galdu.

    martinguevara

    Bi disko azken hilabeteetan
    Eta azken bolada honetan gogotsu dabiltzala dirudi. Izan ere lanak argitaratzeko eragozpenik ez dute Capsula taldekoek. Bartzelonako Bcore disketxearekin “Rising Mountains” plazaratu dute. Blody Hotsak disketxe independiente euskaldunarekin berriz “The Naked Flame” plazaratu dute. “Ivan Julianek gurekin lan egin zuen New Yorkeko bere estudioan, Rising Mountains diskoaren ekoizpenean, bertan egin genituen nahasketak eta masterizazioa. Adiskidetu, eta lan berri bat egiteko aukera sortu zitzaigun. Bilbon zein New Yorken prestatu genituen kantuok, eta hortik sortu da The Naked Flame lan berri hau”. Ivan Julian musikari eta ekoizlearekin lan egitea aukera ezinhobea izan da Capsulakoentzat, izan be Ivanen taldeen jarraitzaile sutsu izan dira orain arte (Richard Hell & the Voidoids, The Clash, Contortions, Fleshtones…).

    Euskal Herrian musika
    Beraien disko berriko kantuak entzun, rock azkarra, kitarra gordinak, Ivan Julianen ahots paregabea…. eta kantuen artean hemengo panoramari buruz berbetan hasi gara. “Euskal Herrian beti egon da eszena potentea, interesgarria. Hemengo talde askok jauzia egin du Estatu mailan edota nazioartean ere, eta hori oso interesgarria da. Gainera, estilo aldetik ere aniztasun bat ematen ari da, eta eszena lokalari indarra emateko ezinbestekoa da hori”.
    Aspaldion gustuko dituzten taldeak esateko eskatu, eta zerrenda amaigabea sortu zaio Martin Guevara Capsula taldeko kitarrajoleari: “Eureka Hot 4, Lobo Electrico, NCC, Cancer Moon, Ya te digo, Munlet, Le Noise, Audience, Ama Say, Paniks, Atom Rhumba, Berri Txarrak, Lisabo, Standard, Delorean….. asko dira gustatzen zaizkigun hemengo taldeak, eta ziur gehiago ere sortuko direla”.
    Eta ez du arrazoi faltarik. Asko dira bazterrotan dauden taldeak, tartean Capsula. Talde oso interesgarria, musikari bikainak, eta pertsona itzelak. Zabalak, beraien musika bezala.
    www.capsula.org

    Eta bideo interesgarri bat.

  • gaztelumendi.eus

    etenik ez

    jaiak, oporrak, lana, mendia, erreka, hondartza, bidean, errepideak, nekea, gauak, ametsak, ikastaroak, pop, musika, olatuak, nagia, siesta… eta bloga?
    blogari eragin gurean, zer zelan non nondik zergatik… eta erantzuteko gaitasunik ez.
    summer copyleft copyleft argazkia GViciano
    bloga ez da eten, gogoa amaitu ez eta idazten hasteagaz bat, sortzen dira ideia barriak, asmo barrituak, berrikuntza gogoak…

  • agit/prop,  musika

    San Ferminetan oroimena ez da galtzen, kantatu egiten da

    Gu ere Iruñean izan gara, Euskal Herriko jairik handienean, mundua zapi gorri baten azpian kabitzen den hiriburuan.
    Eta bertatik baino hobeto jarraitu daitezke jaiak gaur egun Interneten. Saretik.
    Zezenak, arropa zuria, edana, karrikak, ikurriñak, Iruñea jai handi bat da.
    Sanferminak gure herriaren lekuko dira. Historia egiten dute, egin dute, egingo dute oraindik… lehen bezala orain. Iruñea borroka askoren hiriburu da, mobida askoren kapitala. Musika auzolagun dute bertan, lehen bezala orain. Beti sortzen da talde edo ekimen berri interesgarriren bat.
    German oroitu dute aurten ere Sanferminetan. 78ko gertaerak ekarriz gogora, oroimena astinduz. Eta musikaz ere gogoratu dute. Oraingo talde batekin, historia egingo duen taldearekin: Bizardunak.

    Eta Apurtu telebistak jaietan murgilduta egin dituen bideoak ere azpimarratzekoak iruditu zaizkit.

  • agit/prop,  literatura,  musika

    Zapi gorriak zerua du estaltzen!

    1985eko uztailaren 7a gogoan

    Ez dakit zer pasatzen den
    azken aldi hontan
    jendea hasi dela
    dantzatzen sarritan …

    … eta dantzan jarraitzen dugu oraindik, ia 25 urte beranduago. Azkena iragan ostiral gauean, Manu Chao, Radio Bemba eta Fermin Muguruzak behinola Josu Landak idatzitako koplak kantatzeari ekin ziotenean.

    …zerbait ikustekoa du
    bi falta direlakoz
    «Recuento generalean».

    Eta han ginen guztiak, sarri sarri dantzatzen, piti piti kantatzen. Errekuentoek zuten aurpegiarekin begiratzen genien eskenatoki gainekoei, harrituta.

    Irratikoak han ziren
    emititzen zuzenean
    paella jango zutela
    eta Piti eta Sarri bere muturretan
    saltzan zeudela konturatu gabeak.

    Eta uztailaren 7 hartatik, sanfermin hunkigarri hartatik, igaro dira urte parrastada bat. Askotxo. Piti hemendik dabil. Irakasle lanetan ikastola batean. Artista izaten jarraitzen du. Ihesaldiaren ostean atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian. Atera zen gero, eta izaera alaia eta irekia du geroztik. Noiz edo noiz ikusi izan dugu hemen edo han. Bizitzan gora beherak, eta aspaldian pozik dela diote.  Itsasoari begira.

    Sarri ere bizi da, ez dute harrapatu. Jarraitu du sortzen, literatura, kantuak, itzulpenak, artikuluak. Iheslariaren patua, fikzioa dirudien bizitza, izoztutako lagun bat balitz bezala, ez naiz hemengoa esanez, han biziz hemen balego lez… bere letrak gogotsu irakurtzen ditugu, preso izan zenaren gogoak asetzen ditu irakurlearen apetak. Kantu dira bere hitzak. Eta jarraitzen dugu dantzatzen, sarri sarritan.

    Zaila dugu sortzea
    doinu gogozagorik
    Sarri dio herriak
    txanpainaz ospaturik
    Iruñeko entzierroa
    desentzierroa hemen
    zapi gorriak
    zerua du estaltzen.

    Eta zinez kantu ederra sortu zitzaien Kortatukoei, Toots & the Maytals taldearen doinuak aintzat hartuta. 80. hamarkadako kantu bilakatu zen. 90. hamarkadan iraun zuen, gogoz. Eta XXI. mendeko lehen hamarkada honetan jarraitzen dugu dantzatzen, sarri sarritan. EHZ festibalean azkenengoz.

    Eta gaur, uztailaren 7an zapi gorriak zerua du estaltzen!

    pottdata:
    Irakurketa interesgarriak:

    Josu Landa
    ARGIA aldizkarian:
    Ihesketa honek ametsak posible direla frogatu du

    Joseba Sarrionandiari Mitxel Sarasketak
    espetxean egindako elkarrizketa:
    Literatura, bizitzeko modua besterik ez da

    Bitartean, ez oso aspaldi Manu Chaok eta FMk Bruselan eman kontzertu bateko audioa duzue hemen entzungai. Ziur Jai Alai Katumbi Express hartako kantua dela,  Espainian lotsagabeki faxistek zentsuratu gura izan zuten kantu eta kantariak.