gaztelumendi.eus

Agit/Prop 2.0

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Trena gelditzeko zuhaitzetan eskegita

    Goierrin -Itsasondoko baso baten- zuhaitz gainera igo eta bertan ematen dituzte egunak eta gauak Abiadura Handiko Trenaren kontrako ekintzaile batzuk.

    Goierrin, telebistak eman du albistea, AHTaren kontrako komunikatua oso osorik eta irudiekin eskainiz.

    Goierrin, hainbat herritan galdeketak egin eta herritarrek trenaren kontrako jarrera argia azladu dute.

    Goierrin, zuhaitz gainetik esango diote orain ezetz basoak, azkar, arin, abiadura itzelarekin suntsitzeari.

    Goierrin
    < Tokiko telebisten webgunetik hartutako albistea.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    blog arkeologia egiten

    Ez, ez naiz Aranzadin sartu. Ez naiz gerra zibilean fusilatutako gudari eta errepublikarrak lurpean bilatzen hasi. Ez naiz aspaldiko garaitara joan, ez dut dinosaurorik topatuko nire saiakeran.

    Bloga sortu nitueneko testuen xerka ibili naiz, eta archive.org gune ezin miresgarriagoak eskaini dizkit 2004ko abendutik idatzi nituenak. Geroagokoak, hemen dituzu, eskumako zutabean hilez hile eta urtero sailkatuak.

    Aspaldiko irudi bat | gaztelumendi.org zaharra © cc-by-sa: gaztelumendi

    2004ko abenduan hasi nintzen blogari moduan idazten, eta a ze martxa hilabete hartakoa. Josu Landa lagunak ere ederrak bota zituen lubaki honetatik.

    Ez dakit asko edo gitxi den bost urteko tartea. Ez dakit, niri atoan joan zaizkit… denetarik bizi izan dut gainera bost urteotan, eta bizitako asko eta asko letra eta bit artean jaurti ditut gainera. Beste asko gorde ere egingo nituen, eta isilpean oroitu, edo ezin konta daitezkelako, edo lotsagarri arituko nintzatekelako beharbada. Bost urte, idazten eta kontatzen. Zirikatzen eta entzuten. Ikusten eta ikasten. Bost urte lubaki digital honetan.

    gaztelumendi.org 2006ko irailean edo… | gaztelumendi.org berriagoa © cc-by-sa: gaztelumendi
    Eta garrantzitsuena dena, jarraitzeko gogotsu. Idazteko, ikasteko, sortzeko ilusioarekin. i+g departamentuan, kalean, lagunartean, mendian, kortan… edonon ikasten delako, sortzen delako, asmatzen dugulako.

    pottdata: apurka apurka orduko post zaharrenak be ekarriko ditut hona blog honetara; 2004ko abenduko post haietako batzuk ekarri ditudan moduan. Eskumako zutabean dagoz ikusgai.

  • gaztelumendi.eus

    5 urte hemen idazten

    eta ez gara nekatzen. IDazten, irakurtzen, zuzentzen, erantzuten, aldatzen, frogatzen, ikusten, ikasten.
    5 urte blogeatzen. Eta ez gara aspertzen.
    Eta ilargipean, kanpoan euria ari duela, sarean ibili eta itxura berria ematen diozu zureari. Badakizu edozein unetan alda zenezakela, eta berdin dizu horrela mozorrotzeak.
    Eta irakurleen esanari jaramon egingo bazenio bezala, aurpegi hori jarriko duzu.
    zertan ari da hau?
    gustatu zaizue?
    itxura hutsa da?
    zer aldatuko zenukete?

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    No time for …

    Udan bihotzak jartzen omen dira sutan. Taupadek azkartzen dute sentimenduak adierazteko premia, eta gausentian, argitu aurretik esan ohi ditugu berbarik politenak.
    Eztirik ez dakit, baina euli eta erle mordoa ibili da gure zeru gainetan. Ez dugu izan aski denborarik antza, maitasun kontuetarako.
    Debekatuta gura dutenez, ez da biderik okerrena antza.
    Zer ez dugun ikusi uda honetan. Zer esan, zelan adierazi….
    Ez naiz demokrazian asko sinesten duen hoietakoa… telebistako bertsio ofizialak ikusi baino, gurago dut kanpora jo eta kalean ibiliaz ikusitakoarekin konformatu.
    Uda honetan, Ares bezala, kaskogorriek bereak eta bi egin gura izan dituzte.
    Egurra banatu dute, eta uste dut txistuak eta harriak ere jaso dituztela ordainetan… ta oraindik uda amaitu barik. Jairik jai, sanjuanetatik hona giroa berotu egin da, eta ez termometroengatik soilik…
    Epaitegietako zerrendak loditzen ari, zitazioak izango dira negu hurbileko eguneroko… porrak berotu dizkigute gainak, eta dantzan jarraitu du ordea jendeak. Alai, kementsu.

    kaskogorriak kaskagorrin
    kaskogorriak kaskagorrin

    No time for love

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  literatura,  musika,  teknologia berriak

    Palestinan Checkpoint Rock aurkezten izan da Fermin Muguruza

    EHZ jaialdian ikusi genuen dokumentala, euskarazko azpitituludun estrenaldian. Heletara hurbilduak ziren zenbait musikari ere.
    Lehenago Donostian izan ginen, diskoa aurkeztu zutenean. Filme dokumentalaren aurkezpenerako hainbat musikari hurbildu ziren orduan ere Gipuzkoako hiriburura.

    Baina hunkigarria da askoz ere, Palestinako aurkezpenaren irudiok ikustea. ETB3k beste erreportaia interesgarri bat damaigu oraingo honetan, sareratu eta guztion eskura jarri du. Ez dakigu telebistan noiz botako zuten, botako duten, dagoeneko bota duten… baina sarean jarri eta berehala ekarri dugu blogera.


    Mahmud Darwish omenduz hasten da Muguruzaren dokumentala, eta palestinarren lantzat du egileak ere sorkuntza hau. Musika eta historia, konpromezua eta sorkuntza, herriak eta harriak uztartzen dituen ikusentzunezkoa.

  • gaztelumendi.eus

    Egunean jartzen

    gaur gaur, gaur ez daukat ezertarako gogo askorik.
    Apur bat irakurri, gidatu behar, lanera sartu, pantaila astindu, argazkiak ikusi, testuak errepasatu, blogetako feedak eguneratu, tweet batzuk azpimarratu, ikusten jarraitu, nekatu aurpegia jarri, koloreari erreparatu… eta irailaren lehenengo egun hau, atzera begira baino aurrera egiteko gogoz abiatu behar.
    gaur, gaur…. gaur zerbait egin behar.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Gaztesarea beti aurrera

    Gaztesarea.net aurrera esan genuen Kaskagorri eta Gaztesarea Madrilera deitu zituztenean.
    Gaztesarea beti aurrera
    Orain etxeko atean jo dute, eta indarrez sartu dira gero. Surflari bat, webmaster bat, kazetari edo ikasle… berdin du. Sospetxoso izaten jarraitzen dugu.

    • Gaztesareak ETAren aldeko dirua batzeko gunearena egiten omen, eta gu jakin barik.
    • Gaztesarea zer den ondo ezagutzen dugu informazio librearen esparruan ari garenok.
    • Jaiak antolatu, kontzertuetara joan, argazkiak argitaratu, izarapeko aholkuak irakurri, kronikak idatzi, errepresioa salatu, mendian ibili, zuzeneko informazioa jan edo euskaraz irakurri eta argitaratu gura dugunok.

    Gaztesarea informazio libre proiektu bat da. Gazteek sortu eta kudeatutako eremu libre bat. Informazioa, irudimena, koloreak, pantailak, gogoa eta ilusioa sortu eta hedatzen duen proiektu xume baina eraginkor bat.
    Gaztesarea arriskutsua da, oso. Bagenekien lehendik ere, eta horregatik zaigu interesgarri. Horregatik nahi dugu, hain zuzen aurrera egitea, etenik gabe, militarren injerentziarik gabe… gazteek zer pentsatzen, zelan pasatzen, zer egiten duten jakin eta ezagutzera emateko eskubidea dutelako, besteak beste.
    Horregatik emango zioten agian ARGIA saria ez oso aspaldi, 2006an.

    Blogosferak zer dio?
    Gure euskal blogosferak, eguzkipeko beroari aurre egin, eta gerizpea eman behar dio gaztesarea bezalako proiektu bati. Gure eskuekin, gure teklatuekin defendatu eta jagon behar dugu horrelako euskarazko argitalpen digitala.

    Andoaingo argazkia: hitza.info

    Informazio jarraipena:
    Berria
    Sustatu
    GARA
    teketen.com
    indymedia eh
    zabaldu.com
    Basetxea gaztetxea
    UKberri.net
    Zu zeu
    Elomedia.com
    Judimendiko Gazte Asanblada
    etengabe
    Ttanttakun
    Txintxarriak
    Olabeagagorria
    Kazeta.info
    Koska irrati librea

    Beste lotura asko eta asko ere ari zaizkigu heltzen, batzuk pingback moduan, erantzunetan dituzue.
    Mila esker Zentik.info, teketen, dabid.net eta enparauok!

  • gaztelumendi.eus

    etenik ez

    jaiak, oporrak, lana, mendia, erreka, hondartza, bidean, errepideak, nekea, gauak, ametsak, ikastaroak, pop, musika, olatuak, nagia, siesta… eta bloga?
    blogari eragin gurean, zer zelan non nondik zergatik… eta erantzuteko gaitasunik ez.
    summer copyleft copyleft argazkia GViciano
    bloga ez da eten, gogoa amaitu ez eta idazten hasteagaz bat, sortzen dira ideia barriak, asmo barrituak, berrikuntza gogoak…

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    EHZ herri bat zuzenean, mila bizipen

    ehz 2009 herri bat zuzenean
    Heletatik idazten ari, kanpoan pilotari eta bertsolariak, bi gau, 30 kontzertutik goiti, giro paregabea, gau ederrak, lagun asko, lagun berri gehiago….
    EHZ akanpalekua goitik
    Batzutan zaila egiten zaigu azken 14 urte hauetan EHZ festibalean bizitakoa azaltzea. Amets bat da EHZ. Gauzapen pratiko eta militante bat. Euskal Herrian ez da besterik holakorik. Konpromezua, lana, hizkuntza, kultura eta… herri bat zuenean azken finean.

    Aldudarrak bideoa, mila esker

    Manu Chao festibalera etortzeak; biderkatu egin du festibalaren erakargarritasuna, jende kopurua, giroa, antolakuntzaren buruhausteak, sarrerak… baina bizitakoa ere hunkigarria izan zen. Une batez, 1985eko uztailaren 7an bizitakoa berriz ospatu genuenean.
    Sarri Sarri kantuak, zentsura gainditzen du, Jai Alai Katunbi express bira gogoratzen digu. Bi musikari handiren lana goraipatzen, bizi nahi duen jendea eta herri bat oroitarazten. Mila esker guztiagatik Manu Chao eta FM.

    EHZ ZuzeneanEHZ Zuzenean:
    Martxa ta Borroka:

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Idatzi, sortu, ibili, zabaldu… eta erantzun

    Pantaila aurreko orduak emankorrak izaten dira. Irakurtzeko, esateko, erantzuteko, ikasteko… edozertarako.
    Batzutan, isiluneak luze joaten dira. Eta ematen du ez gaudela, ez daukagula zer esan… zer eskaini.
    Bestetan, eduki arren, gogotsu ibili arren denbora barik ibiltzen gara, eta ezin bota, ezin esan, ezin adierazi.
    Bestetan gogorik ez agian, edo lotsa, edo begirunea… auskalo.
    Baina, idazteko gogoagaz nabil asteon. Badaukat zer esan, zer kontatu, zer idatzi…

    Literaturia
    Aurreko astean, Literaturiaren osteko shockarekin nenbilen. Eta ez nekin zer idatzi be… ikusten nueulako, ikustarazi zigutelako… historikoa izango zela azoka hori, elkarretaratze eta literaturaren inguruko asteburua.
    Asko ikasi, gozatu, ikusi, entzun, dantzatu eta parrandatu genuen, eta etorriko dira berriak.

    HautEZkundeak
    ekainaren 7a noiz izan zen? Europa, zer da hori? Ondo zenbatu al zituzten ordukoak. Lapikoak sutan daude geroztik, eta #pucherazo etiketa erabiliena izan da twitter eta sare sozialetan. egianahidugu.org sinaduraz estaltzen ari da dagoeneko… Europak entzun beza, espainiarrek entzun gura ez dutena.

    Blogalizazioa
    Eta tarteka, blogen inguruan berba egiteko gonbidatu naute Gasteizko Hala Bedi irrati librean. Euskal Herrian dugun irrati libre txukunena da Hala Bedi, eta pozik hartu nuen gonbitea. Iraide izaten da mikrofonoan, eta solasaldi atseginak izan dira orain arteko biak. Zebrabidea euskarazko magazinea da arratsaldero eta pentsatu lokalki / eragin globalki filosofia edo goiburuarekin ari gara ostegun arratsaldero.

    euskal pop gizartea
    Baina ilusionatuago nabil oraindik UEUrako lagun musikazale batzuen artean montatu dugunarekin. Nik egia esan, saio pratikoetan lagundu, irrati txiki bat montatu eta Interneteko kontuekin lagunduko dut… euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla? galderari erantzun gura diogu hiruzpalau egunetan.  Udako ikastaro bat da.
    Iruñean hasiko da, UEUren hiriburua nolabait, Mikel Laboak ikasketak egin zituen hiria…  eta Lekeition jarraituko du. Hondartza, txankletak, lekeitioak, musika, uda…  ulertuko duzue ezta.  euskalpop.mundua.com horretan ari gara, eta zuretzat ere badago lekua. erdu gugaz eta egin dzanga musika popularraren gaineko ikastaro teoriko/pratiko honetan.

    pottdata

    Uda etorri behar da, atea jotzen ari da… eguraldia lagun, bideak, errepideak, lana, pantailak, izerdia… gehiago edo gutxiago idatzi, irakurri eta entzun, sortu, zabaldu… zeozer egingo dogu, ez gara geldi egongo… ez gara ahaztuko. Zuek be, lantzean behin kontatu zeozer. emailez, twitter bidez, facebooken edo blogeko erantzunetan. Txoznetako zaratak ez badizue uzten, belarrira esan….