• hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Normalite!

    Badut lagun bat, nire izen berekoa. Gero eta gehiago maite dudana.
    Berak ere, badu pertsonaia bat, gure izen berekoa, nahiz eta Napoleon deitzen dion.

    Napoleon Berrian, bertsogintza

    Ze eragin izango du gure giroak, kulturgintzaren trasmisioak, euskal….. aurrizkia duen jario osoak, Napoleon bera ere bertsotan jarri duela gure lagun honek. Eta gu, zelan ez, bibaka eta txaloka.
    [audio:http://zaldieroa.com/BLOGA/normalitatea.mp3]
    Napoleoni? Agian hori ere bai… gu barrezka jartzeko gauza bada, gora napoleon!

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Zaharrak berri

    Gustatzen zait, domeketan egunkariak erostea. Kafea hartu, etxeko gosarirako okindegitik pasatzea, gauzak komentatzea, jendearen planak zein diren ikustea. Domeka euritsuetan Internetetik jendeak zer dioen irakurtzea. Eta astelehenean, Mikel Elorzak domekarako idatzitakoak irakurri ohi ditut, kioskoetako futbol agerkariak ez ditudalako atsegin astelehenez.

    Joan naiz gaur ere kioskora, estankora. Hartu dut bat, bilatu dut bestea. Eta berriarik ez salgai goizeko 9etan, saldu omen dira ekarri dituzten hirurak. Besteak harpidedunetzat omen, eta hoiek gaur ez daude salgai, goizeko 9etan bederen, geroago egoten dira batzuk, errebentan. 3 egunkari Larrabetzun?

    Edo harpideduna zara edo ez duzu Berria irakurtzen ahal. Internetetik edo tabernan jarraitu behar, alegia, gehienek bezala. Krisia? Garestiago omen da deboluzioa esango dizute… Gogoan dut guren 9 Egunkaria saltzen ziren garaia, nirea zen bat, nahiz eta gero lantokira, Egunkariara, joaten nintzen… baina autobusean irakurtzea gurago izaten nuen, bezperakoa irakurtzea… 9 ginen. Taberna bakarrak hartzen zuen, Aretxabalak.

    Gauzak aldatu dira zorionez, gehiago gara. Taberna ia denetan dago Berria gaur egun, harpidedunak ere baditu, Egunkaria itxi ostekoak denak, baina ezinezko da kioskoan egunkaria erostea. 3 salduak goizeko 9etarako. Saldoka zeuden Correo eta Gara, Larrabetzun gehien saltzen diren biak. Eta asko saltzen dira biak ere. Gara eta Zazpika hartu ditut, GOSEren elkarrizketa luzeak eta argazkiek erakarrita.

    Eta El Pais ere hartu dut, igandea izanik, gastatuko nituen beste bi euro. Eta berria, kafea hartutakoan ikusi dut, tabernan, lagun baten egunkaria. Pais utzi diot eta Berria laga dit berak.

    Eta El Paisen badakizue, GALeko senor X famatuak, sekulakoak eta bi bota ditu. Demokrazia txo! zaharrak berri.
    Gaurko berria, kiosko.net
    Irakurri barik, idatzi egin dut orain. Kroasan bat eta kafe apurtxo bat gero. Eta berriketan jarraitu beharko, etxean edo kalean. Baina gaur ez da giro.

  • albisteak 2.0,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Bideojokoak aitite amonen kontuak direla?

    Zur eta lur geratu nintzen, Aiora Kintana adiskideak esandakoak entzuterakoan. Belaunaldi berriekin jokoan, gusturen karta joko, bingo eta bestelako jolasetan ibilitako aiton/amonak direla ez digu esan ba?!
    Bideojokoen ikuspegi hezitzailea, kolaboratiboa, gorputza lantzen duten joera berriak (wii eta horrelakoak), interakzioa, pentsamendua lantzekoak… mundu bat dago eremu horretan. Eta ni, barka, ezjakina naiz.

    [ Txikitan horrelakoekin zaletasunik ez -makinetarako txanponak be urri poltsikoetan-, ordenadore kontuetan berandu hasitakoa, lehen ordenadorean 1996an izan nuen niretzat, aurretik gaztetxerako hartu genuen bat, unibertsitatean irakasleen bulegoetan egiten genituen autoediziozko kartelak… eta jokoei ez diet batere jaramonik egin inoiz. ]

    Aste honetako telebista saioa prestatzen ordea, zeozer irakurri, ikusi eta murgiltzeko aukera izan dut. Jolasteko betarik ez dut hartu. Baina badago egon, mundu ikaragarri bat atzean. Softwarea, diseinua, interakzioa, ekonomia berri bat, lehiaketak, topaketak, garapenak, aplikazioak… eta gure inguruan ere jende ugari dabil langintza hoietan. Gehienak oso gazteak, baina era berean oso trebeak.

    Belaunaldi berriagoek, aisialdian garrantzia handia ematen diete horrelako joko eta trikimailu digitalei. Harremanak, jolas kolektiboak, topaketa fisikoak ere bultzatzen dituzte… eta mundu horri so geratuko naiz bide batez.

    Gogoeta bat, zer pentsatua ematen du gai honek. Horretan gaudela, hurrengo geltokia zein den pentsatzen hasi beharko gara. Asko egunotan BECen izango dute geldialdia.

  • ikusi eta ikasi,  literatura

    bart

    … bukatu da afaria. Eta utzi diogu hitz egiteari. Kafea amaitzearekin batera, amaitu dira gaurkoz gaiordeneko puntuak.
    Dena ustez erabakita utzi dugu, eta posta zerrendan jarraituko dugu eztabaidatzen. Eta hobetzen.

    Eta kalean agurtu gara. Kale Nagusian alde batera egin dute batzuk, eta Musika plazarantza doan norabidean abiatu gara gu hirurok. Lasai asko, autoak hartu aurreko azken elkarrizketan murgilduta.
    Musika plazatik bi ertzain datoz. Oinez. Baina ez diogu garrantziarik eman. Batek ohi baino -pertsona normalek baino, esan nahi baita- zabalago daramatza besoak. Pausu bat atzerago edo joango da bere kidea. Guk ez dugu imintziorik egin, eta berbetan jarraitu dugu hirurok.


    Argazkiak.org | Txapel gorridun ertzainak Vaya Semanitan © cc-by-sa: sustatu

    Gelditzeko eta karnetak emateko esan digute. Eta ia ia, brometan hartu dugu. Arrazoiak eskatu dizkiegu. Poesiaz mintzo ginen afari batetik gatozela esan dio batek. Poeta denak. Eta gero besteak, ipuingileak, gainera egia dela aitortu dio. Eta ematen du ez dituztela sinestu. Eta gaztelania batuan, gure antzekotasuna duten hiruren bila dabiltzala adierazi digute. Eta gure nortasun agirietako zenbakiak ematen hasi da bat telefonotik. Eta gero motxilak eta boltsak miatu dizkigute. Telefonoaren bestaldetik, gu ez garela nonbait beraiek ustez bilatzen dituztenak.

    Handik gutxira, karnetak eman eta joateko esan digute. Eta joan egin gara. Eta ez diogu garrantzia gehiegirik eman. Eta literaturaz berbetan jarraitu dugu. Eta egia da.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  musika

    are you reggae?

    Prest zaudete?

    Revolutionary brothers dira, Donostiako bi anai. Abesten King Konsul, Zarautzen bizi den munduko reggae abeslari eibartar jatorrena. Talde bikaina osatzen dute. Eta hemendik eta hara ari dira etengabe. Musika, diskoak, erremixak, kantuak…. eta sekulako giroa sortzen.
    Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Musika, irratia, konexioek ezagutarazi gaituzte. Harreman izan dugu. Baina uda honetan elkarrekin egoteko, berba egiteko, dantzatzeko, kantatzeko aukera izanik… ahaztezina egiten zait Gazte Eguneko gaua. Eguzkia atera arte aritu ziren musika jartzaile eta kantari. Eta gau bero ahaztezina izan genuen Larrabetzun.
    Revolutionary brothers + konsul + yanu
    Eta uda honetako soinu banda bilakatu dira niretzat. Eta jarraitzen ditut saretik, eta ikusten ditut bideoak…. eta reggae musikan murgiltzeko beta eskaintzen didate. Une oro.
    Prest al zaude, bidaia honetan murgiltzeko? are you reggae?

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    ikasturte interesgarria abian

    Maila askotan.
    Iaz Altsasuko adierazpenak, gauzak bere bidean kokatzen hasteko abiapuntua jarri zuen. Ulertu zuenak, ulertu bide zuen. Eta gauzak aldatzen hasi ziren. Eztabaida pizten.
    Gerora, adierazpen berriak. Altsasutik Bruselara.
    Hegoafrikako mundialetik ere berri asko heldu zaizkigu aurten. Espainolen nagusitasunak, inperioaren mezua hedatu da. Eta nabaritu da gurean. Hegoafrikak gehiago ere eman digu, ordea.
    Beste olatu bat da ordea, orain hasten dena. Hasi dena jadanik. Kontua ez da ETAk zer esan duen, baizik eta ETAk zergatik adierazi duen domekakoa.
    Jakitera eman du, aspalditik martxan dena. Apurka apurka eman du ezagutzera egoera berri honi buruzko bere jarrera, baina oraindik, murgiltzenago beharko du ETAk ere egoera berriaren baitan.
    Ikasturteak baina, agente gehiago behar ditu. Irakasleak ez ezik, ikasleak ere aktibatu beharko ditu. Eta sukaldariak. Eta ofizinistak. Txoferrak eta garbitzaileak. Eta horretan dugu, nik uste ikasgairik gogorrena.
    Hasi da kurtso berria
    Ikasturtea hasi da, eta ez luke opor osteko strees edo krisirik egon behar. Hori utzi dezagun politikari profesionalentzat, tokiz kanpo harrapatu dituelako egoerak.
    Kurtsoan, zer ikasi ugari izango dugu. Baina orain arteko irakaspenek ere balioko digute, guztiek. Argel, Lizarra, Loiola, Oslo, Zurich, denak dira baliagarri. Karrantzatik, Otsagiraino… badugu geografia lekzio ederrik. Aturritik Ebroraino ere bai. Pirineoen esangura erakutsi behar diegu orain, errektoreei.

    Ikasturte hasieraren jarraipena egiten, lan bikaina Zuzeu agerkari digitaleko erredakzioa egiten ari dena, biba zuek!

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    11amaika ikusteko, 11 minutu eta 11 segundutan

    11amaika telebistara joaten gara astero. Eta bertan webtv apal bat egiten saiatzen. Eta sarean eskaini. Eta elkarrizketa sortzen ahalegindu. Eta horrela aste bat eta beste bat, bat eta bat magazinean.

    Gureak dira ideiak eta gidoiak, gure zuzendaritzapean egiten dugu. Errealizazioan jo ta su aritzen da Lander, Oskarrek aholkuak eman ohi dizkigu, eta Anek hasieratik lagundu digu saioa patxadaz egiten. Erredakzioko Anek, edo Ainarak, edo Ziharak edo Ikerrek asko lagundu digute, asko dugu beraiengandik ikasteko.

    Albisteak 2.0.011 from Albisteak 2.0 on Vimeo.

    Hamaika telebista ikusi ikusten da. Horretaz jabetu gara. Orain Internet bidez, 24 orduz ikusi daiteke, munduko edozein txokotatik. Euskal Herri osoan dago ikusgai, eta horrela ikusi daitekeen telebista bakarra da gainera.
    Hamaika eta Internet lotuta daude, eta horretan bidelagun gaituzte.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Intxortatik Euskal Herrira

    Elgetako Espaloia kafe antzokia
    2010ko maiatzaren 23an

    – egunon Iban… zelan doaz gauzak?

    – Ez dok asteburu lasaixa izan. Atzo goizeko 03:00ak arte bideuaren formatua zala-eta burrukan. Gaur goizian 09:00etatik idatzi batzuk egitten, harreraguneko kontrol guztia daroian ordenagailua izorratuta… baiña denboraz larri bagabiz be etarako juau. Donostiatik jatok informatikarixa, laster helduko dok.

    -Aste osoa holango izan dok. Azken baten, herri txikiak gaztetxe handiak dira guretzat. Baina ikusten da gauzak aurrera ataratzeko gogoa. Jende askok egin jok lana, eta emaitza hemen ikusikok, laburbilduta. Eguraldiak be laguntzen jok, eta eguna bikaina izangok, ikusikok. Joseba Tapia laster etorrikok, jendea be hasi dok hurbiltzen, Espaloia txukun txukun jauk, eta Harrera gunea itzela. Non jauk alkatea?

    – Bai bai, ez juat sekula horretan pentsau, baiña hau gaztetxe haundi bat dok bai. Edurne, Oxel, Josuren, Juan Ramon, Iban… atzo gabekua izan zuan elkalaneko erakustaldi bat. Herri txikixaguetan ikusten dok posible dala. Alkatia ETB-kuekin juan dok. Ez dok bape erreza izan harentzako be. Ordu askoko lana jaok atzian, ikusten ez dan lana eta Edurne eta bixen artian ondo eruan juek kontua. Eskertzekua herrittarron aldetik.
    Hemen jatok Maria Jesus Aranburu be.

    -Sarritan ez dozak ikusiko kotxe ofizialak antzoki atarian, barruraino sartu dozak. Aurkezpenak eta hire kontu Iban.

    – Bai, ezagutzen juat. Oso osoko andria dok. Oxel etorri bittartian nere kontu. Luntxera bideratuko jittuau hemendik aurrera datozen OPI guztiak. Klaro, lehenengo tabakaleraz galdetuko jotsau. Hor jaok hor anabasia, Odonekin…

    -Hi, hor jatok Tapia be, trikitilaria… beragana najoak. Frogatxo bat egin, eta dana prest. Aulki guztiak prest jauzak, luntxera be hurbildu da jentia, itxikok haut. Aurkezlea nor dan esan beharko dostek, etzoat ezagutzen Maider eta.

    – Bai, oin kultura teknikarixa dok Bergaran, baiña GOITB-ko informatibuetako aurpegi izan zuan denbora luzian. Oso ondo egingo jok. Gaiñera ona dok beti igualok ez agertzia lehenengo lerruan.

    -Hi ba dana prest jauk. Probak, pantaila, jendea, hi jezarri hadi hor, neure ondoan. Lehen lerroan jauzak Elgetako udaleko ordezkari guztiak, Diputaziñokoa, 37an hildakoen senideak, jende nagusia, Kafe Antzokian Euskal Herri osotik heldutako jendea. Egun hau historikoa dok, hemen zeozer hasten dala iruditzen jatek.

    – Bai, hasieria baiño ez dok. Animo, Maiderrekin geratu gazen moduan bera hasiko dok eta gero dokumentala. Ikusiko dok txulo-txulo geratu dala. 3D-n eginddako zati batzuk, bonba zaratak… baiña batez be lekukuak. Lekukuena demasa dok, hori behin ikusi eta gero ez dok ahazten. Ohera be kontu horretxekin juango gaittuk, ikusiko dok. .

    (Hasi da ekitaldia. Maider Osa aurkezle. Eta bideo proiekzioa hasi da..)

    Hori Bittor Garai dok. Asko ez dala etara jittuen basarri ondotik bost lagunen gorpuak. Isiltasuna demasa dok. Ikusi eta ez galdu aukerarik lekuko hau entzuteko, ointxe jatok Antoni Teilleriarena. Ez dok denbora asko hil dala eta gustora biziko leukek berak be hau egunau… Bere ikurriña jarri juau erakusketan. Lagaik momentu baten twitteatzeia eta segi bideuai.

    -Bideoa polita dok, gerra garaiko argazkiak, kontakizun historikoa, hura bizi izandakoen testigantzak, 3D animazioa, eta Euskal Herriko historiaren zati bat… orain arte inoiz kontatu ez zaigun moduan, eta euskaraz.


    Argazkiak.org | Elgetako gudariak © cc-by-sa: gaztelumendi

    – Tapi, ezagutzen dok narratzaillian ahotsa? Ines Osinagarena dok, Gosekua. Patxi, esan bihar jotset danak batera igotzeko gero taulara, berba egin bihar daben danak batera. Bideua amaittutakuan Tapiaren txanda, pare bat kantu Agur, Intxorta maite diskokuak.

    -Aupa Tapi, amaitu dok dokumentala. Oin dok hire txanda.

    – Honek kantuok ez dittuk izango jende multzo haundixendako, baiña ederrak dittuk, oso ederrak. Haudixa dok Tapia. Oso kantu pare ona aukeratu jittuk. 5 banderak kantua joten zebillen bittartian igo izana be ondo. Kolore asko batera. Ondo. Lopategiren “Gaur hirurogei urte bezela” kantau jok, politta.

    -Eta eskenatoki gainean Intxorta 1937 elkarteko Garai, Elgetako alkate Oxel Erostarbe, ANVko zinegotzi Edurne Alberdi eta Diputazioko ordezkari Maria Jesus Aranburu. Lau buru, kolore ugari, bi andrazko eta bi gizonezko. Hobeto ezin.

    – Danak ibili dittuk ondo, bakoitzak 3 minutu jauzkan, baiña betiko letxe luzatu… Ondo egon dittuk, hala eta be. Bereziki ondo ikusi juat gaur Aranburu. Esandakuak eta esandako modua be gustau jatazik.

    -Hemen esandako guztiak sinatzen ditut nik. Frente Popularra emoten jok honek. Jeltzaleak, gorriak, anvkoak eta alkatea akorduan. Barriro be etorkozak Elgetara faxistak….

    – Hauxe dok herri txikixetatik gustatzen jatana. Bakoitzak jaukak bere errena, baiña batuta egin bihar danian batu eta egin egitten dok. Baitta antxitxika egin bihar bada be. Hau amaitzen jaok, Tapi berriro taulara.

    -Eta Tapiari egindako txaloak, ez dozak debaldekoak. Barriro be hasiko jaku kalabazia! alai amaitu ditu gerrako ibilerak, agur Intxorta maite diskoa egin zuen trikitilariak. Orain autobusetara joak jendea, Ibilbide tematikoari ekiteko, trintxera eta lubakiak bisitatzera.

    – Autobuskadia beteta. Ni bigarrenan zain geratzen nok. Hik igo megafono hori. Han joiazak Aldundiko auto ofizialian ANV, EAJ eta Aralar, ordezkatuta. Euzki begixan jaok Asentzio.

    -Intxorta 1937ko ordezkariak euskaraz eta gaztelaniaz jabizek gerrako kontuak aitatzen. Lubakietatik sartu dok jendea, duela 70 urte baino gehiago dituzten lubakiak. Lurrak ez ditu berdindu, historia ahazten saiatu dan arren. Intxorta magalean, 36 eta 37ko estrategiak entzuten. Garaiok ez dira horrenbeste aldatu. Lubakiak beste batzuk dira orain.

    Argazkiak.org | Intxortako lubakiak © cc-by-sa: goioarana

    – Egun ederrak urten jok. Gaur “La Belga” metrailladoriaren lekura ez juatia gomentatu jotset Intxorta e1936-37 elkartekuei eta udaletxekuei. Hori beste egun baterako ze 14:00ak pasau dittuk… Intxortako interesguniak hobeto seiñalizatzia falta jakuk, ibilbidia openstreetmap-etik hartzia, harreragunia zer dan ikastola eta eskola guztiei esan biharko jotseu, baitta interes minimua euki leikenai eta interesoi sortu geinken guztiai be… Hasi dok bigarren etapia.

    -Hi, nik ondiño etzoat ezer hartu. Egarri nok, eta tapiatarrak be etxera joan dituk honezkero. Bazkaltzeko planik bajauk ala? Antzokia be beteta jauk baserritarrez, euren urteroko bazkaria dok ala?

    – A! uste najuan Tapiakin-eta bazkaltzeko hintzala. Hori esan jostek. Guk gero kontzertu bat jakau Espaloian Or2tan eta Grupo San Juan Atxabaltarrak. Hori bai, gaur goizago ohera. Ez, ez juat konkistadoria zein dan jakingo ezta Lost-ena ikusteko jaikiko be. Gaurkua ondo urtetzia oso garrantzitsua zuan eta urten jok. Errebentauta najaok, baiña merezi izan jok.

    -Niretzat be, lanean hasteko aitzakia ona izan dok. Orain bajakiat non eta zertan ibiliko noken. Hasiera ona, lana ugari, baina ekipoa be bajauk inguruan… eta ez dok gitxi. Esan duet, herri txikiak gaztetxe handiak dozak. Jarraituko joau, eztok?

    ::::::::::::::::::::::::: :::::::::::::::::::::::: :::::::::::
    Iban Arantzabalek eta Patxi Gaztelumendik, dokumentu konpartitu batean idatzitako kronHika. Berbaz, nork bere lubakitik. Bere lantokitik. Bere pantailatik. Bere euskalkitik, bere ahotik eta blogetik.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  musika

    Delorean musika eta musikari atseginak

    Asteon Delorean taldeko Ekhi Lopetegi elkarrizketatu dugu irratia.com saioan.

    DLRN taldea gustukoa dut, Mikel Elortzarekin Donostiako Bilintxen lehen diskoa erosi nuenetik -Mikelek oparitu zidan, han bertan- B-core disketxeak plazaratutakoa.

    Gerora, lan guztiak eta taldearen bilakaera jarraitu dut. In to Plateau bikaina iruditu zitzaidan, eta handik honako dantzagarritasunak, areagotu egin du nire zaletasuna.

    Zuzenean ere maiz ikusteko aukera izan dut. EHZ, Bilboko antzokian, Durangon… eta egia esan, zuzenean ere zer egiten duten gustatzen zait. Enau harritzen, nazioartean lortzen ari diren arrakasta musikala. Benetakoa da. Zaleen artean, lorpen itzelak egin dituzte.

    DLRN @ Bilboko kafe antzokia

    Atseginak
    Baina, batez ere taldekideen xalotasunak txunditu nau. Igor bateriajolea aspaldi xamar ezagutu nuen, taldearen izena Makalak esan zidanean, izena bera ere txundigarria egin zitzaidan: de_lo _re _an. Igor Makalarekin zetorren gaztetxera, eta berak be pintxatu zuen zertxobait… -10 urte baino gehiago pasa dira…-
    Irratia.com saioan, bigarrenez elkarrizketatu ditugu, eta Ekhi Lopetegigaz berba egitea plazer bat izan da. Elkarrizketan aritu ginen Jabi eta biok, eta txundituta. Ibon teknikari eta disko jartzailea ere pozik, baina estudioan zeuden beste batzuk ere zur eta lur geratu ziren… txunditu antzean. Tartean rockero zaharren bat be bai.

    Onena elkarrizketa entzutea, nik neuk esateak ez dekolako balio handirik. Baina nik sentitu dudan hori transmititu eta eskertu nahi nuen.
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100517.mp3]
    delorean biba zuek!