-
nEgukaria
Gaur be, bi hitz, bi berba, ezin gehiago: Egunkaria libre.
Berba bakarrean, adiera gehiagorekin, Antton Olariagak egin du. Egiten dakien moduan. Egunkarian egiten zigun moduan… euskal prentsaren irudia, irudimena, gogoa eta ilusioa jartzen digu goizero Zakilixutek. Eta zelan eskertzen diogun. Zelan eragiten digun matematika apur bat goizero…. kafearen orduan, edo otorduan edo gauean agian… lotarako.
Ondo adierazi du, aroa. Bizi dugun hau berau.Egunkaria libre! #egunkaria #libre
-
BECetik zuzenean: entzun, ikusi eta idatzi
Bai, ni ere BECen nago. Eta beste horrenbeste mila lagun. Eta saretik ari gara, eta twitter bidez beste horrenbeste, eta Telebistatik, edo saretik munduko txokoren batetik….
Asko gara, ez dakit herri oso bat garen, baina herria izan egin bizi duenik badago hemen. Sentitzen da.
Sarean ere bizi dugu.
Gu herriko hiru lagun ari gara larrabetzu.org atarirako multimedia kronika batzuk egiten.
Audioa audacityn grabatzen, eta badaezpada -nork jakin- mp3an grabatzen. Belarria.
Argazkiak egiten begi onena duena, eta dagoeneko sarean dira batzuk. Begia
Idazten ari naiz ni. Neurri txikian zein luzeagoan. Ikusten dudana kontatu gurean, entzuten dena zuei esateko gogoz. Eskua.Finaleko argazkiak ikusi gura badituzue: larrabetzutik mundura.
-
Gaur bi hitz: #letrARTean Andoainen
Letren herria dugu Andoain. Euskaldunon Egunkariaren itzala, Berriaren argia. Letrak ere saritu ohi dituzte Andoainen, Rikardo Arregiren omenez. Letrek, euskarazkoek berezik kultur parkea ere badute, Martin Ugalde zenaren izenean. Letren herri bilakatuko dugu gaur arrastian ere, LetrARTean ekimenarekin.
Finean; kultura eta artea, informazioa eta komunikazioa edota Internet eta teknologia berriak jorratuko ditugu alde zaharreko Itzala gunean. Berba egitera goaz, sortzera. Ondoan dagoena ezagutu, eta ondoan, alboan, gertu jarraitzeko asmoarekin. Sortzen jarraitzeko, egiten, erakusten, ikasten.Kultur esperimentu bat ere bada letrARTean, teknologiaren alde ez teknikoa jorratuz. Letrak. Edukia. Hizkuntza. Sorkuntza artistiko eta kulturala. Mezuari erreparatuko diogu, kanalari baino gehiago. Izan ere, kanalei begira gaude ohituegi aspaldion. Teknologiaren lilurak, edukiari garrantzia kentzen diola dirudi. Zer egin daitekeen pentsatzen pasatzen ditugu egunak pantaila aurrean, eta zer egiten dugun jakin beharra dago. Zertan ari garen, zer sortzen, zer ikasten…
Alde horretatik, letrARTean plataforma fisiko eta humanoa ere bilakatu dezakegu, beharbada. Gure gogoa eta indarraren arabera izango da. Eta letrak, gureak, bultzatzeko tresnen beharra aldarrikatu eta profitatu dezakegu. Elkartzen bagara, egiten badugu, pentsatu ezkero, hasi eta abiatu ondoren.
Horretara noa ni. Eta ikastera. Eta jende berria eta gazteagoa ezagutzera. Eta auzolanean, lan berriak eskaintzera auzokei, eta auzokoarenean murgiltzera azken finean.
Kultura, Informazioa eta Teknologia. Horra hor KIT eder bat. Euskaldunontzako tresna erabilgarri bat, dezakegun armarik potenteena gure esku. Teklak eta jarioa. Sorkuntza eta kodea. Hedatzeko eta ikasteko. Ezagutzeko eta zabaltzeko. KIT on bat gure zerbitzura. Balia dezagun.
gauez, letrak dantzan jartzeko asmoz
Arratsaldean bezala, gauez ere jarraituko dugu gure ekimenak. Ludikoago. Sorkuntzaren aldetik, erremixaren logikarekin. Komuneko paperean idatzitakoak irakurri eta entzun, argitaratutakoak eskuratu… eta gero Bi hitz: beats_bits. Teknologia, doinuak, hitzak, musika.. pantaila eta ingurua. Eta dantzarako grina, gogoa.. giroa. Ea asmatzen dugun. Horretan saiatuko gara, eta zuek ere jarraitu dezakezue, pantailan, twitter bidez, streamminga jarraituz… gura bazela. Hurbiletik bezala urrunetik.
dj kaikuren musika, 2tz hashtag berria eta #letrartean dantzan egiteko gogoa.
-
Telebista eredu berriak ikusten
Egunotan ni ere Durangon izan naiz. Eta sorkuntza gertutik bizi izan dut, beste behin. Ia 20 urte dira stand baten atzetik nagoela. Lanean, saltzen, erakusten, saiatzen. Baina lantzean behin gustatzen zait beste aldean egotea ere. Urte osoan bezala, azoka egunetan. Liburuak, diskoak, bestelako kultur ekoizpenak hartzen, irakurtzen, zabaltzen, erosten, gomendatzen… eta aurten ere han izan naiz. Gaur bihar etzitan joango ez naizenik ez dizuet esango, ordea.
Izango dugu parada liburuaz berba gehiago egiteko, literaturaz, liburue be berbagai izango da -liburu elektronikoak salgai jarri dituztelako batzuk, ia ia paperezkoak baino garestiago gainera-. Literatura eta merkatua. Literatura eta irakurlea. Literatura eta bestelakoak…. eraginak, sorkuntza, plaza, prezioak, banidadea, salmentak… asko dago esateko, irakurtzeko eta idazteko beste. Hurrengoan.
Telebistaz
Gaur telebistaz jardun nahi dut. Ikusten ari garen telebista berriaz. Ikusten dena. Egiten dena. Sortzen dena. Eta Durango izan da adibide bat, xumea, apala, ezikusia agian… baina egin daitekenaren ereduetatik bat.
Azokak telebista ere egin du. Azokan telebista egin dute batzuek. Tartean hemendik aurrera euskarazko telebistari buruz zeresana, eta batez be, zerikusia izan dezaketen batzuek bederen. Zer ikusi eman behar digutenak, batez ere. Hamaika telebista, Tokiko -batipat Goienaren eskutik- eta ETB3 batera ikusi ditugu. Ez dute deus esan, ez dute askorik iragarri, ez da ia ikusi. Baina batera jardun dira, ari dira lanean egunotan telebista ezberdinetakoak Durangon. Batera? Elkarrekin?
Patetikoa bezain barregarria da gainera -Josune Ariztondo banintz ezin gorriago lotsatuko nintzateke- Gipuzkoako kulturak bere gain hartu behar izatea Durangon euskarazko telebista bat bideratzeko egitasmoa. Hala ere. Baina aurrera doan gure herri honean, hau eta gehiago. Hala ere, txapo hori bideragarri egin dutenengatik. Benetetan. Ni poztu naiz; beste behin Bizkaiko aberatsen, diru kudeatzaileen eta abiadura handiko politikari batzuen tamaina eskasa nabarmen erakutsi duelako. Agian, BECen izango dute orain burua, edo Sabinoren etxean, bilkura ezin erabakigarriagoetan izango dira. Petronor eta eitb zelan irabazi pentsatzen, edo Azkue nori eta zelan ezagutzera eman… edo auskalo zertan!
Niri egia esan, nork lagundu duen baingo gehiago interesatzen zait zelan gauzatu den. Telebista eredu berri bat. Kulturala, euskaraz, apala, egunekoa, modernoa, azkarra eta digitala egiten ari da egunotan. Nork berea, eduki amankomunetan… azkar eta txukun. Pantaila handi batzuk daude azokako txoko batean, gora begira… eta entzuteko moduan.
Eztabaidatu genezake telebistaz, ikusentzunezkoen gainean, etorkizunaz, orainaz eta telebistaren iraganaz. Baina nik uste, telebista -orohar- beharrezko duela euskal kulturak. Ikusentzunezko komunikazio digitala erronka interesgarria da, hemendik aurrera ere. Eta Durangokoa adibide, eta bide xume bezain interesgarria izan da niretzat.
Durangon izan da Ahotsenea ere. Eta han telebista digitala ere sortu da. Blog batean ikusi dugu ETB3ko hainbat kamerek grabatu, errealizazio txukun bat egin, eta zuzenean egun osoan gure kultura munduan. Egia da gitxi zabaldu dela, Interneteko promoziorik ez duela izan… baina erakutsi da; beste behin ere, teknologia berriekin, kultura bizia eta jarrera izan ezkero, gauza asko asko asko egin daitezkela. Txukun eta interesgarri. Musika, literatura eta sorkuntza digitala. Kultura eta teknologia berriak, adibide interesantea. Beste bat.Baikorra nintzateke, euskaldunak ondo konpontzen garela jakingo banu. Ez da horrela, eta arazoa ez da politikoa, ez da kulturala, ez da soziala…. euskaldunak horrelakoak gara, eta punto. Baina hala ere, zenbaitetan ari gara konpontzen, eta hasten garena… ez gara erraz gelditzekoak. Telebista ikusteko gogoa dut, batez ere horrenbeste zabor, txatxukeri, hipokresia, gezur, irain eta manipulazio jasan ostean. Telebista eredu berri, herritar, moderno, kultural, euskaldun eta digitala behar dugu. Azokan ikusi dugu zerbait.
Orain etxean ikusi behar dugu, tamaina guztietako pantailetan. Eta denok. Edozein ordutan.Piztu dezagun telebista berria orduan.
-
Musika gehiago, urtea amaitzeko | Audience
Urtero sasoi honetan, kantu eta disko barriak, poltsiko hustuak eta belarriak handituta; musikaren aroa, liburu barrien sasoia da udagoiena. Kontzertuak, liburu aurkezpenak… danerako aukera daukagu.
Tartean, talde ezagunen disko zerrenda potolotzen dute, baina barririk ez dala sortzen ematen du. Ez dela sorkuntzarik… baina egon badago, gurean ere bada underground soinurik… estoldetatik haratago.
Ikusi eta ikasi
Gaurko, bideo bat ekarri dizuet. Izugarri gustatzen zaidan taldea da Audience. Lehenengo diskotik jarraitzen ditut, baina azken biak bereziak dira. Americana kutsu bat hartu dute, garbitasun bat, sustraietara jotzeko gogo bat somatzen zaie. Gernikarrak dira, oso hurbilekoak…. gertuko sentitzen diren hoietakoak. Berdin ikusi ditzakezu Anariren kontzertu batean entzule bezala, edo Gernikako Trinketen kontzertua antolatzen. Jo berriz, hemen eta han egin dute. Gehiago han hemen baino.Bideoa izugarri polita da, duda barik. Profesionala. Euskal Herrian eginda dagoela erraz somatzen da, baina ez da ohiko euskal bideoklipa, inondik inora.
AUDIENCE “WIDE MAN” from Hannot Mintegia on Vimeo.
Azken diskoa BideHuts disketxe/plataforman plazaratu dute. Eskuratzeko moduko musika opari bat.
-
Ez dute uzten maitatzen gauean #notimeforlove
Albisteek esnatzen zaituztenean, edo areago… atean kolpe hotsak itzartzea…. zer eta diren kolore guztietako polizia guztiak… etxez etxe ari direnean.
100 etxetara joan dira. Gazteen lokalak, elkarteak, tabernak, txokoak…. dena da zilegi, independentziaren kontra bada.Eta bertsio ofizialak…. horretarako daude, lau haizetara zabaltzeko txakurren zaunkadak. Lumadun txakurrak esaten badiezu, haserretu egiten zaizkizu gainera. Zer dira ba?
Bart, El Correok eta Vocento taldeko egunkariek argitaratu dute albistea, ohetik jaiki eta ziento erdi atxilotzen saiatu dira.Gauez, egunsentian beldurra eta amorrua zen nagusi gazteen artean ere. Razzia egin dute, Hego Euskal Herri osoan.. zu bai, zu ere bai, zu agian bai…
Asteon, herriko gazte bati abisua eman diote guardia zibilek, Lezaman izandako kontrol polizial batean.Eta larunbatean gurekin dantzan zegoen tabernaria, atxilotu dute orain. Haritz eroan dute, gauez, beldurra eraginez…
#no time for love esaten dugu, ozen… kantatzen dugu, eta zer ez den gertatzen ariko orduotan guztietan…
GARA.net
Gaztesarea.Info
Ezkerabertzalea.info
Berria.info
sustatu.com -
independentzia edo asperdura
Ikerketa bat egin du Aztiker ikerketa taldeak Gipuzkoako diputazioaren enkarguz. Gazteen kezkak bildu dituzte txosten soziologiko batean.
Prentsaren aurrean aurkeztu dute, eta prentsak guri.
Titularrak:
Berria
Independentziaren alde bozkatuko lukete Gipuzkoako gazteen ia erdiek
Gipuzkoako gazteen eta politikaren arteko harremana ikertu du Aztikerrek, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat.
Euskal Herrian, «indarkeriaz harago, arazo politiko bat dago», gehienen ustetan
Diario Vasco
La polÃtica aburre a los jóvenes
Un estudio de la Diputación de Gipuzkoa pone de relieve la desconfianza y el escaso interés de las nuevas generaciones hacia los gobernantes. Sólo el 10% ve legÃtimo el uso de la violencia en ciertas circunstancias.Ondorioak:
- Txosten bera irakurri dute?
- Zer dute buruan bada, Gipuzkoako gazteek?
- Zer pentsatua ematen du, titularren irakurketa hutsak.
- Kazetaritza, pentsatuko duzue… horrela gabiltza.
Gipuzkoa.net webgunean hainbat pdf daude hau guztiau azalten dutenak. Grafikoak, inkestaren laginak, emaitzak, irakurketa….
-
Bertso txapelketarik ez dago sarean
#btn09 etiketa on bat izan zitekeen, baina ez da askorik ageri inon.
Sare sozialen garaiotan, bertsoak ondo hartu zezakeen olatu hau, baina keba! Ez gabiltza/dabiltza asmatzen, inondik inora.
Txapelketak nahikoa du, aretoak bete eta areto handiagoak bilatzearekin antza…
Argazkiak.org | bertsolari txapelketa © cc-by-sa: gaztelumendiTxapelketa hutsa
Bertsozaletasuna hedatzen eta indartzen ari den honetan, webgune ia estatiko bat sortzearekin dena egin dugula pentsatzen badugu, jai daukagu!
Txapelketatik txapelketera berrikuntzak izaten dira, jendartean bezala, teknologietan be. Bertsoaren munduak, hoietako asko harrapatzen jakiten du, inbertsioa egiten du… teknologia berrien inguruan dabilen jendeak ere aukera izaten du bertsogintzarekin aurrerapenok uztartzeko.sare sozialak bertsogintzan
Baina aurtengoan txasko handia hartu dut. Pentsatzen nuen, twitter txapelketa bat izango zela, sare sozialetan aipamen hutsa baino zeozertxo gehiago egingo zela… baina poto! beti gauza berdinak errepikatzen ari gara, ez gara gai horrelako ekimen erraldoietan, irudimen apur bat gehiago jartzeko, eta sarea bertsoaren gune natural bilakatzeko.edukien sozializazioaz, bi puntu
Zer esan hedabide eta sareko tresnen gainean? Telebista eta irratiz jarraitu daiteke txapelketa, tarteka. Info7 zuzenean ari da saioz saio, Euskadi Irratiak saio bereziak egiten ditu domeketan, ETBk bere Hitzetik Hortzera dauka. Baina adibidez, domekako Gasteizko saioa entzun gura baduzu, non dago?- Non daude aurreko saioetako bertsorik onenak?
- Saioak osorik entzuterik bai?
Sareak horretarako behar du izan. Artxibo digital erraldoia batetik, unean uneko aukerak bestetik. Uztartu beharra dago. Atzera begira bezala, aurrera begira. Unean unekoa. Artxibo bezala, gordailutzat dute batzuk sarea. Momentuko tresna besteek. Propagandarako lanabes. Nik uste funtzio guztiak bete ditzakela, baina horretarako planteamendu komunikatibo zehatza behar du, eta ematen du une honetan ez duela. Eta akats larria, larriegia iruditzen zait.
Sarean egote hutsa ez da nahikoa. Baina lau urtean behin egiten den horrelako ekimen batek, kulturgintzarako ere eredu behar luke, ez soilik sarrerak modu digitalean saltzeko ahaleginaren gainean, baizik eta bertsoaren funtsa lantzeko moduan ere. Bertsoa bizitzeko aukera berriak eskaintzen baitizkigu Internetek.
Norena da bertsoa?
Azkenik anekdotatxo bat. Jakingo dozue agian, baina Bergarako saioan une batez argia joan zen. Bertsolariek bere jardunean jarraitu zuten. Entzulegoak ondo erantzun zuen. Ozen abestu, isil isilik entzun. Giroa sekulakoa izan zen, errepikaezina. Telebistak off, mikrofonak huts, aparagailu elektriko guztiak itzalita. Une hori, haizeak eroan behar zuen. Bertso itzelak izan ziren gainera.
larrabetzu.org egiten dugunok, han geunden. Gure bertsozaletasuna bermatzen, jarraitzen, grabatzen, gozatzen… une hori ere historikoa izan zen. Guk, elkarteak baliatzen duen mahaitik barik, eskenatokian bertan jarrita geneukan gure mp3 grabagailu txikia. Bere bateriatxoarekin, pilekin… 12 bat orduko autonomiagaz. Bertsoak osorik eta txukun txukun grabatu zituen.
Jon Martin eta Maialen Lujanbio zortziko txikian
[audio:http://larrabetzu.org/bloga/audio/btn09/bergara/bergara_lujanbio_martin.mp3]Gure copyleft pentsakera eta jarrerak, saioa bukatu eta atoan Bertsozale elkarteko lagunengana eroan gintuen. Xenpelar dokumentazio zentruari eskainiaz grabazioa. Bere horretan, asko eskertu zuten. Gu ere pozik. Deusen truk. Musutruk. Bertsoa norena da? Kantatu duenarena? Elkartearena? Grabatu duenarena…. guk uste, bertsozale, kulturzale eta euskaldun guztiona dela, ezta?
Biharamunean bertsook jarri zituzten Euskadi Irratian adibidez, baina aipamenik ez. Ez dute copyleft ulertu, ulertzen, ulertuko….. baina guk ere hobeto azaldu beharko diegu.
-
Ogi birrinak banatzen
Euskalduna naizen arren, enaiz langileak bota eta Azkue izeneko baten omenez montatu duten aurkezpen partyra joan. Egia esan, enau inork gonbidatu, eta enaiz gonbidatua sentitu.
Josune Ariztondo buru izan dezakeen ezein fundazio etzait erakargarria egiten, aitortzen dizuet aldez aurretik. Ondarroa herri euskalduna datorkit burura… bazterkeria bultzatzen duen agintari politikoak ez ditut laket. Edo Rekalde aretoa datorkit burura, eta autoritarismoz kargudunak kentzen dituen politikaria…
Azkue fundaziora batu dira botere faktikoak ere. Unibertsitate pribatu eta subentzionatuetakoak, Azkuna buru duen udala, Euskaltzaindia jainkotua…. eta ez ditut sobera maite, egiaren aitortzeko.
Eta er nahi duzue esatea? Wikipedia lagunduko dutela diotenean, ez diet sinesten. Bapez.
Orain arte ere wikipedia hor egon da, eta zer egin du UPVk, zer Euskaltzaindiak, zer Deustuko jesuitek, zer Azkunaren aginpekoek… zer Diputazioak?
Sarea josi gura lukete euskaraz. Ba nik ez diet sinesten.Zergatik ez daude Fundazioan euskalgintzako bestelako elkarteak? Akorduan daukat Topagunea adibidez -Bizkaian horrenbeste elkarte eta herri aldizkari batzen dituena-, AEK -euskaltegi sare interesgarriarekin-, Euskaldunon Egunkaria -eduki mordoa sortu ditzekena euskaraz-, EITB -euskarak munduan duen multimedia talde eraginkorrena- Hamaika telebista, Bizkaiko bertsozale elkartea, Athletic bera… nork erabakitzen du nor dagoen eta nor ez? Ba, Josune Ariztondok, argi eta garbi. Ezagutzen dugunok badakigu zelango den.
Sarea guai da. ONdo dago propagandarako. Behar da… eta horretarako dirutza bat bideratu dute. Dirutza itzela, (dagoeneko kendu dute saretik, zenbat milaka euro dituzten marketing eta publizitaterako soilik, gardentasunaren izenean). Dirutza itxura egiteko.
Eta egia da sareak behar dituela ekimenak. Baina sarea ezin daiteke goitik behera egin, wikipedia ez da goitik behera egiten, euskara ez da normalizatzen goitik behera….Gure lagunak han
Subentzioen politikaren menpe bizi direnak joan zaizkie Azkuerengana, ondo ari direla esaten, jarraituko dutela subentzioak banatzen, jasotzen; biziko direla elkarrekin, proiektuak partekatzen… baina ez dut politika horretan sinisten. Sentitzen dut.
Ez dut ogi birrinen politika honetan sinesten
Sarearekin baikorra naiz, euskararen etorkizuna begi onez ikusten dut, eta itxaropena jendearengan daukat. Ez fundazio, ez instituzio, ez pelotazo, eta pilotaka. Gutxiago euskararen izenean, ogi birrinak batu eta auzoko labeak ixten dituztenekin.
Erlea soilik paperean argitaratzen duenak ze itxaropen sortuko dit.
Bilboko euskarazko aldizkariei subentzioak murriztu eta euskara ikasteko gai ez den alkateak zer erakutsiko dit josteaz.
Artea zentsuratzen duenak zer horizontaltasunaz.
Eduki librerik sortzen ez duen unibertsitateak zer aipatuko jakintzaren sozializazioaz.
Azkue fundazioa, jeltzaleen azken inbentoa da. Hor irauteko, egiten ari direla sinestarazteko… baina ez digute ziririk sartuko. Eta jarraituko dugu lanean, sarean, diskriminazio barik, egiten, ekiten, sortzen, asmatzen, eragiten….
Ez dira kea saltzeko garaiak. -
Mundua ikusteko moduak ez dira aldatu, kontatzekoak bai ordea
Mundua aldatzen ari da, teknologiak ere bai, aldatu egin dute.
Paperezko egunkariek, aldizkariek krisia bizi dute, baita gurean ere. Eta egokitu beharra dago.
Gertutik ezagutzen dugu hori, eta erredakzio bilerak, finantziazio modu berrien bilkura bilakatzen dira.
Hala ere, ez da etsitzeko garaia, guztia berrasmatzen jardun behar dugun arren.
Gertukoa kontatzeko, jendearengana gehiago hurbildu beharra dago. Eta hori berez, ez da txarra.
Iazkoa da bideo hau, gure blogosferan be izan zuen harrera ona. Joxe Aranzabalek euskaratu, eta Josu Mendikutek azpitituluak jarri zizkion bideoari.
Gogoetarako aproposa da. Eta horretan murgildu beharra daukagu, paperarekin zeozelango harremana dugun guztiok.Aro digitala eta paperezko agerkariak
Eztabaida irekia da, partehartzailea. Eztabaida ona da. Kriterio ekonomikoak eta informatiboak uztartu behar dira. Euskarri digitalek bat egin behar dute erredakzioko bilerarekin. Papera ez dago soberan, etxera heltzen delako. Eta jendeak gozo irakurtzen du. Sarean ere egon beharra dago, eta azkar jokatu. Uztartu egin behar dira, eta horretan asmatu beharra dago. Behar dugu. Ez, saiatu barik.