musika

entzun!

  • i+g,  musika

    irratia.com zuzenean Bilbotik

    Gaurko kontzertua zuzenean ari gara eskaintzen Bilboko kafe antzokitik.

    Horretarako lostinbilbao.tv lagunak hemen daude, eta kamarato bategaz, eta Jotak eskaintzen digu soinuarekin, mundu osora ari gara eskaintzen kontzertua.

    Blogean be ikusi dezakezue, zuzenean. Aupa Ruben, Jabi, Ibon, Jota, Lauroba, Marino, Gotzon, Kerobia…. biba zuek!

  • musika,  teknologia berriak

    irratia.com Kerobia eta Lauroba Bilbon

    irratia.com Entzuleak batzea dugu helburu. Astetik astera gure podcast saioak entzuten dituztenak gonbidatuz. Gure irratsaioa Internetetik entzuten dutenekin batuz, aurpegia jarriz ahotsari, entzumenari.

    Partehartzea esaten dugu, baina irratia egiten duenarentzat itzela da entzulearekin egon ahal izana. Esaten duguna, egiten duguna, jartzen dugun musika entzuleari zuzendua dago. Elkarrizketak, albisteak, gaiak, aipamenak eskaintzen ditugu, musikarekin tartekatuz.

    Eta guk jaitxo/kontzertu bat egin asmo dugu. Kerobia eta Lauroba gonbidatu ditugu gurera, Bilbora. Kerobia taldeak arrakasta itzela izan du, sarean bezala kalean ere. Eta beraiekin batera ospatu gura dugu guzti hau. Eta Lauroba talde berriagoa da, diskoa kaleratuko dute udazkenean, eta agian entzutetsuagoak izango dira gero, baina guri hori ere gustatzen zaigu. Musikaren giro underground horretan murgiltzea. Eta Euskal Herrian zer egiten den jakitea. Jendeari erakustea. Marino Goñik proposatu zigun talde hori, eta Marinok, ojo, begi ona izan du beti. 25 urte daramatza musikagintzan eta Kerobiari ere begia joko zion inoiz, lehenago beste hamaika talde fitxatu dituen moduan.

    Ikasturtea amaitzen
    Ikasturtea amaitzen joateko aitzakia da. Hurrengo urteko planak zehazten joateko. Entzuleekin partekatzeko. Ideia berriak jaso eta gure buruetan daudenak kontrastatzeko. Eta euki baditugu zenbait asmo. Bertsio berriak, ikasturteko. Aurrera goazen seinale. 8 urte daramatzagu irratigintza, teknologia berriak eta musika uztartzen. Eta pozik gaude. Oso. Eta oraindik gauza asko ditugu ikasteko, egiteko, garatzeko.

    Bideoa zuzenean
    Lostinbilbao.tv ko lagunak gurekin izango dira. Eta kontzertua ere zuzenean eskainiko dugu sarean. Gure blogetan, irratia.com gunean zuzenean ikusiko duzue. Beraz, lasai, munduaren beste puntan baldin bazaudete ere, irratia.com proiektu globala da. Euskalduna baina mundu osoari eskainia. Aprobetxatuko dugu irratiari buruzko erreportaia bat egiteko. Taldeak elkarrizketatzeko, ikusentzunezkoen munduan gure jakinmina asetzeko.

    Gogoan hartu beraz. Ekainak 12 (osteguna) Bilboko kafe antzokian.
    gonbidapen mezua info7 irratian:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/06/20080610_1138.mp3]

  • larrabetzutik,  musika,  teknologia berriak

    bart gose, gaur ase


    Asteburu intentsoa izan da hau. Pettirekin hasi ginen barikuan, eta jendea pozik. Kalean, ilargipean eta eskailera batzuk anfiteatro moduan baliatuta.
    Zapatuan basquecamp, 30 lagun baino gehiago eta 15 hitzalditik gora. Giro ona, eta asmo berri ugari. Asko ikasi genuen danok.
    Domekan larrabetzu 2.0 ekimenen barruan GOSE Arrasateko taldearen kontzertua gaztetxean. Irudietan ikusiko duzuen lez, adin guztietako lagunak HORi BAi gaztetxean. Gose izugarri ondo.
    Gero gehiago.
    basquecamp, kronika Sustatu eta larrabetzu.org
    Bideoak eta argazkiak, Iñigo Urkulurenak dira.

  • musika

    Iron & Maider

    Xiberuako tradizioa metal ukituekin. Zinez gustagarria. Iaz EHZ festibalean ezagutu genituen, eta Kanaldude Baxe Nafarroakoa herri telebistan topatu dugu bideo hau. Xiberuako dantzak, hango jantziak, heavy metal musikarekin, rockarekilan uztartzen dute. Maisu dira langintza horretan.

    Ezagutu gura badituzue: hemen Iron eta Maider.

  • literatura,  musika

    Itoiz zenbat urte

    Egunotan Itoiz dabil inguruan. Atzo artikulu polita idatzi zuen Anartzek GARA egunkarian Itoizen lehenengo diskoaren inguruan, 30 urte joan dira Donibane Lohitzuneko estudioan grabatzera sartu zirenetik.
    itoiz
    Asteon bukatu dut Zulo bat uretan nobela be, Itoizko urtegiak urez estali behar dituen herrietan kokatzen den liburu irakurgarria. Zenbait egunez, erabat harrapatuta izan nauen Inigo Aranbarriren lana.
    Itoizen doinuak, Artozkin emandako egunak… danak datozkit burura, tupustean…

    artozki
    Entzun eta irakurri, kultura. Garena eta izan garena, gogoratzen duguna eta gogoan duguna. Historiaren zabortegia. Oroimena.

  • info 7,  musika,  teknologia berriak

    kerobia

    info7 irratia
    Info7 irratiko Talaiatik tartean Kerobiaren doinuak entzun ditugu. Libre banatzeko kantuak dira, beraien Materia organikoa eta gainerakoak azken diskokoak. Egia esan, aspaldi honetan oso Kerobiazalea bilakatu naiz. Lehen ere gustuko nituen, baina gutxiago entzungo nituen ziurrenik. Jarrera argia erakutsi dute, harremana euki dugu azken asteotan, eta asko gustatzen ari zaizkit.

    I like it. laket ditut. Gustuko ditut, laket zaizkit. Eta horrela nabarmendu dut Info7ko irrati kolaborazioan.

    Entzun gura baduzue:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/05/20080513_939.mp3]
    kerobia.com

    Azken laneko bideoklipa ere ederra egin du Lohitzune errealizadoreak. Ez da ohikoa horrelako lanik ikustea gure musikarien artean. Zinematik badu, argiztapena itzela, gidoia oso ona eta musikariak instrumentu barik agertzen dira. Biba zuek! Youtube garaian, bideo txar asko ikustera behartuak gaude, txispa dutelako, mezua garrantzitsua delako, edo auskalo zergatik, oraingo hau, ikusteko modukoa dela iruditzen zait.

    Hilabete bakarrean 3.500 bisita baino gehiago izan ditu lanak, ez da broma! Eta lana zelan grabatu zuten ikusteko, making off berezia paratu dute beraien kanalean, minutu bateko lana.

    A ze jendetza behar den, horrelako lan baten egiteko.

    120 ordu libre


    irratia.com Tira, kontua da irratia.com emankizunean ere, elkarrizketa egin genuela beraiekin, musikaz, diskoaz, bideoaz.. gauza askotaz mintzatu ginen. Aurretik Ruper Ordorika elkarrizketatu genuen -Zugarramurdin zen mugalaria- eta Kerobiarrak, Iruñeatik irratia.com entzun zuenez, Ruperrek errandakoak aipatu zituen, interakzioa.
    Horrenbeste gustatuta, orain kontzertua ere antolatu dugu Kerobiarekin. Datorren ekainaren 12an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta eskenatokia partekatuko dute Donostiako Lauroba talderarekin. Guk entzuleak batu gura ditugu ostegun horretan, ikasturteaz mintzatu, gaiak proposatzeko aukera eskaini, kritikak jaso, eta proiektu berrien barri eman, ahal bada. Aste horretan bertan, gauzak ondo doazela, 120. saioa eginda izango dugu Bilbo Hiria irratian. 120 ordu musika eta eduki libreak sortzen eta entzuten.
    Beraz, badakizue; gonbidatuta zaudete. #e12

  • agit/prop,  musika

    Gelditu AHT!

    AHT gelditu ez dago geldi egoteko. GeldiTour abiatzekotan den honetan, Fermin Muguruzaren kantu bat ere aurkeztu berri dute.


    Orain Facebook eta twitter sare sozialetatik kantuaren maketa banatzeari ekin diogu. Uste dut modu guztiak direla zilegi, kantua, mezua hedatu beharra dagoelako. Musikazaletasunagatik ez bada, abiadura handiko trenaren kontra egoteko bestelako arrazoiak ere badirelako.
    Egunero egunero egiten dut balizko tren horrek egin behar duen ibilbidea, eta hori guztiori suntsitu behar dutela pentsatzeak, hotzikara eragiten dit gorputzean, zinez.
    Gurago kantatu, dantzatu eta trena gelditu.

  • musika

    josetxo anitua joan zaigu

    josetxo anituaBilbo ilunago esnatu da gaur. musikazale, rockero, antzokiko lagunak, loreak mendian dendako erosleak, disko jartzailearen doinuetara dantzan egindako horrenbeste belaunaldi… triste gaude.

    josetxo anituak agur esan digu.

    musikari handi bat galdu dugu. musikazale petoa joan da. ez adiorik josetxo.

    Bitartean, cancer moon taldearen kantuak entzun, athom rumbarekin grabatutako disko hori berriro jarri eta kafe antzokian dantzan egin beharko dugu, gora begira… diskoen kabinara. hutsunea binilozko diskoen zulo handi bat izango da.

    ARGIA aldizkarian elkarrizketa polita egin zion behinola fermin etxegoien kazetari eta lagunak.

  • info 7,  larrabetzutik,  musika,  pasahitza

    gora gtg eta beste asko

    info7 irratiaBadira zenbait egun, Gu ta gutarrak taldea gurean egon zela. Gaztetxean. Jende mordoa ikusten. Gozatzen. Bertsolaritzaren bide berrietan Unai Elortza eta Igor Iturriagak zeresan asko daukate, zer kantatu gehiago. Disko polita plazaratu zuten iaz, eta urte borobila egin dute eskenatokietatik zehar. Urte hauetan -Korrika kulturaleko proiektu izan ziren, besteak beste- gaztetxe oso gutxitan egon direla aitortuta, pasadan barikuko saioa berezia izango zen beraientzat ere. Bertso plaza bihurtuta genuen aspaldian gaztetxea, baina Gu ta gutarrak bezalakoak ikusteko be, aproposa.

    gtg lararbetzuko gaztetxeanSaioko argazkiak, grabazioak, bideoak sarean daude. gtg blogean bezala, larrabetzu.org gunean ere. Aukera asko eskaintzen dizkigu kulturzaleoi Internetek. Bideoak, audioak, argazkiak, testuak… oso modu errezean jarri ditzakegu sarean, eta herritarrekin, zaletuekin konpartituz. Eta iritziak emon, loturak trukatu, harremana sendotu. Eta gozatu. Saioaz beste behin gozatu. Bapatekoa dena, iraunkortuz. Bertsoak landu, zaletasuna zabaldu.

    Niri gtg fenomenoak ematen dit zer pentsatua. Eta iragan martitzenean, halan egin nuen Info7 irratirako asteroko tartean.
    gtg info7 irratian:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/04/20080415_763.mp3]

  • musika

    Zerura begira Fermin Muguruzarekin

    Mirant al cel filmea ikusten izan naiz goizean. Astearte goiza, Capitol zinemetan, pase berezia. 1938ko martxoaren 17an Bartzelona bonbardatu zuten Francoren agindupeko hegazkin faxista italiarrek.
    Hiru egun etengabe izan ziren, zerutik bonbak jaurtitzen hegazkin faxistak, eta hiria setiatuta zerura begira.

    mirant al celGernika ondo gogoan dugu euskaldunok, baina Bartzelonakoa hiri haundi bat bonbardatzen zuten lehen aldia zen Europan. Itzela izan zen. Eta orduko irudiez gain, bizirik ateratako asko eta askok berba egiten dute dokumentala eta fikzioa lantzen duten filme eder honetan.

    Fermin Muguruzaren doinuak
    Jesus Garayk zuzendutako filmerako, Fermin Muguruzak soinu banda atondu du. Bere estiloaren zigilua badarama ere, bere ohiko instrumentuak, celloa eta biolinarekin nahastu ditu oraingoan. Tentsiodun filmea izanik, ondo lortu du tentsio hori musikarekin uztartzea. Hala ere, bere azken lanetako baseak ageri dira, ukitu elektroniko batzuk, baxu grabeak, kitarra ezberdinak (Benas, Papuchi eta baita Txap Lisabökoa ere). Hasperena kantuaren melodiak erakarri gaitu gehien.

    Pelikula ikusten nuen ahala, gogoeta ugari etorri zaizkit. Pentsamenduak memoria historikoari buruz, faxismoaren kontra altxatu ziren militante eta bolondres errepublikarren aldeko bihozkadak izan ditut, Bartzelonan umeek bizi izan zuten garaia, irratiak izan zuen paper garrantzitsua abisuak emateko orduan, egin zituzten gordelekuak, errepublikar antifaxisten lana hegazkin faxistak botatzeko ahalegin nekaezinean…

    Filmeak merezi du. Fikzioa lantzeko modu bitxiak erakutsi ditu zuzendariak. Atal dokumentala ere ederra da. Bien uztarketa ondo gauzatu duelakoan nago.

    informazio gehiago: negugorriak.netÂ