hurrengo geltokia

gogoetak, joan etorriko bidaiak

  • agit/prop,  albisteak 2.0,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Txinaurri lana

    euskal kultura gaur, eta bihar

    Argazkiak.org | Liburu eta diskoak, euskarazko edukiak © cc-by-sa: gaztelumendi

    Durangoko azoka hasten da gaur. Urteroko zita, aspalditik. Euskal kulturgintzan, sorkuntza diharduenarentzat garrantzitsua. Sosak batetik, eta topagunea bestetik. Urteko balantzea, eta urteko uzta. Merkatua da Durango. Eta merkatua ere elkarrizketak dira… ezta?
    Euskarazko kultura, sorkuntza maite ditugunok badakigu ze garrantzia duten horrelako uneek, guneek. Eta gurean, sorkuntzaren adierazpenari dagokionez, garrantzitsua da, urte osoko, eta batez ere udazkeneko guztia ikustarazten baita bertan. Euskarazkoa eta bestelakoa ere.

    euskal kultura eta sarea
    txinaurri lana


    Iñaki Perurena eta
    Zuzeu Komunitatea


    Argazkiak.org | Iñaki Perurena eta ZuZeu komunitatea, biba zuek! © cc-by-sa: gaztelumendi
    Abenduak 6, arratsaldeko 18:00etan, Durangoko Plateruenan, zita bat daukagu Iñaki Perurenarekin. Zuzeu komunitate osoa dago gonbidatua bertara: sortzaile, erredaktore, kolaboratzaile, partehartzaile, irakurle… eta zu zeu!

    lip dub Euskal Herrian
    beste zita bat
    Azkenik, abenduaren 6a, egun berdetzat deitu du Independentistak sareak. Eta besteak beste, egun horretan Independentziaren aldeko lip dub koloretsua ere grabatuko da Durangon.
    #independentzia

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    #Azkuefacts

    Waka waka! ari gara aste honetan sarean. Ezin errazago jarri digute Azkue fundaziokoek. Egia esan, ez dakigu zertan ari diren… baina barregura ematen digu batzutan, pena bestetan, amorrua be bai, lantzean behin. Milioiak eta milioiak ari dira eskuratzen instituzio publikoetatik euskara sarea josteko, eta azkenean besteok ari gara euren kontura, sarea euskara, umorez eta alegrantziaz betetzen.

    Aurreko baten, gauerdian facebooken argazki hau ikusi ostean, hau idaztea otu zitzaidan. Eta jendeak umorez ere, hartu duenez…

      Azkue fundazioa, waka waka

    • … #azkuefacts ezberdinak idazteari ekin zion. Aurretik Patxi Lopezen aipamen leloekin egin izan den moduan, umoretsu, alai… eta kritika kutsuarekin. Sareko logikan eta hizkuntza. Eta labur.
    • Eta horrez gain, jendeak, modu espontaneoan gauza gehiago idatzi ditu, bai Zuzeun, bai Facebook eta twitter sare sozialetan… ikusgai daude sarean.
    • Baten batek gainera, joko bat ere ekarri du pantaila aurrera. Waka waka doinuarekin, makinetara jolasteko moduan. Libre, doan, alai eta… gustagarri. Frogatu dozu? ba wakatu enter!

    waka waka joko librea

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Kode etikoa

    Oiartzungo udalak, ezker abertzalea eta EAren sustenguarekin adostu berri duena.
    Larrabetzun be, eta zoritxarrez, beste leku askotan horrelakoak planteatu beharko genituzke.

    Larrabetzun, gaur pleno berezi bat dago, Alkatearen dimisioa azken puntu moduan jorratuko duena. Kontuan izan, egungo alkatea Tomas Ordeñana (PNV) minorian ari dela gobernatzen 4 zinegotzigaz. Ezker abertzaleak beste 4 zinegotzi ditu eta bakarra Ezker Batuak eta Aralarrek aurkeztutako denon artean hautagaitzak.

    Kode Etikoa, 10 puntuko dekalogoa

    Kode Etikoa dekalogo gisa planteatuta dago. Hona hemen ideia nagusiak:

    1. Kontratazio administratiboaren legea zorrotz betetzea.
    2. Organo ezberdinen eskumenak errespetatzea eta legez aurreikusitako prozedurei arreta jartzea.
    3. Idazkaritzan egindako kontrataziorako protokoloa betetzea.
    4. Ezin izango dira Udaleko espediente originalak hartu eta eraman (Udaletik atera). Espediente guztiak eskuragarri izango dituzte hautetsiek. Nahi adina kopia atera ahalko dira, baina originalak Udal gordailuan egongo dira.
    5. Alkateak ordezkaritzarako eta protokolorako gastu partida propioa izango du. Gastuak soilik Udalarekin zerikusi zuzena dutenak izango dira. Partida arduraz eta proportzionaltasunez kudeatuko du alkateak. Onartezinak dira luxuzkoak kontsidera daitezkeen gastu guztiak.
    6. Alkateak hilero ordezkaritza eta protokolo gastuen berri emango du Ogasun Batzordean. Beharrezko frogagiriak eta bestelakoak aurkeztuko ditu.
    7. Zinegotziek karguaren egikaritzan izandako gastuak kobratu ahal izango dituzte. Horretarako beharrezkoa izango da kontu-hartzailearen aurrean frogagiriak eta bestelakoak aurkeztea. Gastu horiek Ogasun Batzordetik hilean behin pasatuko dira.
    8. Hilabeteko ohiko udalbatzarrean hilabetean zehar alkateak eta zinegotziek izandako gastuen berri emango dute.
    9. Alkateak ordezkaritza eta protokolo gastuetarako Visa txartel bat edukiko du. Txartel hori kasu jakin batzuetara bideratuta egongo da (udalerritik kanpoko bidaiak, autoritateekin bilerak edo ekitaldiak daudenean…). Txartelaren kontrola kontu-hartzaileak egingo du. Alkateak berari eskatu beharko dio, behar duenean.
    10. Ondoren adierazten den filosofiaren arabera jardungo dute alkateak eta zinegotziek: agindutako funtzioak eskumenen arabera betetzea; autoritatearen erabilera desegokia saihestea; ardurak bere gain hartzea; lanaren plangintza eta antolamendua eraginkortasuna bilatuz burutzea; ardura gardentasun handienarekin betetzea; pribilegiozko informazioa erabiliz eragiketarik ez burutzea; konfidentzialtasun printzipioa errespetatzea…

    Oiartzungo Hitzan argitaratu, eta gaztelumendi.org honetan publikatutako kodea da hau. 

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Normalite!

    Badut lagun bat, nire izen berekoa. Gero eta gehiago maite dudana.
    Berak ere, badu pertsonaia bat, gure izen berekoa, nahiz eta Napoleon deitzen dion.

    Napoleon Berrian, bertsogintza

    Ze eragin izango du gure giroak, kulturgintzaren trasmisioak, euskal….. aurrizkia duen jario osoak, Napoleon bera ere bertsotan jarri duela gure lagun honek. Eta gu, zelan ez, bibaka eta txaloka.
    [audio:http://zaldieroa.com/BLOGA/normalitatea.mp3]
    Napoleoni? Agian hori ere bai… gu barrezka jartzeko gauza bada, gora napoleon!

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Otegi eta Anoeta

    Egunotan Madrilen dago arreta.
    Madrilen Anoeta.
    Jendetza eta mezu trukaketa belodromoan.
    Bakea euren asmoan.
    Belodromoa beteta
    Anoeta gogoan
    Hasi da epaiketa
    poliziaren salaketa
    herriaren errieta
    Hitza kendu digute, baina geroan
    zerbait sortuko den esperoan
    jarriko dugu arreta
    ez gaudelako erreta
    Bakea eta askatasunaren beroan
    ospatuko dugu eta

    Arnaldo Otegi, Joseba Alvarez eta Joseba Permach dira epaituen aulkian jezarritakoak. Anoetako proposamena delitua. Bake proposamen bat, mundu guztiak aintzat hartu zuen bi karrilen diskurtso eraberritua. Negoziazio bideei ekiteko ibilbide berri bat. Ezker abertzaleak ontzat hartu, eta besteek ere onartu zutena. Bake asmoak eurak dira delitu antza, beste zenbait mozorropean.

    Arnaldo Otegik kartzelan jarraitzen du. Negoziazio prozesuetan burubelarri murgilduta egon den ezker abertzaleko liderra. Orain herria, orain bakea proposamena Gasteizko legebiltzarrean jaurti zuen liderra, Ibarretxeren planari baiezkoa eman zion politikari abila. Mila eta bat bihotz taupadaka jarri dituen militante abertzalea. Espetxea behin eta berriz ezagutu dituen preso politikoa. Herri honen esperantza dena gaur egun. Nelson Mandela gazte eta jantzi bat.

    Arnaldo Otegiren askatasunaren alde diharduenak, ez du Arnaldo Otegi soilik askatzerik nahi, eskatzen… gehiago eskatzen du. Baina une honetan, Otegik askoz ere gehiago batzen du bere baitan. Hitza, Anoeta, proposamenak, kartzela, prozesuak, bakea, bide politikoa, urratsak batzen ditu Arnaldo Otegiren figurak, itzalak. Zorionez.

    Epaiketa digitala ere bada
    Arretaz jarraituko dugu prentsan eta sarean Anoetako epaiketa. Otegi eta Anoeta. Azala eta mamia. Epaitua eta epaiketa. Bi etiketa. #otegi eta #anoeta Eta mundu guztian ari da zabaltzen, Interneti esker, hedabideetako profesional askori esker, jendearen mezueengatik, arretagatik… eta poztekoa da hori.


    Anoetako proposamena biltzen duen bideoa.

    bideoak.ezkerabertzalea.info

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Zaharrak berri

    Gustatzen zait, domeketan egunkariak erostea. Kafea hartu, etxeko gosarirako okindegitik pasatzea, gauzak komentatzea, jendearen planak zein diren ikustea. Domeka euritsuetan Internetetik jendeak zer dioen irakurtzea. Eta astelehenean, Mikel Elorzak domekarako idatzitakoak irakurri ohi ditut, kioskoetako futbol agerkariak ez ditudalako atsegin astelehenez.

    Joan naiz gaur ere kioskora, estankora. Hartu dut bat, bilatu dut bestea. Eta berriarik ez salgai goizeko 9etan, saldu omen dira ekarri dituzten hirurak. Besteak harpidedunetzat omen, eta hoiek gaur ez daude salgai, goizeko 9etan bederen, geroago egoten dira batzuk, errebentan. 3 egunkari Larrabetzun?

    Edo harpideduna zara edo ez duzu Berria irakurtzen ahal. Internetetik edo tabernan jarraitu behar, alegia, gehienek bezala. Krisia? Garestiago omen da deboluzioa esango dizute… Gogoan dut guren 9 Egunkaria saltzen ziren garaia, nirea zen bat, nahiz eta gero lantokira, Egunkariara, joaten nintzen… baina autobusean irakurtzea gurago izaten nuen, bezperakoa irakurtzea… 9 ginen. Taberna bakarrak hartzen zuen, Aretxabalak.

    Gauzak aldatu dira zorionez, gehiago gara. Taberna ia denetan dago Berria gaur egun, harpidedunak ere baditu, Egunkaria itxi ostekoak denak, baina ezinezko da kioskoan egunkaria erostea. 3 salduak goizeko 9etarako. Saldoka zeuden Correo eta Gara, Larrabetzun gehien saltzen diren biak. Eta asko saltzen dira biak ere. Gara eta Zazpika hartu ditut, GOSEren elkarrizketa luzeak eta argazkiek erakarrita.

    Eta El Pais ere hartu dut, igandea izanik, gastatuko nituen beste bi euro. Eta berria, kafea hartutakoan ikusi dut, tabernan, lagun baten egunkaria. Pais utzi diot eta Berria laga dit berak.

    Eta El Paisen badakizue, GALeko senor X famatuak, sekulakoak eta bi bota ditu. Demokrazia txo! zaharrak berri.
    Gaurko berria, kiosko.net
    Irakurri barik, idatzi egin dut orain. Kroasan bat eta kafe apurtxo bat gero. Eta berriketan jarraitu beharko, etxean edo kalean. Baina gaur ez da giro.

  • albisteak 2.0,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Bideojokoak aitite amonen kontuak direla?

    Zur eta lur geratu nintzen, Aiora Kintana adiskideak esandakoak entzuterakoan. Belaunaldi berriekin jokoan, gusturen karta joko, bingo eta bestelako jolasetan ibilitako aiton/amonak direla ez digu esan ba?!
    Bideojokoen ikuspegi hezitzailea, kolaboratiboa, gorputza lantzen duten joera berriak (wii eta horrelakoak), interakzioa, pentsamendua lantzekoak… mundu bat dago eremu horretan. Eta ni, barka, ezjakina naiz.

    [ Txikitan horrelakoekin zaletasunik ez -makinetarako txanponak be urri poltsikoetan-, ordenadore kontuetan berandu hasitakoa, lehen ordenadorean 1996an izan nuen niretzat, aurretik gaztetxerako hartu genuen bat, unibertsitatean irakasleen bulegoetan egiten genituen autoediziozko kartelak… eta jokoei ez diet batere jaramonik egin inoiz. ]

    Aste honetako telebista saioa prestatzen ordea, zeozer irakurri, ikusi eta murgiltzeko aukera izan dut. Jolasteko betarik ez dut hartu. Baina badago egon, mundu ikaragarri bat atzean. Softwarea, diseinua, interakzioa, ekonomia berri bat, lehiaketak, topaketak, garapenak, aplikazioak… eta gure inguruan ere jende ugari dabil langintza hoietan. Gehienak oso gazteak, baina era berean oso trebeak.

    Belaunaldi berriagoek, aisialdian garrantzia handia ematen diete horrelako joko eta trikimailu digitalei. Harremanak, jolas kolektiboak, topaketa fisikoak ere bultzatzen dituzte… eta mundu horri so geratuko naiz bide batez.

    Gogoeta bat, zer pentsatua ematen du gai honek. Horretan gaudela, hurrengo geltokia zein den pentsatzen hasi beharko gara. Asko egunotan BECen izango dute geldialdia.

  • albisteak 2.0,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    Lanez lepo

    work in progress

    Gertatzen da, eta batez ere ikasturte hasiera hauetan. Ekin beharra dago, zeregin ezberdinei eutsi, eta berrietarako gogoa be pizten da sasihasiera hauetan. Eta horrela gabiltza. Batean eta bestean. Neurria eman nahi, baina pasatu barik.
    Ikasturtearen hasierak baditu gauza onak, planak burutzea, egitasmoak fintzea, eginbeharrak zehaztea…. baina hasiera fasean, denak batera abiatu behar direnean, elkar ere jo dezakete. Denbora ordenatu, pausatu, ikusi, aztertu eta ekitea da ziurrenik aproposena.

    work in progress
    Eta horrelakoetan, blogak ez du izaten lehentasunik. Konturatuta nago, zenbat eta denbora libre gutxiago, blogak nabaritzen duela gehien. Lana dela, ardurak direla, proiektuak… hau eta beste, Interneteko proiektuetan eman arren denbora, azkenean blog pertsonala ateratzen dela galtzaile. Horregatik dute, hain zuen, horrenbeste arrakasta sare sozialak, mikroguneek eta ostantzekoek. Denbora gutxi eskatu arren, besteen arreta azkar bereganatzen dute.

    • Baina sareotan, ikusten eta irakurtzen ematen dugun denbora, sarean sortzen emango bagenu?
    • Zelan uztartu, neurri txikia eta ertaina? Zer esanik ez, luzera handiko artikulugintza, ponentziak, hitzaldiak prestatu behar izan ezkero
    • Denbora eta espazioa, dedikazioa eta ardura. Proiektu kolektiboak eta pertsonalak, hor dago koxka.

    Aurrera goaz hala ere, irakurleek honezkero badakite/badakizue hemen ez bada, nondik nabilen, zertan nabilen… ezta?

    Astea programatzen duzu, eta astean zenbat aldiz daukagu horrelakoei ekiteko astia? Gauari zenbat kenduko diogu? Lagunei? Etxekoei? Ahal dala, ahalik eta gitxien.

    Eta twitter bidez, edo facebooken, telebista programan edo irratietako tarteetan harrapatuko duzue hemen gutxiago ageri den hau. Gainera unibertsitatean Euskal kulturgintzaren gaineko ikastaroetan murgilduta eta asteburuetan Literatura Eskolako dinamikari berriz heldu nahian…  gaztelumendi.org proiektuan hoien berri ematearekin, nahikoa eta lar.

    Albisteak 2.0

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Eskubide guztien aldeko kaleak

    Atzo, Bilbon burura etorri zitzaidan lehen ideia irailaren 11koa izan zen. Egun horretan urduri eta temati jarri ziren guztiek, ea lasaiago egin duten lo. Manifestazioa egin egin behar zela ziotenek, ea manifestazio handiagoa -hagitzez luzeagoa eta jendetsuagoa gainera- egitearekin pozik diren.
    Urduri zeuden ere Ares, Rubalcaba eta ultraeskuindarrak ere, ez zuten asteon atsedenik hartuko. Irailaren 11an egingo genuena baino handiagoa eta ozenagoa izan da gure aldarria. Tartean, asteotan gainera, ekimen gehiago izan direnez, norabidea hobetu zehaztu du bideak berak.
    zuzeu.com eskubide zibil eta politikoak

    argazkia: cc joseba barrentxea / zuzeu.com

    Mugimendu berriago bat abian
    Irailaren 11akoa prestatzen orduak eta orduak eman zituzten batzuk. Eta uda osoan prestatzen eta hedatzen aritu ziren adierazi EH ekimenekoak. Eta ETAren iraila hasierako komunikatuaren ostean, aste bakar batera, kaleetan agertuko litzateke egoera berriaren inguruko kezka. Eta horrek urduritu egin zituen Madrileko agintariak, eta Ertzaintzak -Barne Sailak- txostenak igorri zituen. Eta Adierazi EH ekimenean, gogotsu lanean ari diren ezker abertzaleko kideen kontrako auto judiziala abiatu zuten Madriletik. Eta debekuaren ostean, politikariek hartu zuten hitza, eta asmoa. Baina hori ere galarazi egin zuten.

    Adierazi EHkoek, zein orduko deitzaileek, burua hotz eta egunean bertan, bertan behera utzi zuten manifestazio deialdia. Eskariak jarraitzen zuen. Eta handiago bat etorri da. Eta Adierazi EH biziago, indartsuago atera da mugimendu honetatik. Inteligentziaz jokatu du, eta irabazi egin du. Mugimendu horren muina Bilboko kaleetan ikusi da. Bere esparrua zein duen agertu dute milaka eta milaka lagunek. Eta horri erantzun beharko dio orain. Ezker abertzalearen estrategiak, jende gehiagoren nahiarekin egin du bat. Eta orain herri baten estrategia behar du izan, eskubide guztien alde. Eta hor lana dago. Ikaragarria.

    Manifestazioa egin egin da. Mugimenduak abiatu beharra du. Irailaren 11an, goizean goizetik, erreflexiboena GARA egunkariaren editoriala izan zen. Eta denborarekin, arrazoia ere eman diogu.

    Pozik itzuli nintzen etxera. Pozik egiten ari gara bidea. Jendea gehitzen ari da eskariotara, eta bideak aurrera egingo du. Izango dira trabak, atxiloketa gehiago, borondate eskaseko uneak, baina bideak beharko du egin aurrerago. Helmuga badakizu zein den, eta ez gara nekatuko. Esaten, adierazten, idazten, eskatzen, salatzen, kantatzen…. Euskal Herria.

  • agit/prop,  albisteak 2.0,  hurrengo geltokia

    munduko herri bat

    Denboraldi berriari ekin diogu albisteak 2.0 saioan ere.

    Hasi… Lost edo beste horrelako telesailen bat eman dezakeen fikzioarekin hasi dugu… aurreko denboraldietako irudi edo eszenak izango balira bezala. Gero, programak bere ohiko bidea hartzen du. Interneteko nabigazioak eskaini beharrean, bideoak dira nagusi oraingoan.
    Hasi gara, eta pozik gaude horrekin.