hurrengo geltokia

gogoetak, joan etorriko bidaiak

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Tumatxa hi!

    Elhuyar hiztegiaEarra hizkuntzak jakitea! bota digu Alkainek. Eta joan gara megadendara, eta han, aurre aurrean, apala bete hiztegi. Mordoa. A lot. Hartu duzu bat, eta boltsikoan sartuta eroan. Boltsikoan eskua sartu, 20 euro baino gehiago atara… eta etxera poz pozik. Happy!

    Asteon hasi naiz ingelesarekin berriro, Larrabetzuko Ikasgela akademian. Atariko froga pasatu edo, eta goiko mailan jarri naute -bi maila baino ez dagoz eta!-. Gaur hiztegi barriagaz pozik joango naz ariketak egitera.

    Ea laster, ea ingelesezko blog bat be egiteko astia hartu eta aurrera ataratzeko gai naizen. About Larrabetzu, Basque Country, our music, literature and other subjets.

    Spota ere
    , elegantea egin dute. Flash lotura bat da. Norbaitek EuskalTubera igo duenez, hona ekarri dut.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Josu Jon Imaz

    Atzo, gaur eta bihar.

    Atzo.

    EGIko buruzagi bezala ezagutu zuten lagunak ditut. Urkullu etta bera antzeko garaikoak dira. Eta Asier Atutxa. Alegia, jubeniletan batera lehiatu zirela. Primeran ere aurrez aurre egotea tokatuko zitzaien. Eta partida amaitu barik dago oraindik.

    Gaur

    Gaur arte EBBko buru izan da. Lau urte eman ditu EAJ PNVko zuzendaritzako buru. PNVren azken bide honen gidaria izan da. Atzetik izan ditu sektore espainolistenak. Marioneta gisa ikusten nuen, eta badirudi sektore horren esanetara ez dela hain gustura egon. Lehia handia izan zen duela lau urte, eta Egibarri ozta ozta kendu zion lidergoa. Lehiak jarraitu du, ezpatak zorrotz egon dira. Internet da lekuko. Eta uztea erabaki du, utzi egingo du. Gaztelaniaz idatzitako agurra lekuko. Guztiok irakurri dugu.

    Bihar

    EAJ PNVk ponentzia berria du eztabaidagai. Ponentzia horrek ere zerikusia izango du. Egibarrek hor irabazi egin dio. Ibarretxek ere. Eta agurraren gidoia izan zitekeen. Baina hala ere, Imazen sektoreak agintzen jarraituko duela pentsatzen duenetakoa naiz. Nire ustez, Egibar ere ez da aurkeztuko. Urkullu ikusten dut -Imaztarra nolabait esatearren- EBBko buru. Ponentzia Egibarren eskutik, eta agintea Urkulluk. Eta bakea.

    Egibar zuhurtziaz jokatzen ari da. Ez dauka presa handirik. Etapa bat egin du. Etapa gogorra izan da, baina irabazi egin duela dirudi. EBBko buruzagitza eskuratu barik ere, EBBn jarraituko du Gipuzkoako Buru Batzarraren ordezkari. Eta politika egiten jarraituko du, asteleheneroko Sabin Etxeako bileratik. Eta Gipuzkoatik.

    Baina EAJ PNV-k aurrerantzean zer egingo duen jakiteke dago?

    • 80 orrialdeko ponentzia horrek, ekarriko al du jarrera soberanistarik?
    • Independentziaren aldeko hauturik izango du EBB berriak?
    • Espainarekiko jarrera aldatuko al da?
    • Imazek ordezkatzen duen sektoreak ze jokaldi dauka prestatuta?
    • PSOErekiko harremana zertan da aurrerantzean?
    • Ezker abertzalearekiko jarrera zertan da?
    • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaz haratagoko Euskal Herriaz zer dio EAJ PNV-k?

    Aitor dizuet, gutxi ezagutzen dut PNV. Bere zuzendaritza aldaketak ez du gauza berririk ekarriko nire ustez. Eta liderra galtzeak ez nau gehiegi kezkatu. Ez du taila eman, ez besterik.

    Bitartean, Euskal Herriaren aldeko gainontzeko militanteek bere bidean jarraitu beharko dute, normalizazio politikoaren alde, prozesu demokratiko baten alde, autodeterminazioaren alde, bakearen alde… eta hor jende askorentzako lekua dago. Zain gaude.

    Etorkizunaren aldeko erronkak. Izenburua asko gustatu zait.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    Lasaitasuna behar nuen

    Azken asteak zoratzekoak izan dira. Lana(k), auzolana(k), kanpaina, prentsa, urduritasuna, eguraldia, giroa… eta atsedena behar nuen, erritmoa egokitu. Lasaitu. Atsedena hartu.

    Azken asteotan, ez naiz geldirik egon. Ezin nuen. Inprentak, afitxak, eskuorriak, txapak, Internet, emaitzak, bloga(k), i-legalizazioak, Euskal Herria eta Larrabetzu. Eta behar nuen. Hartu.

    eta bapatean, kitto! esaten du gorputzak. Geldi hor! Zaude, lasaitu! Eta jaramon egin behar diozu. Jarraituko baduzu, egongo bazara, izan nahi baduzu. Eta aurrera!

    Mundumira jaialdia izan da Aretxabaletan, Ferixie Eskoriatzan, eta eguraldi lainotsua Urkulu aldean. Giro ezin hobea Pagoagatarren baserrian. Berbaldia, sutondoa, eta une atseginak. Behar nuena topatu dut asteburuan. Eta gaur, astelehena da berriz ere.

  • hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Akordioak, mahaiak, bilerak

    Sukaldeko lana aipatzen zen. Aupatzen, goratzen. Sukaldekoa batzen ari gara egun. Biltzen.

    Bestelako bilerak egiten ari dira egunotan, alderdien egoitza, txoko, bazter eta inguruotan.

    Akordioaren mahaia hutsik da. Akordio globalik ez dago, bakegintza eta herrigintza ahaztuak daude dagoeneko. Baina akordioen mahaiek protagonismo bizia hartu dute. Astelehenetik, dena da deia, dena zita, telefonotik elkarrizketa, akordiorako puntu… adostasun eta kritika.

    Akordioaren kultura ez dagoela? Boterea partekatzeko, bereak eta bi egiten ari da hemen bat baino gehiago. Konbinazioek, pelotazoa ekarriko dutelako! Gora kolore konbinatuak.

    Gure herrian ere, 4-4-1 emaitzaren ostean, Aralar-Iu-Independienteen zerrendak giltza eskuan dauka. Gaur bertan dira biltzekoak. Eta jakinmina pizten ari da herritarren artean. Bilera hauetatik, Larrabetzu ezberdin baterako urratsak eman daitezkelako.

    Mahaiak izango dira lekuko. Mahaiak eta akordioak. Kultura interesgarri bat, galdu behar ez duguna. Eta sukaldean prestatutakoa, berriro ere mahaian zerbitzatu. Baina guztiontzat… ahalik eta partehartzaileen.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    zer gertatu da Hego Euskal Herrian?

    maiatzak 27. Beste hauteskunde egun bat gurean. Beste bat. Demokrazia horrelakoa dela diote eta. Nik oraindik ez diet sinesten. Kosta egiten zait. Demokrazia?

    Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, herri mailako bozak, batzar nagusietarako eta Nafarroako parlamenturako hautagaiak lehian. Igandez.

    Emaitzak
    Eta emaitzek, kolore aniztasuna agertu dute gehiengoen burruka honetan. UPN-k gehiengo osoa galdu du Nafarroan bezala, hiriburuan ere, Iruñean. Alfonso Alonsok galdu du Gasteiz. PSOE nagusitu da Gipuzkoak, ANV 187.000 bozka eskuratu ditu, EAJ-PNV-k jeitsiera nabarmena izan du, Bizkaiari eta Bilbori eustea lortu duen arren, kostata onartuko dute galera demokratikoa. Ezker abertzaleak 700 hautetsitik herena ilegalizazio egoeran ditu.
    maiatzak 27 emaitza orokorrak

    Astelehena bilera eguna da gurean. Astelehenez balorazioak egin dituzte denek. Bezperan denak ziren garaile, atzo denak mokoka. Gaur ordea, elkarrekin jezartzeko prest. Elkarrekin gobernatzeko pronto. Politika. Demokrazia. Boterea.

    Alderdi zopa
    PNV-k Aralar eta IU gura ditu Gipuzkoan errauskailuak eta Y trena martxan jartzeko. PSEk EAri eskaini dio gobernua. PP-k ez daki PNV zelan kendu Getxoko alkatetzatik. Uxue Barkosek ikurriña jarri beharko du San Ferminetan ANV-k alkatetu dezan, Purasek (PSN) UPNkoen lehendakari gura luke, eta imaztarrek Egibarri leporatzen diote Gipuzkoa eta Arabako galera. PNV-k Ibarretxeren 600.000 boz haietatik erdira jeitsi du bere kouto Imaz buru duenetik. Baina ez dut nik ur hoietan nabigatzeko asmorik.

    Hauteskundeak 2.0

    Hego Euskal Herria bizi bizi dago. Hauteskundeak izan dira. Beste behin. Eta horretaz ari gara egunotan, tabernetan, lantokietan, lagunartean. Eta hori ez da txarra. Hori bizigarri da. Bizi garen seinale. Politika profesionalizatua dago, baina herritarrok ere adierazten dugu kezkarik. Blogetan ere mintzo gara, teknologiaz baino gutxiago agian, katuei buruz baino gehiago… baina ari gara. Hauteskunde hauek berebiziko garrantzia izan dute gure Interneteko panoraman ere. Blogak, rss jarioak, bideoak, informatiboak. Eta partehartzea?

  • hurrengo geltokia

    Telebista

    Lotsatuta nauka gure telebistak.

    Gero eta gitxiago pizten dut, baina orduan ere, sutan jartzen nau.

    Amatatuta be, beti etortzen zait bere hankasartzeen oihartzunen bat, bere inposaketen kalakaren bat, bere etengabeko zentsuren zantzo bat, bere harrokeriaren zioren bat.

    ETB esaten diogu gurean telebistari. Euskal TeleBista.

    Zentsura, inposaketa, harrokeria, entxufismoa, boteregosea, menpekotasuna eta itxurakeria nagusi den telebistari.

    Oraindik ere horretan jarraitzen dute. Eta lotsatuta nago, sentitzen dut.

    Ez galdetu zergatik. Arrazoiak zuek jarri… asko zerrendatu ditzakegu eta.

    Ez galdetu zer egin duen orain. Zer ez duen egin, zer ez duen egiten, zer ez duen asmatzen…

    Telebista honek lotsarazten nau. Eta min dut begietan. Off.

  • hurrengo geltokia

    harrabots ikasleen kazeta

     harrabots

    Leioan izan gara gaur. Unibertsitatean. Aspaldiko partez. Betiko bidetik baino, ezkerrekotik sartu naiz. Zientzia eta Teknologien fakultatean. Paraninfo eraiki berrian.
    Ikasle euskaldunak topatu ditut han. Gutxi batzuk. Edo asko… segun eta zelan begiratzen den. 75 zenbatu ditu nire lagun batek.

    Andoni Egaña aurkezle. Ikasleak irakurle, esatari, idazle, kantari. Gero Anje Duhalde. Gero bertsolariak. Han izan da euskara errektereordea ere, Ludger Mees. Irakasle izan nuen alemaniar euskaldundu hau. Errektoregoa da egun. Euskararen alde edo…

    Ezaguna da Leioan, beste kanpusetan antzera ziurrenik, gaztelaniazko kazetez beterik daudela bazterrak. Periodico universitario, Gaceta Universitaria… papera eta paper gehiago. Doan. Eskura. Baina euskarazko berba inprimaturik ez du topatuko ikasle euskaldunak.

    harrabots ikasle kazeta
    Eta hori estaltzera dator harrabots ikasleen kazeta hau. Unibertsitatearen laguntza doan inprimatuko da. Doan banatzeko. Doan eskuratzeko.
    Ikasle abertzaleenak hor ari dira, burubelarri proiektuan. Unibertsitateak ikasleen kezkarekin bat egin du oraingoan. Txalotzekoa. Bide berri bat.

    Baina nire harridura irakaslegotik etorri da. Gaur ere, ez dut Kazetaritza fakultateko irakasle bat bera ere kausitu han. Beraien bulegoetan egongo ziren agian, ikerketak zuzentzen, ikasten, edo metodologia hobeagoen bila. Gaurkoa historikoa izan den arren, irakasleak beti okupaturik.

    Irakasle abertzaleak topatuko dituzu Leioan. Irakasle lab_eldunak. Irakasle progresistak, ezkertiarrak… bla, bla bla… Ikasleen ondoan argazkia? Ez, ez da komeni.

    Ikasleen harrabotsa entzuten jarraitu gura dut nik. Irakurri eta erantzun. Eta bloga ere prestatu dute. Beraz, badoaz. Ari dira. Aurrera.

  • hurrengo geltokia

    Eva

    Askotan mintzatu nintzen berarekin. Liburuak erosten nizkion, liburuak irakurri. Baina batez ere hitz egiten ezagutu nuen. Gauza asko zituen kontatzeko. Eta gustura kontatzen zituen. Bereziki gogoratzen dut Durangoko azokan. Urtero ikusi izan dudalako han, beraien liburuen txoko txikian. Literatura, antzerkia, ensaioak, pentsamendua, elkarrizketak. Hiru argitaletxea. Txikia izanagatik eredugarria da gure mugetatik kanpo ere. Asko aipatzen da, asko aipatzen digute gure kanpoko lagunek.

    Eva joan da. Idaztera ziurrenik. Zerbait antolatzera. Ez da geldirik egongo. Joan da utzi gaitu bakarrik. Bere liburuekin, bere gogoetekin. Bere ekintzekin.
    Eta Alfonso Sastre bera ere triste egongo dela pentsatzen dut. Eva galdu duelako. Evita izango du alboan, edo Pablo edo bere etxetik hurbiltzen diren hainbat eta hainbat lagun…. antzeztu ezin den bizitzako pasarte honetan.

    Aupa Eva. Aurrera bolie!

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    ieb07tik zuzenean Donostiatik

    Goiza goiz hasi da gaur. Egunsentiarekin ia ia. Larrabetzu. Deustu. Zarautz. Donostia. Geldialdi batzuk egin ostean, heldu gara Donostiara. Atsedenaldia baino ordu laurden lehenago. Baina mutilmedia.com eta twitter bidez jakin dugu goizagokoaren berri. Kafe orduan ezagunak agurtu, eta 200 lagunetik gorako areto honek liluratu egin gaitu.

    Aho zabalik gaude. Eta ekin aurrera.

    Arkaitz Zubiagak hitzaldia eman du duela ordu erdi, eta apur bat lehenago neu hasi natzaio laguntzen. Mutilmedia boy bat bilakatu naiz neu ere. Zuzenean, jezarrita nagoen toki honetatik. Goi goitik. Dena ikusten den palko honetatik. Hiru hitzaldi zuzenean jarraitu ditut, apunteak hartzen banengo lez. Kazetaritza denbora errealean, txirrindulari etapa bat bailitzan, baina ordenadorean idatzi eta argitaratuz…. esperientzia ederra. Zeozer ikasi dut.

    Eta orain, entzuten ari naizen arren, idazten ere banago. Blogean. Zuentzat. Jarraituko dut.

    Ondo, bapo bazkaldu dugu Parke Tekonologiko honetako jatetxe batean.

    Orain Iratxe Esnaola ari da Euskal Herria 2.0 gaiari buruz, ekimen lokala eta ikuspuntu globalari buruz. Lokalizazioa eta globalizazioaz mintzo da, iragan irailean Donostiako Artelekuko jardunaldietan jorratu ziren gaiak ekarriz.

  • hurrengo geltokia

    Nazioarteari begira

    Amets Arzallusek beste kazetaritza lezio bat emango digu, oraingoan Palestinatik. Blog berriari begirada botatzea baino ez dago. 5 egun eta beste horrenbeste kronika.

    Fermin Muguruzak Mexiko, Venezuela eta Kuba izango ditu entzule datozen asteetan. Halan kontatu digu irratian.

    Irlandan osatu da gobernu berria. Beste argazki historiko bat.

    Laister, Montenegroko erreferendumaren urteurrena ospatuko dugu.

    Eta Sarkozy barne ministroak irabazi ditu hauteskundeak Frantzian. Sua eta amorrua kalean da, ez da giro dagoeneko.

    Bitartean, Mundua begira dugula diosku Gaur8ko blog batek. Egunero bisitatzen eta irakurtzen dudan bloga gainera.

    Nazioarteak arreta pizten digu. Nazioartea interesgarri dago. Nazioartean, munduko herri izan nahi dugun une honetan, denetarik gertatzen da hemen bezala munduan.

    Nazioarteari begira gaude, Internet horretarako baliatuta. Eta nazioartean gu ikustea gura izaten dugu gainera.